Euskal Herriko Ahotsak
- Artikulu hau Euskararen ondarea biltzeko ekimenari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Ahotsak (argipena)».
Euskal Herriko Ahotsak | |
---|---|
Jatorria | |
Sorrera-urtea | 2002 |
Ezaugarriak | |
Hizkuntza | euskara |
Kokapena | |
Lekua | Euskal Herria |
Euskaraz | |
Euskaraz | Bai |
Historia | |
Jasotako sariak | |
ahotsak.eus |
Euskal Herriko Ahotsak euskararen ahozko ondarea eta herri hizkerak katalogatu eta hedatzea helburu duen ekimen bat da, Badihardugu Euskara Elkarteak abiarazia eta zuzendua. Proiektuaren oinarriak 2002-2003 urteetan landu ziren, metodologia, baliabideak eta alderdi teknikoa ezarriz. Ondorengo 3 urteetan, 2004-2007 bitartean, bilketa lana hasi zen eta jasotako materiala lantzen hasi ziren. Hortik aurrera, Interneteko webgunea[1] atontzen jardun dute. 2018an 5.000 hiztun baino gehiago zeuden elkarrizketatuta[2][3], 300 herritako hizkera jasota zeuden eta 100.000 pasarte baino gehiago. 2018an guztira 30 Terabyteko memoria behar zen datu-basea gordetzeko.
Helburuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Proiektu honen helburu nagusia Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak katalogatu eta hedatzea da; hau da, adineko jendea elkarrizketatu eta euren euskara eta bizipenak jasotzea ondoren herritarren artean zabaltzeko.
Egitasmoaren ezaugarriak
- Euskal Herri osoko datuak biltzen ditu.
- Publikoa eta doakoa da.
- Proiektu irekia da eta interesa duen orok har dezake parte.
- Hainbat ikerlari eta proiektu biltzen ditu.
- Metodologia sistematikoa eta zehatza jarraitzen da.
- Informazioa herrika eta gaika antolatuta dago.
- Era guztietako hartzaileak izan ditzake: ikerlariak, ikasleak, zaletuak, senideak... filologoak, historialariak, antropologoak...
Proiektuaren eta webgune honen ardura Badihardugu Euskara Elkartearena da. Hala ere, egitasmo honen asmoa da, Euskal Herriko edozein elkartek eta ikerlarik parte hartu ahal izatea Ahotsak.eus[1]-en, eta dagoeneko hainbat udal, elkarte eta ikerlarirekin ari dira elkarlanean, denon artean ahalik eta proiektu sendo eta biziena lortu ahal izateko.
Metodologia eta urratsak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Grabazioak berreskuratu
Urte hauetan Euskal Herri guztian zerhar sakabanatutako zintak berreskuratu dituzte, udaletxeekin, euskara elkarteekin, ikastetxeekin, ikerlariekin… elkarlanean.
Grabazio berriak egin
Etengabe grabazio berriak egiten dituzte han eta hemen, azkenak bideo formatuan (www.ahotsak.eus gunean ikusgarri)[1]. Batez ere Bizkaia eta Gipuzkoa landu badira ere, Euskal Herriko zazpi lurraldeak lantzen ari dira.
Grabaketak egin ondoren, elkarrizketaren inguruko informazioa datu-basean txertatu eta webgunean ikusgarri egoten dira.
Horretarako:
- Zinta guztiak katalogatu eta etiketatu egiten dira
- Lekukoen datuak jasotzen dira (jaioteguna, biografia laburra, argazkia...)
- Elkarrizketatzailearen datuak jasotzen dira
- Elkarrizketaren datuak ere gorde egiten dira (elkarrizketa noiz, non, nola, zergatik... egin den)
- Proiektuaren informazioa ere datu-basean sartzen da
-
Ahotsak.eus taldea Eibarren
-
Abadia saria jasotzen 2018an
-
Ahotsak.eus webgunea
Martxan dauden proiektuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Euskal Herriko Ahotsak[1]
- Tradiziozko Ahozko Corpusa[4]Proiektu honen helburua da ahozko materialean oinarritutako corpus linguistiko bat osatzea. Euskal Herriko Ahotsak proiektuan zehar egindako transkripzioetan oinarrituz, 1900-1950 bitartean jaiotako euskaldunen bat-bateko hizkera naturalaren ezaugarriak bildu nahi ditu.
