Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Mary Wollstonecraft

Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea
Mary Wollstonecraft
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Mary Wollstonecraft-en bizitzari eta pentsamenduari buruzko bideoa.
Irudi gehiago
Bizitza
JaiotzaSpitalfields eta Londres1759ko apirilaren 27a
Herrialdea Britainia Handiko Erresuma
BizilekuaBarking
Epping basoa
Gales
Newington Green
Irlanda
Southwark
Bloomsbury
Beverley
Paris
HeriotzaSomers Town eta Londres1797ko irailaren 10a (38 urte)
Hobiratze lekuaSt Pancras Old Church
St Peter's Church
Heriotza modua: sukar puerperala
Familia
AitaEdward John Wollstonecraft
AmaElizabeth Dixon
Ezkontidea(k)Gilbert Imlay
William Godwin  (1797ko martxoaren 29a -
Bikotekidea(k)
Seme-alabak
Haurrideak
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
alemana
ingelesa
Jarduerak
Jarduerakitzultzailea, filosofoa, historialaria, eleberrigilea, saiakeragilea, etxe-irakaslea, enpresaburua, bidaia idazlea, haur literaturaren idazlea eta idazlea
Lantokia(k)Londres
Lan nabarmenak
InfluentziakThomas Paine, Richard Price eta Joseph Johnson
Izengoitia(k)Mr. Cresswick
Genero artistikoafeminismoa
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioadeismoa
anglikanismoa
unitarismoa

Find a Grave: 12828 Edit the value on Wikidata

Mary Wollstonecraft (1759ko apirilaren 27a - 1797ko irailaren 10a) filosofo eta idazle ingelesa izan zen. Horretaz gain, emakumeen eskubideen defendatzailea ere izan zen. Bai bere bizitzak eta baita bere obrak ere eragin handia izan dute feminismoaren historian. XX. mendearen amaierara arte, bere bizitza pribatuari bere lanari baino garrantzia handiagoa eman zitzaion; gaur egun, ordea, erreferentziatzat hartu ohi da.

Spitafieldsen jaio zen, Londresen. Elizabeth Dixon eta Edward John Wollstonecraften bigarren alaba zen; sei senide zirelarik. Haurtzaro eta gaztaro gogorrak bizi zituen, izan ere, nahiz eta ehule arrakastatsua izan zen (bere aitaldeko) aitonarengadik diru dezente jaso eta familiak hasiera batean diru-sarrera egokiak izan, Maryren aitak diruaren zati handia xahutu zuen. Ondorioz, hainbatetan lekualdatu behar izan zuten eta aitak bere herentzia izango zena ematera behartu zuen. Hori gutxi balitz, aitak edateko ohitura zuen eta hala egiten zuenean, emazteak berarengandik tratu txarrak jasaten zituen maiz. Maryk, familia osoa eta batez ere ama babesteko helburuarekin, gezurretan ibili behar izaten zuen, egoera ezkutatuz. Gertakari hauek zirela eta, Everina eta Eliza ahizpa gazteak zaintzen zituen, amaren lana hartuz.

Haurra zelarik, urte batzuen buruan idazle bilakatuko ziren bi emakumerekin harreman estua izan zuen. Jane Ardenekin batera liburuak irakurtzea gustuko zuen, baita honen aitak antolatzen zituen irakurketa saioetara joatea ere. Izugarrizko balioa ematen zion Ardenenen laguntasunari eta posesibo izatera iritsi zela ere aitortu zuen: "Adiskidetasunari zentzu erromantikoa ematen ari natzaio... Adiskidetasun eta maitasunaren gaineko ikuspegi bitxia dut; garrantzitsuena izan behar dut beti." Bigarrena, eta garrantzitsuena zen laguna, Fanny (Frances) Blood zen. Gurasotzat hartzen zituen Clares bikoteari esker ezagutu zuen eta honek adimena irekitzen lagundu zion.

Familiaren etxean pozik ez zegoenez, 19 urte zituela bere lehen lanpostua topatu eta alde egin zuen. Sarah Dawsonentzat neskame lanak egiten hasi zen. Emakumearekin ondo konpontzeko arazoak izan zituen,eta hainbat urte beranduago bien arteko harremana Thoughts on the Education of Daughters (1787) lanean deskribatu zuen. Hala ere, bi urteren buruan etxera itzuli behar izan zuen, hilzorian zegoen ama zaintzera. Hura hil zenean, Dawsonen etxera itzuli ordez, Blood familiarekin bizitzera joan zen. Orduan konturatu zen bere laguna idealizatu zuela, haien heziketaren oinarrian zeuden "balio femenino" horiek Fannyrengan nabarmenagoak baitziren berarengan baino. Hala ere, familia osoarekiko leiala izaten jarraitu zuen bere bizitza osoan zehar.

