George Harrison
George Harrison (Liverpool, 1943ko otsailaren 25a - Los Angeles, 2001eko azaroaren 29a) gitarra-jotzaile ingelesa izan zen, The Beatles taldeko kide izateagatik ezaguna. Bera izan zen Indiako sitar instrumentua mendebaldera ekarri zuen lehena.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Harrison Liverpoolen jaio zen 1943an, familia irlandar batean. Umetan alboan "Penny Lane" kalea zuen eskola batera joan zen, ondoren Beatlesen abesti bilakatu zena.
Bigarren hezkuntzako eskolan Paul McCartney ezagutu zuen, eta denbora librean gitarra jotzeari ekin zion. Bere anaia eta lagun batez talde batean ere aritu zen. Ikasketetan ez zen oso ondo aritu, eta 1959an ikasketak utzi zituen. Elektrizista laguntzaile bezala lanean aritu zen tarte batean, eta bertan ikasitakoak musika tresnerian aplikatu ahal izan zituen geroago.
John Lennon McCartneyri esker ezagutu zuen, eta 1958an hauek biek eta Pete Bestek osatzen zuten "The Quarrymen" taldean (1960 The Beatles izena hartuko zuena) sartu zen gitarra jole modura. Taldeko gazteena bazen ere, pixkanaka toki garrantzitsuago bat hartzen joan zen bere konposizio eta gitarra-jotzaile dohainak zirela eta.
"Beatle isila" ezizena zuen Harrisonek jarraitzaileen artean, baina behin baina gehiagotan aritu zen abeslari bezala. Berak idatzitako abesti guztietan ez ezik, beste abesti batzuetan ere ahotsa jarri ahal izan zuen. 60. hamarkadaren bigarren erdian Harrisonek hainbat eta hainbat abesti bikain idatzi zituen, hala nola: "Norweegian Wood", "Within You Without You", "While My Guitar Gently Weeps", "Something", "Here Comes the Sun"...
Hala eta guztiz ere, Harrisonek zailtasun handiak zituen McCartney eta Lennon bere abestiak grabatzera konbentzitzen, hauek izan baitziren taldearen liderrak hasiera hasieratik. Honek eta beste hainbat tirabirak eraginda, taldea 1970an desegin zen, Harrisonek 26 urte besterik ez zituela.
Harrisonek bakarkako ibilbide oparoa izan zuen; aipatzekoa da taldearen sakabanaketaren ondoren argitaratu zuen lehen lana, All Things Must Pass, rock historian bakarlari batek argitaraturiko lehen album hirukoitza izan baitzen. Beatles garaian idatzi baina grabatu ezinik gorde zituen abesti pila zen horrelako emaria izatearen arrazoi nagusia. 70. hamarkadan hainbat disko plazaratu zituen, eta Eric Clapton lagun minarekin (Beatles garaian ezagutua) zein beste artista askorekin elkarlanean ere aritu zen, bai estudioan eta baita zuzenean ere.
1980an I Me Mine autobiografia plazaratu zuen, eta Beatleseko kideetan lehena izan bazen ere, ez zuen taldeari buruz gauza askorik idatzi. 80. hamarkadan Clapton, Bob Dylan eta Tom Petty bezalako musikariekin elkarlanean aritu zen, eta bakarkako diskoak ere argitaratu zituen.
90. hamarkadan hildo beretik jarraitu zuen, baina honen amaiera aldera minbiziarekin borrokan ibili zen. Borroka luze baten ondoren, 2001eko Azaroan hil zen Hollywoodeko etxe batean, 58 urte zituela.
The Beatles | ||
---|---|---|
John Lennon • Paul McCartney • George Harrison • Ringo Starr Diskografia: Estudiokoak: Please Please Me (1963) • With the Beatles (1963) • A Hard Day's Night (1964) • Beatles for Sale (1964) • Help! (1965) • Rubber Soul (1965) • Revolver (1966) • Sgt. Pepper's Lonely Hearts Club Band (1967) • Magical Mystery Tour (1967) • The Beatles (1968) • Yellow Submarine (1969) • Abbey Road (1969) • Let It Be (1970) |
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: George Harrison |
- 1943ko jaiotzak
- 2001eko heriotzak
- Liverpooldarrak
- Ingalaterrako rock abeslariak
- Erresuma Batuko gitarra-jotzaileak
- Ingalaterrako abeslariak
- The Beatles
- Multiinstrumentalistak
- 1960ko hamarkadako abeslariak
- 1970eko hamarkadako abeslariak
- 1980ko hamarkadako abeslariak
- Birikako minbiziaren ondorioz hildakoak
- Erresuma Batuko hinduak
- Erresuma Batuko katolikoak