Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Txilar lauhosto

Wikipedia, Entziklopedia askea
Txilar lauhosto
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaEricales
FamiliaEricaceae
GeneroaErica
Espeziea Erica tetralix
Erica tetralix espeziearen loreak eta launaka doazen hosto bertizilatuak.

Txilar lauhostoa edo ainar lauhostoa (Erica tetralix) erikazeoen familiako zuhaixka adartsua eta bizikorra da. 20-70 cm bitarteko luzera du eta erdialdeko eta mendebaldeko Europan du jatorria.

Oso nabariak ez diren saihetsak dituen zurtoin gazte eta meheak, kolore arre-gorridun azal iletsua du (ile zurixkak), batzuetan, ile luze guruintsuez hornituak[1]. Zenbait adar ia-tente garatzen ditu.

Hostoak 3-8 mm-koak dira eta bertiziloetan antolatzen dira launaka. Morfologia linear-luzanga eta lantzeolatu bitartekoa dute. Erdian 0,5 mm-ko lodiera duen zinta zurixka bat dute azpialdean. Zinta hau iletsua izan ohi da, eta landarea gaztea denean 0,2-0,7 mm-ko luzerako zilio guruintsuez edo 1-2 mm-ko zilio ez-guruintsuez inguratuta dago.

Unilateralki kokatuta dauden 5-15 loredun infloreszentzia terminalak ditu. 2,5-3 mm-ko 2-3 brakteola, pedizeloaren goi-muturrean ezarriak, kalizaren azpian. Pedizelo motza du, 2-5 mm-koa eta oso iletsua. 2,5-3,5 mm-ko sepalo askeak, linear eta lantzeolatu bitartekoak, puntan barnerantz kiribilduta daudenak. Sepaloak partzialki mintzakarak, purpurakarak edo purpurakara-berdexkak, iletsuak eta 0,8-1,5 mm-ko zilio guruintsu edo 2,5mm-tara heldu daitezkeen zilio ez-guruintsu apikadunak dira. Korola 6-7,5 mm-takoa, urtzeolatua edo tubular-urtzeolatua, arrosa-gorrixka (batzuetan albinoak) eta 0,6-1 mm-ko lobulu tenteduna. Estaminen anterak triangeluar-linearrak (oso estuak) eta 1mm-ko apendizedunak dira. Obulutegi (zurixka) eta kapsula oso iletsuak (pubeszenteak). 5,5 mm-tako estiloa (arinki exertua) eta papilaz estalia alde apikalean.

Hazia 0,3-0,4 mm artekoa, elipsoide edo oboidea, erretikulatu-albeolatua da.

Loraketa Ekainetik Urrira gertatzen da[2]. Multzo konpaktuetan taldekatzen diren kanpai-itxurako loreak garatzen dituzte eta hauek, loraketa bukatzean, okertu egiten dira. Noizbehinka, loreek, arrosa kolorea izan beharrean, zuri kolorea hartzen dute eta lore albinoak deritze.

XIX. mendeko Erica tetralix-en ilustrazioa

Ekologia eta banaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zingiretan, zohikaztegietan, erreka-ertzetan edo txilardi hezeetan topa daitezke, orokorki lurzoru silizeoetan edo ultrabasikoetan. Europako iparralde eta mendebaldean aurki daiteke hedatuta, klima atlantikoa dagoen eremuetan. Euskal Herrian ere, klima atlantikoa dagoen lurzoru silizeoetan ugaritasunean aurki daiteke[1].

Landare meliferoa da, hortaz, erleek eztia ekoizteko erabil dezakete. Horrez gain, herri-sendagintzan, sukarra jaisteko edo eztularen aurka erabiltzen dute[3]. Landare apaingarri bezala erabiltzeko landatzen da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Flora ibérica : plantas vasculares de la Península Ibérica e Islas Baleares. Real Jardín Botánico, C.S.I.C 1986-<2017> ISBN 9788400062217. PMC 15529745. (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  2. Iñaki., Aizpuru,. (1990). Euskal Herriko zuhaitz eta zuhaisken gidaliburua. (1. ed. argitaraldia) Eusko Jauralitzaren Argitalpen-Zervitzu Nagusia ISBN 8475429068. PMC 30568476. (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  3. Erica tetralix. in: Plantas útiles: Linneo..


Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]