Elkarrekin bizi izan ziren urte horietan zehar, bere etorkizunari zegokion utopia irudikatu zuten: elkarrekin biziko zirela adostu zuten, bai ekonomikoki eta baita emozionalki elkar babestea besterik behar ez zutelakoan. Baina ez zuten amets hori aurrera ateratzeko diru nahikorik, beraz, Maryren ahizpekin batera eskola bat sortu zuten Newington Greenen, Ingalaterrako komunitate disidente batean. Handik gutxira Fanny Hugh Skeysekin ezkondu zen eta honek Lisboara (Portugal) eraman zuen, betidanik izandako osasun arazoak konpontzeko helburuarekin. Baina haurdun geratu zenean egoerak okerrera egin zuen. Ondorioz, 1785ean Wollstonecraft bertara joan zen laguna zaintzera eta honek bizitza goitik behera aldatu zion, izan ere, Blood hiltzeaz gain, eskola gainbeheran joan zen, Blood zaintzeko eskola utzi izanak honen porrota ekarri zuelarik. Gertakari hauetan oinarrituz, Wollstonecraftek bere lehen obra idatzi zuen: Mary: A Fiction (1788).

Idazketaren hastapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Blooden heriotzaren ondoren, Kingsborough familia ingeles-irlandarreko haurren irakasle bihurtu zen. Haatik, Kingsborough anderearekin ondo konpondu ez arren, haurrek inspiraziotzat hartu zuten. Bertan bizi zituen esperientzietako batzuk Original Stories from Real Life (1788) lanean azaltzen ditu, hau izan zelarik idatziko zuen haur literatura obra bakarra. Urte baten buruan, lanpostu horrek asetzen ez zuelarik, idazle izatea erabaki zuen; garai hartan idazketaz bizi zitekeen emakume gutxi zeuden eta berak "genero berri bateko lehenengoa" izan nahi zuela esaten zuen. Joseph Johnson editore liberalaren laguntzarekin, Londresen bizitzeko lekua eta aldi baterako lanpostua aurkitu zituen. Bitartean, Frantsesa eta Alemana ikasteaz gain, hainbat testu itzuli zituen. Johnsonen Analytical Review egunkarirako eleberriei buruzko artikuluak ere idatzi zituen.

Urte horietan zehar, Thomas Paine panfletista, William Godwin filosofoa etab. ezagutu zituen eta ondorioz, izugarri ikasi zuen. Henry Fuselirekin ere harremana izan zuen eta bere bikotekide izan nahi zuen hura ezkonduta egon arren. Horregatik, hirurak batera bizitzeko proposamena egin zion, baina Fuseliren emazteak ezezkoa esan zuen, artistak Wollstonecraftekin zuen harremana guztiz moztu zuelarik. Ondorioz, umiliazioa ekiditeko eta bide batez iraultzan parte hartzeko, Frantziara joan zen. Bere esanetan, Frantziar Iraultza bertute eta zoriontasun handiagoa lortzeko aukera bikaina zen. 1792ko abenduan Parisera abiatu aurretik, Charles Maurice de Talleyrand-Périgord Frantziako estatu-gizonak, Londresera egindako bidaia batean, idazlea bisitatu zuen, bere ospea izugarri zabalduz.

Frantzia eta Gilbert Imlay

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mary Wollstonecraftek Frantziara joateko erabakia hartu zuenean, Britainia eta Frantzia gerra hastear zeuden. Hori dela eta, Londresen geratzeko aholkatu zioten; Maryk ez zien, ordea, jaramonik egin eta Parisera iritsi zenean; bertan bizitzen ari ziren beste hainbat ingeles topatu zituen; Helen Maria Williams, esaterako. Handik hilabete gutxira, Suitzara joaten saiatu zen, baina ezin izan zuen eta, beraz, Frantzian geratu zen hurrengo urteetan zehar.

Egoera politikoari dagokionez, Girondarren aldekoa zen. 1793ko martxoan, ordea, Jakobinoek agintea eskuratu zuten eta horrek atzerritarren bizia zailtasunez bete zuen: poliziak une oro kontrolatzen zituzten, bertan bizitzeko baimena eskuratzeko sei adierazpen idatzi behar izan zituzten errepublikarekiko leialak izango zirela zin eginez, Frantziatik alde egitea guztiz debekatua zutelarik. Atzerritar asko eta asko atxilotuak izan ziren eta beste batzuek gillotinan bizia galdu zuten. Egoera gordina zen arren, Wollstonecraftek ez zuen itxaropena guztiz galdu, gizarte hobeagoa eraikitzea posible zela sentitzen zuen; uste hau zela eta, ezagutzen zutenek burutik jota zegoela pentsatzen zuten gehienetan. Jakobinoen agintaldia "amets gaiztoa" zela esaten zuen, baina aldi berean, Frantziara joan izanaz pozik zegoen, gertatzen ari zenaren benetako iritzia eraikitzeko aukera izan baitzuen.

