Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Protestantismo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Protestante» orritik birbideratua)
Protestantismoa
Protestantismoaren hedapena
SortzaileakMartin Luther
Joan Kalbino
Ulrich Zwingli
John Knox
Jan Hus
JainkoaHirutasun Santua: Jainko Aita, Jainko Semea eta Jainko Espiritu Santua
MotaKristautasuna
Jarraitzaile-kopurua gutxi gorabehera801.000.000
Jarraitzaileen izenaProtestante, ebanjeliko
Idazti sakratuaBiblia (protestanteentzako bertsioak)
Hizkuntza liturgikoaHerri-hizkuntza
SorlekuaAlemania Alemania
Jarraitzaile gehieneko herrialdeaAmeriketako Estatu Batuak Ameriketako Estatu Batuak
IkurraGurutzea
JainkotegiakElizak
ApaizeriaGotzainak, artzainak, zerbitzariak (adarraren arabera)

Protestantismoa edo protestantegoa[1] Erreformako jakinbideaz sortutako fede eta jardun erlijiosoei jarraitzen dien kristautasunaren adarra da. Era zabalagoan, aldiz, protestantismoa Aita Santuaren agindupetik kanpo dagoen Mendebaldeko Kristautasuna da. Protestantismoa, kide-kopuruari dagokiola, kristautasunaren bigarren erarik handiena da, nazioartean, guztira, 800 milioi eta 900 milioi baino jarraitzaile gehiagoren artean baitauzka, ia kristau guztien %40[2][3]. XVI. gizaldian sortu zen erlijiozko higikunde eraberritzailea izan zen, Erromatar Eliza Katolikotik bereizi zena, haren akats eta desbideraketak zirela-eta[4]. Protestanteek Erromatar Eliza Katolikoaren aita santuaren gailentasunari eta sakramentu katolikoei uko egiten diete, baina euren artean ez datoz bat eukaristian Jesu Kristo benetan egoten denetz[5]. Protestanteek honako hauek nabarmentzen dituzte: sinestun guztien apaizgoa, fede soilaren bidezko zuzenespena (sola fide), ekintza onen bidezkoa beharrean, eta Bibliaren gorentasun hutsa (ohitura apostolikoarekin batera izan barik) fedean nahi moralean (sola scriptura)[6]. «Bost solek» Erromatar Eliza Katolikoarekiko oinarrizko teologia-ezberdintasunak laburbiltzen dituzte[7].

Protestantismoa Alemanian 1517an hasitakotzat hartzen da, alegia, Martin Lutherrek bere Laurogeita hamabost Tesiak argitaratu zituenean. Tesiok Erromatar Eliza Katolikoak barkamen gehiegi saltzearen aurkako Lutherren erantzuna izan ziren; barkamen horien bitartez, erosleei euren zigorrak aldi baterako barkatzen zitzaizkien[8]. Protestante hitza luthertar printzeen 1529ko protesta-gutunetik (protestatio) eratorria da, hots, Martin Lutherren jakinbideak sinausletzat gaitzesten zituen Spirako Dietaren ediktuaren aurkako adierazpenetik[9]. Adierazpen hura Martin Lutherrek egin zuen Dietaren aurretik, Wormsko Dietak erabakitakoa berretsi zuenarekin ados ez zegoelako. Targoak eta Erromatar Eliza Katolikoa berriztatzeko lehenago saialdiak izan baziren ere, bereziki Petri Valdo, John Wycliffe eta Jan Husen eskutik, Lutherrek ez beste inork ez zuen lortu ikuspegi zabalago eta iraunkorragorik eta higikunde modernorik sortzea [10]. XVI. gizaldian, luteranismoa Alemaniatik (sasoi hartan Germaniako Erromatar Aginterri Santuan) Danimarkara, Norvegiara, Suediara, Suomira, Letoniara, Estoniara eta Islandiara hedatu egin zen[11]. Joan Kalbino, Ulrich Zwingli eta John Knox lako erreformatzaileek Alemanian, Hungarian, Herbehereetan, Alban, Suitzan eta Frantzian sinesbide kalbindarrak barreiatu zituzten[12]. Henrike VIII.aren erregealdian, Ingalaterrako Elizaren aita santuaren arteko bereizketa politikoak anglikanismoari hasiera eman zion, Ingalaterrara eta Galesa erreforma-higikunde zabala eroanez.

