Pultsu
Medikuntzan, pultsua bihotz-taupaden eraginez odola arterietatik igarotzean sortzen den erritmozko pultsazioa da, atzamarrez haztatuz bihotz-maiztasuna neurtzeko erabiltzen dena. Gorputzeko hainbat ataletan jaso daiteke, arteriak larruazaletik hurbilago dauden gorputzeko ataletan, hain zuzen ere. Adibidez eskumuturrean, lepoan, belaunaren atzean eta ukondoaren barnealdean. Hatz erakusle eta erdikoarekin neurtu behar da pultsua, erpuruak berezko pultsua duelako.[1][2]
Bihotz-taupadek bihotzaren uzkurtze (sistole) eta zabaltze (diastole) mugimenduak biltzen ditu, eta mugimendu hauen ondorioz odola gorputzeko arterietatik zehar hedatzen da, odol-zirkulazioaren bitartez.[2]
Fisiologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bihotza gorputzeko organoak eta ehunak elikatzen dituen ponpa hemodinamikoa da, taupaden mugimenduaren bitartez odola arteria eta zainetan zirkulatzera bultzatzen duena. Gainera, guruin mekaniko-elektriko gisa definitu genezake bihotza, jasotzen dituen estimulu elektrikoen eraginez uzkurtzen baita. Gizakion bihotza egunean 100.000 aldiz uzkurtzen da[3]. Nerbio Sistema Autonomoak bihotzeko ponpaketan, odol-fluxuaren birbanaketan eta presio arterialaren kontrolean eragiten du.[4]
Beraz, bihotz taupadek eragindako presio-uhinak malguak diren odol-hodietan zehar mugitzen dira. Bihotza uzkurtzen denean (sistolean), odola aorta arteriara bultzatzen da eta aortaren bidez gorputzean zehar hedatu egiten da. Une honetan hedapen-uhina (pultsu-uhina) nabarmenagoa da, baina nahiko poliki mugitzen da (3 eta 6 m/s bitartean). Odolak hodi periferikoetara eta txikiagoetara bidaiatzen duen heinean hedapen-uhina pixkanaka-pixkanaka gutxitzen da eta erritmoa azkarragoa bihurtzen da. Odolaren abiadura 7 eta 10 m/s artekoa da arteria adar handietan eta 15 eta 35 m/s arteria txikietan. [2]
Bihotz-maiztasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bihotz-maiztasuna denbora jakin batean ematen den bihotz taupaden kopurua da, normalean minutuko taupadetan neurtzen dena. Beste modu batean esanda, bihotza minutu batez zenbat aldiz uzkurtzen den adierazten digun neurria da.
Pertsona helduen atsedeneko bihotz-maiztasun normala minutuko 60 eta 100 taupada artekoa da.[5]
Organismoak behar bezala funtzionatzeko, bihotzak odola organo guztietara ponpatuz jardun behar du, eta gainera, presio jakin batean (odol presioa) eta maiztasun jakin batean egin behar du. Prozesu horren garrantzia dela eta, bihotzak taupada bakoitzean energia-kontsumo handia behar izaten du.[6]
Bihotz-maiztasunean faktore hauek eragin dezakete: adina, sexua, digestioa, ariketa, emozioak, tenperatura eta gorputzaren posizioa.[7]
Adina | Bihotz-maiztasuna |
---|---|
1-2 urte | 90-140 |
2-6 urte | 80-120 |
6-13 urte | 80-100 |
13-16 urte | 70-80 |
16 urtetik gora (helduak) | 60-100 |
Bihotz-maiztasuna adinaren arabera[8]
Bihotz-maiztasunaren asaldurak: takikardia eta bradikardia.[1]
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bradikardia: bihotz-maiztasuna 60 pultsazio/minutuko baino baxuagoa denean. Arrazoiak: miokardioko infartua, hipogluzemia, medikamentu batzuk, hipotermia, loaren apnea...
- Takikardia: taupadak 120 pultsazio/minutuko baino altuagoa denean. Arrazoiak: antsietatea, sukarra, hemorragia, shocka, anemia larria, birikietako gaixotasunak, anafilaxia, haurdunaldia...
Pultsuaren erritmoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erritmoa bihotz-taupaden artean igarotzen den denbora da. Taupaden arteko denbora berdina baldin bada pultsoa erregularra (erritmikoa) da, eta erritmo sinusala deitzen zaio. Aldiz, taupaden arteko denbora tartea irregularra baldin bada, pultsua arritmikoa da.[1]
Arritmien sailkapen orokorraren barruan hauek topa ditzakegu: Takiarritmiak (estrasistoleak, takikardia aurikular eta bentrikularrak, flutter aurikularrak, fibrilazioa aurikular eta bentrikularrak...) eta bradiarritmiak (blokeo sino-aurikularrak, blokeo aurikulo-bentrikularrak, ihes-erritmoak...). [9]
Arritmiak elektrokardiograma edo holter bidez ebaluatzen dira.[10]
Pultsuaren neurketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Non
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pultsua neurtzeko erabiltzen diren ohiko arteriak honako hauek dira:[7]
- Erradiala (eskumuturraren aurreko aldean). Pultsua neurtzeko arteriarik erabiliena.