Zorigaitz horren erdian Gilbert Imlay abenturazale amerikarra ezagutu zuen eta maitemindu egin zen. Ezkonduta ez zeuden arren (Imlayk ez zuen ezkontzarekiko interesik), harekin oheratu zen. 1793ko urriaren 16an Marie Antoinette gillotinan hil zuten, baita Girondar buruzagi gehienak ere (urriaren 31an). Hilabete batzuk lehenago Frantzia eta Britainiaren arteko gudua hasi zenean, Imlayk itsasontziz Frantziara janaria ekartzeko ekimenean parte hartu zuen; horregatik, erregistroetan Wollstonecraft bere emaztea zela idatzi zuen, hura babesteko helburuarekin. Handik gutxira, haurdun geratu zen eta Le Havren haurra jaio zenean, Fanny izena jarri zion. Hazten ari zelarik, oso harro zeuden berataz, Imlayk Rights of Womanen bigarren zatia idatziko zuela argi zuelarik. Denbora baten buruan, gizona Wollstonecraftez nekatzen hasia zenez, alde egin zuen. Itzuliko zela agindu zion, baina azkenean, itzultzen ez zenez, beste emakume bat ezagutu zuela pentsatu zuen Maryk.

1794an Jakobinoek boterea galtzean, Parisera itzuli zen. Jarraian etorri zen negua mende osoko hotzena izan zen. Jende asko hil zen, bai hotzez baita gosez ere. Gilberti gutunak idazten jarraitu zuen, eta azkenean, 1795eko apirilaren 7an, Ingalaterrara itzuli zen haren bila.

Ingalaterra eta William Godwin

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maiatzean iritsi zenean, Imlayk baztertu egin zuen. Hori dela eta, laudanoa erabiliz bere buruaz beste egiten saiatu zen. Imlayk suizidioa ekidin zuen eta beste behin honen atentzioa eskuratzen saiatzen ari zela, Eskandinaviara joan zen harentzako negoziaketa batzuk burutzera. Handik itzuli zenean bien arteko harremana guztiz bukatuta zegoela konturatu zen eta bigarren aldiz bere buruaz beste egiten saiatu zen. Oraingoan, gau euritsu batean kalera atera zen eta Tamesis ibaira salto egin aurretik ordu erdiz noraezean ibili zen, euriak bere arropari pisua emango ziola pentsatuz. Ezezagun batek salto egiten ikusi zuelarik, uretatik atera zuen.

Gertakizun hauen ondoren, Joseph Johnsonekin harremanetan jarri zen berriro ere eta idazteari ekin zion. Mary Hays, Elizabeth Inchbald eta Sarah Siddons ezagutu zituen William Godwini esker eta handik gutxira Wollstonecraft eta Godwinek amodio-afera hasi zuten. Maryren Letters Written in Sweden, Norway, and Denmark obra irakurri ondoren, Godwinek (Wollstonecraften) liburuak irakurlea autoreaz maitemintzeko ahalmena zuela aitortu zion. Haurdun geratu zen bigarren aldiz eta haurra legitimoa izan zedin ezkondu egin ziren. Ezkontza horrek Wollstonecraft eta Imlay ezkondu ez zirela erakutsi zuen, eta horren ondorioz, bikoteak lagun asko galdu zituen. Gainera, Godwin Mary baino gehiago kritikatu zuten, bere Political Justice lanean ezkontzaren abolizioa eskatzen baitzuen.

1797ko abuztuaren 30ean, bere bigarren haurra, Mary Shelley, jaio zen. Hasieran dena ondo zihoala zirudien, baina plazenta hainbat zatitan hautsi eta infektatu egin zen. Irailaren 10ean, egun batzuk hilzorian igaro ondoren, septizemiaren ondorioz, hil zen Wollstonecraft. Canterburyko San Pankrazio Eliza Zaharrean lurperatu zuten, baita Godwin eta haren bigarren emaztea ere, handik urte batzuetara. 1851an, Percy Shelleyk, bere biloba zenak, Bournemoutheko St Peter's elizara, familiaren hilobira mugitu zuen. Godwinek, hil baino lehen, Memoirs of the Author of A Vindication of the Rights of Woman (1798) obra argitaratu zuen eta kritika luzeak jaso zituen arren, gizonak maitasun osoz deskribatu zuen bere emaztea izandakoa.

