Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Nicolas Malebranche

Wikipedia, Entziklopedia askea
Nicolas Malebranche

Bizitza
JaiotzaParis1638ko abuztuaren 6a
Herrialdea Frantzia
Lehen hizkuntzafrantsesa
HeriotzaParis1715eko urriaren 13a (77 urte)
Familia
AitaNicolas de Malebranche
Hezkuntza
HeziketaCollège de la Marche (en) Itzuli
(1654 - 1656)
Parisko Unibertsitatea
(1656 - 1659)
Doktorego ikaslea(k)Jakob Bernoulli
Pierre Varignon
Hizkuntzakfrantsesa
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakfilosofoa, idazlea, teologoa eta pedagogoa
Lan nabarmenak
InfluentziakRené Descartes eta Agustin Hiponakoa
KidetzaFrantziako Zientzien Akademia
MugimenduaOkasionalismoa
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa
Erlijio-ordenaOratory of Jesus (en) Itzuli

Nicolas Malebranche (Paris, 1638ko abuztuaren 6a - 1715eko urriaren 13a) teologo eta filosofo arrazionalista izan zen. Batik-bat San Agustin eta Descartesen jarraitzailea izan zen. Bere ekarpen filosofiko eta teologiko garrantzitsuenak okasionalismoaren eta Jainkoaren existentziaren inguruko tesiak izan ziren.

Nicolas Malebranche (Paris, 1638ko abuztuak 5- 1715eko urriak 13) filosofo eta teologo frantsesa izan zen. Batez ere, Descartesen eta San Agustinen jarraitzailea izan zen eta okasionalismo izeneko tesi filosofiko eta teologikoarengatik da ezaguna. Parisko familia dirudun baten seme gazteena izan zen. Bere aita, Nicolas Malebranche, Louis XIII Frantziako Erregearen idazkaria izan zen eta bere ama, Catherine de Lauzon, Frantzia Berriko erregeorde baten arreba. 12-13 anai-arreba inguru izan zituen Malebranchek. Oso gaztetatik dohain intelektual bikainak zituela erakutsi zuen; baina, aldi berean, osasun fisiko oso ahula zuen (bizkar-hezurrean deformazioak pairatu zituen). Horren eraginez etxean jaso zuen hezkuntza bere lehenbiziko urtetan irakasle pribatu baten eskutik. 16 urterekin gurasoen etxetik joan zen La Marche-ko Eskolan filosofia kurtso bat jasotzeko. Gerora, Sorbona-ko Eskolara mugitu eta filosofia eta, gehien bat, teologia ikasi zituen. Metodo intelektualekin pozik ez eta Sorbona utzi zuen bertan ikasitako eskolastika arbuiatuz. 1660an San Felipe Neri Otoiztegian sartu zen. Bertan elizaren historia, hizkuntzalaritza, Biblia eta San Agustinen obra landu zituen. 1664an apaiz izendatu zuten. Urte berean Descartesen Traite de l’Homme irakurri zuen, giza gorputzaren fisiologiari buruzko obra. Malebranchen biografoaren arabera, eragin nabaria izan zuen obrak berarengan, mundu naturalaren ikuspegi bat eskaini ziolako ikuspegi aristoteliko eskolastikotik aldendurik. Hurrengo hamarkada Descartesen obra lantzen pasa zuen Malebranchek. 1699an Frantziako Zientzien Akademiako ohorezko kide izendatu zuten. 77 urte zituela hil zen.

Ibilbide filosofikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1674-75 bitartean bere obra filosofiko garrantzitsuenaren eta zabalenaren bi bolumenak argitaratu zituen, hots, De la recherche de la vérité. Où l'on traite de la Nature de l'Esprit de l'homme, & de l'usage qu'il en doit faire pour éviter l'erreur dans les Sciences obraren bi bolumenak. Obra honi esker prestigioa lortu zuen bere garaian. Testuan gizakiaren okerrak egiteko joerari buruz jarduten du, baita oker horiek nola konpontzeaz ere. Tesi garrantzitsuena hirugarren liburukian aurkezten du. Giza ezagutzari buruz jarduten du eta, zehazki, ondorengoa defendatzen du: munduko gauzak gauza bakoitzaren ideien bidez ezagutzen ditugula eta ideia horie Jainkoaren baitan daudela (ideia platonikoen zentzuan uler ditzakegu ideia hauek, objektuen errepresentazioak direnak)

