Supernoba hondar
Supernoba hondarra (SNR bere ingelesezko siglez) izar batek supernoba bezala eztanda erraldoi bat egin ondoren sortzen den nebulosa itxurako egitura bat da. Supernoba hondarra eztandak kanporatutako materialaz eta prozesuan zehar aurrean eramandako izararteko materialez osatutako talka uhin batez inguratua dago.
Supernoba bat bi modu ezberdinetan sor daiteke: Ohikoenak, grabitate kolapsoko supernoba deiturikoak dira. Izar masibo bat erregairik gabe geratzen denean sortzen dira, euren nukleoan fusio energia sortzeari utziz eta bere grabitate propioaren mende inplosio eginez neutroi izar bat edo zulo beltz bat sortzeko. Ib, Ic eta II motako supernobak dira. Bigarren modu edo mekanismoa askoz arraroagoa da, eta supernoba termonuklear deritzenak sortzen ditu. Nano zuri batek, lagun duen izar batengandik jasotako materiala masa kritiko bat izan arte metatzen duenean gertatzen dira, hala, masa kritiko honetara iristean bere masa guztia modu suntsitzailean eztandarazten duelarik. Ia motako supernobak dira azken hauek.
Edonola ere, supernobaren eztandak materialaren zati bat edo guztia argiaren abiaduraren %1eko abiaduran jaurtitzen du, 3000 km/sko abiaduran. Material honek izaringuruko gasarekin edo izarartekoarekin talka egiten duenean, gasa 10 milioi kelvineko tenperatura altuetaraino berotzen duen talka uhin bat sortzen du, hala plasma sortuz.
Beharbada, supernoba hondar gazterik ezagunena eta hobekien behatuena SN 1987Ak sortu zuen, Magallanesen Laino Handian dagoen eta 1987an aurkitutako supernoba. Hala ere, supernoba hondar baten adibiderik ohikoena Karramarroaren Nebulosa da (M1, Taurus konstelazioan. Beste supernoba hondar ezagun batzuk, zaharragoak direnak, Tycho (SN 1572) Tycho Brahe astronomoaren omenez izendatua izan zena, supernoba honen jatorrizko eztandaren argitasunari buruzko konstantzia utzi zuena, eta Kepler (SN 1604) dira, azken hau Johannes Keplerren omenez izendatutakoa. Supernoba hondarrik berriena G1.9+0.3 da, galaxiaren erdigunean aurkitua eta 140 urte inguruko adina duena.