Lan pedagogikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wollstonecraften lehenengo idazki gehienek kutsu pedagogikoa zuten. Hauen bidez, John Lockek Wollstonecraften pentsamenduan izan zuen eragin handia ikus dezakegu, eta haren Hezkuntzaren inguruko hausnarketa batzuk (1693) liburuko argumentu ugari Wollstonecraften moraltasunaren eta hura banakoen buruan ahal den adin goiztiarrenean sartzeko modu onenaren kontzepzioan antzeman daitezke. Alaben hezkuntzaren inguruko hausnarketak liburuan arrazoiketaren ikasketa azpimarratzen da, irekiera-paragrafoan gurasoek ziurtatu behar dutela esanez: “arrazoiak guregan ezartzen diren senak landu eta gobernatu beharko lituzkeela betebeharren bidea atsegin bihurtzeko (gobernatzen ez badira basati bilakatuko baitira)”.[1] Liburu horretan nahiz Benetako bizitzako istorio originalak (1788) lanean, klase ertainetik hazitako haurrentzako etikan oinarritutako hezkuntza baten alde egiten du, ondorengo balio hauekin: auto-diziplina, zintzotasuna, neurritasuna eta gizarte-ongizatea. Hala eta guztiz ere, fede erlijiosoari eta berezko sentimenduei ematen dien garrantziak Lockeren obratik ezberdintzen du eta XVIII. mendearen amaieran nagusi zen sentikortasunari buruzko arrazoibidearekin lotu. Bi lan horiek emakumeen hezkuntzaren eboluzio baten alde mintzatzen dira; oso auzi eztabaidagarria, zeinera behin eta berriz itzuliko den bere obra osoan zehar, bereziki A Vindication of the Rights of Womanen. Bertan aldarrikatzen du emakume baten heziketak ezin duela emazte eta ama hobe bat bihurtzeko eta nazioaren garapenari modu eraginkorragoan zerbitzatzeko eginkizuna izan. “Neska gazteen hobekuntzari zuzenduta” dauden idazkien artean, hauek aipa ditzakegu, besteak beste: Emakume irakurlea (The Female Reader), eta umeentzako bi lanen itzulpena (Young Grandison, Maria Geertruida van de Werken de Cambon; Elements of Morality, Christian Gotthilf Salzmann).

Lan moral eta politikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wollstonecraft iruzkin politikoan sartzen hasi zenean, Richard Price filosofo eta sermolari anglikano inkonformistaren A Discourse on the Love of our Country berrikusiz, hura goretsi zuen abertzaletasunari buruzko bere azalpenagatik (hura arrazoimenaren emaitzatzat hartzen zuelako, ez naturaren zeharkako bulkaden emaitzatzat edo mutur berekoietarako joera duen zerbait bezala) eta kristautasunaren onginahi unibertsalaren preskripzioaren defentsagatik; horrelako sentimendua norberaren herrialdearen maitasunarekin bateraezina zela ziotenen aurka. Wollstonecraftek bere kontzientziaren askatasunaren ikuspegia eskubide sakratu bezala onetsi zuen eta disidenteei ezintasun zibilak ezartzen zizkien Proba eta Korporazio Ekintzen baliogabetzerako Priceren eskaerari buruz baikorki idatzi zuen. Eta biak ere ados omen zeuden 1689ko Eskubideen Legea (Bill of Rights) jendearen ordezkapen osorako izan beharrean, askatasun partzialerako egin zelaren inguruan. Azkenik, Wollstonecraftek Pricek Amerikako eta Frantziako Iraultzak lotu zituen pasartea erreproduzitu zuen, Europan zeharreko despotismoaren bukaera aldarrikatu zuelarik[2].

1790. urtean Vindication of the Rights of Men idatzi zuenean, Wollstonecraftek Edmund Burkeri kritika egin zion, Reflections lanean predikatzaile zahar bati eraso egiteagatik. Wollstonecraften ikuskerak, ordea, Burkeren Priceren sermoiari buruzko deskribapena iraultzaile gisa justifikatzen du. Burkek bere ondorioei beldur izan zien hasiera-hasieratik. Honela, Biltzar Nazionalak Elizaren ondasunak konfiskatzeak, konfiskatze gehiagotara eramango lukeela eta jabetzarako funtsezko eskubidea ahulduko lukeela iragarri zuen; anarkia ekarriko lukeena, non irudi karismatiko baten igoerak bakarrik eman liezaiokeen amaiera.

Price eta Wollstonecraften arteko desadostasun askoren artean, alde batetik, eta Burkerekin, bestetik, sakonenetariko bat gizarte zibilaren naturarekiko eta orokorrean botere politikoarekiko haien ikuspuntua zen. Bi lagunek uste zuten gobernua, zuzenbide estatua eta giza-harreman guztiak sinplifikatuak nahiz azalduak izateaz gain, garden bihur zitezkeela. Biak ala biak ziur zeuden horixe zela askatasunaren maitale guztientzako zeregina. Burkeren iritziz, ordea, gizarte zibila gizabanakoen arteko lotura zenbatezin eta adierazezina zen. Autoritatearekiko zuen harremana ere nahiko adierazezina zen. Gainera, epai politiko sendoa esperientziaren produktua zela uste zuen, zuhurtzia eskatuz.