Malebranchen lehen kritikoa Simon Foucher abadea izan zen, aurreko paragrafoan aurkztutako obra kritikatu zuena bigarren bolumena argitaratu baino lehen. Erantzuna bigarren bolumeneko hitzaurrean idatzi zion Malebranchek abadeari. 1678an argitaraturiko obra beraren hirugarren edizioan liburuari luzeraren %50 gehitu zion, kritikei erantzunez eta jatorrizko argmentuak zabalduz eta hobetuz. Gehikuntza horretan 17 argipen edo azalpen garatu zituen, aurretik proposaturiko tesien osagarri gisa. Batez ere tesi okasionalista sutsuago azaldu eta defendatu zuen.

1680an Traité de la nature et de la grâce argitaratu zuen. Bertan argumentatu zuen lege unibertsalen bidez Jainkoak bere ekintza mundu naturalean erregulatzeaz gain, gizakiengan Bere graziak zuen eragina ere lege horien bidez zegoela erregulatua. Obra Antoine Arnauld kartesiarrak kritikatua izan zen. Arnaulden lehenbiziko kritikak teologikoak izan arren, gerora ezagutza esparru ezberdinetara zabaldu zen. Ondorengo urtetan bi filosofoek batak besteaz polemika ugari idatzi zuten. Arnaulden jarraitzaileek Eliza Katolikoa presionatu egin zuten Malebranchen 1680ko obra zentsura zezaten eta 1690. urtean liburu debekatuen zerrendan sartu zuen Vatikanoak. Hemeretzi urte beranduago De la recherche de la vérité obra debekatuen lista berean sartu zuten (ironikoa bada ere, Arnaulden hainbat obra ere lista berean zeuden). Beste hainbat kartesiar filosoforekin ere ezabaida sutsuak izan zituek Malebranchek, hala nola, Pierre Sylvain Regis eta Dortous de Mairanekin. De Mairan Spinozaren jarraitzailea zen eta Malebranchen obran bi pentsalari horien arteko antzekotasun filosofikoak ikusi zituen; hala ere, Malebranchek zeharo ukatu zuen Spinozarekin ezarritako antzekotasun hori.

Jainkoaren existentzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jainkoaren existentzia planteamendu epistemologiko batetik abiatzen du Malebranchek. Descartesen pentsamenduarekin bat egiten du oinarrian: gizakiok ez ditugu objektuak bitartekorik gabe eta bat-batean ezagutzen; objektuen ideiak ezagutzen ditugu. Ideia hauek izaki errealak eta, gainera, izaki izpiritualak direla baieztatzen du eta errepresentatzen dituzten objektuek baino perfekzio maila altuagoa dutela (adibidez, gizakiaren ideia edozein gizaki baino perfektuagoa izango litzateke). Ideia guztiak noizbait norbaitengatik edo zerbaitengatik sortuak izan dira eta, Malebranchen arabera, sorkuntzarako gaitasuna Jainkoak baino ezin du eduki; guztiz ukatzen du gizakiak ideia horiek sortzeko gaitasuna edukitzea. Beharrezkoa da Jainkoak ideiak bere baitan edukitzea; hala izan ezean, ezinezkoa izango litzateke, Malebranchen ustez, Jainkoak sortu dituen izaki edo objektu guztiak sortu izana (hain zuzen, ideiek errepresentatzen dituzten izakiak edo objektuak). Bestalde, Jainkoa geure arimarekin bere presentzia hutsez loturik dagoela baieztatzen du, posible eginez gure arima eta Jainkoari dagozkion ideiak lotzea eta, ondorioz, geure arimak ideiak ezagutzea. Hemen bi tesi lotzen ditu Malebranchek. Alde batetik, Descartesena: Jainkoak geure ideien egiazkotasuna bermatzen duela. Beste aldetik, San Agustinena: aipaturiko Jainkoaren presentziaren bidez geure arrazoimenaren argi eta gisa bezala irudikatzen duen tesia. Tesi honi jarraiki, Malebranchek ondorioztatzen du ez dugula kanpo objektu sentsiblerik hautematen ideiak ezagutzeko eta ideiek ez dutela derrigorrezkoa existitzen den kanpo objektu bat errepresentatzea; ideien egiazkotasuna Jainkoaren baitan egoteak bermatzen du. Jainkoaren existentzia ezin da ukatu, izaki perfektuena eta infinitua izateagatik. Hortaz, “Jainkoa dago” proposiziorik argiena eta egiazkoena da. Beraz, ezinezkoa da Jainkoan dauden ideiak egiazkoak ez izatea.