Protestantismoa anitza da, eta teologikoki zein eklesiologikoki Erromatar Eliza Katolikoa, Eliza Katoliko Apostoliko Ortodoxoa edo ekialdeko eliza ortodoxoak baino zatituagoa dago. Egitura-batasun edo erdiguneko giza agintari barik, protestanteek eliza ikusezinaren adigaia garatu zuten, Eliza Katolikoa Jesukristok irasitako benetako eliza bakar ikusgarritzat daukan ikuspegi erromatar katolikoaren oso bestelakoa. Sinesbide protestante batzuk eta euren kideak mundu osoan zehar zabalduta daude, eta beste batzuk herrialde bakar batean finkatuta egoten dira. Protestante gehienak sinesbide gutxi batzuen kide dira: adbentistak, anabaptistak, anglikarrak, baptistak, kalbindarrak, luthertarrak, mendekostearrak eta metodistak. Dena dela, sinesbiderik bakoak, ebanjelikoak eta karismadunak, eliza beregainak eta beste mota batzuetakoak hazten ari dira, eta kristautasun protestantearen zati esanguratsua osatzen dute[13][14]. Adarkaduraren teoriaren aldekoek kristau-herriaren hiru zatiketa nagusienekotzat jotzen dute protestantismoa, Erromatar Eliza Katolikoarekin eta Ortodoxiarekin batera.

Protestantismoaren adarkadura gizaldien buruan
Protestaren Oroitzaren Eliza (1904an amaitu eta sagaratua) Spiran, Protestaren oroitzapena egiten du.
Martin Luther, bere omenezko oroigailuan, Wormsen

Germaniako Erromatar Aginterri Santuko sei printzipek eta hamalau Hiri Inperial Asketako jaurlariak protestante izendatutako lehenengo gizabanakoak izan ziren, Spirako Dietaren (1529) ediktuaren aurka protesta edo desadostasuna igorri baitzuten[15]. Ediktuak Erromatarren Enperadore Santu Karlos V.ak hiru urte aurretik Spirako Dietan (1526) luthertarrei egindako lagapenak lehengoratu zituen. Protestante terminoak, hasiera batean izaera politiko hutsezkoa izan arren, zentzu zabalagoa hartu zuen, hasi-masi protestante nagusiak ontzat hartzen dituen mendebaldeko eliza baten edozein kide izendatzeko. Hala ere, sarritan, oker erabiltzen da elkarte katoliko eta ortodoxoetatik kanpoko edozein eliza adierazteko. Protestantismoa, orain, termino orokor legez, beste adar kristau nagusien aurrean erabiltzen da, hau da, erromatar katolizismoa eta ortodoxiaren aurrean.

Erreforma sasoian, protestante terminoa ez zen Alemaniako politikagintzatik at ia erabili. Erlijio-higikundean esku hartu zuten lagunek ebanjeliko (alemanez: evangelisch) hitza erabili zuten. Apurka-apurka, protestante termino orokor bilakatu zen, Erreformari atxikitako edozein aleman-hitzun aipatzeko. Azkenik, hein batean, luthertarrek onartu zuten, Martin Luther beraren iritziz, kristau eta ebanjeliko ziren Kristori jarraitzen zioten lagunentzako izen onargarri bakarrak. Higanotek eta protestante suitzarrek, protestante barik, erreformatu (frantsesez: réformé) hitza hobetsi zuten, kalbindarrentzako izen ezagun, neutral eta ordezko bihurtu zena.

Bide-seinaleak, Alemaniako Wiesbaden hirian, eliza protestante bi ezberdinetarako bideak erakusten.

Ebanjeliko hitza (alemanez: evangelisch), ebanjelioari dagokiona, 1517tik aurrera aleman-hiztunek barra-barra erabili zuten erlijio-higikundean sartuta zeudenak izendatzeko[16]. Gaur egun, oraindik ere, ebanjeliko hainbat sinesbide historiko protestanteen atseginena izaten jarraitzen du, luthertarrena, kalbindarrena eta protestante batuena (luthertarra eta erreformatua), Europan, bai eta haiekin lotura estuak dauzkatenena ere (e. b. Wisconsin Sinodo Ebanjeliko Luthertarra). Terminoa, batez ere, kidego protestante aleman-hiztunek erabiltzen dute, esate baterako, Eliza Ebanjelikoa Alemanian. Hitza alemanez evangelisch protestante esan nahi du, eta evangelikal alemanaren bestelakoa da, ebanjelikalismoari atxikitako elizei deitzeko erabiltzen dena. Euskaraz ebanjeliko hitzak, ebanjelioari eta bere jakinbideari dagokiona esan nahi izateaz gain, sinesbide protestante batzuei izena ematen die[17].

