Mosaiko arraia
Mosaiko arraia | |
---|---|
Iraute egoera | |
Invalid status (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Chondrichthyes |
Ordena | Rajiformes |
Familia | Rajidae |
Generoa | Raja |
Espeziea | Raja undulata Lacépède, 1802 |
Mosaiko arraia edo arraia uhindua (Raja undulata) ur gaziko arrain kartilaginosoa da, Rajidae familiakoa[1].
Arraiak duen itxura eta koloreagatik erraz kamuflatzen da hondar artean. Populazioa asko urritu denez debekatuta dago arrantzatzea. Akuarioetan ohiko espeziea da.
Euskal izendegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mosaiko arraia izendatzeko hainbat izen daude Euskal Herrian[2]:
Izena | Erabilera-eremua (udalerria) |
---|---|
alua, aluba | |
arraia uhindua | |
mosaiko arraia | |
serra | |
zerra | Lapurdi |
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mosaiko arraiak 80 cm-ko luzera du, aurkitu den handiena 114 cm-ko arraia bat izan zen[3]. 4'5 kilogramo inguru pisatzen ditu, 10,04 kilogramokorik ere jaso da. 15 urtez bizi daiteke[4].
Arraien itxura tipikoa du, disko edo erronbo itxurako gorputz zapala eta atzena buztan trinko ez oso luze bat. Gorputzaren aurrealdean triangelu itxura du eta atzealdera zirkularragoa da. Atzealdeko ezkatek arantza itxura hartzen dute eta babesteko erabiltzen ditu. Erdialdean ar helduek arantza lerro bakarra dute, emeek berriz hiru lerro[5]. Begiek tamaina ertaina dute eta atzean espirakuluak (arantza txikiak) agertzen dituzte. Azpialdean ahoa eta bost pare zakatz agertzen dira. Buztanaren luzera diskoaren bestekoa da eta oinarrian bi hegats eta bi arantza ditu.
Gorputzaren gainaldea marroi argia edo grisa izan ohi da[4]. Lerro ilun uhinduak eta puntu zuri ugari ditu, harea edo harri txintxarretan kamuflatzen laguntzen diotenak. Muturra eta ertzak argiagoak dira eta puntu beltzak dituzte. Azpialdea zurixka da eta ertz grisak ditu.
Banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ozeano Atlantikoaren ipar-ekialdean aurkitzen da, Britainiar uharteen hegoaldetik Senegal alderaino, Azoreak, Madeira eta Kanariak barne. Mediterraneo itsasoan ere aurkitzen da, mendebaldeko zatian batez ere[6].
Espezie demertsala da, 50-200 metro arteko sakoneran bizi dena, baina ohikoa da ur azalekoagotan aurkitzea ere[3].
Biologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sedimentuz estalitako (harea, lohia, harri txintxarrak) espazio irekiak atsegin ditu, dituen koloreei esker erraz kamuflatzen baita hondoan etzanda. Animalia bakartia eta lurraldekoia da, eta erasokor jokatzen du haren eremuan sartzen diren arrainekin[4].
Elikadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Edozein motatako izaki bentonikoetaz elikatzen da, krustazeoak, moluskuak eta arrain txikiak besteak beste[5].
Ugalketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sexu heldutasuna beranduago hartzen dute emeek arrek baino, 84 cm inguruko luzera dutenean[3], 8-13 urteko adinarekin[7]. Arrak 6-12 urte artean iristen dira.
Matxoa eta iraila artean izaten da ugalketa garaia. Emeak 15 arrautza inguru jartzen ditu[8] eta pareka askatzen ditu azalera irekietan. Arrautzak kapsulatan sartuta daude[6]. Kapsulak 7`2-9 cm-ko obalatuak dira eta luzakinak dituzte, aurkitzen duten objetuei itsatsi eta tinko eusteko[7]. Sarritan hondartzetan aurkitzen dira hutsik dauden kapsulak. Hizkuntza askotan itsasoko laminen poltsoak direla esaten da. Enbrioiak kapsula barneko arrautzaren gorringoaz elikatzen dira 4-5 hilabete igaro ondoren jaiotzen dira[8].
Arraia gazteek objetu handiak jarraitzeko joera izaten dute, sarritan haien amak jarraitzen dituzte[6]. Azaleko retan bizi dira eta helduz doazen heinean ur sakonagoetara mugitzen dira[7].
Gizakiarekin harremana
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ez da asko arrantzatzen den arrain espezie mota, baina emeek heldutasuna hain berandu lortzearen ondorioz ugalkortasun tasa oso baxua du eta tarteka sareetan harrapatuta gelditzen denez asko jaitsi da populazioa azken urteetan. Irlandan eta Mantxako kanalean dagoeneko oso arraroak dira[7]. Gaur egun debekaturik dago mosaiko arraia hartzea eta arrantzaleek harrapatu ahala itsasora itzultzen dute[9].
Akuarioetan ohiko espeziea izaten da, ongi egokitzen baita espazio itxietara.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Bigelow, H.B. & W.C. Schroeder. (1953). Fishes of the Western North Atlantic, Part 2. Sears Foundation for Marine Research, Yale University.
- ↑ «mosaiko arrai» arrainak.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-21).
- ↑ a b c (Ingelesez) Ellis, J. R.; McCully, S. R.; Brown, M. J.. (2012-04). «An overview of the biology and status of undulate ray Raja undulata in the north‐east Atlantic Ocean» Journal of Fish Biology 80 (5): 1057–1074. doi: . ISSN 0022-1112. (Noiz kontsultatua: 2024-01-21).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) «Raya mosaico • Raja undulata • Ficha de pez» Fishipedia (Noiz kontsultatua: 2024-01-21).
- ↑ a b Hurst, Richard. (2015). "Undulate ray Raja undulata". Shark Trust.
- ↑ a b c «Raja undulata, Undulate ray : fisheries» fishbase.se (Noiz kontsultatua: 2024-01-21).
- ↑ a b c d «Raja undulata undulate ray :: Northern Ireland's Priority Species ::» www.habitas.org.uk (Noiz kontsultatua: 2024-01-21).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) «Raya Mosaico» Oceanogràfic de València (Noiz kontsultatua: 2024-01-21).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Galicia mueve ficha para recuperar la raya mosaico para la pesca» La Voz de Galicia 2015-04-30 (Noiz kontsultatua: 2024-01-21).