Moko-txirula
Moko-txirula | |
---|---|
open flutes with internal duct with fingerholes (en) eta duct flute (en) | |
Identifikazioa | |
Hornbostel-Sachs sailkapena | 421.221.12 |
Moko-txirula edo txirula eztia ahokotzat moko izeneko atala duten haize-instrumentuen familiako bakoitza da. Mokoaren barneko hoditik airea alaka-moduko ertz baten kontra bideratzen da. Zuzenak dira, zurezkoak eta hainbat zulo izaten dituzte (eskuarki, zortzi, horietako bat azpialdean). Errenazimentukoek tutu zilindrikoa zuten, eta Barrokokoek, tutu konikoa (estutuz doana). Zenbait tamaina eta gozatzetakoak daude.[1]
Instrumentu hau Erdi Arotik ezagutzen dugu, garai horretan Pizkunde eta Barrokoan zehar ospe handia lortu zuelarik. Lehen txirula Alemanian aurkitu zuten 43.000 urte zituela. Klasizismoan eta Erromantizismoan erabilerarik gabe geratu zen instrumentu entzungarriagoez beteta zegoen orkestra klasikoa garatu zenean. XX. mendetik aurrera, berpizkundeko eta barrokoko musikaren interpretazio historizistetan, hau da, garai hartako jatorrizko instrumentuekin jotzen ziren piezetan, interesaren zati gisa berreskuratu zuen indarra. Musikaren hastapenerako tresna gisa zituen aukera pedagogikoei esker zabaldu zen mundu osoan.[2]
Aldaera desberdinak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txirula hauek izen eta itxura ezberdinak hartu dituzte Euskal Herrian. Txilibitua, txilibito, frantxuleta, txiflo eta silbo izenak jaso ditugu, besteak beste. Materialei eta zulo kopuruari dagokionez aldaera desberdinak daude, beraz. Hots-jostailu modura erabili izan dira, baina baita musika-tresna gisa ere.
Txilibituak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txilibitu arruntak sei edo zazpi zulokoak izaten dira. Zortzidun eskala ematen dute, baina gehienak zortzidun bat eta erdi ematera iristen dira.
Kanaberaz eginak, zurezkoak (adibidez, intsusaz), plastikozkoak eta metalikoak ezagutu ditugu.
Txilibituak 1930ko hamarkadan Aranon (Nafarroa) zuen presentzia eta erabilera Jose Mari Legarretaren eskutik jaso zuen Juan Mari Beltranek. Han kanaberazko txilibituak egiten zituzten, herrian hartutako kanaberekin. Gutxi gorabehera 25 bat zentimetroko luzera eta 2 zentimetroko lodiera izaten zuten. Hatz-jokorako zazpi zulo zituzten, sei aurrealdean eta bat atzealdean. Txirulatxo horiekin edozein pieza jotzen zen, bai tabernetan eta baita plazan eta kaleetan ere. Txilibituekin egiten zuten gazte lagunarteek inauterietako eskea, beste soinularirik (danbolintero, dultzainero edo soinujolerik) ez zutenean. Txilibitu-joleak jotzen zuen dena: bidean, dantzarako, eta kantuetan ere bai.
Areatzan (Bizkaia) Alberto Zuloaga txilibitu-jolea. Honek bere txilibituarekin Arratiako albokarien eta dultzaineroen errepertorioa jotzen zuen bereziki.
Urduñan (Bizkaia) ere izan dugu txilibituaren berri. Jose Mariano Barrenetxeak bildu zuen soinu-tresna honi buruzko informazioa XIX. mendearen bukaeratik, Urduñan Ostiral Santu egunez Hileta Santuaren prozesioa egiteko ohitura egon da; ekintza horretan bi musikarik parte hartu izan dute: batak txilibituarekin (pífano izenez deitua, nahiz eta bi eskuko ahokodun txirula zuzena izan) eta besteak danborrarekin[3].
XIX. mendeko argazkietan ikus dezakegunez, txilibituak presentzia nabarmena zuen Tolosaldeko herri festa eta ospakizunetan. Juan de Dios txilibitu jolea, Iminarrieta txilibitu jolea eta Casimiro Saizar atabalaria figura garrantzitsuak izan ziren XIX. mende bukaerako festa giroan[4]. Bestalde, Karmele Goñi etnografo bizkaitarrak festa eta erromerietan jotzen ziren soinu-tresnen artean etxean egindako txilibituek aipatzen zituen[5].
