Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Informatika

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

GNU/Linux sistema eragileko Debian banaketa exekutatzen ari den ordenagailua.

Informatika teknologia arloko zientzia edo teknika da: informazioaren tratamendu automatikoa aztertzen du, gailu elektronikoak eta sistema konputazionalak erabiliz. Hitza informatique frantses hitzetik dator, Philippe Dreyfus ingeniariak 1950eko hamarkadan sortua, information eta automatique hitzak fusionatuz.Gaur egun informatikatzat ezagutzen den horretan, eragina handia dute pertsonok historian zehar garatu ditugun teknika eta makina askok, horiek gure oroimen-, pentsamendu- eta komunikazio-gaitasunak bultzatzeko eta indartzeko baliagarriak izan dira eta. Makina haien artean, ordenagailua azpimarratu behar da.

Haren arloan batzen dira konputazio-zientzien oinarriak, programazioa eta softwarea garatzeko metodologiak, baita elektronikako gai batzuk ere. Informatikatzat hartzen da konputuen eta komunikazioen arteko lotura sinergikoa. Hainbat zereginetan erabiltzen da, hala nola dokumentuak idazteko, prozesu eta robot industrialak kontrolatzeko, telekomunikazio eta zaintzarako, jokoak garatzeko eta abarrerako.

Harremanak beste eremu batzuekin

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izen hori izan arren, informatikan oso gutxitan lotzen da koputagailu izeneko makinen azterketarekin. Hain zuzen, Edsger Dijkstra zientzialaria sarritan aipatzen da esaldi honekin: 'Konputazio-zientziak ez daude hain lotuta konputagailuekin, astronomiarekin eta teleskopioekin." ' ' 'Konputagailuen eta sistema konputazionalen diseinua eta garapena konputazio-zientzietatik kanpoko eremutzat hartzen da. Adibidez, hardwarearen azterketa ingeniaritza informatikoaren partetzat hartzen da normalean; sistema konputazional komertzialen azterketa eta haren garapena, berriz, informazioaren teknologiak (IT) edo informazio-sistemak deitzen dira. Hala ere, ideia-komunikazio estua dago konputagailuekin lotutako diziplinen artean. Informatikako ikerketa, normalean, beste diziplina batzuekin ere erlazionatzen da, hala nola adimen artifizialarekin, zientzia kognitiboarekin, fisikarekin (adibidez, konputazio kuantikoan), errealitate areagotuarekin, hizkuntza formalen teoriarekin eta abarrekin.

Askorentzat, informatikak harreman estua du matematikarekin, beste diziplina zientifiko batzuekin baino estuagoa (Denning 2000). Konputazio-zientzia goiztiarrak eragin handia izan zuen Kurt Gödel eta Alan Turingen mailako matematikarien lanak, eta, gaur egun, oraindik ere ideia erabilgarriak trukatzen ari dira bi eremuen artean, hala nola logika matematikoa, kategorien teoria, domeinuen teoria eta aljebra.

Konputazio-zientzien eta softwarearen ingeniaritzaren arteko harremana oso gai eztabaidatua da, "softwarearen ingeniaritza" terminoaren inguruan eta konputazioaren zientziak nola definitzen diren eztabaidatzen baitu. Pertsona batzuek uste dute softwarearen ingeniaritza konputazio-zientzien azpimultzoa izan behar dela. Beste batzuek, berriz, beste zientzia-diziplina batzuen eta ingeniaritzaren arteko harremana kontuan hartuta, uste dute konputazio-zientzien helburu nagusia zenbaketaren propietateak oro har aztertzea izango litzatekeela; softwarearen ingeniaritzaren helburua, berriz, helburu praktikoak lortzeko berariazko konputazioak diseinatzea litzateke, eta, hartara, diziplina desberdinak bihurtuko lirateke. Ikuspuntu horri eusten dio, besteak beste (Parnas 1998). Beste batzuek diote ezingo litzatekeela softwarearen ingeniaritzarik egon.

