Kutsidazu bidea, Ixabel
Kutsidazu bidea, Ixabel | |
---|---|
Jatorria | |
Egilea(k) | Joxean Sagastizabal |
Argitaratze-data | 1994 |
Ezaugarriak | |
Genero artistikoa | umore-eleberria |
Kutsidazu bidea, Ixabel Joxean Sagastizabalek 1994an argitaratutako umore eleberri laburra da.
Erabat arrakastatsua, euskarazko fikzio-libururik salduenetarikoa da. Milaka euskaldunberri nobelako pertsonaiarekin identifikatu dira. Istorio barregarria eta entretenigarria kontatzen du, errealitateren ispilu delarik aldi berean. Izan ere, euskaldun berriek inoiz edukitzen dituzten beldurra eta lotsa erakusten ditu, euskaraz komunikatu ahal izateak sortzen duen poza ahaztu gabe.
Istorioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eleberrian, 1978ko uztailean, Juan Martin, donostiar gazte bat, Tolosaldeko baserri batera doa euskaltegian ikasitako euskara hobetzera. Baserriko sendia amonak, gurasoek, seme bikiek eta bi alabek osatzen dute. Alaben artean, Ixabel ederra. Umore handiz, guztiz ezezaguna zaion mundu honetan Juan Martinek dituen arazoak kontatzen ditu: "benetako" euskararekin (berarentzat ulergaitza denez, "swahili" deitzen dio), baserriko lanekin eta Ixabelenganako amodiozko kontuekin.
Goizean eskolak hartu ondoren, laguntza eskainiko die etxeko baserritarrei haien zereginetan. Dena den, heldu bezain laster, konturatuko da Juan Martin gauzak ez direla berak pentsatu zuen bezain errazak.
Alde batetik, herrixkako euskararen zailtasuna. Euskaltegian ikasitakoaren eta familiakoaren artean alde handia dago eta batzuetan ulertu ezinik dabil, bere esanahi pertsonalak asmatzen. Denboraren poderioz, pixkanaka-pixkanaka moldatuko da haien hizkera bereziaz eta etxeko elkarrizketetan parte hartuko du. Euskaltegian lankideak topatuko dituen arren, ez dira oso lagungarriak izango, bakoitzak hizkuntza bere moduan egiten baitu. Txarto pasatuko du protagonistak, bere hizkera "benetako" euskarara itzuli nahian.
Beste alde batetik, baserriaren bizimodura ohitu beharko da. Goiz altxatu, sardexka belarra erabili edo baratzean barazkiak aurkitzen ikaragarrizko abenturak biziko ditu Juan Martinek, baserritarren begi txundituen aurrean. Hala ere, guztia ez da hain latza izango, baserrian bizi den bere adineko neskari esker, Ixabeli esker, hain zuzen ere. Bi gazteak maiteminduko dira elkar, eta neska mutilaren aholkulari gisa arituko da, barregura ekiditen Juan Martinek hanka sartzen duen bakoitzean.
Pertsonaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Juan Martin: protagonista nagusia.
- Ixabel: Juan Martin gehien laguntzen duen neska.
- Amona baserrian dagoena
- Gurasoak
- Bikiak
- Ahizpa (medikua)
- Ikaskideak: apaiza, psikologoa, harakina, tabernaria, Luis/Koldo (Koldobika, mediku pedantea)
- Irakaslea: Koro
Antzerki eta zinemara
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
2003an liburuan oinarritutako antzezlana estreinatu zuen, Gorringo Antzerki Taldeak Tafallan.[1].
2006ko Donostiako Nazioarteko Zinemaldian filma aurkeztu zuten, Fernando Bernuések eta Mireia Gabilondok zuzenduta.. Urte berean, ETB 1ean Kutsidazu bidea, Ixabel telesaila emitizen hasi zen, filmeko argumentuari beste bilbeak gehitzen zizkion muntai batekin. Filmaren arrakastari ahalik eta zuku gehien atera nahian, Sagastizabalek, bigarren zatia, argitaratu zuen.
