Nina Kulagina
Nina Kulagina | |
---|---|
(2018) | |
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Нинель Сергеевна Михайлова |
Jaiotza | San Petersburgo, 1926ko uztailaren 30a |
Herrialdea | Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna |
Heriotza | 1990eko apirilaren 11 (63 urte) |
Jarduerak | |
Jarduerak | Parapsikologia |
Jasotako sariak | |
Nina Sergeievna Kulagina (ezkondu aurretik: Ninel Sergeievna Mikhailova; errusieraz: Нине́ль Серге́евна Кула́гина; Leningrad, 1926ko uztailaren 30a - 1990eko apirilaren 11) ustez ahalmen paranormal oso bereziak zituen Errusiako etxekoandrea zen, ospe handia lortu zuena bere estatuan eta nazioartean XX. mendeko 1960ko eta 1970eko hamarkadetan. Antza, emakume hori gai zen gauzakiak mugitzeko urrutitik, haren buruzko ahalmenak erabiliz (telekinesia). 1965etik aurrera ikerketa ugari egin ziren antzinako Sobietar Batasunean bere ahalmenak laborategian frogatzeko, eta egindako saio guztietan zientzialariek inoiz ez zuten Kulagina iruzurra egiten harrapatu.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nina Kulagina Leningraden (gaur egungo San Petersburgon) jaio zen, 1926an. Bigarren Mundu Gerran, 15 urterekin soilik, alemanen aurkako borrokan parte hartu zuen, guda bortitz batean larri zauritua izanik. Geroago V. Kulagin ingeniariarekin ezkondu zen, bere abizena hartuz. Senar-emazteek hiru seme-alaba izan zituzten.
XX. mendeko 60ko hamarkadaren hasieran, krisi nerbioso gogor baten ostean, bere ustezko ahalmen paranormalak piztu zitzaizkion. Bat-batean, errusiar etxekoandrea konturatu zen gai zela gauzakien koloreak asmatzeko sentsibilitate epidermikoen bidez (parapsikologian pertzepzio epidermiko deritzon fenomenoaren bidez). Era berean, gaztetatik gertatzen zitzaizkion ustezko fenomeno psikokinesikoak areagotu zitzaizkion: oso haserre eta amorru bizian zegoenean bere aldameneko gauzakiak berez mugitu edo puskatu egiten ziren.
Ikerketa zientifikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Leonid Vasiliev errusiar fisiologo ospetsua, Leningradeko unibertsitatean irakaslea zena, Kulaginaren aparteko ahalmenak ikertzen lehena izan zen, 1965ean. Telekinesiaren efektuak eragiteaz gain, Vasiliev-ek Kulaginak ESParen gaitasunak ere zituela egiaztatu zuen, argikusmenarenak batez ere.
Geroago, Mosku hirian 1968an egindako nazioarteko batzar batean, G. A. Sergeiev Leningradeko unibertsitateko fisiologoak nazioarteko parapsikologo eta zientzialariei Nina Kulagina dohainduarekin egindako ikerketen emaitzak aurkeztu zizkien. Nina zorroztasun handiz ikertua izan zen sobietar laborategietan XX. mendeko 60ko hamarkadaren erdialdean bere ahalmen telekinesikoak garatzen zituen bitartean, eta inoiz ez zen inongo iruzurrik antzeman. Laborategiko saioetan, dohaindua gai zen gauzaki txikiak (poxpoloak, kutxa txikiak, plastikozko tapoiak, etab) eta iparrorratzaren orratza mugiarazteko bere ustezko buru-ahalmenak besterik ez erabiliz. Bere gaitasun parapsikologikoak agerian uzten zituzten bideoak lau haizetara zabaldu ziren, nazioarteko ospea ekarri ziona.
Sergeiev doktorearen menpeko esperimentuetan, "jarduten" zuen bitartean erregistro entzefalografikoak egin zizkioten Nina Kulaginari. Erregistroek garbi erakutsi zuten bere burmuineko lobulu okzipitalean aparteko burmuin-jarduera zegoela, ohi baino askoz handiagoa [1]. Era berean, saioak burutzen zituen bitartean bere bihotz-taupadak 150-240 minutuko ziren [2].
Kulagina kasua aztertzean sobietarrek erakutsi zuten hermetismoak (Gerra Hotzaren garaia zen) galarazi zuen beste herrialdeetako zientzialariek emakumea sakon ikertu ahal izatea. Hala ere, J.G. Pratt doktoreak, Dukeko unibertsitatearen parapsikologo beteranoak, Kulagina ezagutu zuen eta Sergeiev doktorearen ondorioak bermatu zituen, errusiar dohainduaren fenomenoen egiazkotasuna azpimarratuz. Izan ere, G.A. Sergeiev doktoreak Pratt doktoreari 1970ean aitortu zion Nina Kulaginarekin 200 saio baino gehiago egin ostean, laborategiko kontrol zorrozpean, fenomeno psikokinesikoaren benetakotasunaz konbentzituta zegoela [2].
Kulaginaren saio ospetsuenetariko bat Leningradeko unibertsitateko Sergeiev doktorearen laborategian burutu zen 1970eko martxoaren 10ean. Objektu txiki batzuk (pospoloak, arkatzak, metalezko grapak...) higiarazi ondoren, ikerlariek bizidunengan eragiteko ahalmena zuenez ikertu nahi izan zuten. Kulagina igel baten bihotzaren gainean eragiten saiatu zen, eta gogor kontzentratu ondoren bihotzaren taupadak azkartu zituen, gero moteldu, eta -azkenean- erabat gelditu zituen [3].
Hil arte (1990ean) Nina Kulaginak ehunka saio kontrolatuetan parte hartu zuen. Oihartzun handia izan zuen 1987an Pravda egunkariari irabazi zion epaiketak, bere efektu paranormalak imanen bidez lortzen zituela akusatu zion kazetariari irabazitako epaiketa, hain zuzen ere.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ A. Cancedo, M. Capel, L.F. Briones, F. Gavilan eta beste batzuk: La Nueva Parapsicologia, ed. Noguer (1981), 195-196 orr.) ISBN: 84-279-9300-5
- ↑ a b J. G. Pratt: Parapsicologia moderna, ed. Paneuropea (1976), 72-80 orr. ISBN: 84-85114-1-3
- ↑ Moss, Thelma (1979). The Body Electric. J. P. Tarcher. p. 79
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) Informe Nina Kulagina: un caso único en la historia de la parapsicología
- (Gaztelaniaz) Telekinesis: la mente sobre la materia