Jainkoaren existentziaren beharrezkotasuna frogatzeko bidean, Malebranchek irauli egiten du Descartesen filosofia Jainkoari dagokionez. Descartesen planteamendu filosofikoak ez ditu helburu erlijiosoak, baizik eta filosofikoak eta zientifikoak. Bere sisteman, Jainkoa ezagutza eta egia ororen oinarria da. Malebranchek, aldiz, helburu erlijiosoak ditu, hots, Jainkoaren existentzia frogatzea du xede nagusi. Beraz, egia da Jainkora zuzenduko gaituena; Jainkoa ez da egiaren oinarria sistema kartesiarrean bezala, egia bera Jainkotik independentea delako (egiarekin batera lege naturalak daude Jainkora zuzentzen gaituzten ebidentzien artean).

Okasionalismoa eta dualismoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta Malebranchek proposatu zuen tesi okasionalistari esker izan famatua, ez zen lehenbizikoa izan tesia proposatzen. IX. mendeko islamiar filosofiako korronte batek defendatu zuen tesi bera, hain zuzen, Kallam izeneko tradizioak[1]. Okasionalismoak ukatu egiten du ohiko kausalitateari buruzko tesia: munduko gertakari bat munduko beste gertakari batek eragindakoa dela. Adibidez, nire besoa altxatzen dudanean gogo-gertakari batek kausatua dela pentsatu ohi dugu (gogo-gertakarien barnean nahiak, desioak, usteak, etab. sartzen dira); edo billarrean bola bat mugitu izanaren kausa beste bola batek jo izana dela pentsatzea da ohikoena. Hain zuzen, halako kausalitatea existitzen denik ukatzen du Malebranchek. Gertakari ororen kausa Jainkoa bera dela defendatzen du edo, beste modu batera esanda, Jainkoaren borondatearen ondorio dira munduko gertakari guztiak (gizakion irudimenaren ondorioa da gertaera bat beste baten segidan gertatzearen fenomenoa kausalitate erlazio gisa zehaztea). Orduan, zergatik mugitzen da billarrean bola bat beste bola batek jotzen duen bakoitzean (salbuespenik gabe)? Bola batek beste bat jotzea okasio bat baino ez litzateke izango Jainkoak bere borondatea bete ahal izateko. Hortaz, beharrezkoa da gertakari batzuk gauzatzeko beste batzuk gertatzea, nahiz eta erlazio kausalik ez egon, Jainkoa delako kausa bakarra. Ondorioz, gizakiak Jainkoaren bidez ezagutu ditzake gertakari guztien kausak eta ez, ordea, zientziaren bidez.

Galdera bat egin daiteke okasionalismoaren inguruan: zergatik ematen dira naturan erregulartasunak? Galdera hori erantzuteko biderik ohikoena lege naturalak daudela baieztatzea da eta, printzipioz, okasionalismoaren tesiaren aurkakoa dela pentsa genezake; izan ere, fenomeno oro lege batzuei jarraiki gertatuko litzateke eta ez, ordea, Jainkoaren borondatearen ondorioz. Hala ere, Malebranchek nolabait uztartu egiten du okasionalismoaren tesia lege naturalen beharrezkotasunarekin: Jainkoak bere borondatea modu ordenatu batean gauzatzen duela baieztatzen du, hain zuzen, lege naturalei jarraiki eta haiekiko aurkakotasunik gabe. Gainera, ezinezkoa izango litzateke Jainkoaren borondatea lege horien aurka joatea. Horretaz gain, sortu duen mundua sortu zezakeen mundu hoberena dela baieztatzen du, beharrezkoa (eta ez kontingentea) zelako mundua sortu duen bezala sortzea legeekin bat etorriz. Zergatik burutu du sorkuntza burutu duen moduan? Malebrancheren planteamendu teologikoaren arabera, modu hori izan zelako bere helburu nagusia betetzea: bere buruari dagokion ohorea erdiestea.