Finkatutako praktikak eta erakundeak deuseztatzea eta politikan pentsatzea kultura eta ohituretatik (eta beraz jendearen nazio-izaeratik) urrun dauden arau edo eskubide abstraktuen sorta baten arabera administratzearen kontu bat bezala, bere ustez, axolagabetasun zakar bat zen giza-natura eta -historiaren begi bistako egitateetarako. Burkeren argumentuak Frantziako posizio finantzarioa xehetasun gehiagoz bizitzera eraman zuen, bere buruari, haren errege-familiari eta Elizari eutsi zielarik. Azpimarratu zuen, gainera, erreforma gradualeko politika batean baliatzen zela. Efektu orokor bat lortzen saiatu zen, non bere aurkaria teorikoki nahasi, politikoki inozoa eta desinformatu gisa irudikatu nahi zuen. Love of our Countryn agertzen den sermoian egiten duen gizadiarekiko sentimenduen baieztapenek antipatriota zela demostratu zuten.

Wollstonecraften Vindication lehen erantzunetako bat izan zen. Horien artean, Catherine Macaulayena ere zegoen, Wollstonecraftek asko miretsi zuena, haren pedagogian eragina izan zuelarik. Wollstonecraften ihardespena lan interesgarri eta erretorikoki boteretsua da, baita Vindication of the Rights of Womanerako beharrezko sarrera ere. Orokorrean, Burkeren aurkako eraso iraunkor batean datza, gizonaren eskubideen defentsa batean baino. Hori, neurri batean, Jainkoak emandako eta arrazoiaren bidez (norberarekiko maitasunak hura galbideratzen zuenean izan ezik) ezagutu daitezkeen eskubideen kontzepzio lockearra Wollstonecraftek ziurtzat jo izanaren ondorioa da. Gainera, Jainkoak gauza guztiak zuzen egin zituela pentsatzen zuen Wollstonecraftek, eta gizakia zela edozein gaitzen sorburu nagusia. Bere ustetan, Burkeren Reflections lanak egileak giza txirotasun eta bidegabekeriaren aurrean zuen itsutasuna aurkezten zuen. Burkeren beste lan eta hitzaldien ezagutza frogatuz, A Philosophical Enquiry into the Origin of our Ideas of the Sublime and Beautiful (1757) eta Speech on Conciliation with America (1775) bereziki, funtsik gabekoa zela defendatu zuen, Amerikako kausarekiko bere sinpatia eta Frantziako gertaerekiko bere erreakzioa bateratzeko zeukan ezintasunagatik. Horretan, Wollstonecraft ez zegoen bakarrik, eta Burkeren parlamentuko ibilbidea jarraitu zuten eta Komunen Ganberako bere hitzaldiak entzun zituzten hainbat harritu egin ziren erradikala eta ulertezina iruditu zitzaien posizio aldaketa harengatik.

Bere hurrengo eta ospetsuagoa den Vindication lanean, Wollstonecraftek eskubideak aldarrikatu ez ezik, bere baitan betebeharrak ekartzen dituztela nabarmendu zuen. Haatik, azpimarratu zuen ezin zitekeela espero norberak errespetatzen ez zituen eskubide naturalen funtzioak betetzea. Horrez gain, David Humen History of England (1754-1762) erabili zuen Ingalaterrako legeak kontingentzia historikoaren produktu zirela baieztatzeko. Eta errespetua eta obedientzia merezi zuten erakunde bakarrak arrazoiaren azpian zeudela eta eskubide naturalekin nahiz Jainkoaren justiziarekin bat egiten zutela erakutsi lezaketenak zirela azpimarratu zuen; iragana eta bere ondare juridikoa ez zirela adeitasunez ikusi behar. Zibilizazioari dagokionez, bere progresua berdintsua ez zela uste zuen eta gizalege edo kortesiaren kultura baztertu zuen hipokresiaz, berekoikeriaz eta gutiziaz beteriko pantaila bat bezala ikusten zuelako. Azkenik, natura eta arrazoia artifizioaren eta gizalegearen aurka jarriz, benetako abertzale bihurtu zen eta Burke, berriz, frankofilo adeitsu. Wollstonecraft pentsatzaile buruargi independentea zen bitartean, Burke babesaren sistema baten pertsona sentibera zen. Lehenengoak gizonaren bertuteak erakutsi zituen; bigarrenak feminitatea.