Lehenengo ordenagailua 1946an jarri zen abian. Hala eta guztiz ere, informatika gizakiaren mendeetako amets bati dagokio, makina pentsalari bat sortzearen ametsari. Ez dakigu gizakiok noiztik kontatzen dugun, baina gizakiaren hasiera-hasieratik seguru. Eta hala jarraitzen dugu, kontatzen. Gizakiaren oinarrizko ezaugarria dirudi. Kuriosoa hala ere, hitz bera erabiltzen baitugu lehen begi-kolpean oso desberdinak ematen dituzten bi gauzetarako. Hala dio hiztegiak kontatu hitzari buruz:[1][2]

(lat. computāre)
1. Besteri, ahoz nahiz izkribuz, gertatu edo asmatu den zerbait esan edo aditzera eman. Ipuin lohiak kontatzen.
2. Multzo bateko osagaien kopurua mugatu. Ardiak kontatzen ez daki.

Bai, kontaketak eta kontakizunak hitz berean. Istorioak kontatzen ditugu gizakiok, eta ardiak kontatu ere. Letrak eta zenbakiak zaku berean. Kontatu, gogoratzeko. Eta gogoratzeko hasi ginen idazten. Hasieratik bertatik sortu zen beharra, kontatzen genituen istorioak eta kantuak idazteko, egiten genituen kontuak idazteko.[2]

Aleak eta txanponak kontatzeko beharra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontutxoak eta kontaketak batera. Sumer-etik heldu zaizkigu, 4.000 urte baino gehiago igaro eta gero, lehen idazkunak, eta hor daude istorioak —Gilgamesh— eta zenbakiak —ale eta olio-ekoizpenak, eskaintzak tenpluetan—. Eta horrela gaur arte.[2]

Soroban honetan honako zifra hau adierazten da: 00098765432100000000000

Eta bidean, kalkulatzeko "makinak" asmatu genituen. Sinpleak, oso sinpleak hasieran (kontatzeko aleak, harri koxkorrak), baina gero eta sofistikatuagoak ondoren. Eta ikusgarriak, ia sinesgaitzak gaur. Kontaketa-makina zaharren artean, abakoa da segur asko ezagunena, oraindik munduko hainbat lekutan erabiltzen baita. Oso sinpleak dira forman, baina oso erabilgarriak oinarrizko eragiketa aritmetikoak azkar eta doitasunez egiteko.[2]

Automatismoaren ardura nagusia natura menderatzeak sortzen dituen arazo teknikoak gainditzea zen, baina informatika modernoa ez da printzipio horretatik bakarrik sortu. Logika izan zen beste oinarrietako bat. Eta alor horretan, pentsalariak saiatu dira azalpen matematikoetarako metodoen aplikazio eremua pentsamenduaren beste alor batzuetara hedatzen eta erabateko koherentzia ematen beren zientziaren mugak zehaztu aurretik.

Kriptografian egindako ikerketak, mezuen igorpena eta kodetzea informazioaren teoriara bideratu behar ziren. Logikaren jatorria Aristotelesen garaira (K. a. IV. mendea) eraman behar da, gutxienez. Euklidesek eta Eratostenesek algoritmo klasikoak asmatu zituzten; Al-Khuwarizmi persiarrak kontzeptua berritu zuen eta bere izena eman zion, eta Leonardo Fibonaccik Europan sartu zuen XIII. mendearen hasieran. Leibnizek kalkulu automatikoari egin zion ekarpenaz gainera, beste bi ekarpen handi egin zituen: ezaugarri unibertsalaren ideia eta aljebraren arrazionaltasuna logikara zabaldu zuen proposizioen sintaxia. Zenbakera bitarra Francis Baconi esker ezagutu zen Europan, baina Leibniz izan zen sistema hura kalkulu automatikora egokitu zuen lehena. George Boolek Aristotelesen logikaren formulazio matematikoa egin zuen. Britainiar matematikari talde batek, Bertrand Russell buru zuela, Principia mathematica lana argitaratu zuen 1910ean. Lan hartan matematikak sistema formal batean osatzea proposatzen zen, zeinetan proposizio oro kalkulu logiko baten arabera frogatu ahal izango baitzen.