Zerk motibatzen du Malebranche tesi hau defendatzera? Kristautasunaren eta kartesianismoaren jarraitzailea izatearen ondorioz, tesi antropologiko dualista defendatzen du. Hau da, gizakia bi alderdik osatzen dutela dela defendatzen du: arima eta gorputza. Batez ere, Descartesen arazoa konpondu nahi zuen. Gizakiaren bi alderdiak bata bestearekiko guztiz independentetzat zituen eta bata bestea gabe existitu zitekeela. Hala ere, ezin ukatu zuen bien artean loturak ematen direla. Beraz, nola lotzen dira bi aldeak? (lotura da, hain zuzen, Descartesen arazoa). Descartesen irtenbidea ez zen oso konbentzigarria: lotura garuneko guruin pinealean gertatzen zela baieztatzen zuen, benetako froga enpiriko baliagarririk gabe. Malebranche okasionalismoaren bidez saiatu zen konpontzen arazoa: Jainkoak edo bere borondateak kausatua izango zen arimaren eta gorputzaren arteko lotura. Hau da, Jainkoaren etengabeko interbentzioak eragingo zuen bi giza alderdi horiek elkartzea, errealitateko beste edozein fenomeno Jainkoren interbentzioaren ondorio den bezala.

Descartesi jarraiki garatu zuen Malebranchek giza dualismoaren gaia, nahiz eta hainbat puntutan bat ez etorri. Descartesek adimenari buruzko ideia argi eta bereizi bat osatu dezakegula baieztatzen zuen. Bigarrenak, aldiz, adimenaren gaitasunen eta ahalmenen inguruko ezagutzarik ez dugula baieztatzen zuen eta, ondorioz, ez dugula ezagutza argirik adimenaren naturari buruz. Malebranchen Conversations chrétiennes obrako Theodore eta Aristesen arteko elkarrizketan honela dio Theodorek:

"Ez naiz gai nire buruari so egiten diodan bakoitzean neure ahalmen eta gaitasunak antzemateko. Neure buruari buruz dudan barne sentsazioak ni naizela, pentsatzen dudala, desiratzen dudala, kontzientzia sentsoriala dudala, sufritzen dudala, etab. informatzen dit; baina ez dit informaziorik ematen ni zer naizen argituz- nire pentsamenduaren, sentsazioen, pasioen edo minaren naturaz- edo gauza guzti horien erlazioetatik eskuratzen dudanaz[…] Ez dakit ezer nire arimari buruz."[2]

Hortik abiatuz Theodorek “Ni ez naiz nire burua argitzen duena” baieztatzen du. Gorputzaren eta arimaren arteko interakzio psikiko-fisikoan gorputzak ariman eraginik izan ezin duela defendatzen du Malebranchek, ezta arimak gorputzean ere. Erlazio hori eragiten duen kausa aktibo bakarra Jainkoa da (errealitateko aldaketa ororen eragilea den heinean). Neure besoa altxa nahi dudanean, neure borondatea okasioa edo kausa okasionala baino ez da Jainkoak bere borondatea bete eta neure besoa altxatu arazi dezan.

Malebranchek bere teodizearen bidez gaitzaren inguruko afera konpondu nahi du, hau da, ea zergatik Jainkoak sorturiko munduan gaitza existitzen den Jainkoa perfektua eta zintzoa izan arren. Jainkoak mundu perfektuago bat sor zezakeela baieztatzen du, baina konplexutasun askoz handiagoak beharko lirateke prozesuan eta emaitza ere oso konplexua izango litzateke. Jainkoaren helburua bere sorkuntzan sorkuntza beraren perfekzioa eta munduko legeen sinpletasuna islatzea zen. Hortaz, ez zuen konplexutasun goreneko mundua sortu, ezta lege perfektuenak ere. Horren ordainetan, gaitza lege eta mundu ez guztiz perfektuekin batera sortu ziren, baina inola ere ez ondorio jakin batzuk gauza zitezen. Jainkoaren helburua ez da gaitza sortzea, baizik eta mundu sinple bat sortzea, baina horrek gaitzaren sorkuntza dakar erruz.

