Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Frantziar Batasuna

Wikipedia, Entziklopedia askea
Frantziar Batasuna
Union Française
1946 – 1958
Batasun politikoa
Frantziar Batasuna bandera

Frantziar Batasuna armarria

Goiburua
Liberté, égalité, fraternité
Geografia
HiriburuaParis
Ekonomia
DiruaFrantziar libera, CFA libera, CFP libera eta Frantziar Indotxinako Piastra
Kultura
Hizkuntza(k)Frantsesa (ofiziala)
Historia
Aurrekoak
Frantziar Errepublikaren behin-behineko gobernua
Frantziar Inperio Koloniala
Ondorengoak
Frantziar Erkidegoa
Frantziako Bosgarren Errepublika
Laosko Erresuma
Kanbodiako Erresuma (1953-1970)
Hego Vietnam
Ipar Vietnam
Tunisia
Maroko
Ginea Frantsesa

Frantziar Batasuna (frantsesez: Union Française) 1946ko urriaren 27ko Frantziako Konstituzioak ezarritako erakundea izan zen, IV. Errepublika indarrean zegoenean.

Erakunde hau sortu zen Frantziar Inperioaren zati bat gobernatu zuen sistema kolonial zaharraren administrazioaren modelo jarraitzaile berria bezala. Bere politikaren porrota nabarmendu zen hainbat gatazkatan, hala nola, Indotxinako edo Aljeriako gerrak, eta azkenean, Batasunako eta Laugarren Errepublikako sistemaren krisi ekonomikoa, soziala eta instituzionala eragiten zutenak. Horrek 1958ko V. Errepublika eratzea eta ordezkatzea ekarri zuen, 1958ko Konstituzioaren arabera Frantziar Erkidegoarekin (frantsesez: Communauté française) ordezkatuz.

Frantziako Konstituzioaren Hitzaurrearen arabera, Frantziar Batasunak bere kideen arteko bereizkeria desegiteko nahia islatzen zuen, eta, horrela, Frantziak bere itsasoz bestaldeko herriekin osatzen zuen Batasuna, eskubideen eta eginkizunen berdintasunaren gainean sortua, arraza edo erlijio bereizketarik egin gabe (La France forme avec les peuples d'outre-mer une Union fondée sur l'égalité des droits et des devoirs, sans distinction de race ni de religión.).

Frantziako Batasuna 1945eko abuztuaren 25eko Nazio Batuen Gutunari eta Britainiar Commonwealth-en ereduari (1946. urtean sortu zena) erantzuteko sortu zuten. Konstituzioaren arabera, Batasunak zibilizazio eta kultura komunaren garapena bilatu beharko luke, baita defentsa zaindu ere. Eta aldi berean, Konstituzio berak nazio frantsesaren interesa zela aitortzen zuen herrien autonomia eta demokratizazioa posible egiteko aukera, itxuraz praktika kolonialistak baztertuz.

Batasunaren printzipioak eta antolamendua Konstituzioaren 60. eta 82. artikuluetan xedatutako VIII. Tituluan (Frantziar Batasunekoa) erabaki ziren. Aldi berean, Frantziako metropoliak, itsasoz bestaldeko departamentuek eta lurraldeek osatzen zuten estatuekin eta elkartutako lurraldeekin batera, misio nagusia (62. art.) kideak defendatzeko beharrezkoak ziren baliabide guztiak partekatzea eta koordinatzea zen.

Batasunak Frantziako Errepublikako presidente bera zuen buru, eta Goi Kontseiluaren (Haut Conseil) eta Batzarraren (Assembled) inguruan antolatua zen. Goi Kontseiluan, Frantziako gobernuko kideak eta Estatu kideetako bakoitzaren ordezkariak ziren. Batzarrean, ordezkarien erdia metropolitik zetorren eta beste erdia itsasoz bestaldeko (outre-mer) departamenduetako eta lurraldeetako ordezkariek eta estatu kideek, biztanleriaren arabera, osatzen zuten. Itsasoz bestaldeko departamenduetako eta lurraldeetako kideek tokiko batzarrek edo kontseiluek eta elkartutako estatuen ordezkariek hautatuak izan behar lituzkete beren barne-arauen eta legeen arabera. Batzar hori deitzea edo ixtea Frantziar Batasuneko presidenteak, edo haren ordezkarien erdiak eskatuta egiten zen.

IV. Errepublikaren Konstituzioak Frantziar Batasuneko herritarren kalitatea ezarri zuen, estatu kide bakoitzeko herritarrak Frantzian jaiotakoekin eskubidetan eta askatasunean berdintzen baitzituen. Deklarazio konstituzionala izan arren, sistema politikoaren eta gobernu guztien ahultasunak politika traketsa ekarri zuten deskolonizazioari dagokionez, eta horrek ez zuen inperioaren espiritu kolonialarekin apurtu, ezta herri indigenen nahiak onartu ere. Beraz, azkar hartu ziren neurri errepresiboak indarkeria-gatazkak ziren hainbat lurraldetan.

Frantziar Batasuneko gatazkak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere ezarpenetik gutxira, 1946an, Frantziar Batasunak esku hartu zuen Gobernuaren eta Vietnamgo nazionalisten ordezkarien arteko negoziazioan, Ho Chi Minh-Sainteny-Leclerc hitzarmena sortuz. Baina hitzarmen horrek ez zuen galarazi eskualdean indarkeriak gora egitea, Haiphong-ko bonbardaketa 1946ko azaroaren 23an edo 1946ko abenduaren 19an Hanoiko Europar auzoaren kontrako erasoa bezalako gertakariekin. 1954ko maiatzaren 7an, Dien Bien Phu-ko frantziar porrotak, 1952 eta 1954 bitartean gerra ireki ondoren, 1954ko uztailean Genevako akordioetara eraman zuen, eta horien ondorioz Frantziar Indotxinak Batasuna utzi zuen eta Kanbodia, Laos eta Vietnam estatuetan banatu zen.

Batasunaren errepresio politikoa nabaria egin zen Aljerian, 1947ko autonomia estatutua onartu ez zuten kolonoek egindako presioen aldetik. Bertako biztanleria kontentagaitzaren ondorioz, Nazio Askatasunerako Fronteak borroka armatua aldarrikatu zuen, eta honek ezegonkortasuna ekarri zuen eskualde osoan. 1954ko azaroaren 1etik aurrera, metropoliaren aldekoen eta Aljeriako independentisten arteko gerra zibila deklaratu zen. 1956ko Suez Kanpainaren hutsegiteak diplomazia frantsesaren ospearen gainbehera ekarri zuen, baita Frantziak Hirugarren Munduan zituen posizioen ahultasuna, Sobietar Batasunaren arbuioa eta Ameriketako Estatu Batuen bazterketa ere, metropoliko gizartean zatiketa sendoa eta krisi ekonomikoa sortuz.

1947ko martxoaren 30ean, Madagaskarren iraultza nazionalista abiatu zen eta hau ere indarkeriaz erreprimitu zen.

Mohammed V.a Marokoko erregea Madagaskarrera erbesteratzera behartu zuen metropoliak, eta aldi berean Habib Bourguiba Tunisiako buruzagia kartzelatu zuen. Azkenean, Tunisiak eta Marokok independentzia lortu zuten 1956an.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]