Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Piztiak bizi diren lekuan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Piztiak bizi diren lekuan
Datuak
IdazleaMaurice Sendak
Argitaratze-data1963ko apirilaren 9a
GeneroaHaurrentzako album ilustratuak
Jatorrizko izenburuaWhere the Wild Things Are
HizkuntzaIngelesa
ArgitaletxeaHarper (en) Itzuli
HerrialdeaEstatu Batuak
IlustratzaileaMaurice Sendak
Orrialdeak40
ISBN0-06-025492-0
Euskaraz
IzenburuaPiztiak bizi diren lekuan
ItzultzaileaKoldo Izagirre
Argitaratze-data2009
Orrialdeak40
ISBN978-84-8464-724-9

Piztiak bizi diren lekuan (Where the Wild Things Are), Maurice Sendak idazle eta ilustratzaileak idatziriko album ilustratu bat da.

Lan hau ingelesez argitaratu zen lehen aldiz 1963. urtean. Hasieran gizarteko haurren jokabide ez eredugarria erakusten zuela esan zen arren Haur eta Gazte Literaturako klasiko bihurtu da, eta hainbat hizkuntzatara itzuli ondoren inoizko obrarik salduenetako bat da. [1][2]

Istoria honetan Sendakek mutiko batek munstroen mundura egindako bidaia baten gorabeherak kontatzen dizkigu.

Max izeneko mutiko txiki bat, bihurrikeriak egiten aritu da etxean; horregatik, amak afaldu gabe logelara bidali du. Bat batean, Maxen logela, modu misteriotsu batean oihan handi bat bihurtzen hasi da. Kontakizunak aurrera egin ahala, protagonista oihanean barneratzen doa, eta bertan aurkitu duen itsasoa zeharkatuz piztiak bizi diren uharte batera heldu arte. Basatiak bezain maitagarriak diren munstro haiekin jolasean aritu da, harik eta beraien errege bihurtu den arte. Denbora igaro ahala, bakarrik sentitu da eta etxekoen falta sumatu du; orduan, etxera bueltatu da. Logelara bueltatzerakoan, janari bero eta goxoa usaindu du jangelatik, bere zain.

Interpretazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Album hau argitaratu izan duten argitaletxeek, hiru urtetik aurrerako irakurleei gomendatu izan diete liburua. Baina, album ilustratu hau haur zein helduentzat egokia izan daitekela esaten da, helduek interpretazio anitzak egiten baitituzte kontakizunaren inguruan. [3] Hain ezaguna eta irakurria izan den album honek kontakizun soil batez haratago, istorio aberats bat gordetzen du, zeina modu askotara interpretatua izan dena, irakurle ezberdinen kriterioen arabera. [4][5]

Kontakizun honetan Maxek egiten duen bidaia hori, protagonistaren irudimenean eginiriko bidaia sinboliko bat da, leku eta denbora mitikoan zehar egiten duena. Bidaia hori joan etorriko bidaia bat da, protagonistak errealitatetik fikziora egiten duen bidai bat; zigortuta dagoen denbora pasatzeko modu bat izan daiteke, edota bere beldurrei aurre egiten saiatzeko modu bat. Izan ere, kontakizunean zehar agertzen diren elementu eta pertsonaiek zerbait errepresentatzen dutela esan daiteke: batetik, piztiak haurraren beldurrak izan daitezke, edota pertsonaia helduen irudiak; bestetik, janari beroa etxearekin eta segurtasunarekin lotzen duen elementutzat hartzen da.[6][3][7]

Piztiak bizi diren lekuan album ilustratu bat da, erabat ikusgarria eta estetikoa. [8] Bertan, istorio poetiko zein samurra kontatzen da, umorez, ekonomiaz, eta testu-ilustrazioen arteko erabateko oreka zein harmonia markatuz. Bikaintasunez bateraturiko liburua izanik xehetasun txikiena ere artistikoki pentsatuta dago: diagramazioarekin egindako jolasa, formatua, orrialde bakoitzak duen giro magikoa, tentsio argumentala eta hitzen, hotsen eta errepiken konbinazioa. [1] Hau lortu ahal izateko, irudiak izugarrizko indarra du.[8] Egileak ilustrazioen tamainarekin egiten du jolas, hauek handituz eta txikituz joaten baitira istorioak aurrera egiten duen heinean. Hasieran, irudia oso txikia da, eta pixkanaka hau handituz joaten da ipuinaren bi orriak bete arte; une horretan, istorioa bere puntu gorenera iristen da. Hortik aurrera, irudia txikituz doa bere hasierako tamainara iritsi arte.[1] Ilustrazioekin egindako jolas honek Maxen mundu fantasiosoa irudikatzen du, irudien tamaina handitzean, bere munduan geroz eta gehiago barneratzen delarik. [8]