Ekarpen zientifikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alor filosofikoan izan arren famatua, Malebranchek fisikan ere hainbat ekarpen egin zituen kartesianismoari jarraiki, nahiz eta marko horretatik aldenduz Descartesekin bat ez zetorrenean. 1699an Frantziako Zientzien Akademiara argiari eta koloreei buruzko tesi bat bidali zuen idatzita. Idazkian koloreak materian ematen ziren bibrazioen frekuentzia ezberdinen emaitza zirela baieztatzen zuen, musikan tonu ezberdinak airean ematen diren bibrazioen frekuentzia ezberdinen ondorio diren bezala. Descartesen teoriaren zuzenketa bezala aurkeztu zuen tesi hau, gezurtapen gisa baino, eta antzekotasun handiak zituen haren aurkakotzat jotzen den Isaac Newtonen teoria optikoarekin.

Mugimenduaren legeei buruz ere idatzi zuen filosofo frantsesak eta Leibnizekin luze eta zabal eztabaidatu zuen gaiari buruz. Matematikak ere jorratu zituen eta, bere kabuz aurkikuntza matematiko berririk egin ez arren, gakoa izan zen Descartesen eta Leibnizen ekarpenak Frantzian sartu eta zabaltzeko.

Biologiaren arloan preformazionismoari buruzko teoria original bat garatu zuen, non enbrioi bakoitzak bere baitan enbrioi txikiagoak zituen ad infinitum, Matryoshka amaigabe bat izango balitz bezala. Malebranchen hitzetan: “ hazi edo arrautza bakoitzaren baitan landare edo animalia kopuru infinitu bat dago, baina gaitasun eta esperientzia nahikoa duten naturalistek baino ezingo dute antzeman haien presentzia” (Magner 158-9)[3].

John Norris (1657-1712) filosofoaz gain, pentsalari kopuru oso txiki bat jo daiteke Malebranchen jarraitzailetzat arlo guztietan. Hala ere, estima handia izan zuen Malebranchek bere bizitzan zehar, baita bera hil eta denbora luze batean zehar ere, eta bere hainbat ideiaren eragina nabaria izan zen hainbat autore garrantzitsurengan.

Leibnizek (1675ean Malebranche Parisen ezagutu zuena eta gerora eskutitz bidez berarekin erlazionatu zena) ukatu egin zuen Malebranchen Jainkoari buruzko ikuspegia eta aurre-ezarritako harmoniaren teoria okasionalismoaren alternatiba gisa izan zen garatua, baita kausa eragileen interakzioari buruzko teoria tradizionalaren alternatiba gisa ere. Bere teodizean, Malebranchena baino garatuagoa izan arren, berarekin bat dator oinarrizko edukiari dagokionez: jainkozko bideen sinpletasunari ematen zaion garrantzia bera eman behar zaio munduaren perfekzioari.

David Hume-k onartu eta garatu egin zuen Malebranchen kausalitatearen teoriaren alde negatiboa, hau da, ezin dela munduko bi entitateren artean benetako erlazio kausalik egon eta frogatu. Alde positiboari dagokionez, Jainkora jo baino (Malebranchen modura), giza adimena aztertzeaz arduratzen da. Honela dio Humek Malebranchen proposamen positiboari buruz, hau da, Jainkoaren existentziari buruz:

"Sorginen munduan aurkitzen gara gure teoriaren azken urratsetara heldu aurretik[…]. Gure bizitza motzegia da hain leze sakonak arakatzeko."[4]

Epistemologia enpiristak Hume bultzatu egiten du Malebranchek defendatzen duen Jainkoarekin dugun konexioaren bidez egia metafisikoak aurkitu ditzakegun ideiak ukatzera. Modu berean, Lockek ere igarri zuen Malebranchen espekulazio metafisikoei oinarri egoki bat falta zitzaiela eta, burutsuak izan arren, ulergaitzak zirela baieztatzen zuen. Antzeko bide batetik, Schopenhauerrek honela deskribatu zuen Jainkoaren inguruko ikuspegia: “Adigaitza den zerbait oraindik adigaitzagoa den zerbaiten bidez azaltzen da."[5]

Lockek aurreikusi egin zuen Malebrachen fama Frantziatik kanpo txikitzen joango zela XVIII. mendean zehar eta hala gertatu zen. Hala ere, azken hiruzpa-lau hamarkadetan zehar Malebranchen obraren inguruko interesa piztuz joan da. Berak idatziriko hainbat obra Ingelesera itzuli dira lehenbizikoz, bere ideiak berriro ere aintzat hartzen joan diren heinean. Hainbatek baieztatu dute bere sistema filosofikoaren originaltasunak merituak ematen dizkiola Descartes, Spinoza edo Leibnizen maila berean jartzeko, hots, historiako hiru arrazionalista garrantzitsuenen mailan.

