Isaac Stern
Isaac Stern (ukraineraz: Исаак Стерн, errusieraz: Айзек Стерн; Kremenets, Ukraina, 1920ko uztailaren 21a - New York, Ameriketako Estatu Batuak, 2001eko irailaren 22a) biolin-jotzailea izan zen.
Ukrainan jaioa, estatubatuar herritartasuna zuen, gurasoak San Frantziskora (Ameriketako Estatu Batuak) joan baitziren Sternek urtebete zuela. Biolina Naoum Blinderrekin eta Louis Persingerrekin landu zuen, eta hamabost urte zituela eman zuen lehenengo kontzertua (Brahmsen biolinerako kontzertua San Franciscoko Orkestra Sinfonikoarekin). New Yorken Pierre Monteuxen zuzendaritzapean jo ondoren, errezital ahaztezina eskaini zuen Carnegie Hallen. Gerra ondoren, bira bat egin zuen Europan zehar, eta Luzerna, Prades eta Edinburgoko jaialdietan jo zuen. Ganbera-musikan ere nabarmendu zen, Pablo Casalsek Leonard Rose eta Eugène Istominekin osatu zuen hirukotean. Maisutasun handiz jo zituen Bach, Vivaldi, Bartok, Prokofiev eta Stravinskiren lanak, eta Mozart, Beethoven, Paganini, Mendelssohn, Txaikovski, Brahms eta Bruchen pianorako kontzertuak ere sartzen zituen bere errepertorioan. Teknika liluragarria eta doinu indartsu eta beroa ziren Sternen ezaugarriak, eta XX. mendeko biolin-jotzaile handienetako bat bihurtu zen trebetasun horiei esker.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Isaac Stern |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.