Makina analitikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bide horretatik egin ziren hurrengo lanak XVII. mendekoak dira, Wilhelm Schickard, Blaise Pascal eta Gottfried von Leibnizen garaikoak. Automatismoa izaki artifizialak programatu zirenean sortu zen, XVIII. mendean. Jacques de Vaucansonek jotzailerik gabeko flauta asmatu zuen, hamabi pieza desberdin jotzen zituen gurpil moduko bati esker. Programazioa hobetu zuten txartel zulatuei esker, Barbarie organoa eta Jacquarden ehungailua sortu ziren. 1623an Tübingenen Wilhem Schickardek kalkulatzeko lehenengo makina sortu zuen, baina sute batek desegin zuen eta ez zen haren berri izan 1958 arte. 1641-1645 urteen bitartean Blaise Pascalek arrakasta handiagoa izan zuen makina bat sortu zuen, batuketak egiten zituena. Leibnizek 1673an biderketak egiteko makina bat asmatu zuen, baina 1694 arte ez zen gauzatu.

1822an Charles Babbagek matematika taulak kalkulatzeko eta inprimatzeko makina bat sortu zuen; tresna horri 1833an makina analitiko bat erantsi zion, eta horrela aritmetika eta logika operazio ugari egin zitezkeen. Babbageren proiektuak bera hil eta gero egin ziren, eta hura izan zen kalkulu automatikoaren bidea zabaldu zuena. Logika modernoa eta elektronika batzeak gaur egungo informatikaren sorrera ekarri zuen, eta horrek iraultza izugarria eragin du gure gizarteen ekonomian eta bizitzan. Informatikak oinarrian bi iturri ditu: automaten zientzia eta logika. Mendebaldeko industria-iraultzaren eta gailu mekanikoen garapenarekin batera, kalkulu-makina sofistikatuagoak sortu ziren. Batetik, 200 urte baino gehiagotan, ia atzo arte, erabili diren kalkulu-tresna analogiko arrakastatsu-enak: kalkulu-erregelak, hau da, taula logaritmikoak erregeleta moduan antolatuta, bata besteekiko desplazatzen baitira eragiketak egiteko. Eta bestetik, konputagailu mekanikoak egiteko lehen proposamenak: Charles Babbage-ren, eta Ada Lovelace-ren, makina diferentzial eta analitikoak, non lehenengoz agertu baitziren konputagailu modernoen ezaugarri behinenak, txartel zulatuak eta guzti.[2]

Makina analitikoaren zati bat, inprimatzeko mekanismo batekin, Charles Babbagek eraikita, Londresko Zientziaren Museoan dagoen bezala.
Makina analitikoaren zati bat, inprimatzeko mekanismo batekin, Charles Babbagek eraikia, Londresko Zientziaren Museoan dagoen bezala.[3]

Informatika modernoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kurt Gödel

1931n Kurt Gödel austriarrak frogatu zuen aritmetika adierazteko gai den sistema formal orok dituela berezko ezaugarriak, baina sistema horren beraren arauekin ezin froga daitekeela ezaugarri horien egiatasuna edo faltsutasuna. Teorema horrek bertan behera uzten zituen matematikak dedukzio sistema koherente batean biltzeko asmoa. Matematikak lantzeko beste bide esperimental batzuk irekitzeko bide berriak behar ziren.

Alan Turing britainiarrak automata eredu bat egin zuen, algoritmo kontzeptua defini zezakeena. Turingek Princetongo (Ameriketako Estatu Batuak) Institute for Advanced Studies institutuaren diru laguntza lortu zuen eta han ezagutu zituen Albert Einstein, John von Neumann eta Alonzo Church. Hala, lehenengo ordenagailua egin baino hamar urte lehenago bildu ziren informatikaren oinarrien egileak. Azkenik, 1945ean John von Neumannek ordenagailuen egitura materiala definitu zuen. Beraz, kalkulu eredu baten gainean osatu da informatika, Turingen makinaren gainean hain zuzen.

1950. urtearen inguruan ohiko irudia zen hau ingeniaritzako bulegoetan.

Alan Turing-en eskutik helduko da, bigarren mundu-gerran, gaurko konputagailuen aitzindari.

