Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Galia

Wikipedia, Entziklopedia askea
K. a. 58ko Galiako mapa.

Galia (latinez Gallia, grekoz Galatia) antzinatean Europako mendebaldeko eskualde batek zeukan izena da, non gaur egun Frantzia, Belgika, mendebaldeko Suitza, eta Herbehereetako zein Alemaniako mendebaldeko zatiak eta Italia iparraldea zeuden.

Galiarrak eta Galia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galia erromatarra erromatarrek sortutako hiru probintziaz osatuta zegoen hasieran. Probintzia hauetako biztanle guztiak ez ziren galiarrak. Hegoaldean, adibidez, Galia Narbonensean, iberiarrak eta ligurrak zeuden, eta Galia Akitaniako hegoaldean euskal enborreko akitaniarrak zeuden. Gainera, probintzia hauetatik kanpo ere galiarrak zeuden konkisten aurretik, adibidez, Galia Zisalpinoan, beste galiar probintziekiko beti berezituta egon zena. Galia Belgica izendatu zen probintzian, ikertzaile batzuek defendatzen dute leinu batzuk germaniarrak edo germaniar eta galiarren arteko nahasketa batetik sortutakoak zirela[1]

Aitzitik, Gallia latindar hitzak, erromatarren garaiko iturrietan, kontzeptu geografiko bat dakar berekin, lehenik Italiako iparralderako eta gero Galia izenaz ezagutu ohi dugunari buruz hitz egiteko balio duena, hau da, Pirinioetatik Rhin ibairaino[2], baina inoiz ez kontzeptu politiko bat; Galia delakoan bizi diren galiarrak K.a. 360. urtean agertzen dira lehen aldiz Fasti triumphales-etan[3], eta Zisalpinako zeltak izendatzen dituzte orduan. Alpeetatik mendebaldera dauden galiarrak izendatu nahi dituenean, Zizeronek zehaztasun geografiko bat ematearen beharra sentitzen du, Italiako iparraldeko probintzian bizi ziren galiarrengandik bereizteko. Beraz, Gallia Transalpina bezalako esamoldeak erabiltzen ditu Frantziako hegoaldeaz hitz egiteko eta Gallia ulterior, alera Gallia eta Gallia ultima izenak. Iparraldeko Galiarako, Gallia ultima izendapena erabili zuen Julio Zerrarek. Bere legatua, L. Munatius Plancusek, Zizeroni gutun bat bidali zionean, Gallia Narbonensis erabiltzen du lehenengoz (Zizeron, Fam. X, 9), Gallia Transalpina (Zizeron, Fam. X, 4), Gallia Comata-gandik bereizteko. Gallia Narbonensis goiz erromatartu zen eta erromatarrek erraz bereizten zuten iparralderago zeuden beste galiar eskualdeetatik.

Comata, iletsua esan nahi du, eta Zésarrek menderatu zuen (Zizeron, Fam. X, 7 eta 8). Gallia Togata izena (togaz janzten den Galia) adierazpena Zesarren laguna izan zen Aulus Hirtiusen idazkietan agertzen da Zisalpina izendatzeko (César, BG VIII, 52), Gallia Braccata izena (galtzak eramaten dituen Galia) Pomponio Melak erabiltzen du K.o. I. mendearen erdialdean, baina Narbonensearen izen zaharra zela jakinarazteko (Mela V, 74). Gallia Comata izena Bracciano eskualdeko Zesar Augustoren (K.a. 63 - K. o. 14) garaiko inskripzio batean agertzen da (ILS[4] 916)[5].

Tres Galliae (Hiru Galiak) adiera inskripzioetan baino ez da agertzen; Klaudio enperadoreak, adibidez, Senatuko hitzaldian, Ipar Galia multzo homogeneo gisa tratatzen jarraituko du, Gallia Comata izenarekin.

Probintzia administratiboak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Administratiboki, Italia iparraldean galiarrak zeuden eskualdeari Galia Zisalpinoa izena eman zioten Erromako Errepublikaren garaian, eta k.a. III. eta II. mendeetan konkistatu zituzten erromatarrek. Latinez, cis edo ci, "puntu horretatik hona" adierazteko erabil zitekeen izen geografikoetan, eta beraz, Galia Cisalpina, Alpeetatik honantz dagoen Galia, esan nahi zuen. Alpeetatik mendebaldera geratzen zen eskualdeari Galia Transalpinoa (Alpeetarik haratago dagoen Galia esan nahi duena) izendatu zuten.