Bere erretorikaren erdian, nahiko ustekabean, familia bizitza eta gurasoen autoritatearen mugen gaia jorratzen hasi zen, hitzarmenezko ezkontzei dagokiena bereziki. Hitzarmenezko ezkontzak zein ezkontza berantiarrak kondenatu zituen: bere ikuspuntutik biek immoralitatea sustatzen baitzuten. Are gehiago, bere aburuz, garaiko kultura nagusiko ia eremu guztiek honako ondorio hau zuten: moralki porrot egindako gizarte batean, neskak jostailu buru-hutsak gisa heztea. Arrazoiaren bilaketan eta eskubide naturalen babesean baino, ondasunen eskuratzean eta bere handikerian gehiago aritzen zen gizartea identifikatu zuen, ustelkeria moralak haren ugalketa-baliabideak familian aurkitzen zituena. Bere desadostasuna ez zen Burkerekin soilik eman, Pricerekin ere ez zegoen ados, nahiz eta modu inplizituan izan. Honen sermoian, abertzaletzat hartzen zituen horiek ere adierazitako ustelkeria sexuala deitoratu zuen, baina gizonen eskubideen justifikazioa bakarrik bilatzea, Pricek egin izan zuen moduan, eskasa nahiz gaizki ulertua zen Wollstonecraften arabera. Bere ustez, gizarte benetan moral bat bilatze aldera, familiak aldatu beharko lirateke, eta horrek gizonen eta emakumeen arteko harremanaren naturan erabateko aldaketa eskatuko luke lehenik eta behin; horren barruan ezkontza sartuko litzatekeelarik. Bi generoen heziketa sendo batek bakarrik babes lezake hori. Hau, teorizatzaile politikoen zein pedagogoen aurkako bere eraso nagusia izan zen.

Wollstoncraftek The Vindication of the Rights of Woman idatzi zuenean -bere lehen lan politikoaren argitalpena eta hilabete batzuk geroago egina- gizartearen berritze morala eta emakumeen zoriontasuna elkarloturik zihoazen. Emakumeak izaki sozial bezala haien betebeharretarako gaizki prestatuta zeuden eta nahitaez dohakabe egingo zituen itxaropen faltsuen sare batean preso zeuden. Emakumeak izaki arrazional eta independente bilakatzea nahi zuen, zeinen balio-zentzua ez zetorren haien itxuratik, haien buruaren menderatzearen eta ezagutzaren barne-pertzepziotik baizik. Emakumeak hezi behar ziren; euren buruak eta gorputzak prestatuz eta trebatuz. Horrek kide, emazte, ama eta herritar onak bihurtuko lituzke; guztiz gizatiar bihurtuz, hau da, bere buruaren jabe diren eta arrazoiak bideratzen dituen izakiak izango lirateke. Gaur egungo praktika pedagogikoen eta teorien kritikez gain, nabarmenki Rousseauren Emile (1762), Vindicationak eskola-curriculumeko beharrezko aldaketen gidoi zehatz bat jasotzen du, baita emakumeei eskubide zibil eta politikoak ematea eta berezko ordezkariak hautatzea bezalako proposamen sozial eta politikoak ere. Emakumeek euren burua eta alarguntasunean beren haurrak babesteko abilezia irakatsi beharko litzaiekeela defendatzen du, eta ez liratekeela inoiz ezkondu behar premia finantzarioengatik. Obstetrizia aldarrikatzen du emakumeentzat; lanbide horretako gizonen usurpatzearen aurka, eta emakumeak erizainak diren bezala sendagile edo mediku izan litezkeela ziurtatzen du. Politikan murgiltzeko eta gizadi osoaren kezken inguruan haien interesak zabaltzea eskatzen die baita ere. Ezkontzak iraunarazteko aholkuak emateaz ere arduratzen da. Bere esanetan, ezkontzek oinarritzat adiskidetasuna izan beharko lukete, erakarpen fisikoa baino. Horrez gain, senarrak eta emazteak ez lirateke guztiz intimoak izan behar; elkarrekiko erreserba gradu bat mantendu beharko luketelarik.

Wollstonecraftek emakumeek hiritartasun osoa desiratzea nahi zuen, eta horrek arrazoimenaren garapena behar zuen nahitaez. Honela, emakume arrazionalek bere benetako eginkizunak hautemango lituzkete. Itxura soilez eta behar aseezinez betetako mundua ukatuko lukete, Adam Smithek inor baino argiago deskribatutako eta XVIII. mendean oinarrituta zegoen mundu hori, zeinaren pertsonafikazioa, Wollstonecraften aburuz, Frantzia zen.