Martin Lutherri luthertar terminoa beti gaitzi izan zitzaion, ebanjeliko terminoa nahiago zuen, euangelion grezierazko hitzetik eratorritakoa, «berri onak» esan nahi duena, hau da, «ebanjelioa»[18]. Joan Kalbino, Ulrich Zwingli, eta kristautasun erreformatuari lotutako beste teologoek termino hori erabiltzeari ekin zioten. Talde ebanjeliko biak ezberdintzeko, beste batzuk talde biei luthertar ebanjeliko eta erreformatu ebanjeliko deitzen hasi ziren. Protestantismo moderatuko beste joeretako jarraitzaileek terminoa erabili izan zuten, esaterako, metodistek euren burua Metodista Ebanjeliko izendatu zuten; haatik, denbora aurrera joan ahala, ebanjeliko hitza kendu zuten. Luthertarrek eurek luthertar terminoa erabiltzen hasi ziren XVI. gizaldiaren erdian, kalbindar eta philipparrengandik bereizteko.

Gaur egun, ebanjeliko protestante fundamentalistenak izendatzeko erabiltzen da, hasierako protestante historiko moderatuengandik (luthertarrak, presbiteriarrak, anglikanoak, metodistak) ezberdintzeko. Hala ere, protestantismo historikoari atxikitako talde ugarik hitza erabiltzen jarraitzen dute.

Reformatorisch hitz alemana, gutxi gorabehera «erreformatzaile» edo «erreformista» lez itzultzen dena, alemanean evangelisch ordezteko erabili ohi da, eta euskarazko erreformatu (alemanez: reformiert) terminotik bereizten da, hark Joan Kalbino, Ulrich Zwingli eta beste teologo erreformatuen ideien antzera eratutako elizak izendatzen ditu. «Erreforma» hitzetik eratorria, ebanjeliko (1517) eta protestante (1529) terminoekin batera agertu egin zen.

Oinarri nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Erreforma protestantearen funtsezko teologoak: Martin Luther eta Joan Kalbin eliza bateko sermoitegian irudikatuta. Erreformatzaile haiek Ebanjelioa aldarrikatzea nabarmendu zuten, eta euren jaurespenaren atal nagusi bihurtu zuten.
Martin Lutherrek herri-hizkuntzara itzulitako Biblia. Idazteunen gorentasuna protestantismoaren oinarrizko funtsa da.

Zenbait adituk kristau-sinesbide batek protestante zerk egiten duen zehazten saiatu da. Haietako gehienak bat datoz kristau-sinesbide bat protestantetzat jotzeko protestantismoaren honako hiru oinarri hauek onartu behar dituztela.

Idazteunen gorentasun soila (sola scriptura)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lutherrek Biblia elizarentzat aginpidearen sorburu gorena zelako sinesmena azpimarratu zuen. Erreformaren sasoiko eliza lehentiarrek Idazteunen irakurketa kritiko baina zorrotzean eta Biblia, aginpide-sorburu lez, eliza-ohituraren gainetik kokatzean sinesten zuten. Erreforma protestantea baino lehenago, Eliza Katolikoan jazo ziren gehiegikeria oparoek erreformatzaileak ohitura gehienari uko egitea eragin zuen, zenbaitzuk ohiturari eutsi bazioten ere, liturgian eta Erreformako eliza protestanteen sinesbideetan irozo eta berrantolatu dena. XX. gizaldiaren hasieran, Estatu Batuetan, Bibliaren irakurketa zorrotzagoa garatu zen, eta hark Idazteunak interpretatzeko joera «fundamentalista» ekarri zuen. Kristau fundamentalistek Biblia Jaungoikoaren Hitz «hutsezin» bezala irakurtzen dute, erromatar eliza katolikoak, ekialdeko ortodoxoek, anglikar eta luthertarrek egiten duten era berean, baina hitzez hitz interpretatuta metodo historiko-kritikoa erabili barik.