1940ko hamarkadan, zenbatzeko gailu berri eta ahaltsuak garatzen ziren bitartean, "konputagailu" edo zenbakailu terminoak makina berriak izendatzeko erabiltzen hasi zen, aurretiko pertsonen zenbatzaile-tratamendu hori pixkana-pixkanaka baztertuta geratu zelarik. Hortik aurrera, konputagailuak kalkulu matematikoak burutzeko baino askoz gehiagorako erabili genezakeela argi geratzen zen heinean, zenbaketa-zientziaren alorra zabaltzen hasi zen zenbaketa edo konputazioa (informatika) orokorrean ikertzeko. Zenbaketa-zientzia, konputagailuz edo ordenagailuz lagundutako zientzia hain zuzen ere, 1960ko hamarkadan jakintzagai akademiko gisa finkatzen hasi zen, zenbaketa-zientziaren lehenengo sailak sortuz eta aitzindariak diren lehenengo lizentziatura-programak argitaratuz.

elektromekaniko sofistikatuena, Bombe, Enigma makinarekin Alemaniako armadak sortzen zituen kode sekretuak haustea lortu zuena.[2]

Baina gaurko konputagailuen aroa gailu elektronikoen garapenarekin hasiko da. Aurrenetako bat ENIAC konputagailua izan zen. Makina gero eta konplexuagoak eta ahaltsuagoak sortzeko lasterketa zorabiagarriaren abiapuntua izan zen. Hortik sortu ziren lehenbiziko makina komertzialak; UNIVAC (1946), gero IBM (1964), XEROX, DIGITAL (1977)… enpresen eskutik plazaratu ziren makinak, eta horrela, eten gabe, gaurko superkonputagailuak sortu ziren arte.[2]

1970eko hamarkadan-edo hasi zen mikroelektronikaren eta zirkuitu integratuen garapenak beste bultzada bat eman zion lasterketa horri. Hor sortu ziren lehenbiziko kalkulagailuak eta, ondoren, ordenagailu pertsonalak eta eramangarriak, dagoeneko denontzat tresna arrunt bilakatu direnak.[2]

Eta hortik aurrera, gaur arte, zoroa izan da lasterketa. Konputagailuen eboluzioa analizatzen duen Moore-ren legearen arabera, makina hauen konputazio-ahalmena bikoiztu egiten da, gutxi gora behera, bi urtetan behin. Hazkunde esponentzialeko lege hori bete zen 40 urtetan, baina ematen du azkenetan dagoela. Ondo dakigu ez dagoela ezer mugarik gabe esponentzialki haz daitekeenik; izan ere, gaurko teknologiaren mugetara heldu ginen, oso azkar hurbildu ere.[2]

Euskarazko liburuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

78 liburu argitaratu dira informatikari buruz 1980 eta 2021 bitartean.[4]

LIburuaren izenburua Egileak Argitaletxea Urtea
HTML5 lengoaia eta JavaScript APIak Juan Antonio Pereira Varela UEU 2021
IV. Ikergazte. Nazioarteko ikerketa euskaraz. Kongresuko artikulu bilduma. Ingeniaritza eta Arkitektura Olatz Arbelaitz Gallego, Ainhoa Latatu Nuñez, Miren Josu Omaetxebarria Ibarra, Blanca Urgell Lazaro UEU 2021
Sareetan zehar dantzan Java erabiliz Iñaki Goirizelaia Ordorika, Maider Huarte Arrayago UPV/EHU 2021
Zenbakizko metodoak MATLAB erabiliz. 2. edizioa Fernando Mijangos Ugarte UPV/EHU 2021
Ekonometria eta GRETL Marian Zubia Zubiaurre, Susana Orbe Mandaluniz UPV/EHU 2020
Oinarrizko programazioa Iker Azpeitia Lakuntza, Jesus Ibañez Martínez-Conde UPV/EHU 2020
III. Ikergazte. Nazioarteko ikerketa euskaraz. Kongresuko artikulu bilduma. Ingeniaritza eta Arkitektura Olatz Arbelaitz Gallego, Urtzi Etxeberria Otaegi, Ainhoa Latatu Nuñez, Miren Josu Omaetxebarria Ibarra UEU 2019
IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan Mikel Iruskieta Quintian, Montse Maritxalar Anglada, Amaia Arroyo Sagasta, Abel Camacho Romero UEU eta UPV/EHU 2019
Zenbakizko metodoak MATLAB erabiliz. Problema ebatziak Eugenio Mijangos Fernandez UPV/EHU 2019
Multimedia-Internet Jose Mª Rivadeneyra Sicilia UPV/EHU 2018
SPSS eta R Commander. Ikerketa ez-esperimentaletako datuen analisia Arantxa Gorostiaga Manterola, Jone Aliri Lazcano, Nerea Lertxundi Iribar, Nekane Balluerka Lasa, Ana I. Vergara Iraeta UPV/EHU 2018
II. Ikergazte. Nazioarteko ikerketa euskaraz. Kongresuko artikulu bilduma. Giza Zientziak eta Artea Iñaki Alegria Loinaz, Ainhoa Latatu Nuñez, Miren Josu Omaetxebarria Ibarra, Patxi Salaberri Zaratiegi UEU 2017
II. Ikergazte. Nazioarteko ikerketa euskaraz. Kongresuko artikulu bilduma. Ingeniaritza eta Arkitektura Iñaki Alegria Loinaz, Ainhoa Latatu Nuñez, Miren Josu Omaetxebarria Ibarra, Patxi Salaberri Zaratiegi UEU 2017
Bilaketa heuristikoak. Teoria eta adibideak R lengoaian Borja Calvo Molinos, Josu Ceberio Uribe, Usue Mori Carrascal UPV/EHU 2017
Elektronika eta kontrol-sistemak: Meatzaritza eta Energia Teknologiaren Ingeniaritzako Gradua, 2. maila Oihane Abarrategi Ranero, Araitz Iturregi Aio UPV/EHU 2017
Makina elektriko birakariak: simulazioak eta probak Miren Terese Bedialauneta Landaribar UPV/EHU 2017
Zenbakizko metodoak MATLAB erabiliz Eugenio Mijangos Fernandez UPV/EHU 2017
Programen espezifikazio, egiaztapen eta eratorpen formala Javier Alvez Gimenez, Xabier Arregi Iparragirre, Jose Gaintzarain Ibarmia, Paqui Lucio Carrasco, Montse Maritxalar Anglada UEU eta UPV/EHU 2016
PYTHON programazio-lengoaia: oinarriak eta aplikazioak Iñaki Alegria Loinaz, Olatz Perez de Viñaspre Garralda, Kepa Sarasola Gabiola UEU eta UPV/EHU 2016
Jarduera matematikoa eredu dinamikoen laguntzaz Aitzol Lasa Oiarbide UEU 2015
"Eridenen du zerzaz kontenta": sailkideen omenaldia Henrike Knörr irakasleari (1947-2008) Mari Jose Ezeizabarrena Segurola, Ricardo Gómez López UPV/EHU 2015
Ordenagailuen egitura-laborategia eta praktikak Nekane Azkona Estefania UPV/EHU 2015
Automatismoak eta kontrola Haritza Camblong Ruiz, Nora Barroso Moreno, Aitzol Ezeiza Ramos UEU 2014
Informazioaren komunikazioa eta datu eta bilduma digitalerako sarbidea Teresa Agirreazaldegi Berriozabal UPV/EHU 2014
Ordenagailuen egitura Nekane Azkona Estefania UPV/EHU 2014
