Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Emily Doyaga

Wikipedia, Entziklopedia askea
Emily Doyaga
Bizitza
JaiotzaBrooklyn1925eko abuztuaren 9a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
HeriotzaNew York2020ko otsailaren 12a (94 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: Alzheimerra
Jarduerak
Jarduerakhizkuntzalaria eta unibertsitateko irakaslea
Enplegatzailea(k)City College of New York (en) Itzuli
State University of New York at Old Westbury (en) Itzuli
KidetzaNorth American Basque Organizations

Emily Doyaga (Brooklyn, 1925eko abuztuaren 9a - New York, 2020ko otsailaren 12a), Emilia Sarriugarte Renteria jaioa, estatubatuar hizkuntzalaria izan zen. Euskaltzale engaiatua zen, eta euskararen eta euskal kulturaren erreferentziako bultzatzailea izan zen Ameriketako Estatu Batuetan. Senarraren Doyaga abizena hartu zuen, eta harekin sinatu izan zituen lan ugari. Doktorea zen Humanitateetan, eta Society of Basque Studies in America erakundea sortu zuen Euskal Herritik joandako akademiako bi kiderekin batera.[1]

Gurasoak bizkaitarrak zituen: Bakiokoa bata, eta Berrizkoa bestea. 1920. urtean emigratu zuten AEBetara. Nahiz eta han jaioa izan, Sarriugarteri kosta zitzaion ingelesa ondo ikastea, etxean euskaraz hitz egiten baitzuten.[1]

Euskaltzale engaiatua zen, eta New Yorkeko Euskal Etxeko kidea izan zen bere bizitza osoan. Society of Basque Studies in Americako sortzailea eta presidentea izan zen, eta The Journal of Basque Studies in America aldizkaria ere sortu zuen. Hark hasi zuen, halaber, Basque Hall of Fame; mundu osoan euskara eta euskal kultura bultzatzen duten pertsonei eman izan diete sari hori, eta Sarriugarte bera arduratu izan zen saria banatzeaz.[1]

Ingurukoak euskara ikastera animatu izan zituen, eta lan handia egin zuten euskal artea New Yorken sustatzeko, Society of Basque Studies in Americaren hitzetan. Renoko Unibertsitateko Euskal Mintegiarekin kolaboratu ohi zuen, eta New Yorkeko Basque International Cultural Center proiektuaren bultzatzaile nagusia izan zen.[1]

Unibertsitatean aritu izen zen lanean; New York University Collegeko irakaslea izan zen lehenengo, eta, 1973an, Old Westbury Collegen hasi zen lanean, Akademia presidenteorde eta Humanitateetan irakasle. Columbusko, Kubako eta New Yorkeko euskaldunei buruzko hainbat artikulu idatzi izan zituen. Gaztelaniaren inguruko ikerketak ere egin zituen; Gustavo Adolfo Becquerri eta Miguel Unamunori buruz, bereziki.[1]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]