Henryk Górecki
Henryk Mikołaj Górecki (ˈxɛnrɨk mʲiˈkɔwaj ɡuˈrɛtski ahoskatua; Czernica, Polonia, 1933ko abenduaren 6a - Katowice, Polonia, 2010eko azaroaren 12a) poloniar musikagilea izan zen. Postmodernismoaren musikari nagusietako bat izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Katowiceko Musika Eskolan konposizio-ikasketak egin zituen Szableskirekin, Karol Szymanowskiren ikasle batekin. Poloniako abangoardiako musikaren aitzindaria izan zen Stalinen ondoko kultura-aldian, 1950eko hamarraldiaren bukaeran. Poloniako Musikagileen Batasunaren saria jaso ondoren, musika-ikasketak sakondu zituen Parisen, 1961-1963 bitartean. Parisen, Olivier Messiaen, Pierre Boulez eta Karlheinz Stockhausen ezagutu zituen, besteak beste.
1975ean, Katowiceko Musika Eskolako zuzendari izendatu zuten, baina 1979an, karguaren dimisioa eman zuen, presio politikoak zirela medio. Erregimen komunista erori zenean, atzerrira ateratzen hasi zen berriro, eta 1989tik aurrera, berak hartu zuen bere obren emanaldien ardura.
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Góreckiren lehenengo obrak -Scontri, 1960- serialismoan oinarritzen dira, eta ozentasun erregarriak dituzte, baina "Hiru pieza antigoaleko estiloan" obratik aurrera (1963), Tatra mendietako folklorearen musikaz eta Poloniako erlijio-tradizioez blaitu du berea. Azkeneko lanetan, harmonia modalak, melodia bakunak eta dimentsio zabaleko egituren errepikapenak nagusitzen dira. Horien artean, aipagarria da "Deitoreen sinfonia" (1976), Bigarren Mundu Gerrako sufrikarioan oinarritua, erabateko arrakasta izan duena.
Beste lan batzuk: Beatus Vir (1976) eta Kronos Quartetentzat idatzitako hiru hari kuartetoak (1988, 1991, 1995).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Henryk Górecki |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.