Ureztaontzi
Ureztaontzia gai iragazgaitzean egindako ontzi eramangarri bat da, likidoa garraiatu eta leku jakin batean botatzeko prestatua. Gehienetan landareak ureztatzeko erabiltzen da, lorezaintzan.
Terminoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskaltzaindiaren Hiztegiak honela definitzen du ureztaontzi hitza:
« | iz. Landareak ureztatzeko erabiltzen den ontzia, ura euri gisa botatzeko, hodi bat eta haren muturrean jartzen den zulo txikiz beteriko aho zabal bat dituena. Plastikozko ureztaontzi berde batekin bere landareak ureztatu ditu.[1] | » |
Hitzak forma zehatz hori du, ez ureztontzi. Izan ere, -ontzi osagaia duten hitz elkarteetan, lehen osagaiak amaieran -a berezkoa baldin badu, elkarketan ez du galtzen. Halakoak dira, besteak beste, belaontzi, frutaontzi, gerraontzi, gurutzaontzi, kargaontzi edo zamaontzi.[2]
Euskalterm datu base terminologikoak ureztagailu ematen du, frantsesezko arrosoir edo gaztelaniazko regadera terminoetarako, normalizazio marka eta guzti.[3] Alabaina, Euskaltzaindiaren Hiztegiak definizio laburrago bat ematen dio hitz horri (iz. Ureztatzeko gailua. Ureztagailu automatikoak), eta adibideak iradokitzen du -gailu amaiera duen hitz hori ureztatze sistema automatikoak aipatzeko izan daitekeela baliagarriago, eskuzko ontzi soil baterako baino.[4]
Azkenik, ureztailu forma ez da egokia, Euskaltzaindiaren Hiztegiak ez baitu jasotzen.[5] Gainera, badirudi ez duela tradiziorik izan euskal literaturan.[6]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XV. mendean erabiltzen hasi ziren lehen ureztaontziak buztin egosiz, zeramikaz edo beiraz eginak ziren. Lepoaren mokoan zulo tipiak izan ohi zituzten, ur emaria gainazal zabalago batean barreiatzeko, eta ur zorrotada zuzenak ez zitzan landare mehe edo sortu berriak hondatu.[7]
Ureztaontzi baten lehen erreferentzia ezaguna, ingelesez (watering can), Kornualleseko Timothy George lorezainak idatzi zuen bere egutegian, 1692. urtean.[8] XVIII. mendean hasi ziren metalezko ureztaontziak egiten.[9]
John Haws fabrikatzaileak ureztaontzi berri bat patentatu zuen 1886an, ontziaren bizkarrean kirten biribil bat jarrita, ordura arte eskuleku bakarra izaten baitzuten, soilik goitik heldu ahal izateko.[10] Jakina, moldaera berria askoz erosoago gertatzen zen landareak ureztatzerakoan. Patenteak hala zioen: «Asmakizun berri honi esker, ureztaontzia aiseago garraiatzen eta makurtzen ahal da, eta, horren ondorioz, askoz ere garbiago eta egokiago da, jende aurrean erakusten den beste edozein baino». Haws Maurizio uhartean egona zen, Madagaskarreko kostan, bainila lantzen, eta han sortu zuen bere asmakizuna; Ingalaterrara itzuli zenean, XIX. mendearen amaieran, lorezaintza garapen betean zegoenez, ureztaontzi berriak arrakasta handi bat ukan zuen. Hala, esan daiteke Viktoriar Aroan hedatu zela ureztaontzien erabilera.[10]
Erabilerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ureztaontzi bat lorezaintzan erabiltzen da batez ere, landareak edo landaretxoak eskuz ureztatzeko, baina likidoa garraiatu eta modu zehatzean botatzeko gaitasuna beste testuinguru batzuetan ere erabil daiteke (eraikuntza, zementu lanak eta abar).
