Lehengai
Lehengaiak energia sortu, ekoizpen-prozesuetan erabili eta eraldatzeko nahiz berehala kontsumitzeko erabiltzen diren materialak dira, prozesatu gabeak edo erabiltzeko prest jartzeko prozesamendu sinplea izan dutenak. Adibidez, zura lehengai mota bat da, basoetatik atera eta behar bezala moztu ondoren (prozesamendu sinplea) berehala erregai moduan kontsumitu nahiz altzariak eta eraikuntza-materialak egiteko erabil daitekeena. Lehengaiak naturatik erauziak izan daitezke (eta orduan natura baliabide ere deitzen zaie) baina birziklatuak ere izan daitezke (beira, txatarra eta paper erabilia, adibidez). Ekoizpen-prozesuetan produktu bukatuak egiteko erabiltzen dira, baina lehengai izenak ez du esan nahi prozesuaren hasieran erabiltzen direnik, lehengaiak ekoizpen-prozesuko edozein fasetan erabil baitaitezke. Nekazaritza-produktuak ere lehengaitzat hartzen dira, beste produktu edo elikagaiak elaboratzeko erabiltzen direnean (horrela, zerealak lehengaitzat hartzen dira zuzenean kontsumitzeko ez badira, irinak, pentsuak eta beste produktuak egiteko erabiltzen baitira). Beste irizpide baten arabera, lehengaiak berriztagarriak (zura, nekazaritza-produktuak, animalien larrua)nik hobeto naiz mineralak) izan daitezke.
Lehengaien garrantzi ekonomikoa handia da batzuetan, horien sorburuak mugatuak direlako, bereziki lehengai berriztaezinen kasuan. Adibidez, petrolioaren eta mineral batzuen kasuan, lehia ekonomiko eta politiko bizia dago horietaz jabetu eta ustiatzeko, lehengai estrategiko horiek ekoizpen-prozesuetan modu intentsiboan erabili eta horien prezioak altuak izaten direlako. Hain zuzen, munduan antolatutako hainbat merkatu handietan, lehengaien burtsetan alegia, erabakitzen dira lehengai askoren prezioa, eskaintzaren eta eskariaren arabera.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Artikulu hau zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |