Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Nathalie Sarraute

Wikipedia, Entziklopedia askea
Nathalie Sarraute

(1983)
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakНаталья Ильинична Черняк
JaiotzaIvanovo1900eko uztailaren 18a
Herrialdea Errusiar Inperioa
 Frantzia
Lehen hizkuntzaerrusiera
HeriotzaParisko 16. barrutia1999ko urriaren 19a (99 urte)
Hobiratze lekuaChérence
Familia
Ezkontidea(k)Raymond Sarraute
Seme-alabak
Hezkuntza
HeziketaLycée Fénelon, Paris (en) Itzuli
Hizkuntzakfrantsesa
errusiera
Jarduerak
Jarduerakidazlea, eleberrigilea, antzerkigilea, legelari-poeta, abokatua eta literatura-kritikaria
Jasotako sariak
MugimenduaNouveau romana
IMDB: nm0765534 Edit the value on Wikidata

Nathalie Sarraute, jaiotza-izenez Natalia Ilyanova Txerniak (Ivanovo, Errusia, 1900eko uztailaren 18agreg./uztailaren 5ajul. - Paris, Frantzia, 1999ko urriaren 19a) jatorri errusiarreko frantses idazle bat izan zen. Nouveau roman literatura mugimenduaren teorizatzaile eta bultzatzaile nagusietako bat izan zen, 1956an L´Ère du soupçon obra argitaratu zuenetik.

Jatorria eta lehen urratsak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ivanovo hiriaren ikuspegia (2018).

Nathalie Sarraute (jatorrizko izenez Natalia Ilyanova Txerniak, errusieraz: Ната́лья Ильи́нична Черня́к) 1900eko uztailaren 18an[oh 1] sortu zen Ivanovo-Voznessensk hirian, Moskutik 254 km ipar-ekialdera, burgesia judu asimilatuko familia ukandun eta heziera handiko baten barruan.[1]

Gurasoak, Ilya Txerniak eta Pauline Txatunovski, dibortziatu egin ziren Nataliak bi urte zituela. Orduan, amak Genevara eraman zuen berarekin bizi izatera lehenbizi, eta handik Parisera, Flatters kaleko etxebizitza batera, bosgarren barrutian (Panteoia). Feuillantines kaleko eskolan hasi zen ikasketak egiten Natalia. Urtean bi hilabete egiten zituen aitarekin, edo Errusian, edo Suitzan. Geroago, Errusiara itzuli zen bizi izatera, San Petersburgora, amarekin eta haren senar Nikolas Boretzkirekin. Nataliaren aitak arazoak izan zituen boltxebikeen Errusian, gobernuaren aurkako iritziak plazaratzeagatik; horren ondorioz, Parisera erbesteratu beharra izan zuen. Koloratzaileak ekoizteko enpresa kimiko bat sortu zuen, Vanves-en, Senako Gainak departamenduan.

Natalia gaztea maizago eta bolada luzeagoz bizi izan zen aitaren eta haren emazte Veraren alboan; laster, Hélène ahizpaordeak handitu zuen familia. Aro hori, 1909tik 1917ra bitartekoa, ez zen guztiz erraza izan Nathalie Sarrauterentzat.[oh 2]

Heziera kosmopolita bat jaso zuen Sarrautek, literatura aldera lerratu aurretik: ingelesa eta historia ikasi zituen Oxford-en, soziologia Berlinen, eta zuzenbidea, azkenik, Parisen. 1925ean abokatu lanetan hasi zen; orduan ezagutu zuen Raymond Sarraute, senar izango zuena. Hiru haur izan zituzten ezkontzan: Claude (1927an jaioa), Anne (1930-2008) eta Dominique (1933an jaioa). Abokatu lanetan jarraitu zuen, 1940ra arte.[2]

Literaturan, buru-belarri

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abokatu lanetan ari zen bitartean, Nathalie Sarraute XX. mendeko literaturan murgiltzen joan zen, gaztetatik irakurle porrokatua baitzen; Marcel Proust, James Joyce eta Virginia Woolf bezalako idazleen obrak hankaz gora jarri zuten Sarrautek eleberriaz zeukan irudikapen tradizionala.

