Guadaleteko gudua
Guadaleteko gudua | |||
---|---|---|---|
Roderiko erregearen kronikaren azala. | |||
Data | 711ko uztailaren 19a | ||
Lekua | Eztabaidatsua | ||
Koordenatuak | 36°36′N 6°12′W / 36.6°N 6.2°W | ||
Emaitza | Musulmanen garaipen erabakigarria | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Indarra | |||
| |||
Galerak | |||
|
Guadaleteko gudua 711ko uztailaren 19 eta 26 artean Iberiar penintsulan, Guadalete ibaitik gertu, gertaturiko gudua izan zen, non Roderiko bisigodoen azken erregea Tarik ibn Zijadek zuzenduriko islamdar armadak menderatua izan zen. Porrota hain zen erabatekoa ezen Bisigodoen Erresuma penintsulatik desagertu baitzen[1].
Egungo aditu batzuen arabera, gudua ez zen bertan borrokatua izan baizik eta Medina-Sidonia eta La Janda urtegiaren artean, eta beraz La Janda urtegiko gudua edo Barbate ibaiko gudua ere izendatua izan da. Hala ere, lehen mailako iturri kristau eta musulmanak erabili zituen Sánchez Albornoz historialariaren arabera aipaturiko Wadilakka berez Guadalete ibaia izan zen, Lacea izeneko herri hustutik gertu[2]
Gudua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Orduko iturrien arabera,[3] Ifrikijako walia zen Musa ibn Nusairren agindupean zegoen Tariqek, Ceutako kondea zen Urbanen laguntza zuena, Witizaren ondorengoek eta Rodrigoren arteko guda zibila aprobetxatuz, 711ko apirilaren 27 eta 28 arteko gauean Gibraltarko itsasartea zeharkatu eta Iberiar penintsulara pasa zen[4].
Antzinako kroniken arabera guduan soldadu andanak parte hartu zuela esan arren (badaude bisigodoen aldekoak 100.000 zirela esan zutenak) litekeena da Tarikek Tarifan 7.000 bereber baino gehiago ez izatea. Tarikek hasieran Carteia eta gero Algeciras konkistatu zituen, non Rodrigoren iloba zen Antsoren erasoaldia eutsi zuen. Bitartean bisigodoen erregea Iruñean omen zegoen, baskoiekin liskarretan. Berria bizpahiru aste geroago ailegatu zitzaion. Orduko krisialdi dinastikoaren ondorioz, ezin izan zuen armada sendo bat prestatu eta, Witazaren aldekoen saldukeria jakin barik, Kordoba aldean 40.000 laguneko armada bildu zuen.
Gudu zelaia Wadi Lakkah izeneko lekua izan zen, zalantzazkoa zena. Bi egunetan zehar alde biak haztamuka ibili hasi ziren. Behin gudua hasita, Witizaren semeek, hegal bat zuzentzen zutenak, armadatik ihes eta kristauak gutxiago izaten utzi zituzten. Berbereen zalditeria arinak laster sarraskia eragin zuen Roderikoren aldekoen artean. Rodrigo bera ere ibai bazterrean hilda topatu zuten, baina ez dakite guduan bertan edo ur-lasterraren ondorioz hil zen ala ez[5]. Musulmanen garaipena erabatekoa izan zen eta Rodrigo hil zenez, Tarikek penintsula osoa hartzeko ateak zabaldu zituen. Horrela 714an Toledo konkistatu zuen; hiriak Rodrigorekin bere comitatus eta bere spatarios galduak zituenez ez zuen aurka egin[6][7]
Ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Musulmanen berehalako arrakastak nahasmena ekarri zuen godoen artean eta ezin izan zuten errege berri hautatu eta kontra egitea. Witizaren ondorengoek berek ezin izan zuten bere jokaldia aprobetxatu eta bere aukera ere galdu zuten. Biztanleriaren talde batzuek askatzaile moduan hartu zituzten musulmanak: iberiar-erromatarrek ezin zuten gobernuan parte hartu eta godoen menpean zeuden, juduak monarkia katolikoak jazarriak ziren[8] eta egonkortasun politikorik ezak goseteak eta izurriteak besterik ez zituen ekarri izan.
Gero, Musa bera Algecirasen 18.000 arabiarren agindupean lehorreratu zen. Tarikekin bat egin ondoren, Ebro harana eta Gallaecia ere konkistatu zituen. Hala ere bere konkista iparralderantz hedatu nahi zuenean frankoak topatu zituen eta ezin.
Badaude aditu batzuk guduaren inportantzia eta egiazkotasuna zalantzan jartzen dutenak. Bere ustez gertagarriagoa da katoliko eta arrianoen arteko gerra zibilaren ondorioz musulmanen inbasioa gertatzea. Dozy edo Saavedra bezalako historialariek proba historiko gutxi daudela diote eta Ignacio Olague donostiarrak ere bere zalantzak azaldu ditu.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Roger Collins (1989), The Arab Conquest of Spain, 710–97 (Londres: Blackwell Publishing), 26–27
- ↑ Claudio Sánchez Albornoz, Orígenes de la nación española. Estudios críticos sobre la Historia del reino de Asturias. Oviedo, I. Liburukia: 1972
- ↑ Sánchez Albornozek iturri hauek ikasi zituen: 754ko mozarabiar anonimoa, Ajbar Maymuia, Fath Al-Andalus, Ilbn al-Atir, Ximenez Radakoa, Al-Himiyari eta Al-Maqqari.
- ↑ Ibn al Qutiya, Witizaren iloba zen Sararen ondorengoa zen eta harro zegoen bere arbasoen laguntzaz musulmanek Al-Andalus konkistatzeko.
- ↑ Honela dio gaztelaniazko erromantzea:
« Las huestes del rey Rodrigo
desmayaban y huían
cuando en la octava batalla
sus enemigos vencían
Rodrigo deja sus tierras
y del real se salía;
solo va el desventurado,
que no lleva compañía.
El caballo de cansado,
ya mudar no se podía:
camina por donde quiere,
que no le estorba la vía.» - ↑ Charles Cutler Torrey, trans. (1922), The History of the Conquest of Egypt, North Africa and Spain: Known as the Futūh Miṣr of Ibn ʻAbd al-Ḥakam (Yale University Press)
- ↑ John Harris Jones, (1858), History of the Conquest of Spain (Göttingen: W. Fr. Kaestner), pp. 18-2.
- ↑ Norman Roth (1976), "The Jews and the Muslim Conquest of Spain," Jewish Social Studies, 38 (2), 146–148