«Kristautasun biblikoa», Biblia sakonki ikastera bideratutakoa, protestante gehienen bereizgarria da; ohitura katoliko eta ortodoxoek, ostera, «kristautasun eklesiastikoa» ordezkatzen dute, ohikuneak eta ekintza onak burutzera bideratuak. Bestalde, kuakero eta mendekostearrek Espiritu Santua eta Jaungoikoarekiko laguntasun hurkoa nabarmentzen dute[19].

Fede soilezko zuzenespena (sola fide)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Protestantismoaren arabera, sinestunak Kristogan fedea edukitzeagatik soilik, eta ez fedea eta ekintza onak bateratzeagatik, zuzenesten dituela, edo bekatu egiteagatik barkatzen. Protestanteentzat, ekintza onak zuzenespenaren zergatia izan barik, zuzenespenaren beraren beharrezko ondorio dira[20]. Edozelan ere, zuzenespena fede hutsezkoa den arren, fede nuda fides ez delako iritzia dago[21]. Joan Kalbinok zera esan zuen: «halandaze, fedea baino ez da zuzenesten duena, eta, hala ere, zuzenesten duen fedea ez dago bakarrik: eguzkiaren bero soilak Lurra berotzen duen bezala, eta, hala ere, beroa ez dago eguzkian bakarrik».

Sinestun guztien apaizgoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sinestun guztien apaizgoak berekin ekartzen du kristau laikoek Biblia herri-hizkuntzan irakurtzeko eta eliza jaurtzeko eta bere gaietan esku hartzeko eskubide eta betebeharrak edukitzea. Ororen apaizgoa mailaketa-sistemaren aurka dago, elizaren zerizan eta nagusitasuna apaizgo baztertzailean kokatzen duena, eta elizkide erregeladunak Jaungoikoaren eta sinestunen arteko beharrezko bitarteko bihurtzen ditu[20]. Apaizgo erregeladuna sinestun guztien apaizgoaren adigaiaren oso bestelakoa da, erregeladunak ez dielako elizkideei bere kabuz Biblia interpretatzeko abagunerik baimentzen, eta guztien apaizgoak, ordea, aukera hura ahalbidetu zuelako[22]. Zenbait ikastunen arabera, jakinbide horrek elizako bereizkuntza guztiak espiritu-izakitasun bakarrean zurrupatzen ditu[23]. Berebat, oinarri horrek Kristo igarle, apaiz eta erregetzat aitortu zuen, eta haren apaizgoa beraren herriarekin elkarbanatutakoa dela aldeztu[24].

Hirutasun Santua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu nagusia: «Hirutasun Santu»
Hirutasuna Jaungoikoa hiru izakitan jainko bakarra delako sinesmena da: Jainko Aita, Jainko Semea (Jesus) eta Jainko Espiritu Santua.

Erreforma protestantearen sasoian, hirutasunari uko egiten dioten higikunde batzuk agertu ziren, eta, horregatik, ez ziren protestantetzat hartu, esate baterako, bakoiztartasuna. Hori dela-eta, era berean, Stone-Campbell Berrezarkuntza Higikundea, Unibertsalismo Bakoiztarra, Mendekostismo Bakartarra eta beste higikunde batzuk protestantismotik baztertu izan dira. Bakoiztartasunak Transilvanian, Ingalaterran eta Estatu Batuetan, bai eta beste toki batzuetan ere, bizirik dirau.

Bost solak (quinque solae) Errefoma protestantea zen bitartean agertu ziren latinezko bost esaldi (edo lelo) dira, eta erreformatzaileek, sinesmen teologikoetan, Erromatar Eliza Katolikoaren irakasbideen aurka zeuzkaten funtsezko ezberdintasunak laburtzen dituzte. Sola hitz latindarrak «bakarra» edo «soila» esan nahi du. Honako hauek ziren: Sola scriptura, Sola fide, Solus Christus, Sola gratia eta Soli Deo gloria.

Esaldiok Erreformaren sasoian agertutako irakasbideak laburtzeko erabiltzen dira, sola scripturaren (euskaraz: «Idazteunez baino ez») oinarri orokorrean funtsatuta. Adigai horrek berekin ekartzen ditu Bibliari buruzko lau jakinbide nagusiak: hura ikastea salbatzeko ezinbestekoa dela (beharrizana); salbatzeko jakinbide osoa Bibliatik baino ez datorrela (nahikotasuna); Biblian azaltzen den guztia egia dela (hutsezintasuna); eta, Espiritu Santuaren bidez bekatua gaindituz, sinestunek Bibliaren beraren egia irakur eta uler dezaketela, ulerpena gaitza izan arren (argitasuna), horregatik, sinestunak benetako irakasbiderantz gidatzeko bideak elizaren baitan eztabaidagai izaten dira.