Ureztaontzi batek biltegi bat dauka beti, batez beste 0,5 litro inguru ur edo beste tratamendu produktuak har ditzakeena, etxe barruko landareak ureztatzeko, edo 13 litrorainokoa kanpoaldeetan erabiltzeko; lepo bat dauka, hau da, likidoa isurtzeko aho bat; lepoaren muturrean ureztatzeko moko bat, zulo txiki ugariz ziztatua, ureztatze fin eta lausoa egin ahal izateko; eta, oro har, kirten edo eskutoki bat, gehienetan biribildua, tresna heldu eta moko aldera makurtu ahal izateko.
Lorezaintzan erabiltzen den ohiko ureztaontzia beroan galvanizatutako altzairuz egina dago; beroko galvanizazioa egiteko, altzairuzko pieza zink urtuan murgiltzen da.
Erabilera horretarako aproposa gertatzen da, materialaren ezaugarri hauengatik: lehenik, sendotasuna, altzairu galvanizatuak iraupen luzea baitu; bigarrenik, zinka gizakiarentzat ezinbesteko oligoelementua dela; eta, azkenik, zink oxidoak onddoen aurkako propietatek ditu eta antiseptikoa da.
Lorezainak, askotan, bi moko erauzgarri izaten ditu: bata, ureztatze klasikorako, zulo handi samarrekin (1,4 mm-ko diametroa); eta, bestea, zulo txikiz egindako sareta batekin (0,8tik 1 mm-ra bitarteko diametroa). Horri esker, ureztatze fin bat egin daiteke, landareen beharren araberakoa. Moko horiek altzairu galvanizatuzkoak edo plastikozkoak izaten dira, eta zink-altzairuzko edo letoizko saretak izaten dituzte.
Askotan, nahiago izaten dira plastikozko ureztaontziak gai kimikoak aplikatzeko, hala nola herbizidak. Kasu horretan, mokoaren ordez ureztatzeko arrapala erabili ohi da.
Etxe barruko landareetarako ureztaontziak txikiagoak izaten dira, eta gutxitan izaten dute moko aldagarririk. Metalezkoak edo plastikozkoak izan ohi dira.
Teknika lorezaintzan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lorezaintzan, hobe da ureztatze ugari bat egitea, maiztasun handirik gabe, ureztatze arin eta maiztuagoen ordez.[11] Lurzorua ez itotzeko, komeni da beti ureztaontzi mokodun egoki bat erabiltzea, ura berdintasunez barreiatzeko, apurka-apurka, azalera guztian. Euri jasa moduko ureztatze are finagoa lortzeko, mokoaren zuloak gorantz begira jar daitezke, zeruari begira. Lurzorua gogorturik baldin badago, agian komeni da zulo batzuk egitea, makila sendo batez, ura hobeki xurga dezan.[11] Zuhaitz gazteen eta zuhaixken inguruan, hobe da sakonune leun bat egitea lurrean; horrela, ura azkarrago bideratuko da sustraietara.[12]
Ahal dela, ilunabarrean edo egunsentian ureztatzea da egokiena, eguzkiaren indarrak ez dezan ura berehala lurrundu, kaltegarria izan baitaiteke landareentzat:[13] urak eta eguzkiak, luparen eraginez, landareen ehun epidermikoak erretzen dituzte, eta, gainera, landareek beren estomak ixten dituzte izerdia mugatzeko. Eguzki berotan egindako ureztatze baten ondorioz, aski azkar ixten ez diren estomak ireki egiten dira, eta, horren ondorioz, landarea hil egiten da, lehortuta.[14]
Lurzoruaren egitura ez suntsitzeko, ez da landu behar ureztatu berri baldin bada.[11][12]
Euri ura oso egokia da ureztatzeko, gogoan izan behar baita ez duela klororik eta gatz mineral gutxi duela.[15] Hala ere, ureztatzeko erabili aurretik, ordu batzuetan utzi behar da giro tenperaturan. Zisterna bateko ura ere erabil daiteke. Aldiz, etxeko txorrotatik hartutako ura zuzenean erabiltzea ez da egokia, bereziki tenperatura hotza dagoenean giroan, ur hotzegiak landare gazteak ahultzen baititu. Gau bat utzi behar da, gutxienez. Horretarako, onena da ureztaontzia sistematikoki beteta lagatzea, ureztaketaren amaieran.[15]
Egutegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Frantziako egutegi errepublikano iraultzailearen berolis hilabetearen hamargarren eguna ureztaontzi izendatua izan zen; oro har, egutegi gregorianoko uztailaren 28an.[16][17]
Museoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alemaniako Gießen hirian ureztaontziaren museo bat dago, 2011z geroztik. Museo gisa sortu zen, baina proiektu oraktiko bat izan nahi zuen, hirian Baratzezaintzaren Urteko Erakusketa egin behar baitzen 2014an. Museoaren gai bakarra da ureztaontzia. Bertan erakusten diren pieza gehienak inguruko nekazariek eta lorezainek emandakoak dira.[18]
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ureztaontzia zenbait arte eta kultura obratan agertu izan da. Horien artean daude, besteak beste:
- Pierre-Auguste Renoir margolari inpresionistak Neskatoa ureztaontzi batekin izeneko margolana egin zuen, 1876an. Washingtongo Arte Galeria Nazionalean gordetzen da.
