Ternua
Ternua | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Mendirik altuena | The Cabox (en) |
Garaiera | 814 m |
Mota | uharte |
Azalera | 108.860 km² |
Geografia | |
Koordenatuak | 48°33′59″N 55°46′38″W / 48.5664°N 55.7772°W |
UTC ordua | UTC-03:30 eta America/St_Johns (en) |
Estatu burujabe | Kanada |
Probintzia | Ternua eta Labrador |
Ur-gorputza | San Laurendi golkoa |
Ternua[1] (ingelesez: Newfoundland; frantsesez: Terre-Neuve; irlanderaz: Talamh an Éisc; mikmakeraz Taqamkuk) Kanadako ekialdean dagoen uhartea da, Ipar Ozeano Atlantikoan eta Ternua eta Labrador izeneko probintzian kokatutakoa. 108.860 km2-ko azalera dauka eta 477.787 biztanle zituen 2016an. Hiri nagusia St. John's da.
Geografia eta inguru naturala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Uhartea, Ipar Amerikako Appalache mendien ipar-ekialdeko luzapena dena, mendebaletik ekialdera makurtutako goi-ordoki bat da, antzina glaziarrek ebakitako ibarrak dituena; ipar-mendebalean Long Range mendiak ditu (800 m), San Jorge eta Badia Zuria bitarteko sakonune estu batek goi-ordokitik bereizten duena; kosta badiek, fiordoek eta penintsulek hautsia da, uharte txiki askorekin. Klima hotz hezea du (800-1.500 mm euri). Labradorko itsaslaster hotzak udaberria atzeratzen du, eta horrenbestez, udak laburrak eta hotz samarrak dira Ternuan, eta neguak, berriz, luzeak, hotzak, haizetsuak eta elurtsuak. Sorrera glaziar izandako aintzirak dira. Landarediari dagokionez, tundra da nagusi; baina iparraldeko eta mendebaleko itsasertzetik hurbil izeiak, urkiak eta astigarrak dira. Labradorko penintsulako ipar-ekialdeak Kanadako llur-krosko handiaren ekialdea hartzen du; kosta garaia eta fiordoek hautsia da, uharte txiki eta itsas hautsi askorekin. Iparraldean Torngat Mendiak ditu (1.800 m) eta, erdigunetzat, Goose badia, Melville aintziraren ertzean. Uhartearen eta penintsularen artean Belle Isleko itsasartea da.
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ternuako ekonomia arrantzan eta arrantzatik eratorritako industrian oinarritzen da gehienbat. Gehien harrapatzen diren arrainak bakailaoa eta, ondoren, sardinzarra, izokina, abakandoa, baleta eta itsas otsoa dira. Garrantzi handikoa dira halaber basoaren ustiapena eta horretatik eratorritako zurgintza eta papergintza, eta baita, mea baliabideen ustiapena ere: burdina, zinka, kobrea, amiantoa. Artzaintzak eta nekazaritzak hirugarren postua hartzen dute ekonomian.
Euskaldunak Ternuan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herriko baleazaleak Ternua eta Quebec aldean ibili ziren baleak harrapatzen, bereziki XVI. eta XVII. mendeetan.
Ordutik, hango toponimian presentzia horren lekuko gordetzen dira gaur egun ere, hala nola: Nouvelle Biscaye, Île aux Basques, Port aux Basques, Portutxoa (Port au Choix), Baye Ederra (Bonne Baye), Aingura Txar (Ingunachoix), Barratxoa, Antton Portu, Opor Portu, Portu Txarra, Balea Handia, Amuitz, Miarritz edo Placentia.
Udalerri nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hona hemen uhartearen udalerri populatuenak, 2006ko erroldaren arabera:
- St. John's (100.646)
- Mount Pearl (24.671)
- Conception Bay South (21.966)
- Corner Brook (20.083)
- Grand Falls-Windsor (13.558)
- Paradise (12.584)
- Gander (9.951)
- Stephenville (6.588)
- Torbay (6.281)
- Portugal Cove-St. Philip's (5.575)
- Marystown (5.436)
- Bay Roberts (5.414)
- Clarenville (5.274)
- Deer Lake (4.827)
- Carbonear (4.723)
- Channel-Port aux Basques (4.319)
- Placentia (3.898)
- Bonavista (3.764)
- Bishop's Falls (3.399)
- Lewisporte (3.308)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. (2012-05-25). 170. araua: Amerikako toponimia. . Piarres Etxeberrik jada 1677an, Itsasoco nabigacionecoa liburuan, toponimoa erabili zuen.