Piztiak bizi diren lekuan, autoreak koloretan egindako lehen album eredugarria izan zen; alde batetik, bai argumentua eta baita ilustrazioak ere bikainak zirelako, eta bestetik, irudien eta textuaren arteko lotura aparta zelako. [8] Sendak-ek testuaren eta irudiaren arteko erlazioa testu kontsultibo bezala definitzen du; hau da, irudiak eta hitzak kode bakoitzak sortzen dituen hutsuneak betetzen dituela adierazte du, batak bestea osatuz. [5] Albumaren inguruan ikasi duten teorikoek diotenez, autorearen lan bakoitzean hitzak eta irudiak diskurtso egituratu bat osatzen dute. [5]

Albumaren estetikari dagokionean, urrats aurrerakoi eta berria ezarri zuen Sendak ilustratzaileak. [2] Grafismo aldetik erritmo berria eman zion kontakizunari, marrazkiek orri osoa betetzen zuten, eta irudiek indar narratzaile handia hartu zuten. [2]

Horrez gain, autoreak zenbait baliabide eta elementu erabiltzen ditu irakurlearengan sentsazio bat edo beste sorrarazteko: Max agertzen den eszenatoki ezberdinetan ilargiaren presentziarekin jolasten du, denbora errealaren eta Maxen barne denboraren arteko mugak lausotuz. [8] Bestalde, baliabide grafikoak konbinatuz, markoen erabilera urruntze-sentsazioak sorrarazteko, edota hitz eta soinuen errepikapenak testu sentsazioak sortzeko, Sendak-ek narrazio zirraragarri bat muntatzen du eta haurren barne-munduko beldur eta haserreekin konektatzen du. [8] Azkenik, koloreen eta argiaren erabilerarekin jolasten du haurtzaroaren alde iluna irudikatzeko. [5]

Album ilustratuei dagokienez, autoreak dio ilustrazioak testuaren hedapena izan daitezkeela, eta horregatik, garrantzitsua dela ilustratzailea obra egiteko prozesuaren kolaboratzaile aktibo izatea, eta ez idazlearen oihartzun soila. [3] Izan ere, ilustratzaile izatea, albumaren parte izatea da, garrantzia edukitzea eta espresatzeko beste modu bat adieraztea. [5]

Album honek amets baten egitura du eta istorioa azaltzeko erabiltzen den textuaren egitura oso sinplea da, ilustrazioak hartzen baitu garrantzi handiena. Ez dago parodia, tabu, edota ezkutuko mezu nabaririk, ezta hiztegi konplexurik ere. Testua berezi egiten duena, ordea, Sendak-en beste lan askotan bezala, istorioaren erritmoa da. Bereziki poetikoa izan gabe, testua oso erritmikoa da eta oso garrantzitsua da erritmo hori antzematen eta ahoz gora irakurtzerakoan errespetatzen jakitea, hor baitago obraren muinetako bat. Zentzu honetan, oso garrantzitsuak dira esaldien puntuazioa, luzera eta albumean duten kokapena. Hizkuntza oso gutxi dago eta esaldiak motzak eta arruntak dira, ekintzak argi markatzen direlarik.  Istorioak aurrera egin ahala, irudiak gero eta indar handiagoa hartzen du, zenbait eszenetan testurik ez egotera iritsi arte eta honek istorioak helarazten duen tentsio eta erlaxazio uneekin bat egiten du.[7]

Albumaren eragina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso obra garrantzitsua izan da historian, arrazoi ezberdinak direla medio. Lehenik eta behin, aipatu beharra dago album ilustratuen historian inflexio puntu bat suposatu zuela lan honek. Formatuarekin eta edizioarekin jolasteko modu berri bat ekarri zuen Sendakek, momentuan oso modernoa, eta gaur egun arte iraun eta etengabe erabili dena. Album modernoaren hasieratzat ere hartua izan den liburua da, irudi-textu harreman berezi honengatik. Hain da horrela, ezen Haur eta Gazte Literaturaren eta ilustrazioaren munduan kontsakratu zela autorea, mende erdi beranduago ere irakurle ugari liluratuz. [9]

Liburua hainbat hizkuntzetara itzuli zen, eta gaur egun Haur eta Gazte Literaturako klasikotzat jotzen da, kanonen barruan aurkitu daiteke askotan. [1]

