Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Matvei Skobelev

Wikipedia, Entziklopedia askea
Matvei Skobelev

Member of the State Duma of the Russian Empire (en) Itzuli


1918ko Errusiako Batzar Konstituziogileko diputatu

Bizitza
JaiotzaBaku1885eko urriaren 28a (juliotar egutegia)
Herrialdea Errusiar Inperioa
 Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
HeriotzaMosku1938ko uztailaren 29a (52 urte)
Heriotza moduaheriotza zigorra
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoaMentxebike

Matvei Ivanovitx Skobelev (errusieraz: Матве́й Ива́нович Ско́белев; Baku, 1885eko azaroaren 9agreg./urriaren 28ajul.Mosku, 1938ko uztailaren 29a) errusiar politikari mentxebikea izan zen[1].

Trotskiren laguntzaile (1908–1912)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1903an Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrataren kide egin zen, eta hortik gutxira mentxebikeen aldearekin lerrokatu zen. 1905ean, iraultzaren ondoko errepresioaren presioz erbestera joan beharra eta, Vienara joan zen ikastera, eta han orduan mentxebikea zen Trotskiren laguntzaile bihurtu zen.

Dumako diputatu (1912–1917)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1912an Errusiara itzuli zen eta Dumako diputatu aukeratu zuten, hala, mentxebikeen zuzendaritzara igotzea eskura izan zuen, izan ere Txkheidzeren hurbileko bihurtu zen. 1914an, Stepan Xaumian boltxebikearen aginduetara, Bakuko petrolio-greban parte hartu zuen. 1914an, Lehen Mundu Gerraren alde lerrokatu zen.

Lider iraultzailea (1917)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1917an, lehenik Petrogradeko Sobieteko zuzendaritzako kide izan zen, lehendakariorde postuan (Sobiet honen lehen lan-saioak berak zuzendu zituen). Behin-Behineko Gobernuaren eta Sobietaren arteko Lotura Komisioaren parte izan zen. 1917eko apirilean, Sobieta Behin-Behineko Gobernua zuzenean babestera pasa zenean, Skobelev Lan Ministro izendatu zuten. 1917ko ekainean, Errusia Osoko Langile Sobieten I. Biltzarrean, Komite Exekutiboko (VTsIK) lehendakariorde aukeratu zuten[1].

Lan Ministro bezala, oso adierazpen populistak egitearen zale zen (adibidez, “kapitalistek euren irabaziaren %100 eman beharko lukete”) , nahiz eta neurri efektiborik ez hartu, boterea ez baitzegoen Sobietaren eskuetan. Adibidez, mentxebikeen programaren neurri erreformistak (zortzi orduko laneguna, adibidez) aplikatzeko ezgai izan zen; eta Sobietean Gobernuaren ekintzez informatzeko hitza eman bazuen ere eta hasieran hala jokatu bazuen ere, pixkanaka, desagertuz hasi zen (batez ere, Uztaileko Egunetatik aurrera)[1].

Hori dela eta Leninekin polemika gogorrak izaten zituen, azken honek, botererik gabe, Skobelevek agindutakoa bete ezin zuela baitzioen. Leninen arabera, Skobelevek Errusiaren egoera ekonomiko kaxkarrari ematen zion erantzun bakarra, langileek eskakizunak apaltzea eskatzea zen, burgesiari ekonomi botere-guneak kendu gabe. Abuztuan, Skobeleven ministerio-lana erabat biratua zegoen eskakizunak langileei soilik egin aldera; eta jada (Tsereteli eta Txkheidzerekin batera) mentxebikeek langileen artean zuten itzala galtzearen prozesuaren sinbolo bilakatu zen. 1917ko irailean ministro kargua utzi zuen, eta Parisko Aliatuen konferentzian Errusiaren ordezkari izan zen. Aldi berean, Petrogradeko Sobietaren lehendakariorde kargua ere utzi behar izan zuen, Petrogradeko Sobietean boltxebikeak nagusi izan ondoren (Urrian VTsIKeko karguarekin gauza bera gertatu zitzaion)[1].

Iraultzaren ondoren (1918–1938)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urriko Iraultzarekiko kontrakoa zela eta, politikatik lekutu zen hasieran (mentxebike askok Kaukasora egin zuten ihes, baina kontuan izan behar dugu Skobeleven jaioterri Bakun, boltxebikeak zirela nagusi). 1918an zehar, erakunde sobietarretan “enplegatu arrunt” gisa egin zuen lan, eta 1919an Novorossiisk hirian zuriek atxilotu egin zuten. 1919an, behin boltxebikeak Bakun une batez garaituta zirenean bere sorterrira itzuli zen, baina 1920an Azerbaijanen berriz boltxebikeak nagusitzerakoan Frantzian erbesteratu zen. Hala ere, iturri batzuen arabera gorrien agente bezala jokatu zuen. Bertsio hauen arabera, Bakun, Armada Gorriarentzako informazio lanetan aritu zen, eta Frantziara ihes, georgiar mentxebikeak Armada Gorriarekin bat egiteko konbentzitzean kale egin ostean egin zuen[1].

Alta, Politika Ekonomiko Berria ezartzearekin bat, 1922an, berriz, Errusia Sobietarrera itzuli zen, eta are Alderdi Boltxebikearen kide egin zen. Sobietar Batasun berriaren eta Frantziaren arteko harreman ekonomikoak hobetzen lan egin zuen. 1924tik aurrea, Londreseko ordezkaritza sobietarraren kide izan zen. 1925 eta 1926 artean, GOSPLANen Atzerrirako Salerosketarako Departamenduaren buru izan zen. 1938an, Sobietar Estatuaren kontrako sabotaia zela eta atxilotu eta exekutatu egin zuten[1].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f Skobelev, Matvei, K17, 2017-08-03. CC0 Domeinu Publikoa