Aljebra: teoria eta ariketak. Mathematica programaren aplikazioa Elisabete Alberdi Zelaia, Isabel Eguia Ribero, Aitziber Unzueta Intxaurbe UEU eta UPV/EHU 2013
R Commander eta datuen analisia Paula Elosua Oliden UEU eta UPV/EHU 2013
Datu-Base erlazionalen diseinua eta ustiapena Leire Aldaz Odriozola, Leire Urkola Carrera UPV/EHU 2013
Enpresaren kudeaketari aplikaturiko informatika. Kalkulu-orria: Ms Excel 2003 Agurtzane Celestino Gutierrez, Olatz Etxegarai Legarreta, Sara Fernandez de Bobadilla Guemez, Angel Aldekoa Arnaiz UPV/EHU 2012
Estatistika: R praktikak Maria Merino Maestre UPV/EHU 2012
Praktiketan SPSSrekin Elena Agirre Basurko, Jose Mari Eguzkitza Arrizabalaga, Inmaculada Lecubarri Alonso UPV/EHU 2012
Robot mugikorrak. Oinarriak Aitzol Astigarraga Pagoaga, Elena Lazkano Ortega UEU 2011
Dokumentazioa eta ondare bibliografikoaren komunikazioa Teresa Agirreazaldegi Berriozabal UPV/EHU 2011
Estatistika: SPSS praktikak Maria Merino Maestre UPV/EHU 2011
Programazioaren oinarriak: C-ko eta Java-ko praktikak Gaizka Abaroa Erkoreka, Cristina Perfecto Del Amo, Nekane Bilbao Maron UPV/EHU 2011
Dokumentazioa eta Eduki Digitalen Kudeaketa Teresa Agirreazaldegi Berriozabal UPV/EHU 2010
Informatikaren oinarriak. C lengoaian ebatzitako problemak Olatz Ansa Osteriz, Rosa Arruabarrena Santos, Carmen Ocariz Sanz, Montserrat Ferreira Sanchez UPV/EHU 2010
R Gizarte-zientzietarako. Datuen eta eskalen analisia Rcommander-ekin Paula Elosua Oliden UPV/EHU 2010
Pantailen eragina hezkuntzan: Bideojokoen kasua Jose Inazio Imaz Bengoetxea UTRIUSQUE VASCONIAE 2010
TAPE Testu-analisirako PERL erremintak Aitzol Astigarraga Pagoaga, Koldo Gojenola Galletebeitia, Kepa Sarasola Gabiola, Aitor Soroa Etxabe UEU 2009
TCP/IP sareak (3. argitaraldia) Jose Mª Rivadeneyra Sicilia UEU 2009
Estatistika deskribatzailea Excel-en bidez Marisabel Orueta Coria, Marta Barandiaran Galdos UPV/EHU 2009
Matlab - Lehenengo urratsak Leyre Ormaetxea Butron, Florencio Garrido Uriarte UPV/EHU 2009
Software kaltegarriak Anartz Ruiz Manzanos ELHUyar 2008
Linux: sistemaren eta sarearen administrazioa. Debian eta Ubuntu (2. argitalpena) Iñaki Alegria Loinaz, Roberto Cortiñas Rodriguez UEU 2008
Softwarearen ingeniaritza (II. Atala: Garapen monolitikotik hiru mailako arkitekturara bezero/zerbitzariak bisitatuz) Jose Ramon Zubizarreta Aizpuru UEU 2008
Industria informatikako oinarriak Patxi Alkorta Egiguren UPV/EHU 2008
Kontrol digitalaren oinarriak Julian Florez Esnal, Arantxa Tapia Otaegi, Gerardo Tapia Otaegi ELHUyar 2007
Ordenagailu bidezko sistemen kontrola Ekaitz Zulueta Guerrero ELHUyar 2006
Softwarearen ingeniaritza (I. Atala: Softwarearen garapenaren zenbait arlo) Jose Ramon Zubizarreta Aizpuru UEU 2006
Gogora ekartzeen analisirako programa multzoa EVOC2000 Juan Jose Arrospide Eizagirre, Maider Larrañaga Egilegor UPV/EHU 2006
Hizkuntzalaritza konputazionala Izaskun Aldezabal Roteta, Jose Mari Arriola Egurrola, Arantza Diaz de Ilarraza Sanchez, Kepa Sarasola Gabiola UEU 2005
Sistema digitalen diseinu-hastapenak. Oinarrizko kontzeptuak eta adibideak Olatz Arbelaitz Gallego, Olatz Arregi Uriarte, Agustin Arruabarrena Frutos, Izaskun Etxeberria Uztarroz, Amaia Ibarra Lasa, Txelo Ruiz Vazquez UEU 2005
TCP/IP sareak Jose Mª Rivadeneyra Sicilia RIVADENEYRA arg 2003