- Gazte Gara Gazte[5]Euskal Herriko gazteei elkarrizketak egin zaizkie, batez ere bi gai lantzeko: aisialdia eta hizkuntza. Nola bizi dute aisialdia gazteenek? Nola aldatu dira ohiturak azken urteotan? Zer zaletasun dituzte? Eta euren aisialdian zer leku dauka euskarak? Nola uztartzen dituzte euskara eta erdarak? Guzti horren inguruko lekukotasunak aurkituko dituzu webgune bertan. Eta horrekin batera, gazteenek euskaraz erabiltzen duten gazte hizkeraren euskal hiztegia ere atondu dute[6].
- Gerrako Ahotsak[7] 1936ko gerrari eta frankismoari buruzko testigantzen bilduma da. Historia liburuetako Gerra Zibilaren beste ikuspegi bat ematen digute, gertukoa eta zuzenekoa.
- Ahotsak Ikasgelan[9] Ahozko ondarea, memoria historikoa eta transmisioa ikasgelan lantzeko materiala sortzen da Euskal Herriko Ahotsakeko hiztunekin. Proiektu honekin lotuta, Jira Bueltan liburua argitaratu zuten 2017. urtean.[10][11]
- Kanten Kantoia[12] Euskal kantak dira proiektu honen bizkarrezurra. Eta helburua Euskal Herri osoko kantak Interneteko erabiltzaile guztien eskura jartzea, lizentzia librearekin
- 101L[13]
- Euskal Wikipediarekin Hezkuntza proiektuaren barruan egindako akordioari esker 2018an Ahotsak.eus webguneko 343 grabazio-fitxategi igo ziren Wikipediara lizentzia librearekin, horietako 200 euskarazko elkarrizketako bideoak zirela.[14]
Euskal Herrian hitz egiten diren hizkuntzen aniztasuna eta aniztasun kulturala ezagutaraztea da webgune honen helburua. Euskal Herrian 101 ele (101L) mintzo direlako. 101 L proiektua Badihardugu Euskara Elkarteak sortu zuen, Donostialdean hitz egiten diren hizkuntzak jasotzeko eta pixkanaka Euskal Herri osora zabaldu da.
Sariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 2011: ARGIA saria.[8]
- 2018: Gipuzkoako Foru Aldundiaren Abadia saria.[15]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-16).
- ↑ .
- ↑ «5.000 lekuko, Ahotsak.eus webgunean. Eskerrik asko guztioi! - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-16).
- ↑ «Corpusa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-16).
- ↑ «Gazte gara gazte» gazteak.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-16).
- ↑ «Hiztegia - Gazte gara gazte» gazteak.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-16).
- ↑ «Gerrako ahotsak» gerra.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-16).
- ↑ a b c «Argia Saria jaso dugu! Eskerrik asko denoi! - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-16).
- ↑ «Ahotsak ikasgelan» ikasgelan.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-16).
- ↑ «"Jira bueltan" , liburu eta DVDa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-16).
- ↑ Ahotsak Ahozko Ondarea. (2018-02-14). Jira Bueltan liburuxka-DVDa. (Noiz kontsultatua: 2018-07-16).
- ↑ «Kanten kantoia» kantak.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-16).
- ↑ «101L - Hizkuntza aniztasuna - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-16).
- ↑ (Ingelesez) «Category:Videos uploaded within the Basque Education program agreement with Ahotsak - Wikimedia Commons» commons.wikimedia.org (Noiz kontsultatua: 2019-01-22).
- ↑ Berria.eus. (2018). «'Ahotsak.eus' atariak jaso du Abadia saria» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-01-22).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ahotsak.eus, Euskal Herriko Ahotsak ekimenaren webgunea.