Beharrizana eta hutsezintasuna sendoki ezarritako adigaiak izan ziren, kritika gutxi ekarri zutenak, geroago, Argien Garaian, kanpotik eztabaidatu zituztela ere. Alabaina, sasoi hartan, ideiarik eztabaidatuena nahikotasunarena izan zen, hau da, edonor Biblia soilik har eta handik salbatzeko nahikoa ikas dezakeela. Erreformatzaileak eklesiologiaz kezkatuta bazeuden ere, Idazteunetako egiak sinestunen bizitzetan aplikatzeko bidea, katolikoen ideien aldean, ezberdin ulertzen zuten, katolikoek antzinatasun nahikoko zenbait lagunek Biblia ulertzeko gaitasun berezi bat daukatela aldezten dute-eta.

Bigarren oinarri nagusia, sola fide (euskaraz: «fedeaz baino ez»), betiko salbatzeko Kristoganako fedea nahikoa dela ezartzen du. Idazteunen bidez arrazoituta, eta, halandaze, logikoki sola scriptura-ri jarratuz, hura Luther eta haren osteko erreformatzaileen lanaren gida-oinarria da. Arean ere, sola scriptura-k Biblia irakasbide-sorburu bakartzat ezarri zuen, sola fide-k erreformatzaileek berreskuratu nahi zuten irakasbidearen ideia nagusia laburbiltzen du, hots, Kristo eta sinestunaren arteko lotura arteza, hurkoa eta pertsonala, eta, hori zela-eta, erreformatzaileek euren lana kristozentrikotzat jotzen zuten.

Beste solak, adierazpen eran, beranduago agertu ziren, baina ordezkatzen duten pentsamoldea Erreforma goiztiarrean ere islatu egin zen.

Protestanteen arabera, Katolikoek Kristo Jaungoikoaren eta gizakiaren arteko bitartekari bakarra dela ukatzen dute, eze aita santua Kristoren ordezkaritzat eta Lurreko elizaren burutzat baitaukate, eta Kristok merezitako ekintzen adigaia eta Kristo eta bere doneen merezimenduen altxorren ideia katolikoa aldezten baitute. Katolikoek, bestalde, gai horiekiko judaismoaren ohiko ulerkerari eutsi zioten, eta ohitura kristauaren guztien adostasunari dei egin zioten[25].
Protestanteen ustez, salbamen katolikoa Jaungoikoaren graziaren eta ekintza onen merezimenduaren araberakoa zen. Erreformatzaileentzat salbamena Jaungoikoaren dohain bat da, hau da, Jaungoikoaren doako grazia-ekintza, Jesu Kristo bakarraren lan berreroslea dela bide, Espiritu Santuak emana. Horrenbestez, Jaungoikoak ez du bekataririk onartzen, sinestunarengan Jaungoikoaren graziaz gauzatutako aldaketa dela bide, eta sinestuna bere ekintzen merezimendua aintzat hartu barik onartzen du, inork ez duelako salbamena merezi[26].
Aintza Jaungoikoari baino ez zaio zor, salbamena bere nahimen eta jardun soilez lortzen da-eta; Jesusek gurutzean egindako garbiketa nahikoaren dohainaz gain, sinestunaren bihotzean sortutako garbiketa harekiko fedearen dohaina beharrezkoa da salbamenerako. Erreformatzaileen iritziz, gizakiak ez dira aintzarako duinak, eta Eliza Katolikoak kanonizatutako doneak, aita santuak eta eliza-agintariak ere ez.

Kristo Eukaristian egotea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVI. gizaldiaren erdialdean, higikunde protestantea hainbat adarretan bereizten hasi zen. Desadostasunaren erdiguneetako bat Eukaristiaren eztabaida izan zen. Lehenengo protestanteek transubstantziazioaren dogma erromatar katolikoaren aurkakoak ziren, mezako sakrifizio-ohikunean erabiltzen diren ogi eta ardoa, Kristoren gorputz, odol, arima eta jainkotasun bihurtzean, euren berezko substantzia galtzen dutela erakusten duena. Protestanteak ez datoz bat Kristo eta bere gorputza eta odola jaunartzean egoten denetz.

