Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Gimnastika

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gimnastika praktikatzen.

Gimnastika edo soinketa jarduera eta kirol bat da, indarra, malgutasuna, zalutasuna, koordinazioa, oreka eta dotoretasuna eskatzen dituzten ariketak egitean datzana. Herriartean, gimnastikako kirol modalitate guztiak Soinketako Herriarteko Federakundeak jaurtzen ditu, eta Estatu bakoitzean erakunde bat izaten da, herriarteko federakunde horretako kide dena.

Antzinako Greziako gazteen hezibidean, gramatika, musika eta, bereziki, gimnastika landu ziren; Antzinako Erroman molde militarrak hartu zituen gimnastikak eta garrantzi gutxi eman zitzaion. Gero baztertu egin zen erabat, eta XVIII. mendearen bukaera arte ez zen gimnastikarako zaletasuna berriro piztu; izan ere, aro modernoko bizimodu egonkorrak ez zion gizakiari gorputz neke askorik ematen eta, ondorioz, gorputz ariketaren beharraz jabetu zen, gorputza eta osasuna zaindu nahi bazituen[1].

Gimnasia modernoa, anatomia eta fisiologia ezagupideetan oinarritzen den soin heziketa gisa ulertuta, Suedian eta Alemanian landu zen bereziki; handik mundu osora hedatu zen, eta gaur egun ohiko ikasgai da eskoletan, zenbait unibertsitatetan, armadan, eta abar.

Kirolaren barnean, bost mota nagusi bereizten dira:

Gimnastika artistikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gimnastika artistikoa diziplina olinpiko bat da. Konposizio koreografiko bat egitean datza, aldi berean eta abiadura handian gorputz-mugimenduak konbinatuz. Hainbat modalitatek osatzen dute, gizonezkoen eta emakumezkoen kategorien arabera. Emakumezkoen kategorian erabiltzen diren aparatuak barra asimetrikoak, oreka-barra, lurreko ariketak eta zaldi-jauzia dira[2], gizonezkoen kategorian, eraztunak, barra finkoa, zaldi arkuduna, barra paraleloak, zaldiko-jauzia eta lurreko ariketak diren bitartean[3][2].

Gimnastika erritmikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gimnastika erritmikoa ere diziplina olinpiko bat da, non ballet, gimnasia, dantza eta hainbat aparaturen erabilera uztartzen diren, hala nola, soka, uztaia, pilota, mazak eta xingola[2]. Kirol honetan, lehiaketak zein erakustaldiak egiten dira, eta horietan gimnasta musikaz laguntzen da, bere mugimenduetan erritmo bat mantentzeko. Bi modalitate bereiz daitezke: banakakoa eta taldekakoa. Puntuatzeko orduan, gehienez 20 punturen gainean egiten da.

Nazioarteko Gimnastika Federazioak emakumezkoen modalitatea onartzen du bakarrik. 70. hamarkadan zehar gizonezkoen kategoria ezagutzera eman zen, eta 2003an gizonezkoen lehenengo munduko txapelketa antolatu zen. Espainiako federazioak gizonezkoen parte hartzea onartu du.

Gimnastika tranpolinean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Modalitate nahiko berria da, eta lau modalitate daude honen barnean. Gimnastika tranpolinean modalitatea hainbat aparatu elastikotan ariketak egitean datza, non akrobazia den protagonista nagusia. Hiru espezialitate daude: tumbling, mini-tranpolin bikoitza eta ohe elastikoa[2], horietako azkena olinpikoa izanik Sydney 2000ko Joko Olinpikoez geroztik.

Gimnastika akrobatikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gimnastika akrobatikoa, akrosport bezala ere ezaguna, talde diziplina bat da, non modalitate desberdinak dauden, alegia, gizonezkoen bikotea, emakumezkoen bikotea, bikote mistoa, emakumezkoen hirukotea eta gizonezkoen laukotea. Gimnastika-adierazpen kolektiboak egiten dira, non gorputzak beste gorputzen aparatu motor, lagungarri eta bultzatzaile gisa jarduten duen, giza jauziak, irudiak, itzulipurdiak eta piramideak eginez.

Gimnastika orokorra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guztiontzako gimnastika (gimnastika orokorra ere deitua), gimnastikako diziplina ez lehiakor bakarra da. Bertan adin guztietako jendeak hartzen du parte, 6 eta 150 gimnasta arteko taldeetan, eta horiek modu sinkronizatuan gauzatzen dituzte koreografiak. Taldeak genero bakarrekoak edo mistoak izan daitezke. Gimnastika orokorra hiru kategoriatan banatzen da: talde zuriak, urdinak eta gorriak. Talde zuria da oinarrizko kategoria, talde urdina tartekoa eta talde gorria aurreratuena. Horietako bakoitzak bete beharreko arau batzuk ditu, egin behar dituen elementu gimnastikoetan oinarrituta. Gimnasia orokorraren bereizgarria da gai bat ezaugarritzeko uniformeak eta osagarriak erabiltzea, eta, horrela, edozein adinetarako eta gimnastika mailatarako egokiak diren elementu gimnastikoekin lotutako koreografia bat egitea. Diziplina honek duen abantaila nagusia, gimnastika artistiko, erritmiko, aerobiko, akrobatiko, tranpolin eta dantzako jarduera dinamiko eta ariketak barne har ditzakeela da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Unsain Iraola, Joxan. (2009-2010). 12-16 urte bitarteko nerabeen kirol jarduera fisikoa eta praktikak. UPV-EHU ISBN 978-84-8438-450-2..
  2. a b c d «Modalidad | Federación Bizkaína de Gimnasia» fbgimnasia-wp (Noiz kontsultatua: 2019-10-18).
  3. «gimnasia - Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa» www1.euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2019-10-18).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]