Trebiñu aldean lizar edo intsusez egindako txirulak erabili izan dira. Txiflo edo silbo izena ematen zitzaien, eta aurrealdean bost edo sei zulo eta atzealdean zulo bat izaten zituzten[6].
-
Hercule Paris markako plastikozko txilibitua, Areatzako Alberto Zuloagarena.
-
Irungo plastikozko txilibito zaharra, La scolaire markakoa.
-
Kanaberazko txilibitua. JMBA bildumako 810 zk.
-
Alberto Zuloaga txilibitua jotzen. Areatza, 2000ko maiatzaren 25a.
-
J. M. López de Elorriagak intsusaz egindako txifloa. JMBA Bilduma, 831 zk.
Dultzaineroen txilibituak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hainbat dultzainerok halako flautak jo izan dituzte; izan ere, hatz-joko aldetik dultzainaren antzekoak dira, ozentasun gutxiago dute eta neke handirik gabe jo daitezke.
Usurbilgo Paulo Sagarnak halakoei txilibitu esaten zien. Urolaldeko Maltzetatarrek, Antzuolako Lamarianotarrek edo Monttetarrek, berriz, frantxuleta izena ematen zioten.
Braulio Elortza, Segurako Ermasoro baserriko dultzainero eta albokariak dultzaina piezak entseatzeko plastikozko txilibitua erabiltzen zuen.
-
Monttetarren frantxuleta; atzean beste zulo bat egin zioten, dultzaina gisa jo ahal izateko. JMBA Bilduma, 1021 zk.
-
Braulio Elortzaren dultzaina eta pitak, txilibitua eta alboka, eta beste alboka bat bukatu gabe.
Alardeetako txilibituak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herrian txilibituak hainbat herritako kutsu militarreko alardeetan jo izan dira, talde handia osatuz eta danbor-bandaren laguntzaz. Bidasoa aldean, Irungo San Martzialetan eta Hondarribiako Guadalupeko Amaren festetako Alardeetan entzun ditzakegu, eta Tolosan San Joanetan egiten den alardean. Bidasoa aldean txilibito esaten zaie.
Garai batean pifano edo zeharkako txirula txikiak ere erabiltzen ziren, baina XX. mende erditik aurrera, txilibitoak izan dira Irungo eta Hondarribiko Alardeetan entzun diren txirula bakarrak. XX. mende bukaeratik hona, Irlandako sei zuloko txirula zuzen metalikoak (whistle) erabiltzen dira nagusiki, eta moko-txirula txikiak (zuloetan aldaketak eginik).
Ikonografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herriko elizetako ikonografian, bi eskuko ahokodun txirula zuzenen adibide batzuk aurki daitezke.
Adibidez, Lekeitioko basilika edo Andre Mariaren Jasokundearen elizan, fatxadako leiho nagusiaren azpiko aingeruen erlaizpean, aingeru musikarien artean ahokodun txirula zuzena jotzen duen bat dago.
Ondarroako Andra Mari elizaren lanak XV. mendean hasi eta XVI. mendean amaitu zituzten. Eraikina gotiko berantiar estilokoa da. Elizaren goialdean Kortxeleko mamuak izenez ezagunak diren figura bitxiak ikus daitezke. Eskultura hauek Erdi Aroko gorte bat irudikatzen omen dute. Horien artean musikariak daude; tartean, ahokodun txirula zuzen jole bat.
-
Lekeitioko Andre Mariaren Jasokundearen elizako fatxadako musikarien artean aingeru txirularia.
-
Lekeitioko Andre Mariaren Jasokundearen elizako fatxadako musikarien artean aingeru txirularia.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskalterm: [Musika Hiztegia] [2011]
- ↑ O'Kelly, Eve. (1990). The Recorder Today. Cambridge University Press, 62 or. ISBN 0-521-36681-X..
- ↑ Barrenetxea, J. M.. (1984). Apuntes de txistu. Autoedizioa, 50-52 or..
- ↑ María., Tuduri Esnal, José. (1992). Argazkiak = Fotografías : Tolosa (1842-1900). Sociedad Guipuzcoana de Ediciones ISBN 84-7173-189-4. PMC 640000756. (Noiz kontsultatua: 2022-01-27).
- ↑ Goñi, Karmele. (1988). Etnografía en Zerain. , 654 or..
- ↑ Lauzurica, J. J.. (1986). «El chiflo» Dantzariak 32 (Euskal Dantzarien Biltzarra.): 5-9..