Azken Afariaren irudikapen luthertarra, Lucas Cranach Zaharrak egina, 1547.
  • Luthertarren iritziz, Jaunaren Afariaren barruan ogia eta ardoaren elementu sagaratuak Kristoren benetako gorputz eta odola dira jan eta edaten duten denentzat ogia eta ardoaren «itxuran, itxurarekin eta itxurapean»[27][28], Gogaidetasun Formulak sakramentu-batasun izena ematen dion jakinbidea[29]. Jaungoikoak sakramentua jasotzen duten guztiei[30] bekatuak barkatzea[31] eta betiko salbatzea opesten die[32].
  • Eliza erreformatuek Kristoren espirituaren benetan egotea, edo sakramentu-egotea, azpimarratzen dute, esanez eze sakramentua salbamen-bide bat dela, eta, haren bidez, hautatutako sinestunak baino ez duela Kristogandik esku hartzen, baina, elementuen ordez, ogi eta ardoarekin baino ez. Kalbindarrek, sinestunak zein ez-sinestunak, sakramentuaren elementuetan Kristoren gorputz eta odola aho-bidez jasotzen dutelako luthertar baieztapena ukatzen dute, baina Kristo sinestunari fedeaz loturik dagoela adierazten dute, eta, horretarako, afaria kanpoko laguntza ikusgarria da. Horri, sarritan, egote dinamiko deitu zaio.
  • Protestante batzuk zwingliar ikuspegia sinplifikatzearen aldekoak dira; hots, arestian aipatutako konplexutasun teologikoei jaramon egin barik, Jaunaren Afaria esku-hartzaileek partekatzen duten fedearen ikurtzat hartzen dute, gurutziltzaketaren oroipena eta elkarturik egoteko gomutagarria (isekaz memorialismo lez ezagututako ikuspegia).
  • Anglikarrek Egotea definitzeari uko egiten diote, misterio gisa uztea nahiago dute. Otoitz-liburuek ogia eta ardoa deskribatzen dute Kristoren gorputz eta odola den barruko grazia espiritualaren kanpoko ikur ikusgarritzat. Dena den, euren liturgietako hitzek Benetako Egotea eta Espiritu eta Sakramentu Egotea aldi berean sinets daitekeela iradokitzen dute. Ikuspegi anglikarrak aurreko hiru iritziak, erromatarra eta ortodoxoa barne hartzen dituela uste da. Ikuspegi anglikar klasikoarentzat ogia eta odola Jaungoikoaren graziaren tresnak dira. Damaskoko San Joanen hitzak iritzi anglikarra hoberen zehazten (ezagunak dira zehazteari uko egiteagatik) dutenak dira, «ogia eta ardoa espiritu-errealitate baten ikur ikusgarriak dira». Ikurra ez dago hutsik, ezpada beste uneko errealitate batentzat ikusgarria.

