Jon Txakartegi
Jon Txakartegi | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Juan Chacartegui Lamadriz |
Jaiotza | Lekeitio, 1899ko maiatzaren 16a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Mountain Home, 1986ko maiatzaren 28a (87 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | ingelesa euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | Arrantzalea, artzaina, enpresaburua eta sukaldaria |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | katolizismoa |
Jon Txakartegi Lamadriz, "Takolo" edo "Tac" bezala ere ezaguna, (Lekeitio, 1899ko maiatzaren 16a - Mountain Home, 1986ko maiatzaren 28a)[1] Ameriketako Estatu Batuetan errotutako joale lekeitiarra izan zen,[2] eta Idahoko euskal komunitatearen animatzaile ospetsua.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Felipe eta Hipolitaren semea, 13 urterekin arrantzale lanetan hasi zen. 20 urterekin, Bordelen Niagara baporea hartu zuen Ameriketarantz, New Yorkera 1920ko maiatzaren 4ean ailegatu zelarik. Handik Mountain Homera jo zuen, bere aita lehendik han baitzegoen. 1920 eta 30 hamarkadetan White Rockeko (Elko) arrantxo batean lan egin zuen, eta gero trenbideetan aritu zen. Arrantxo batean sukaldari ere aritu zen, Utah-en meatzaritzan ere bai, eta gero abeltzaintzan ibili zen. 1938an Mountain Homen Zoila Etxeberria estatubatuarrarekin ezkondu zen, jatorri lekeitiarrekoa hau ere; hiru seme-alaba izan zituen, Joanna, Frank eta Theresa. 1959an Stockman's Pastime Bar-rean partea zuen beste sozio batzuekin,[3] baita Mountain Homeko Bouquet Bar izenekoan ere; eta han egin zuen lan 1965ean erretiroa hartu arte.[4]
Euskal komunitatean animatzaile
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1950ean Boise Music Week festibalaren pregoilari izan zen; Mountain Homeko euskal etxearen fundatzailea izan zen 1960an;[5] Boiseko Euskal Etxeko kidea ere izan zen, baita herriko eliza katolikoarena ere. Afizio bezala arrantzan jarraitu zuen bizitza osoan. Euskal komunitatearen animatzaile ezaguna izan zen,[6] eta Walt Disney's Wonderful World of Color telesailaren kapitulo batean rol horretan agertu zen ("Greta, the misfit Greyhound", 9garren denboraldia, 18 atala, 1963ko otsailaren 3an aireratua).[7] Bertan Takolok Domingo pertsonaiaren papera antzeztu zuen,[8] karrokanpo batean, Jimmy Jausoro eta Jose Mari Sangronizekin batera artzainen lagunarteko erromeria irudikatuz.[9] 1985ean Maria Uberuagarekin dantzatu zuen "Nondik nora: Basques in America" ikuskizunean, Oinkari Basque Dancers taldearen 25 urteurreneko ospakizunetan.[5]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) «John "Tacolo" Chacartegui» The Basque Museum & Cultural Center | Boise, ID (Noiz kontsultatua: 2019-02-28).
- ↑ «Takolo, un vasco en América» Euzkadi 1982ko urriaren 1a.
- ↑ Sebastian, Koldo San. (2013-01-01). «AMERIKANUAK: Lekeitiarrak Ameriketan (C-F)» AMERIKANUAK (Noiz kontsultatua: 2019-02-28).
- ↑ (Ingelesez) «Obituaries» The Basque Museum & Cultural Center | Boise, ID (Noiz kontsultatua: 2019-02-28).
- ↑ a b «Basques in USA: Amerikanuak» http://basquesinwestern.blogspot.com/ (Noiz kontsultatua: 2019ko otsailaren 28a).
- ↑ (Gaztelaniaz) SAN SEBASTIÁN, Koldo. «“Potxuak”, mujeres lekeitiarras en el Oeste americano» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2019-02-28).
- ↑ (Ingelesez) «Greta, the Misfit Greyhound» Disney Wiki (Noiz kontsultatua: 2019-02-28).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Estados Unidos de América. Idaho - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-02-28).
- ↑ Euskal amerikar artzainen festa 1963. (Noiz kontsultatua: 2019-02-28).