Ezkontza zoriontsuen inguruko bere ikuspegiaren ondorio sozial eta ekonomikoak, adiskidetasunean eta moralaren hurrengo belaunaldia sortzean oinarrituta, zehatz-mehatz azaldu zituen bere hurrengo obran: An Historical and Moral View of the Origin and Progress of the French Revolution; and the Effect It Has Produced in Europe (1794). Lan horretan, beste gauza batzuen artean, giza garapenaren onurak eta kalteak ebaluatzen eta Frantziako despotismoaren kausak finkatzen saiatu zen. Frantziako Antzinako Erregimenaren aurrean eginiko irudia superstizioak agindutako herrialde moralki eta politikoki endekatu batena zen. Smithengandik hartuta, zeinaren Theory of Moral Sentiments (1759) eta Inquiry into the Nature and Causes of the Wealth of Nations (1776) lanetan lehenago erabili zituen, lan-banaketa minimora murriztuta izango zuen eta sexuak elkarrekin heziak eta familia unitateetan lan egiteko bultzatuak izango ziren etorkizuneko gizarte bat irudikatu zuen. Sexu bakarreko erakundeek eta, esaterako, gizonek bakarrik osaturiko lantegiek lizunkeria areagotzen zutela iruditzen zitzaion. Hortaz, negozio txikiek eta baserriek oinarrizko beharrak aseko lituzketen gizarte bat desiratzen zuen, eta ez alferrikako beharrak asetzen dituztenak.

Gilbert Imlayrekiko erantzunik gabeko maitasunarekin izan zuen esperientziaren, bere berezko emozioen diktatuen eta Europako iparraldera eginiko bidai bateko estutasunen nahasketak arrazoiari buruz zeuzkan iritziak birpentsatzera eraman zuen. Beraz, Frantziari buruz eta gizalegearen kultura eta ohiturei buruz zeuzkan ideiak berrikusi behar izan zituen, baita gaitzetsi izan zuen katolizismoari buruzkoak ere, Portugaleko egonaldiak zeharo indarturiko gorrotoa. Letters Written During A Short Residence in Sweden, Norway and Denmark (1796) gutunek, bidaia-literaturan nahiz mugimendu erromantikoan eragina izan zutenak, Wollstonecraftek munduaren gainean zuen ikuspegi ñabartuago bat erakusten dute, eta arrazoiaren eta pasioaren arteko harremanaren kontaketa arinago bat garatzeko saiakera izan zuela, baita modernotasunarena ere. Ondorioz, Burkerengana apur bat gehiago hurbildu zen, merkatu-aberastasunaren tirania mailaren eta pribilegioarena baino okerragoa izan litekeelakoren ustean. Bestalde, Frantzian gobernu-sistema ingelesari buruz modu ez hain kritikoan idazten hasi zen. Izuaren lekuko izan zen, maitemindu egin zen, ezkontzatik kanpo haur bat izan zuen, baztertua izan zen eta bere buruaz beste egiten saiatu zen. Baina izan zuen William Godwinekin zorionsu izateko aukera ere, bere heriotzak erditzean moztu zuena. Hilondoko ospeak jarraituko zuen Wollstonecraft Vindication of the Rights of Woman lanarekin bakarrik identifikatua izanik, eta hura bere aldetik, ironikoki, konbentzio sozialekiko iseka batekin parekatu zen, nagusiki ezkontzari dagokionez.

Joseph Johnson editoreak bere ametsa betetzera bultzatu zuen arren, bere kideek ez zioten laguntzarik eskaini ezta bere aldeko jarrerarik erakutsi ere. Gainera, emakumezkoen artean, oso gutxi ziren arrakasta opa ziotenak. Ahal zuten guztietan barregarri uzten zuten bizitako gertakariak eta hartutako erabakiak mahai gaineratuz, ez baitzien garai hartako moralak ezarritako arauei jarraitzen. Hil ondoren ere, bere senarra izandako William Godwinek argitaratutako Memoirs of the Author of A Vindication of the Rights of Woman (1798) obra zela eta, egoera nahasi zen. Anna Barbauld (1743-1825) poeta izan zen kontu pertsonalak baztertu eta aurkezten zituen ideiak kontuan harturik kritikatu zuten bakarretakoa. Noski, salbuespenak egon ziren eta zenbaitetan goraipatu egin zuten, baina hau Ameriketan gertatu zen bereziki, non ez zituzten bere bizitzaren xehetasunak ezagutzen. Gainera, Wollstonecraftek feminismoari egindako ekarpenak aipatzen zituzten gehienetan, John Stuart Millek egindakoak estaltzen zituelarik.