Protestantismoa Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian protestantismoak tradizio erreformatu luzea eduki du. Euskal Herria izan da protestantismoa gehien zabaldu den Iberiar erdiuharteko lurraldea, eta, orokorrean, kultura eta herrian eraginik handiena jaso duena. Esaterako, Joanes Leizarraga artzain kalbindarrak, Joana III.a Albreteko erreginaren aginduz, Itun Berria lehenengoz euskaratu zuen, Jesus Krist Gure Jaunaren Testamentu Berria izenpean. Hizkuntzalari entzun horretaz gain, baziren Leizarragari Itun Berria itzultzen lagundu zioten protestante asko: Sanz Tartas, Tadets, Piarres Landetxeberri, La Rive eta Joanes Etxeberri. Halaber, Jakes Bela euskal gramatikariak, bere gramatika ekoizteaz gain, zuzenbideko liburu batzuk eta euskal protestantismoaren lehenengo historia bat egin zituen.[33]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «protestantego» Orotariko Euskal Hiztegia. .
  2. (PDF) Pewforum: Grobal Christianity. .
  3. Christianity 2015: Religious Diversity and Personal Contact. gordonconwell.edu 2015ko urtarrila.
  4. «Protestantismo» Euskaltzaindiaren Hiztegia. .
  5. Dixon, Scott C.. (). Protestants: A History from Wittenberg to Pennsylvania 1517–1740. John Wiley & Sons ISBN 9781444328110..
  6. Faithful, George. (2014). Oxford University Press ISBN 9780199363476..
  7. Voerding, Philip. (2009ko abuztuaren 1ean). The Trouble with Christianity. AuthorHouse.
  8. Dixon, C. Scott. (2010eko uztailaren 16an). Protestants: A History from Wittenberg to Pennsylvania 1517–1740. John Wiley & Sons ISBN 9781444328110..
  9. Oxford Dictionary of the Christian Church (1974) art. «Speyer (Spires), Diets of»
  10. Watson, James. (2014ko ekainaren 24an). Religious Thoughts. iUniverse ISBN 9781491737590..
  11. Gassmann, Günther; Larson, Duane H.; Oldenburg, Mark W.. (2001eko apirilaren 4an). Historical Dictionary of Lutheranism. Scarecrow Press ISBN 9780810866201..
  12. Kuyper, Abraham. (1899ko urtarrilaren 16an). Calvinism. Primedia E-launch LLC ISBN 9781622090457..
  13. World Council of Churches: Evangelical churches: «Eliza ebanjelikoak esponentzialki hazi egin dira XX. gizaldiaren bigarren erdian eta bizi-bizirik jarraitzen dute, batez ere munduko hegoaldean. Susperraldi hau mendekostalismoaren egundoko hazkundeak eta higikunde karismadunaren agerpenak azal dezakete, ebanjelikalismoarekin estuki lotuta daudenak. Hala ere, ez dago zalantzarik ohitura ebanjelikoa berez mundu-mailako kristautasunaren osagai nagusietako bat bihurtu dena. Era berean, ebanjelikoak ohiturazko eliza protestante eta anglikanoetan aintzat hartzeko gutxiengoa dira. Afrika eta Latinoamerika lako eskualdeetan, «ebanjeliko» eta «historikoen» arteko mugak arin aldatzen dabiltza, eta eliza-errealitate berriei bide eman die.»
  14. Juergensmeyer, Mark. (2005). Religion in Global Civil Society. Oxford University Press ISBN 9780198040699..
  15. protestant – Origin and meaning of protestant by Online Etymology Dictionary. .
  16. MacCulloch, Diarmaid. (2003). The Reformation: A History. New York: Penguin.
  17. «ebanjeliko» Euskaltzaindiaren Hiztegia. .
  18. Espín, Orlando O. eta Nickoloff, James B. An introductory dictionary of theology and religious studies. Collegeville, Minnesota: Liturgical Press, 796 or.
  19. Woodhead, Linda. Christianity: A Very Short Introduction (Oxford University Press, 2014) 57–70 orr.
  20. a b Johann Jakob Herzog, Philip Schaff, Albert. The New Schaff-Herzog Encyclopedia of Religious Knowledge. 1911, 419. or. https://books.google.com/books?id=AmYAAAAAMAAJ&pg=PA419
  21. Lane, Anthony. (2006). Justification by Faith in Catholic-Protestant Dialogue. Londres: t & t clark, 27 or. ISBN 0567040046..
  22. Willsky-Ciollo, Lydia. (2015). American Unitarianism and the Protestant Dilemma: The Conundrum of Biblical Authority. Lanham, MD: Lexington Books, 9–10 or. ISBN 9780739188927..
  23. Spiritual Theology: A Systematic Study of the Christian Life. Downers Grove, IL, 105 or. ISBN 9780830815425..
  24. Avis, Paul. (2002). The Church in the Theology of the Reformers. Eugene, OR: Wipf and Stock Publishers, 95 or. ISBN 1592441009..
  25. ik. Mt 16:18, 1 Ko 3:11, Ef 2:20, 1 P 2:5–6, Ap 21:14
  26. ik. Mt 7:21
  27. ik. 1 Ko 10:16, 1 Ko 11:20,27
  28. Engelder, T.E.W., Popular Symbolics. St. Louis: Concordia argitaletxea, 1934. 95 or., XXIV. atala «The Lord's Supper», 131. lerrok.
  29. The Solid Declaration of the Formula of Concord, Article 8, The Holy Supper. Bookofconcord.com (Noiz kontsultatua: 2010reko azaroaren 19an).
  30. ik. Lk 22:19-20
  31. ik. Mt 26:28
  32. Graebner, Augustus Lawrence. (1910). St. Louis, MO: Concordia Publishing House.
  33. Escobar, Mario. Protestantismoa Euskal Herrian. .

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]