«Tropismoak»

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Tropismoak»

1932an, testu labur batzuk idazten hasi zen, gerora Tropismes liburuan bilduko zituenak; estimuluen erantzunez sortzen diren berezko erreakzio fisiko ahulak, hautemanezinak, aztertzen zituen testuotan: «higidura definiezinak dira, berehala kontzientziaren mugetara lerratzen direnak; gure keinuen, hitzen edo sentimenduen jatorrian daude, ematen ditugunak, ustez esperimentatzen ditugunak eta definigarriak direnak».[3] Tropismes 1939an argitaratu zen lehenik; Jean-Paul Sartrek eta Max Jacobek ongietorri bero bat egin zioten arren liburuari, argitaratzea ez zuen erraza izan Sarrautek: hasieran, Gallimard eta Grasset argitaletxe ezagunek ez ioten onartu, eta hilabete batzuen buruan lortu zuen Denoël etxean kaleratzea. Esan daiteke Sarrauteren funtsezko ikuspegi literarioa erakusten duela liburuak.[4]

Bigarren Mundu Gerran

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vichyko gobernuak juduen aurka emandako legeen ondorioz, 1940an bota egin zuten Sarraute Pariseko abokatuen elkargotik. Literaturaren munduan guztiz murgiltzea erabaki zuen orduan.

Frantziako juduek eraman behar izan zuten izar horia.
Samuel Beckett (1922)

Frantzia okupatuan judu gisa bizitzea ezinezkoa gertatu zitzaionean, sasian bizi izatera behartuta egon zen Sarraute, paper faltsuez eta etxebizitza etengabe aldatu beharrez. Denbora batez, etxean gorderik izan zuen beste idazle judu bat, Samuel Beckett, absurdoaren antzerkiaren sortzailea, Gestapo haren bila ari baitzen, erresistentziarekin lotura zuelakoan. Raymond senarragandik dibortziatu zen, abokatuen elkargotik bota ez zezaten, judu batekin ezkonduta egoteagatik. 1942an, Janvry-ra (Marne departamenduan) joan zen alabekin batera, polizia kolaborazionistaren jazarpenetik ihesi. Ez zuen juduen izar horia jantzi nahi izan, baina herriko dendari batek salaketa jarri zion, susmoa hartuta judua ote zen herrira alabekin batera bat-batean agertutako emakume ezezagun hura; gutxigatik lortu zuen poliziaren esku ez gelditzea. Bertan jarraitzea ezinezkoa gertatzen zenez, Parisera itzuli zen denbora batez.[4]

Alabaina, Parisen arriskua etengabea nabaritzen zuenez, hurrengo urtean, 1943an, landa ingurunera jo zuen berriz; Parmain-era, Val-d'Oise departamenduan, Nicole Sauvage ezizena erabilita (benetako izen-deituren NS hasierakoak baliatuta), hiru alaben etxe-irakaslea balitz bezala. 1944an Parisera itzuli zen, gerra amaitu zen arte.[4]

Ibilbide literario luzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra amaitu eta berehala, 1947an, Portrait d'un inconnu liburuaren hitzaurrean idatzi zion Jean-Paul Sartrek, nahiz obra hurrengo urtean kaleratu zen, 1948an; ez zuen, baina, harrera izugarririk eduki. Martereau (1953) lanarekin hasi zen kritikaren eta publikoaren arrakasta ezagutzen; Gallimard etxean argitaratu zuen, eta handik aurrera argitaletxe horretan jarraitu zuen. Ordurako, 1949an, landetxe bat erosia zuen Chérence-n, Val-d'Oise departamenduan. Etxalde hori izan zuen idazteko babesleku, asteburuetan eta udako opor luzeetan.[4]

1960an, 121en agiria izenpetu zuen («Déclaration sur le droit à l’insoumission dans la guerre d’Algérie»), Frantziako intelektual, idazle eta aktibista askorekin batera.[5][oh 3]

Lau urte geroago, 1964an, Carlos Barral argitaldari katalanak sortutako Nazioarteko Literatura Saria irabazi zuen Sarrautek, Les Fruits d'Or eleberriagatik.[6]

Irratia eta antzerkia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1960ko hamarkadan, eleberriekin batera, antzerki lanak idazten hasi zen. Werner Spies-ek[oh 4] Süddeutscher Rundfunk[oh 5] irratirako eskatutako irratsaio batekin hasi zen, Le Silence, 1964an argitaratua. Hurrengo urteetan etorriko ziren Le Mensonge, Isma, C'est beau, Elle est là eta Pour un oui ou pour un non. Irratirako pieza haiek antzerkigileen arreta piztu zutelarik, obrak anzterkirako egokitzen hasi zen Sarraute, batzuetan beste idazle eta antzerkigileekin batera. Lankidetza horren emaitza ezagunenetako bat da Simone Benmussa[oh 6] antzerki zuzendariarekin batera landutako Portrait de Nathalie Sarraute filma,[oh 7] 1978an Canneseko Zinemaldian erakutsi zena.