  • De la recherche de la vérité. Où l'on traite de la Nature de l'Esprit de l'homme, & de l'usage qu'il en doit faire pour éviter l'erreur dans les Sciences (1674-1675)
  • Traité de la nature et de la grâce (1680)
  • Conversations chrétiennes (1683)
  • Traité de morale (1684)
  • Entretiens sur la métaphysique, sur la religion et sur la mort (1688)
  • Traité de l'amour de Dieu
  • Entretien d'un philosophe chrétien et d'un philosophe chinois sur l'existence et la nature de Dieu (1708)
  • Lettres à Dortous de Mairan
  • Réflexions sur la prémotion physique
  • Recueil de toutes les réponses à M. Arnauld

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Filosofiaren historia. Elkar [2008] ISBN 9788497834032. PMC 863179603. (Noiz kontsultatua: 2019-03-11).
  2. (1638-1715),, Malebranche, Nicolas de,. (2010). Conversations chrétiennes. Librairie philosophique J. Vrin ISBN 9782711622108. PMC 690523075. (Noiz kontsultatua: 2019-03-11).
  3. Fabiani, Paolo. (2009). The Philosophy of the Imagination in Vico and Malebranche. Firenze University Press ISBN 9788864530666. (Noiz kontsultatua: 2019-03-11).
  4. 1711-1776., Hume, David,. (1993). Giza ezagutzari buruzko ikerketa. (1. argit. argitaraldia) Klasikoak ISBN 8488303580. PMC 434050595. (Noiz kontsultatua: 2019-03-11).
  5. Schopenhauer, Arthur. (1851-01-01). «Sketch of a History of the Doctrine of the Ideal and the Real» Arthur Schopenhauer: Parerga and Paralipomena: Short Philosophical Essays, Vol. 1 (Oxford University Press): 1–28. ISBN 9780199242207. (Noiz kontsultatua: 2019-03-11).
  • Arrieta Urtizberea, Agustin,Filosofiaren historia, "Berpizkundetik Ilustraziora", Elkar, 2008
  • Abbagnano, Nicolás, Historia de la filosofia, HORA S.A., Bartzelona, 1982

Bibliografia osagarria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Alquié, Ferdinand. Le cartésianisme de Malebranche (Paris: J. Vrin, 1974).
  • Connell, Desmond. The Vision in God. Malebranche's Scholastic Sources (Louvain: Nauwelaerts, 1967).
  • Fabiani, Paolo "The Philosophy of the Imagination in Vico and Malebranche". F.U.P. (Florence UP), Italian edition 2002, English edition 2009.
  • Lewin, James. Die Lehre von den Ideen bei Malebranche (Halle: E. Karras, 1912).
  • Gueroult, Martial. Malebranche (three volumes, Paris: Aubier, 1955–59).
  • McCracken, Charles. Malebranche and British Philosophy (Oxford: Clarendon Press, 1983).
  • Nadler, Steven. Malebranche & Ideas (Oxford: Oxford University Press, 1992).
  • Nadler, Steven, ed. The Cambridge Companion to Malebranche (Cambridge: Cambridge University Press, 2000).
  • Radner, Daisie. Malebranche: A Study of a Cartesian System (Assen: Van Gorcum, 1978).
  • Robinet, André. Système et existence dans l'oeuvre de Malebranche (Paris: J. Vrin, 1965).
  • Rodis-Lewis, Geneviève. Nicolas Malebranche (Paris: Presses Universitaires de France, 1963).
  • Schmaltz, Tad. Malebranche's Theory of the Soul (Oxford: Oxford University Press, 1996).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Nicolas Malebranche Aldatu lotura Wikidatan