Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Hispaniola

Koordenatuak: 19°N 71°W / 19°N 71°W / 19; -71
Wikipedia, Entziklopedia askea
Hispaniola
Datu orokorrak
Mendirik altuenaPico Duarte (en) Itzuli
Garaiera3.098 m
Motauharte
Azalera76.420 km²
Geografia
Map
Koordenatuak19°N 71°W / 19°N 71°W / 19; -71
UTC orduaUTC−05:00
Honen parte daAntilla Handiak
Mendebaldeko Indiak
KokapenaKaribe itsasoa
Ur-gorputzaOzeano Atlantikoa
Leku geografikoaKaribea

Hispaniola[1] (gaztelaniaz: La Española; latinez: Hispaniola; taineraz: Haiti) Karibeko uhartea da, Antilletako populatuena eta bigarren handiena. Mendebaldean Kuba du eta ekialdean Puerto Rico. Haitik hartzen du uhartearen mendebaldeko herena, eta Dominikar Errepublikak ekialdeko bi herenak.

Kristobal Kolonek uhartea aurkitzean La Española izena jarri zion. Pedro Mártir de Angleríak latinizatu ondoren, Europa osoan Hispaniola izena hedatu zen. Espainian Isla de Santo Domingo izenaz ere ezaguna zen, eta oraindik Dominikar Errepublikako Konstituzioak horrela deitzen dio. Gonzalo Fernández de Oviedok eta Bartolome de las Casasek Haiti zioten uharteari. Tainerazko hitza da, bertakoek uharteko eskualde bat izendatzeko erabiltzen zutena.

Hispaniola Karibeko bigarren uharterik handiena da, 76.480 kilometro koadroko eremuarekin. Ipar-mendebaldean Kuba dauka, 80 kilometroko Haizearen pasaia zeharkaturik; hego-mendebaldean Jamaika, Jamaikako kanala igarota; ekialdean Puerto Rico, Mona pasabidea igarota; eta iparraldean Bahamak eta Turk eta Caico uharteak.

Uharteak lau mendilerro nagusi ditu:

  • Erdialdeko mendilerroa, Dominikar Errepublikan Cordillera Central eta Haitin Massif du Nord. Hemen kokatzen da Antilletako mendirik garaiena: Pico Duarte (3.098 m).
  • Iparraldeko mendilerroa, Dominikar Errepublikan Cordillera Septentrional. Mendilerroko gailurrik gorena Diego de Ocampo mendigaina da.
  • Mendebaldeko mendilerroa, Dominikar Errepublikan Cordillera Oriental.
  • Neibako mendilerroa, Dominikar Errepublikan Sierra de Neiba eta Haitin Montagnes Noires, Chaîne des Matheux eta Montagnes du Trou d'Eau.

Europarrek iritsi baino lehen, Hispaniolan tainoak, arawak multzoko hizkuntza batean mintzo zirenak, bizi ziren. Kristobal Kolon 1492an heldu zen uhartera, bere lehenbiziko bidaian. 1493an, espainiarrek Amerikako lehen kolonia eratu zuten Hispaniolan, Nueva Isabela herria, geroago Santo Domingo izena hartu zuena. Urte gutxiren buruan, tainoak suntsituak izan ziren, espainiarrek ekarritako gaixotasun berrien, urre meatzeetan egin beharreko esklabu lanen eta kolono berriek emandako tratu basatien eraginez. Jatorrizko Taino jendea kasik desagertuta, Karlos I.a Espainiakoak 1517an agindu zuen Hispaniola birpopulatu zezatela Afrikatik eramandako esklabu beltzekin[2].

Hain handia izaki hango urre, esklabu eta gaineratikoen trafikoa, Kariberako ataria zen Hispaniola itsas hegia bihurtu zen klase guztietako pirata, bukanero eta kortsarioen paradisu. Horien artean aipatzen da Jean Lafitte, askok Port-au-Princen jaiotzat baina beste batzuek Baionan sortutzat jo izan dutena[2]. Pirataz ugaritu zirenez gero, XVII. mendean Espainiak bertan behera utzi zuen mendebaldeko eskualdea, eta Santo Domingo inguruan bildu zituen bere kolonoak. Kaiman uharteetako frantses piratek, berriz, mendebaldea hartu zuten eta 1644an Port-de-Paix sortu; 1697ko Rijswijkeko hitzarmenaren bitartez, espainiarrek frantsesei utzi zieten mendebaldea, handik aurrera Saint-Dominique izan zena[3]. Hala ere, 1790ean, uharte osoa Espainiako Koroaren pean zegoen artean. 1794ko Basileako Bakean, Gipuzkoa (eta Hego Euskal Herria, nork dioen) Espainiako Erresumara atzera pasatzearen truke, frantses iraultzaileek uhartearen mendebaldea eskuratu zuten.

XIX. mendean uharteak independentzia lortu zuen, bai esklaboen matxinadei esker, bai bertako politikoei esker. Baina 1861ean, Dominikar Errepublika berriro Espainiaren kolonia izatera itzuli zen. Ondoren, Estatu Batuen kontrolpean egon zen. XX. mendean, Haitik François Duvalierren diktadura pairatu zuen, eta Dominikar Errepublikak Rafael Leonidas Trujillorena.

Banaketa administratiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira Hispaniolaren datu nagusiak:

Herrialdea Biztanleria
(2005)
Azalera
(km²)
Azalera
(%)
Biztanle dentsitatea
Haiti 8.528.000 27.750 36,2 255
Dominikar Errepublika 8.895.000 48.730 63,7 179
Hispaniola 17.423.000 76.480 100 206

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. (2012-05-25). 170. araua: Amerikako toponimia. .
  2. a b Zubiria, Pello. Ayiti-Haiti, globalizazioaren arragoa 1492tik. argia.eus, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported lizentzia (Noiz kontsultatua: 2016-12-23).
  3. Haiti. Lur Hiztegi Entziklopedikoa, Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentzia, euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2016-12-23).


Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]