Linux. Sistemaren eta sarearen administrazioa Iñaki Alegria Loinaz UEU 2003
Morfologia konputazionala: euskararen morfologiaren deskribapena Iñaki Alegria Loinaz, Miriam Urkia Gonzalez UEU 2002
Zirkuitu elektriko eta elektronikoen oinarrizko analisia Olatz Arbelaitz Gallego, Txelo Ruiz Vazquez UEU 2001
Informatika eta internet hiztegia UZEI UZEI arg 2001
Kazetaritza elektroniko multimedia Javier Diaz Noci, Koldo Meso Ayerdi UPV/EHU 2000
Mathematica 3.0 bertsioa laborategirako Josu Larrabeiti Jauregi, Mª Concepcion Presedo Garcia UPV/EHU 2000
Sistema eragileen diseinua Verónica Fernandez Ruiz, María José Gil Larrea, Jorge Gonzalez Barturen UD/DU 1999
Oinarrizko programazioa. Ariketa bilduma Arantza Diaz de Ilarraza Sanchez, Kepa Sarasola Gabiola UEU 1999
Kontzeptuen arteko erlazio-izaeraren formalizazioa ontologiak erabiliaz: dentsitate kontzeptuala Eneko Agirre Bengoa UPV/EHU 1999
Programazioaren oinarriak Iñaki Goirizelaia Ordorika UPV/EHU 1999
Ordenadore bidezko irudigintza Asier Lasa , Joseba Makazaga Odria UEU 1998
C programazio-lengoaia Iñaki Alegria Loinaz, Nestor Garay Vitoria ELHUyar 1995
Anhitz: itzulpenean laguntzeko hiztegi-sistema eleanitza Xabier Arregi Iparragirre UPV/EHU 1995
Euskal morfologiaren tratamendu automatikorako tresnak Iñaki Alegria Loinaz UPV/EHU 1995
Sistema eragileen deskribapen funtzionala Julio Abascal Gonzalez, Iñaki Alegria Loinaz, Alberto Lafuente Rojo, Elena Lazkano Ortega, Clemente Rodriguez Lafuente UPV/EHU 1995
Mamur: Mugapenen Betetzean oinarritutako tresna modular multimaila Juan Manuel Pikatza Atxa UD/DU 1993
Programen egiaztapena eta eratorpena Xabier Arregi Iparragirre, Arantza Diaz de Ilarraza Sanchez, Paqui Lucio Carrasco UEU 1993
Hiztsua: hiztegi-sistema urgazle adimendunaren eraikuntza eta sorkuntza/ SIAD: Conception et construction d´un système intelligent d´aide dictionnriale Xabier Artola Zubillaga UPV/EHU 1993
Informatika hiztegia Iñaki Alegria Loinaz, Xabier Arregi Iparragirre, Olatz Arregi Uriarte, Agustin Arruabarrena Frutos, Xabier Artola Zubillaga, Lore Azkarate Villar, Pili Lizaso Murua, Miel Loinaz Beristain, Montse Maritxalar Anglada, Txelo Ruiz Vazquez, Kepa Sarasola Gabiola, Elena Zubelzu UZEI 1993
LISP programazio-lengoaia Juan Ramon Bastarrika Larrauri, Kepa Sarasola Gabiola UEU 1991
Konputagailuaren oinarrizko egitura Iñaki Alegria Loinaz UEU 1985
Programatzeko algoritmoak. Ariketa bilduma Kepa Sarasola Gabiola UEU 1984
Konmutazioa: sistema digitalak Mikel Alkorta Andonegi, Mikel Iriondo Bengoa, Kepa Sarasola Gabiola UEU 1980

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Egungo Euskararen Hiztegia (EEH) - UPV/EHU» www.ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-07-30).
  2. a b c d e f g h i Arruabarrena, Agustin. (2013). «Superkonputagailuak. Istorio luze-luze bat. — Unibertsitatea.Net» www.ueu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-09-03).
  3. (Ingelesez) «Babbage's Analytical Engine, 1834-1871. (Trial model) | Science Museum Group Collection» collection.sciencemuseumgroup.org.uk (Noiz kontsultatua: 2023-07-29).
  4. «Informatikari buruz euskaraz argitaratutako liburuak. Inguma - Euskal komunitate zientifikoaren datu-basea» www.inguma.eus (Udako Euskal Unibertsitatea) (Noiz kontsultatua: 2022-11-01).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]