Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Tomás Carlovich

Wikipedia, Entziklopedia askea
Tomás Carlovich

Bizitza
JaiotzaRosario1946ko apirilaren 19a
Herrialdea Argentina
HeriotzaSanta Fe2020ko maiatzaren 8a (74 urte)
Heriotza moduagiza hilketa: garuneko odoljarioa
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakfutbolaria
Ibilbidea
Taldeak Urteak J G
Club Atlético Rosario Central1969 /
Club Social y Deportivo Flandria1971 / 1971
Sapos culiados1972 / 1972
Central Córdoba de Rosario1973 /
Club Atlético Rosario Central1976 / 1976
Club Atlético Colón1977 / 1977
Deportivo Maipú1978 /
Central Córdoba de Rosario1980 /
 
Posizio edo espezialitateaerdilaria
Izengoitia(k)Trinche

Tomás Felipe "Trinche" Carlovich (Rosario, 1946ko apirilaren 19a - ib., 2020ko maiatzaren 8a) argentinar futbolaria izan zen.

Argentinara joandako Kroaziako iturgin baten semea zen. Beste zazpi anai-arreba zituen, eta gurasoekin batera kozkortu zen, Rosarioko auzorik txiroenetako batean: Belgranon. Hango kaleetan hasi zen jokatzen, Rosario futbola gehien sustraituta dagoen Argentinako hirietako bat baita. Han jaio ziren, besteak beste, Marcelo Bielsa Athleticeko entrenatzaile ohia, eta Leo Messi Bartzelonako jokalaria. Bielsak miretsi egiten zuen Trinche, eta urteetan joan zen haren partidak ikustera.[1]

Lotura estua zuen bere auzoarekin. Jaio zen etxe berean bizitzen segitzen zuen. Plazeragatik jokatzen zuen, eta ohikoa zen entrenatzera ez joatea, hura esnatu behar izatea partida egunetan.

Rosario Centraleko harrobian aritu zen. Baina partida bakarra jokatu zuen lehen taldearekin, 1969an, Los Andesen kontra. Gero, Central Córdobak fitxatu zuen, bere betiko taldeak. Entzungor egin zien atzerritik zetozkion eskaintzei; bestea beste, AEBetako Cosmos taldearenari. Han jokatzen zuen Pelék. Nahiago zuen Bigarren edo Hirugarren Mailako zelaietan jokatu.

Ezkerra zen, eta beti bost zenbakiarekin jokatzen zuen. Fisikoki oso indartsua zen, eta hanka luzeak zituen. Hari baloia kentzea nekeza zen, oso trebea baitzen oinekin, eta nahi eran mugitzen zuen. Berak asmatu zuen tunel bikoitza. Aurkariari baloia hanka tartetik pasatu, jaso, eta kontrako norabidean berriro ere berdin egiten zien. Atzelariek erotuta amaitzen zuten.

Haren mitoa, hala ere, 1974ko apirilaren 17an hasi zen. Argentina Alemanian jokatzekoa zen Munduko Kopa prestatzen ari zen, eta adiskidantzazko partida bat antolatu zuen Rosarioko jokalariz osatutako selekzio baten kontra. Trinchek gidatuta, erakustaldia eman zuten Rosarioko jokalariek. 500 zaleren aurrean jokatu ohi zuen naturaltasunarekin jokatu zuen Newell's Old Boysen zelaian. 35.000 ikusle bildu ziren.

Partida amaitzeko ordu erdi falta zenean aldatu zuten. Rosarioko jokalariz osatutako taldea 3-0 ari zen irabazten, eta partida barrutik bizi izan zutenek diote Argentinako hautatzaile Vladislao Capek eskatu zuela kentzeko. Ohiko patxadarekin irten zen berdegunetik, eta partida amaitzera itxaron gabe, botak kendu, eta, beti egin ohi zuen bezala, lagunekin joan zen afaltzera. Hori bai, aurretik boten takoak lizatu egin zituen.

Alemaniako Munduko Koparen ostean, César Luis Menottik hartu zuen Argentinaren selekzioaren gidaritza, eta lagunarteko partida bat jokatzeko deitu zuen. Ez zen azaldu. Hautatzaileak gerora azaldu zuen arrazoia. «Arrantza egitera joan zen, egun aproposa zegoelako horretarako». Arrantza zuen, hain zuzen, beste pasioetako bat. Jokalariak ez zuen ukatu arrazoia hori izan zenik.

Aurkarien zaleek ere estimatzen zuten haren jokoa. Partida batean, epaileak kanporatu egin zuen. Baina bi taldeetako zaleak epaileari oihuka eta txistuka hasi ziren. Trinchek jokatzen segitzea nahi zuten, eta epaileak berdegunera itzultzeko baimena eman zion. Beste partida batean bere burua egotzi zuen, ez zuelako etxera bueltatzeko azken autobusa galdu nahi.

Lasai bizi zen auzoan. Ohikoa zen auzoko umeekin baloiarekin jokatzen ikustea. Ez zuen lan finkorik, eta lagunen eta taldekide ohien laguntza izan zuen azken urteetan aurrera egiteko.

Kluba Urtea
Rosario Central 1969-1970
Flandria 1971
Central Córdoba 1972-1974
Independiente Rivadavia 1976
Colón 1977
Central Córdoba 1978
Deportivo Maipú 1978-1979
Andes Talleres 1979
Central Córdoba 1980-1983
Provincial de Pergamino 1984
Newell´s Old Boys de Cañada de Gómez 1985
Central Córdoba 1986
Argentino de Monte Maíz 1988

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Arratibel Gascon, Ainara. (2020-05-14). «Futbolari ikusezina» Berria CC BY-SA 4.0 lizentziapean.