Wollstonecraftek Cora Kaplanek deritzon ondare “bitxi” bat izan zuen: “autore aktibista genero askoren zalea izateko, azken mende laurdenean Wollstonecraften bizitza bere idazkiak baino askoz gertuagotik jarraitu da”. Godwinen Memoirsen efektu suntsitzailea eta gero, Wollstonecraften ospeak ez zuen egoera onez gozatu denbora luzez; Maria Edgeworth bezalako egileek kritikatu zuten, argi eta garbi Belindaren (1801) Harriet Freke pertsonaia Wollstonecraften irudi eta antzera sortu zuelarik. XIX. mende amaierara arte pentsalaria ez zen berriro goraipatua izan. Mugimendu feministaren sorrerarekin, Virginia Woolf eta Emma Goldman bezalako iritzi politiko hain ezberdineko emakumeek Wollstonecraften historia berreskuratu eta “bere bizitzaren esperimentuak” txalotu zituzten; Woolfek entsegu ospetsu batean deitu zien moduan: “bizirik eta aktibo dago, argudiatzen eta esperimentatzen du, haren ahotsa entzuten dugu eta bere eragina aurkitzen dugu orain ere bizidunen artean”. Hala eta guztiz ere, zenbaitek idazlearen bizi-estiloa gutxiesten jarraitu zuten.

Horrela, beraz, 60. eta 70. hamarkadetako feminismoak Wollstonecraften lanak berriro arrakastatsu bihurtu zituen. Bere une gozo hura mugimendu feministak ere aurretik inoiz eduki ez zuena islatzen zuen; besteak beste, 70. hamarkadaren hasieran Wollstonecraften erradikaltasuna, arrazionaltasuna eta bere bizitza adoretsu eta sutsua aurkezten zuten sei biografia argitaratu ziren. Jakin-mina eragiten zuen irudi paradoxiko gisa ikusi zen, 1970eko feminismoaren bertsiora atxikitzen ez zena. 80. eta 90. hamarkadetan beste irudi ezberdin bat agertu zen, bere garaiko sorkuntza bat bezala deskribatzen zuena. Claudia Johnson, Gary Kelly eta Virginia Sapiro bezalako intelektualek Wollstonecraften pentsamenduaren eta XVIII. mendeko beste ideia garrantzitsu batzuen arteko jarraipena erakutsi zuten; horien artean sentsibilitatea, ekonomia eta teoria politikoa aurkitzen zirelarik.

Mary Wollstonecraften obrak akademiatik kanpo ere feminismoaren gaineko efektu bat izan du azken urteotan. Ayaan Hirsi Alik, Islamarekin eta emakumeei dagokien diktatuekin kritikoa den idazle politiko eta musulman ohiak, Rights of Woman aipatu zuen bere Infidel autobiografian eta ondorengo hau idatzi zuen: “Wollstonecraftek inspiratuta, emakumeek gizonen arrazoitzeko gaitasun bera zeukatela eta eskubide berberak merezi zituztela esan zuen pentsalari feminista aitzindariak”. Caitlin Moran idazle britainiarrak, How to Be a Woman best-sellerraren egileak, bere burua “erdi Wollstonecraf” bezala deskribatu zuen. Hortaz, bere inspirazioa are gehiago hedatu da. Amartya Sen, Asiako emakumeen defizita lehenbizikoz identifikatu zuen Nobel saridun, ekonomialari eta filosofo indiarrak, behin eta berriz Wollstonecraftez baliatzen da, filosofo politiko gisa, bere The Idea of Justice-an.

Munduko kale eta enparantza ugaritan Wollstonecraften ohorez plakak jarri dituzte.

Lanen zerrenda

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Thoughts on the Education of Daughters (1787).
  • Mary: A Fiction (1788).
  • Original Stories from Real Life (1788).
  • Of the Importance of Religious Opinions (1788).
  • The Female Reader (1789).
  • Young Grandison (1790).
  • Elements of Morality (1790).
  • A Vindication of the Rights of Men (1790).
  • A Vindication of the Rights of Woman (1792).
  • An Historical and Moral View of the French Revolution (1794).
  • Letters Written during a Short Residence in Sweden, Norway and Denmark (1796).
  • Analytical Review aldizkarira ekarpenak (1788-1797, hil ondorengo argitalpena).
  • The Cave of Fancy (1798, hil ondorengo argitalpena).
  • Maria: or, The Wrongs of Woman (1798, hil ondorengo argitalpena).
  • Letters to Imlay (1798, hil ondorengo argitalpena).
  • Letters on the Management of Infants (1798, hil ondorengo argitalpena).
  • Lessons (1798, hil ondorengo argitalpena).
  • On Poetry and our Relish for the Beauties of Nature (1798, hil ondorengo argitalpena).

Irudi galeria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Tomaselli, Sylvana. (). Zalta, Edward N. ed. «Mary Wollstonecraft» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2019-03-09).
  2. Tomaselli, Sylvana. (). Zalta, Edward N. ed. «Mary Wollstonecraft» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2019-03-08).
  3. Tomaselli, Sylvana. (2018). Zalta, Edward N. ed. «Mary Wollstonecraft» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2019-03-25).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]