Julio Zesarrek (K.a. 100- K.a. 44), berak, konkistatu zuen eremu geografikoa deskribatu zuenean bere Galietako gerrak liburuan, Galian hiru jende motatan banatuta zegoela idatzi zuen: akitaniarrak (Gallia Aquitanian zeudenak), galoak (Gallia Celtican) eta belgak (Gallia Belgican). Hau da, izen etnikoak erabili zituen, erromatarrek konkistatutako Europa Mendebaldeko herritarrekin egin ohi zuten bezala, eta gero, erromak administratiboki lurralde horiek antolatu zituenena, probintzien izenak erabiltzen hasi ziren. Ordurako Galia Transalpinoa (geroago Galia Narbonensea izango zena) konkistatuta zegoen. Gaur egun, hizkuntzaren arabera sailkatzen dira Galiako herri horiek. Akitaniarrak euskararen familiaren hizkuntza bat hitz egiten zuten, eta galoek eta belgek, ordea, galieraren dialekto bat.

Antzinate Berantiarrean egin zen mapa baten kopia zen Peutingerren taulan Galia Comata markatzen da.

Galia izenak hainbat gorabehera historiko izan ditu erromatarren okupazioarekin eta germaniar bisigodo eta frankoarekin. Mendebaldeko Erromatar inperioaren desagertu ondoren, Galia izena pixkanaka alboratu zen eta Frantzia izena hartu zuen Loiratik iparralderantz. Batzuetan galiarrak eta frankoak bereizten dira, hau da, Galia eta Frantziaren artean, kronikagile ezberdinetan. Karlos Martelek Poitierseko bataila irabazten duenean, kronikariak dio Frantziara itzultzen dela, hau da, Loira pasatzen duela.

Akitania eta Frantziaren arteko bereizketa etengabea da. 673. urtean, Julian toledokoa, Flavius Paulus Wamba errege bisigodoaren aurka matxinatu zeneko gertaerei buruz hitz egitean, esaldi hau erabiltzen du:... Galiako eskualdea, gaiztakeriaren ama elikatzailea ... (Galliarum terra altrix perfidiae...). horrela deskribatzen duen lurraldea Septimania da bisigodoek Frantzia hegoaldea izan zuten lurraldea.

Goi Erdi Aroan, oraindik erromatarrek sortutako izendapen batzuk erabiltzen dira. Galiari musulmanek Al-Ard-al-kabira deitzen zioten, "Lur handia", kontinentea. Baina Galia bitan banatzen zen, Togata eta Comata. Eulogio Kordobakoari (800-859) esker dakigu arabarrak "Galia Comatakoak zirela":... ex alabensi, oppido Galliae Comatae... Gainera, esaten du "Galia Comata" horrek muga egiten duela siburikoekin (?), eta Sancho Sánchez kondeak matxinatuta zeukala. Horren beste adibide bat da, Iruñeko gobernadorea izan zen Velascori, musulmanek Al-Galaskhi ezizena ematen diotela, hau da "Galiarra" . Musulmanek behin eta berriz esaten dute frankoen herrialdean sartu direla (Galia eta Francia[oh 1] berdinduz) – Arabako lurraldeei eta Al-Kilé-ri (Gazteluak) dagokienez –, eta Galia Comatan ere sartzen direla; izen hori Galia Transalpina osoari ematen zitzaion, hau da, Belgika, Galia Celtica eta Galia Akitania taldeari. Galia Narbonensis ez zen izendapen horretan biltzen, hura Galia Bracata (Galia galtzaduna) baitzen[6].

  1. Frankoen erreinuari ematen zitzaion izena. Frankia ahoskatzen da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) Hawkes, Christopher. (1968-03). «New Thoughts on the Belgae» Antiquity 42 (165): 6–16.  doi:10.1017/S0003598X00033755. ISSN 0003-598X. (Noiz kontsultatua: 2023-12-04).
  2. «Dictionary of Greek and Roman Geography (1854), GABAE, GA´LLIA TRANSALPINA» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2023-12-04).
  3. Antzinako Erroman, garaitutako herrien izenak zerrendatzen zituen ohol publikoa.
  4. Inscriptiones Latinae Selectae. Erromatar garaiko inskripzio esanguratsuenak biltzen dituen zerrenda.
  5. Reddé, Michel. (2022-12-14). «Chapitre I. Le pays et les hommes» Gallia Comata. La Gaule du Nord : De l’indépendance à l’Empire romain (Presses universitaires de Rennes): 23–52. ISBN 978-2-7535-8723-6. (Noiz kontsultatua: 2023-03-11).
  6. «GALIA - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2024-05-26).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]