Elisabeth Dmitrieff
Elisabeth Dmitrieff | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Toropetsky District (en) , 1851ko azaroaren 1a |
Herrialdea | Errusiar Inperioa |
Bizilekua | Paris |
Heriotza | Mosku, 1910(e)ko hamarkada (66/76 urte) |
Familia | |
Aita | Luka Kushelev |
Ama | Nataliya-Karolina Kusheleva |
Ezkontidea(k) | Q105994751 (1868 - 1873) Ivan Davidovski (en) (1877 - 1900(e)ko hamarkada) |
Haurrideak | ikusi
|
Leinua | House of Kushelev (en) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | Communarda eta emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea |
Kidetza | Lehen Internazionala Union des femmes pour la défense de Paris et les soins aux blessés (en) |
Elisabeth Dmitrieff (errusieraz : Елизавета Дмитриева, Elizaveta Dmitrieva), jaiotzaz Elizaveta Loukinitchna Koucheleva (errusieraz: Елизавета Лукинична Кушелева) 1851 azaroaren 1ean jaio zen Voloken, Toropets ujezdeko herrian (Pskoveko gobernaritza, Errusiako Inperioa), eta 1910 edo 1918an hil zen, politikaria, militante feminista, sozialista eta komuneroa izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Familia aristokratiko batean jaio zen eta hezkuntza pribilegiatua jasotzeko aukera izan zuen, baina emakume, atzerritar eta alaba ez-legitimo izaerak, aristokrazia errusiarrean baztertua izatera eraman zuen, egoerak marxismoaren filosofia eta Nikolai Txernishevskiren ideia erradikalen inguruko interesa piztu ziotelarik. Txernishevskiren Zer egin? eleberrian irakurritakoak praktikara eraman nahian, artel ereduan (ekoizpen kooperatiba errusiarrak) oinarritutako errota kooperatiboa sortzen saiatu zen San Petersburgon, bertako zirkulu sozialistetan parte hartzen zuen bitartean.
Familiarengandik ihes egiteko ezkondu, eta Genevara joan zen ikastera; han, La Cause du Peuple (Narodnoie Dielo) egunkari sozialista zuzendu zuen, eta Langileen Nazioarteko Elkartearen atal errusiarraren sorreran parte hartu zuen. Lehen Internazionaleko harreman sarearen bitartez Genevatik Londresera joan eta Karl Marx ezagutu eta Errusiako instituzio komunalen (artel eta obstxinak) eta sozialismoaren inguruko eztabaida eta lanketa intelektuala burutu zuen. Londresen zegoela, Pariseko langileen altxamendua jakin zuenean, Parisera joan zen Internazionaleko kide bezala.
1871ko Parisko Komunako eragile nagusietakoa izan zen. Apirilaren 11an Parisen Defentsa eta Zaurituen Zaintzarako Emakumeen Batasuna sortu zuen, emakumeen eskubideak sustatzeko eta emakumeen lan-baldintza duinak defendatzeko Frantziako lehen elkartea. Emakumeen Batasunaren bitartez auzoz auzo kontsumo eta ekoizpen kooperatibak sortu zituzten, emakumeen autonomia baldintzak, lanaren burujabetza eta baldintza material duinak sortzeko asmoz.[1]Komunako abagunea hainbat ideia praktikan jartzeko lana Versallestarren errepresioaren hasierak eten zuen. Parisko erresistentzian modu aktiboan borrokatu zuen, Aste Odoltsua bezala ezagun egin zen sarraskian.
Aste Odoltsuan biziraun ondoren, Genevara ihes egin zuen, eta handik Errusiara itzuli zen. Han Ivan Davidovskirekin ezkondu eta hau Siberiako erbestera kondenatua izan zenean, erbestera lagundu zion. Identitatea gordetzera behartua egon zen, polizia frantses, suitzar eta errusiarra bila zuelarik, eta ondorioz bere iragan komuneroa gorde behar izan zuen, bere bizitzako azken urteetan gertaera hauek ahanzturan utzi zituelarik.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) Ross, Kristin. (2016). Lujo comunal : el imaginario político de la Comuna de París. Akal, 36 or. ISBN 978-84-460-4358-4. PMC 1119016184. (Noiz kontsultatua: 2021-03-21).