Horrez gain, esan dezakegu liburuak korronte psikoanalitikoa ukitzen duela. Maxen barne-bidaia emozional horretan barrena, eguneroko bizitzan ohikoak diren eta argi-itzalez beteta dauden munstro eta sentimendu ugari ezagutzen ditu, irakurleari ere bidaia berbera egin dezan gonbitea zabalduz. Gainera, artista askorentzat inspirazio iturri izan da liburua, eta keinu asko egin izan zaizkio autoreari. [2]

Guraso eta pedagogo gutxi batzuen ustetan bere munstroek haurrak izutu zitzaketen arren, orokorrean oso kritika onak jaso dituen artista da Maurice Sendak. Haur eta Gazte Literaturan kontsakratu zen obra honekin, eta obituarioen arabera, azken mendeko ipuinlari eta ilustratzaile onena izan zen. [9]

Orobat, aipatutakoaz gain, bere araua hausteko joera, umeak zer behar duen dioen gizartea zalantzan jartzekoa, eta beste estetika bat lantzeko nahia eta interesa goraipatzen zaizkio. [2]

Gutxi dira ipuin hau ikus-entzunezko lan bihurtzen saiatu direnak. Hain zuzen ere, 2009 arte, 1973ko laburmetrai bat zen gisa honetako saiakera bakarra. Gene Deitch-ek zuzendutako si minutuko lana dugu, jatorrizko ilustrazioei mugimendua eman eta soinu efektu eta musika gehitzen zaizkiona.

Esan bezala, hori zen ipuin honen ikus-entzunezko bertsio bakarra 2009. urtean Spike Jonzek bere pelikula atera zuen arte. (Pelikularen wikipediako orria txertatu)

101 minutuko lan honetan, jatorrizko ipuinaren bertsio zabaldu bat ematen zaigu, gizaki, mozorrotutako aktore eta zenbaitetan teknologiak sortutako irudien bitartez.

Orobat istorioa errespetatzen da, nahiz eta zenbait gauza aldatuta dauden. Adibidez, ipuinaren kasuan oihana Max-en gelan eratzen den bitartean, filmean bertara bidaiatzen du eta bidaia horretan asko zentratzen da.

Esan daiteke haurrentzat idatzita dagoen ipuin batetik abiatuta, helduentzat ere oso atsegina izan daitekeen pelikula dela. [10]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d «Kalandraka: Detalle libro» www.kalandraka.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-20).
  2. a b c d e Behinola, Galtzagorri Elkartea. Hitz beste. Haur eta gazte liburuen kritika eta erreseinak. .
  3. a b c Barrio Solé, I. (2018). Album ilustratuen itzulpena ingelesetik euskarara:" Where the Wild Things Are" lana (Gradu Amaierako Lana). EHU: Gasteiz.
  4. Agirre, Lorea. «Piztiak bizi diren lekuan» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-03-20).
  5. a b c d e Tabernero, Rosa. (2016). El universo de Murice Sendak: una nueva manera de representar la infancia. Revista de estudios culturales de la universitat Jaume.
  6. «LA OBRA Y SU CONTEXTO:» «Muerte e inmortalidad» de Sciacca (Casa Editrice Leo S. Olschki s.r.l.): 13–24. ISBN 978-88-222-7063-4. (Noiz kontsultatua: 2020-03-21).
  7. a b Tabernero Sala, Rosa; Calvo Valio, Virginia. (2016). «El universo de Maurice Sendak: una nueva manera de representar la infancia» Cultura, Lenguaje y Representación 16 (2): 85–102.  doi:10.6035/clr.2016.16.5. ISSN 2340-4981. (Noiz kontsultatua: 2020-03-21).
  8. a b c d e f «Indices: autor 'SENDAK, Maurice' :: bienvenidosalafiesta ::    » www.bienvenidosalafiesta.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-21).
  9. a b (Ingelesez) Cheetham, Dominic. (2011). «The Wild Things in Japanese: Markedness, Rhythm and Cultural Acceptance» Meta : journal des traducteurs / Meta: Translators’ Journal 56 (3): 596–609.  doi:https://doi.org/10.7202/1008335ar. ISSN 0026-0452. (Noiz kontsultatua: 2020-03-22).
  10. Perez Moran, Ernesto. (2010). Pocas palabras, muchas lecturas. Cuadernos de literatura infantil y juvenil, 234, 42-48 or. ISBN 0214-4123..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]