Aliatuek ezin izan zituzten bere helburu nagusiak hartu lehen egunean baina hondartza-buru bat lortu zuten hurrengo egunetan aurrera egiteko. Ekainaren 26an Cherburgeko portua eta uztailaren 21ean Caen hartu zituzten. Abuztuaren 8ko alemaniar kontraerasoak porrot egin zuen eta Wehrmachteko VII. Armadako 50.000 soldadu Falaiseko poltsa ospetsuan harrapatuak izan ziren. Abuztuaren 15ean, hegoaldeko Frantzian, aliatuek Dragoon operazioa hasi zuten eta, pintza horri esker, hilaren 25ean Parisen liberazioa lortu zuten. Abuztuaren 30ean alemaniarrak Sena ibaiko haranetik erretiratu zirenean, Overlord operazioa amaitutzat eman zuten.