Toru Iwatani
Toru Iwatani | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Meguro, 1955eko urtarrilaren 25a (69 urte) |
Herrialdea | Japonia |
Hezkuntza | |
Heziketa | Tokai Unibertsitatea |
Hizkuntzak | japoniera |
Jarduerak | |
Jarduerak | irakaslea, diseinatzailea eta bideo-joko diseinatzailea |
Enplegatzailea(k) | Oxfordeko Unibertsitatea Tokyo Polytechnic University (en) |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | ikusi
|
Toru Iwatani (japonieraz: 岩谷徹 Iwatani Tōru ) Meguro, Tokio, 1955eko urtarrilaren 25a) japoniar bideo-joko diseinatzaile ohia da[1]. Namco konpainian egin zuen lan eta Pac-Man bideojoko ezaguna diseinatu zuen 1980an.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tokioko Meguro auzoan jaio bazen ere haurra zela familia Tōhoku eskualdera aldatu zen aitak NHK irrati-telebista konpainian injeniari lana lortu baitzuen. Ondoren Tokioko Unibertsitate Metropolitarrean inheniaritza ikasketak egin zituen. Informatika alorrean autodidakta izan zen[1].
22 urte zituela Namco konpainian sartu zen[1]. Urte gutxi batzuk lehenago Namcok Atari enpresaren Japoniarako eskubideak erosi zituen eta Breakout gisako jokoen zabalkundearekin arrakasta handia izan zuen. Iwatani joko berriak diseinatzeko hartu zuten. Honek hasiera batean pinball antzeko jokoak egitea pentsatu zuen baina patenteekin arazoak zeuden eta berdinak izatea ekidin zuen arren haien ildoko Gee Bee jokoa atera zuen 1978an. Ondoren Gee Bee-en jarraipena ziren Bomb Bee eta Cutie Q diseinatu ztuen.
1979an ordea etsituta zegoen ikusiz bideojoko arrakastatsuenak gerra oinarri zuten joko bortitzak zirela eta ondorioz gizonezkoek soilik atsegin zituztela, eta emakumezkoak erakarriko zituen bideojoko bat diseinatzea erabaki zuen. Pertsonai koloretsuak erabili zituen, arau errazak ezarri zituen, eta 9 langiletako talde txikia erabiliz Pac-Man sortu zuen. 1980ko maiatzaren 22an atera zen frogarako jokoa, uztailean merkaturatu zen Japonian eta urrian Ipar Amerikan. Japonian arrakasta apala izan bazuen ere Estatu Batuetan inoiz bideojoko batek izandako salmenta handienak izan zituen oso denbora laburrean. Namco konpainiaren inongo jokok ez dute Pac-Man-en arrakasta berdindu.
1983an Libble Rabble diseinatu zuen, bi palankarekin jokatzen den buruhauslea, Toru Iwataniren esanetan bere bideojoko gustukoena, haurtzaroko jolas batean oinarritu baitzen diseinatzeko. Honen ondoren beste bideojoko ugari etorri ziren, tartean Pac-Man-en jarraipena ziren batzuk ere bai.
2005ean Osakako Arte Unibertsitatean pertsonaiek diseinuen azterketa ikasgaia ematen hasi zen. 2007an Namco utzi zuen eta Tokioko Unibertsitate Politeknikoko irakasle bihurtu zen[2].
Onarpena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2001ean "Thumb Candy: The History of Computer Games" dokumentalean hartu zuen parte.
2010ko ekainaren 3an Festival of Games jaialdiaren barnean Errekorren Guinness Liburuaren agiri bat jaso zuen "munduan instalaturiko txanponekin funtzionatzen duten makina gehien" Pac-Man-enak izateagatik, 293.822 makina hain zuzen ere[3].
2015ean Pixels animaziozko filmearen egileek omenaldia egin nahi izan zioten eta filmean "kameo" bat egin zuen[4].
Miyamotok sortutako jokoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Izenburua | Urtea | Lana |
---|---|---|
Gee Bee | 1978 | Diseinatzailea |
Cutie Q | 1979 | Diseinatzailea |
Pac-Man | 1980 | Diseinatzailea |
Rally-X | 1980 | Ekoizlea |
Galaga | 1981 | Ekoizlea |
Pole Position | 1982 | Ekoizlea |
Super Pac-Man | 1982 | Diseinatzailea |
Pole Position II | 1983 | Ekoizlea |
Libble Rabble | 1983 | Diseinatzailea |
Pac-Land | 1984 | Ekoizlea |
Pac-Mania | 1987 | Zuzendaria |
Quester | 1987 | Ekoizlea |
Ridge Racer | 1993 | Ekoizlea |
Time Crisis | 1995 | Ekoizlea |
Pac-Man Championship Edition | 2007 | Gainbegiralea |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c (Ingelesez) «Toru Iwatani, 1986 PacMan Designer» Programmers At Work 2010-11-29 (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
- ↑ «Pac-Man creator leaves Namco Bandai for school - News at GameSpot» web.archive.org 2006-07-13 (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
- ↑ «Pac-Man wereldrecord beklonken en het hele verhaal • NG-Gamer.nl» web.archive.org 2011-07-23 (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
- ↑ «Pixels gives Pac-Man creator his moment of fame | Cult of Mac» www.cultofmac.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).