Nathalie Sarraute 1999ko urriaren 19an hil zen, Parisen, 99 urte zituela; lan berri baten idazkuntza hasita zeukan eskuartean. Chérence-n lurperatu zuten, idazketarako eta atsedenerako etxaldea zeukan herrian.

Nouveau roman

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Michel Butor
Alain Robbe-Grillet

Bigaren Mundu Gerra amaitu orduko, 1947an hasita eta 1956ra bitarte, Nathalie Sarrautek artikulu sail bat argitaratu zuen Les Temps modernes eta La Nouvelle Revue française aldizkarietan, Marcel Proust, James Joyce eta Virginia Woolf idazleen lanekiko interesa azaltzeko eta, batez ere, Balzac-en edo Tolstoi-ren eredura landutako eleberriaren genero klasikoa kritikatzeko. Artikulu sail hura L'Ère du soupçon liburuan bildu eta argitaratu zuen, 1956an; Michel Butor eta Alain Robbe-Grillet idazleen arreta piztu zuen berehala. Hurrengo urtean, 1957an, Tropismes liburuaren berrargitalpena kaleratu zuenean, testuak berraztertuta eta pasarteak erantsita,[oh 8] Claude Mauriac kazetari eta idazleak «errealismo berri bat» sortzea aitortu zion. Aldi berean ia kaleratu zelarik Robbe-Grillet-en La Jalousie eleberria, Émile Henriot kazetariak Le Monde egunkarian artikulu kritiko bat eskaini zien bi liburuei, 1957ko maiatzaren 22an, doinu gutxiesgarri batean «nouveau roman» deitura emanez.[7] Literatura kritikari ortodoxoen kritikei jaramonik egin gabe, eleberrigintza berriak bideari ekin zion gogotik, Sarrauteren L'Ère du soupçon hastapeneko agiritzat hartuta.

Izan ere, Bigarren Mundu Gerrak utzitako ondorioen artean, literatura larritasun handiz hasten da galdegiten munduaren esanahiaz. Ez bakarrik auzitan jartzen da agerikoa, ezkutuko prozesu ilunen nabarmentzeak diren heinean, baizik zalantzan jartzen da, aldi berean, ageriko gertakariak kognizioaren bitartez hautemangarriak ote diren. Teorizazioak albo batera utzita, Sarrautek Le Planétarium argitaratu zuen 1959an, bere benetako lehen arrakasta. Geroago, 1963an, Les Fruits d'or kaleratu zuen, Nazioarteko Literatura Saria irabaziko zuena hurrengo urtean.[6] Objektuen eta eguneroko hizkeraren hutsaltasunak baldintzatuta, pertsonaiak alferrik saiatzen dira benetako komunikazio bat eraikitzen.[8]

Irratirako idatzitako bi piezen ostean (Le Silence 1964an eta Le Mensonge 1966an), Nathalie Sarraute eleberrietara itzuli zen. Entre la vie et la mort (1968) eleberriaren ondotik, Proust-en ondarea, lehen liburuetan sendo agertzen zena, gero eta alboratuago utzi zuen Sarrautek. Esaldi luze eta garatuak lekua uzten dio isilunez beteriko sintaxi eta erritmo sinkopatuari. Idazleak hain maite zituen eten puntuek bultzatzen dute irakurlea esanezinaren alderdi inplizitua deskodetzera.[9]

Handik aitzina, Nathalie Sarrauteren liburuak ahalegin etengabe bat izanen dira, tropismoak berezkoa duen «materia izengabe» edo «substantzia bizi»[oh 9] horren bila abiatzeko. Bide horretan dira, zalantza gabe, Vous les entendez ? (1972), « disent les imbéciles » (1976), l'Usage de la parole (1980), Enfance (1983), Tu ne t'aimes pas (1989), Ici (1995) eta Ouvrez (1997), nazioarteko oihartzun gero eta handiagoz argitaratuak. Nathalie Sarrauteren obra osoa 1996an argitaratu zen, Gallimard etxearen «Bibliothèque de la Pléiade» frantses bilduma klasikoaren barruan.[10]

Eragina euskal literaturan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nathalie Sarrauteren teoriek eta liburuek eragin sakon bat izan zuten XX. mendeko euskal literaturan. Ramon Saizarbitoria edo Ibon Sarasola izan daitezke eragin horren lekuko.

