Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Iztaiko hernia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Iztaiko hernia
Deskribapena
MotaEnteropatia
eritasuna
Espezialitateadigestio aparatuaren medikuntza
Identifikatzaileak
GNS-10-MKK40 eta K40.90
GNS-9-MK550 eta 550.90
DiseasesDB6806
MedlinePlus000960
eMedicine000960
MeSHD006552
Disease Ontology IDDOID:0060320

Iztaiko hernia[1] edo iztaiko etena iztai hodiaren gune ahuletik irteten den barrunbe abdominalaren edukiaren hernia da.

Iztai hodia iztai mailan abdomen hormak zeharkatzen dituen pasabidea da. Horma horiek sakonetik azalerara, zeharkako faszia (fascia transversalis), abdomeneko zeharkako muskulua, abdomeneko barneko muskulu laprana eta abdomeneko kanpoko muskulu lapranaren aponeurosiak dira.

Orokorrean, nerbioak, odol hodiak eta hodi linfatikoak igarotzen dira hodi horretatik. Gizonezkoetan, testikuluen geruzaren jarraia den kordoi espermatikoa inguratzen du. Emakumezkoetan, berriz, uterotik ezpain nagusietara doan lotailu biribila. Abdomen horma horrek berezko ahulgune batzuk ditu, hernia eragin dezaketenak. Presio indar handi bat eginez gero, hala nola, zama jasotzean eta haurdunaldian, gune ahul horietan hutsune bat sor daiteke, etenaren jatorria, hain zuzen. Horregatik, gune abdominaleko peritoneo eta abdomeneko organoak, herniaren eduki direnak, iztai hoditik irteten dira.

Hala ere, giza gorputzak hernia arriskua murrizten duten ezaugarriak garatu ditu: kremaster muskulua eta elkar muskuluaren tendoiaren esfinter funtzioa eta iztai hodiaren bi zuloak edo eraztunak maila ezberdinetan egotea.

Iztai eskualdeko anatomia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakumeetan, enbrioi garapenean gonadak peritoneo barrunbera eusten dituen gubernakulum testisa hazi egiten da uteroaren hiru lotailuak emanez: lotailu euslea, biribila eta obarikoa. Emakumezkoen iztai hoditik lotailu biribila eta nerbio ilioinginala bakarrik igarotzen direnez, iztai hodi oso mehea garatzen da, hortik oso zaila delarik iztai hernia bat garatzea.

Gizonezkoetan, aldiz, gubernakulu testisa hazten ez denez, eta fetuaren hazkuntzaren ondorioz, gonadek abdomeneko peritoneoko atzeko hormatik jaisten dira iztai eskualdeko abdomeneko hormak zeharkatuz. Jaitsiera horretan peritoneoko egitura ezberdinak herrestan eramango dituzte, horien artean, peritoneoa, zeharkako faszia, zeharkako muskulua, barruko muskulu laprana eta kanpoko muskulu lapranaren zuntz aponeurotikoak. Peritoneotik testikuluen inguruko prozesu baginala eratorriko da. Beste egituretatik, berriz, kordoi espermatikoa. Azken horrek iztai hodia lapranki zeharkatu, hau da, sakoneko zulotik azaleko zulora, eta barrabilen kanpoko geruza ezberdinak emango ditu: zeharkako fasziatik barneko faszia espermatikoa, zeharkako muskulutik eta barneko muskulu lapranaren fusiotik faszia kremasterikoa (erdiko faszia espermatikoa), eta kanpoko muskulu lapranaren aponeurositik kanpoko faszia espermatikoa.

Zeharkatuko duten gune ahularen arabera, mota desberdinetako herniak garatu daitezke.

Iztai hernia zuzena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abdomen edukiak iztai hodiaren atzeko paretatik zeharkatzen du Hesselbachen triangelua. Hesselbachen triangelua zeharkako fasziaz bakarrik osatutako iztai hernia zuzenaren gune ahula da. Kanpoaldetik beheko arteria epigastrikoak, behealdetik iztai lotailuak eta alde medialetik abdomeneko muskulu zuzenaren lekak mugatzen dute. Abdomeneko edukiaren presioaren ondorioz, pareta hori ahuldu eta tenkatu egiten da, eten bat osatuz eta bertatik abdomeneko edukia pasaraziz. Beraz, abdomeneko edukia Hesselbachen triangelua zeharkatu eta kordoi espermatikoaren kanpotik kokatzen da. Ez da azaleko zulotik pasatzen eta ez da oso ohikoa eskrotora iristea.

40 urtetik aurrera agertu ohi da, zeharkako faszia ahultzearen ondorioz. Horrez gain, iztai hernien %80 mota zuzenekoa da eta %55eko probabilitatea dago hernia zuzena bi aldeetan garatzeko.

Iztai hernia ez zuzena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abdomen edukia iztai hodiaren sakoneko zulotik irteten da. Iztai hodiaren ibilbidea jarraitzen du, kordoi espermatikoarekin paralelo, kremaster muskuluaren zuntzen barnetik eskrotoraino iritsiz. Mota honetako hernia sakoneko zuloaren handipenari esleitzen zaio.

Iztai hernien %20 mota ez zuzenekoa da.

Kasu gehienetan ez da sintomarik pairatzen. Hala ere, min edo ondoeza senti daiteke zutik jartzean, esfortzu bat egitean eta zamadun objektuak altxatzean.

Iztai herniaren agerpena honelakoa da:

  • Pazienteak agerikoa den eta erraz uki daitekeen masa du iztai mailan.
  • Komunera joatean mina senti dezake.
  • Presioaren eraginez areagotu daitekeen mina jasan dezake herniaren aldean. Mina gizonezkoen eskroto eta emakumezkoen ezpain handietaraino irits daiteke.
Ekografia

Erraiak abdomenetik ateratzean bihurrituta gelditzean min handia eman dezake. Kasu askotan goragalea eta oka eragiten du. Egoera horiek kirurgia bidez konpontzen dira. Hala ez bada, abdomeneko organoen hantura gerta daiteke.

Iztai hodiaren diagnostikoa ikuskatze fisiko bidez egiten da. Ikuste hutsez ezin detekta daitekeen hernien kasuan, Valsalvaren metodoa erabiltzen da.

Kirurgia: sare sintetikoa

Ekografia erabilgarri izan daiteke iztai hernia baten susmoa badago. Sabel tentso edo lodietan iztai hernia ez da oso erraz ikusten.

Haur mutilek iztai hernia ez zuzen kongenitoa paira dezakete. Pubis gaineko hantura txiki moduan ager ohi da. Alabaina, hidrozelea, eskrotoko likido metaketa, ezabatzea beharrezkoa da diagnosirako.

Kasu gehienetan kirurgia erabiltzen da. Ebakuntzari hernioplastia deritzo eta hernia sare sintetiko bat jartzean datza.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskalterm: [Gaixotasunak Hiztegia] [2015]

Bidaurrazaga, A., Gerrikagoitia, I., & Sarria, R. (2010). Giza anatomiako praktika-liburua lokomozio, aparatua. Usurbil, Gip.: Elhuyar Fundazioa.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]