- Brakiala (bizepsaren eta trizepsaren artean, ukondoaren barrunbean).
- Tenporala (hezur tenporalaren gainetik, belarriaren aurretik eta bekainaren atzetik),
- Karotida (laringearen bi aldeetan, lepoaren aurreko aldean)
- Femorala (izterraren goialdean, iztartean),
- Pedioa (oinbularrean).
- Popliteoa (belaunaren atzean).
- Pultsu zentrala (bihotzaren auskultazioz neurtzen da, fonendoskopioarekin).
Nola
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pultsuaren neurketarako pausuak:[8]
- Pultsua neurtzeko unerik aproposena goizean da, ohetik altxatu baino lehen.
- Neurketarako hatz erakuslea eta erdikoa erabiliko ditugu. Inoiz ez dugu erpurua erabiliko, bere pultsu propioa baitu.
- Hatzak aukeratutako arteriaren gainean jarri eta presio arin batekin sakatuko dugu. Arteria barne-egitura sendo baten aurka presionatzen dugunean (normalean hezur baten aurka), pultsua sentituko dugu.[11]
- Taupada kopurua 60 segundoz zenbatuko dugu.
- Lortzen dugun emaitza bihotz-taupaden maiztasuna izango da (taupada/segundotan neurtuta).
Zeri erreparatu behar diozu pultsua hartzean?[1]
- Maiztasuna: minutuko pultsazio kopurua.
- Erritmoa: taupada baten eta hurrengoaren artean igarotzen den denbora da. Erritmikoa edo arritmikoa.
- Intentsitatea: taupada bakoitzean odola zenbateko indarrez ponpatzen den adierazten du. Pultsu arrunta betea eta taupakaria da. Pultsua nekez hautematen bada, pultsu ahula da.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d «4.3.- Pultsua. | PPAA01.- Urgentziako laguntzaren balorazioa.» ikastaroak.birt.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-04).
- ↑ a b c (Katalanez) Catalunya, Institut Obert de. «Cures bàsiques d’infermeria aplicades a les necessitats de l’ésser humà» ioc.xtec.cat (Noiz kontsultatua: 2023-03-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) Melgarejo R, Enrique. (2009-08). «La frecuencia cardiaca y su intervención en el manejo de la enfermedad isquémica cardiaca: Un nuevo abordaje y alternativa» Revista Colombiana de Cardiología 16 (4): 159–169. ISSN 0120-5633. (Noiz kontsultatua: 2023-03-06).
- ↑ Porras-Alvarez, Javier; Bernal-Calderón, María Olinda. (2019-02-15). «Variabilidad de la frecuencia cardiaca: evaluación del entrenamiento deportivo. Revisión de tema» Duazary 16 (2): 259–269. doi: . ISSN 2389-783X. (Noiz kontsultatua: 2023-03-06).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Frecuencia cardíaca: Rangos, cuándo es peligroso y más» Healthline 2021-12-01 (Noiz kontsultatua: 2023-03-05).
- ↑ (Gaztelaniaz) Administrator. «Frecuencia cardiaca» Fundación Española del Corazón (Noiz kontsultatua: 2023-03-05).
- ↑ a b «Revision de procedimientos de Enfermeria. Toma de constantes vitales y monitorizacion cardiaca - Revista Electrónica de PortalesMedicos.com» www.portalesmedicos.com (Noiz kontsultatua: 2023-03-05).
- ↑ a b (Katalanez) EOC. (2017-01-15). «Constants vitals. Com es prenen les constants vitals? - Part II» Escola d'Oficis Catalunya (Noiz kontsultatua: 2023-03-04).
- ↑ Elektrokardiografiako atlasa = Atlas de electrocardiografía. (1. argit. argitaraldia) Osakidetza 2008 ISBN 978-84-691-6899-8. PMC 920246367. (Noiz kontsultatua: 2023-03-07).
- ↑ (Katalanez) «5.2. Constants vitals. - Constants vitals. Saber les constants avanç, durant i després del - Studocu» www.studocu.com (Noiz kontsultatua: 2023-03-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Frecuencia cardíaca» Cinfasalud (Noiz kontsultatua: 2023-03-05).