Nouveau roman uhinaren ezaugarrietako bat izan zen «metaliteratura» bat sortzea, hau da, literaturari buruzko hausnarketa —edo, zehazkiago esateko, teoria literario klasikoak auzitan jartzea— obra literarioetan txertatzea. Susmoz begiratzen zioten narratiba tradizionalari, horrela ulertzen da Sarrauteren manifestuaren izenburua, L'Ère du soupçon.

Ur Apalategi idazle eta aztertzailearen iritziz, Ramon Saizarbitoriaren lehen hiru eleberriak (Egunero hasten delako 1969, Ehun metro 1976 eta, batez ere, Ene Jesus 1976) ezin dira ulertu Nouveau roman korronte literarioaren gakoak aintzat hartu ezik.[11] Honela laburtzen du Ene Jesus eleberria:

« Ez dago egiazko ekintzarik, diskurtso nobeleskoaren ezinezkotasunaren kontzientzia eta isiltasunaren poetika daude eleberriaren oinarrian eta ez da beraz harritzekoa testua diskurtso fragmentario eta hutsunez betea bihurtzea (…) gizon bat eroetxean dago, ohe batean etzanda antza, eta istorioak kontatzen ditu, denbora pasatzeko. Samuel Becketten mundu absurdoa, zeinetan hitzak munduaren absurdoa betetzeko baliatzen diren.[12] »


  1. Frantziako Liburutegi Nazionalak BnF Data katalogoaren 11923722 fitxan emandako datuan oinarritzen da jaiotza data hau.
  2. Nathalie Sarrauteren bizitzaren aro honi buruzko xehetasunak 1982an argitaratutako Pour un oui pour un non (Paris, Gallimard, « Folio Théâtre »; erabilitako edizioa, 2017) antzerki lanak ematen duen kronologian oinarrituta daude.
  3. 121en agiriaren agitalpenak, 1960ko irailaren 6an, oihartzun sakon bat izan zuen Frantzian. Agiriaren sinatzaile askoren aurkako auziak, debe profesionalak eta bestelako jazarpenak antolatu zituen gobernuak.
  4. Werner Spies (1937) kazetari, arte kritikari eta entsegugile aleman bat da, surrealismoaz eta kubismoaz egindako lanengatik ezaguna.
  5. Alemaniako Baden-Württemberg estatuko iparraldeko irrati publikoa izan zen Süddeutscher Rundfunk (SDR), 1949tik 1998ra.
  6. Simone Benmussa (1931 - 2001) frantses antzerki zuzendari, idazle eta anzterkigile bat izan zen.
  7. Georges Pompidou Zentroak eta Éditions Gallimard argitaletxeak babestutako ekoizpena izan zen Portrait de Nathalie Serraute filma.
  8. Tropismes liburuaren 1957ko berrargitalpenean, 1939ko jatorrizko edizioaren aldean, zehazki, testu bat kendu zuen eta sei testu berri erantsi zituen.
  9. Hala izendatzen du, L'Ère du soupçon liburuan, tropismoa eragiten duen erreakzio kontrolaezinaren jatorrizko higidura. Ikus Nathalie Sarraute (1956) L'Ère du soupçon. Paris, Éditions Gallimard. 1987ko edizioaren ISBN: 978-2070324507.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Frantsesez) «Nathalie Sarraute : biographie, actualités et émissions France Culture» France Culture (Noiz kontsultatua: 2021-06-19).
  2. (Frantsesez) «Biographie de Nathalie Sarraute» www.etudes-litteraires.com (Noiz kontsultatua: 2021-06-20).
  3. Nathalie Sarraute (1956) L’ère du soupçon. Paris, Gallimard. 8. or. ISBN: 9782070324507.
  4. a b c d «Nathalie Sarraute (Biographie) - aLaLettre» www.alalettre.com (Noiz kontsultatua: 2021-06-20).
  5. Ikus Manifeste des 121.
  6. a b Ikus Prix international de littérature.
  7. Ikus Émile Henriot,《Un « Nouveau Roman » : « La Jalousie », d’Alain Robbe-Grillet, et « Tropismes », de Nathalie Sarraute》, Le Monde egunkaria, 1957-05-22.
  8. (Frantsesez) G, Auteur Anna. (2011-12-30). «Les fruits d’or de Nathalie Sarraute ou la parole silencieuse» Litterama les femmes en littérature/ Les autrices dans l'Histoire (Noiz kontsultatua: 2021-06-21).
  9. Joëlle Chambon (2015), 91-94. or.
  10. Ikus Nathalie Sarraute (1996) Œuvres complètes. Paris, Éditions Gallimard. ISBN: 978-2070114344.
  11. Ur Apalategi (2009), 32-33. or.
  12. Ur Apalategi (2009), 33. or.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]