Mokozabal zuri
Mokozabal zuri | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Pelecaniformes |
Familia | Threskiornithidae |
Generoa | Platalea |
Espeziea | Platalea leucorodia Linnaeus, 1758
|
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Masa | 76 g |
Zabalera | 1,3 m |
Kumaldiaren tamaina | 3,5 |
Errute denbora | 23 egun |
Mokozabal zuria (Platalea leucorodia) threskiornithidae familiako hegaztia da, mokozabalen Plataleinae subfamiliakoa, Europan, Asian eta Afrikako zenbait eskualdetan bizi dena[1]. Euskal Herrian ere ikusten ahal dira, pase garaian, abuztutik urrira, zenbait hezegunetan.
Itxura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hegazti zangaluze handia da mokozabal zuria. Garaieran 80 eta 93 cm izan ohi du, eta hegoak zabal, 120 eta 135 cm artean.
Lumaje zuria du, baina hegazti helduek urre koloreko orban bat dute lepoaren basean udaberrian eta udan (txitoak egiteko garaian). Txori gazteek, bestalde, luma beltzak dituzte hegoen puntan. Mokozabalak luma-kalpar bat du garondoan, areago igartzen dena ugalketako garaian.
Hegazti honen eta gainerako mokozabalen ezaugarri argiena mokoa da, luzea, zabala eta planoa, puntan zabalago eta biribildua. Txitoen mokoa, laranja eta arrosa kolore artekoa da, eta gazteena, grisaska. Heldutan, moko beltza daukate, baina muturrean orban horia izan ohi dute.
Zango luze eta beltzak dituzte mokozabalek, eta hegan doazenean atzeranzka luzatuta eramaten dituzte.
Euskal Herriko mokozabalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herrian abuztutik urrira bitartean ikusten ahal dira mokozabal zuriak, Urdaibai, Txingudi eta Salburua parkeko Arkautiko urmalean (ikus 1. mapa).[2]
Eurasiako mokozabal zurien populazioen artean, Europako Mendebaldeko handienak, 9.000 hegazti inguruk osatutakoa, uda Herbehereetako hezeguneetan igarotzen du. Han dute jatorria Euskal Herrian egonaldia egiten duten mokozabal gehienek, eta jomuga, berriz, Afrikan, Mauritaniako Banc d'Arguin-eko eta Senegalgo La Langue de Barbarie-ko kolonietan (ikus irudietan 2. mapa)[3]. Ez da Euskal Herrikoa hegaldian egiten duten geldialdi bakarra, beste hainbat etapa ere egiten dituzte. Udazkeneko bidaia honetan igarotzen dira mokozabalak Euskal Herritik, baina udaberriko itzulerakoan, Afrikatik Europako iparraldera doazenean, beste bide batetik egiten dute.
Mokozabal saldoak abuztuan hasten dira agertzen euskal hezeguneetan, eta urrira arte igaro ohi dira. Gehienak talde txikietan igarotzen dira, baita bakarka ere asko, baina ehun hegaztitik gorako saldoak ere ikusi izan dira. Adibidez, Txingudin bost talde ikusi ziren ehundik gorakoak 2010ean.
Egonaldia laburra egiten dute hezeguneetan, egun bakarrekoa edo ordu batzuetakoa, baina batzuetan luzeago geratzen diraː Urdaibain 2012an lur hartutako 500 hegaztien artean, 49k sei egun baino gehiago igaro zuten bertan.[4] Kalkulatu izan da Herbehereetako kolonietako hegaztien %20 inguru igarotzen dela Txinguditik, eta %10 inguru Urdaibaitik. Euskal Herriko ikuskatzeak egonkor daude edo hazten ari da 21. mendean, espeziea indartsu ageri den seinale, baina beste eskualde batzuetako hezeguneetan arazo gehiago izan ditzakete.
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sei mokozabal espezie daude munduan (Plataleinae subfamilia osatzen dute), eta Eurasiako Platalea leucorodia delako honek, mokozabal zuriak, hiru azpiespezie ditu:
- Platalea leucorodia leucorodia, nagusia, aipatutako leku guztietan bizi dena.
- Platalea leucorodia balsaci, Mauritaniako Banc d'Arguin natura parkean bizi dena.
- Platalea leucorodia archeri, Itsaso Gorriko kostaldetan eta Somalian bizi dena.
Galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Museum specimen - île Kiji, Mauritania
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ BirdLife International (2004). Platalea leucorodia. 2006. IUCN Red List of Threatened Species. IUCN 2006
- ↑ GADEN, Fauna de Alava -. «Atlas Birtuala - WN34 laukiaren eta Platalea leucorodia espeziearen informazioa» www.faunadealava.org (Noiz kontsultatua: 2018-02-11).
- ↑ Luengo Telletxea (Kaizen enpresa), Alberto. (2011). La Espátula Común (Platalea leucorodua) en las marismas de Txungudi. Eusko Jaurlaritza, Ingurugiro saila.
- ↑ Rafael, Garaita. (2012). «Mokozabalaren (Platalea leucorodia) eztei ondoko migrazioa Urdaibain» Eusko Jaurlaritza (Noiz kontsultatua: 2018.02.10).
Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |