Olaf V.a Norvegiakoa
Olaf V.a (1903ko uztailaren 2a-1991ko urtarrilaren 17a) 1957tik bere heriotzera arte Norvegiako errege izan zen. Schleswig-Holstein-Sonderburg-Glücksburg dinastiako kidea, Haakon VII.aren eta Maud Galeskoaren semea zen.
1905ean, Norvegia Suediatik banatu eta erresuma independente bihurtu zenean, bere aita aukeratu zuten errege. Une horretan jaso zuen Olaf izena ere, jaiotzerakoan Alexander Edward Christian Frederik izenez bataiatu baitzuten. Bere aitak ahalegin berezia egin zuen semea kultura norvegiarrean hezteko, eta, horregatik, bertako ikastetxeetan ikasi zuen.
1929an ezkondu zen bere lehengusina Marta Suediakoarekin, eta hiru seme-alaba izan zituen:Ragnhild printzesa, Astrid printzesa eta Harald printzea (geroago errege bihurtu zena).
Bigarren Mundu Gerran parte hartze esanguratsua izan zuen, bere aitarekin batera, III. Reicharen aurkako borrokan. Gobernu osoarekin batera, Londresen erbesteratu zen, eta bertatik Norvegiako Armadaren (erbestekoa) laguntzaile izan zen.
1957an, bere aita hil ondoren, hartu zuen erregetza. Gerran Norvegiari eskainitako leialtasunagatik, "Herritarren Errege" izenez egin zen ezagun. Bizkartzain gabe ibiltzeko ohituraz galdetuta, honako hau erantzun omen zuen behin: "Nola ez dudala bizkartzainik? 4 milioi ditut eta" (Norvegiako biztanleria osoa, alegia).
1991ko urtarrilean hil zen, bihotzekoak jota.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Olaf V.a Norvegiakoa |