Antzezlanaren bertsioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gorringo Antzerki Taldeak estreinatu zuen antzezlana. Zuzendaria Anartz Zuazua izan zen.[2] [3] 2003an. Nagore Aranburuk egin zuen antzerkirako egokitzapena, Sagastizabalek partu zuen horretan eta liburuan ez zeuden eszena batzuk gehitu zituen.[2]
Antzezlan hori mugarri bat izan zen euskarazko antzerkian, ia bi urtez iraun zuen, eta emanaldiak 180 izan ziren.[4][5] Jatorrizko bertsioa 2003-2004an ikusi ahal izan zen. Bukaeran Euskal Telebistak grabatu eta zabaldu zuen telebistarako bertsio bat, oraindik ETB-Nahiera zerbitzuan ikusgai dagoena.[6]
Geroago, antzezlanak sortzen zuen arrakasta ikusita, zenbait bertsio moldatu izan dira eta belaunaldi berriek ere gozatu ahal izan dute gidoiaren freskuraz. Esate baterako, Zurriola Antzerki Eskolan, zuzendari moduan Mikel Sarriegi bera izan dela, jatorrizko bertsioan aktore protagonista izan zena. Zurriolakoek bertsio hauekin bi sari jaso zuten Donostiako Gazteen Antzerki Topaketetan:
- 2013an Junior kategoriako Obrarik onenaren saria. [7] [8]
- 2016an Senior kategoriako Talde artistikorik onenaren saria[9]
2020an Kutsidazu bidea Ixabel, musikala antzezlan musikala sortu zuen Demode Produzkioak.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Euskarazko literatura idazlan nagusien zerrenda
- Euskal literatura
- Euskal antzerkigintza
- Euskal Herriko zinema
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Ainhoa Oiartzanal.- Antzerkirako bidea "kutxidatzen": Gorrino Taldea Joxean Sagastizabalen "Kutxidazu bidea, Ixabel" liburuan oinarritutako antzerki lana prestatzen ari da prentsa artikulua, Euskaldunon Egunkaria kazetan argitaratua 2003ko urtarrilaren 22an,[1] Kontsulta data 2019-06-18
- ↑ a b Ainhoa Oiartzabal.- Antzerkirako bidea "kutxidatzen": Gorrino Taldea Joxean Sagastizabalen "Kutxidazu bidea, Ixabel" liburuan oinarritutako antzerki lana prestatzen ari da prentsa artikulua, Euskaldunon Egunkaria kazetan argitaratua 2003ko urtarrilaren 22an, Kontsulta data 2019-06-18
- ↑ (Ingelesez) Berria.eus. «Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
- ↑ Telleria Sarriegi, Enekoitz. (2021--06-16). ««Tximeleta efektua gertatzen da; egia da»» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-01-15).
- ↑ Garate, Katixa. (2003-03-16). ««Beharbada idazleek gehiago asmatzen dute interesatzen, hunkitzen gaituzten gaiak idazterakoan, antzerki autoreek baino»» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
- ↑ «Bideoa: Antzezlana. Kutsidazu bidea Ixabel (antzezlana) | TB | Telebista online | EITB nahieran» www.eitb.tv (Noiz kontsultatua: 2022-01-22).
- ↑ «Kutsidazu bidea, Ixabel» web.archive.org (ZAE – Zurriola Antzerki Eskola | Antzerkian atseginez) 2013-09-07 (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
- ↑ «Bi sari ikastolarentzat Topaketan:'Kutsidazu' eta 'Psikiatriko bateko ametsak'» web.archive.org (ZAE – Zurriola Antzerki Eskola | Antzerkian atseginez) 2013-06-15 (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
- ↑ a b Zurriola Antzerki Eskola. (2016). Kutsidazu Isabel 2016. Zurriola ikastola (Noiz kontsultatua: 2022-01-22).