- Georges Seurat margolari neoinpresionistak L'arrosoir (Ureztaontzia) margotu zuen, 1883an.[19]
Irudi galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
XVIII. mendeko ureztaontzi bat (Musées de la Haute-Saône).
-
Altzairu galvanizatuz egindako ureztaontzia, 2 litrokoa.
-
Bonsaietarako erabili ohi den ureztaontzia.
-
Ureztaontziak pilatuta, makil baten inguruan, Schooltuin Plutodreef, Utrecht, Herbehereak.
-
Plastikozko ureztaontzi moderno bat.
-
Ontzi bat berrerabilita sortutako ureztaontzia.
-
Ureztaontzi bat, bizikleta batean eramateko prest.
-
Elefante itxurako ureztaontzia.
-
Pierre-Auguste Renoir, Neskatoa ureztaontzi batekin (1876).
-
Georges Seurat, Ureztaontzia (1883).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Euskaltzaindiaren Hiztegia > ureztaontzi» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-12).
- ↑ «Euskaltzaindiaren Hiztegia > -ontzi amaiera duten hitzak» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-12).
- ↑ «Euskalterm > ureztagailu» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-12).
- ↑ «Euskaltzaindiaren Hiztegia > ureztagailu» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-12).
- ↑ «Euskaltzaindiaren Hiztegia > *ureztailu» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-12).
- ↑ «Orotariko Euskal Hiztegia > urezta» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Regadera - EcuRed» web.archive.org 2022-07-07 (Noiz kontsultatua: 2023-01-12).
- ↑ (Ingelesez) Bourne, Val. (2018-11-01). The Ten-Minute Gardener: A month-by-month guide to growing your own. Random House ISBN 978-1-4735-6632-3. (Noiz kontsultatua: 2023-01-12).
- ↑ (Ingelesez) Hessayon, Dr D. G.. (2011-07-08). The Bedside Book of the Garden. Random House ISBN 978-1-4464-9704-3. (Noiz kontsultatua: 2023-01-12).
- ↑ a b (Ingelesez) Slatalla, Michelle. (2016-10-18). Gardenista: The Definitive Guide to Stylish Outdoor Spaces. Artisan ISBN 978-1-57965-735-2. (Noiz kontsultatua: 2023-01-12).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) «Consejos de riego para tu jardín - Jardinatis» Hogarmania 2018-08-02 (Noiz kontsultatua: 2023-01-12).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) «El agua y las plantas» web.archive.org 2022-08-07 (Noiz kontsultatua: 2023-01-12).
- ↑ (Frantsesez) «Jardin : un arrosage vite fait bien fait | Dossier» web.archive.org 2022-01-22 (Noiz kontsultatua: 2023-01-12).
- ↑ (Frantsesez) «Usages : eau dans plantes» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-01-12).
- ↑ a b (Frantsesez) «Gestion de l'eau : tout sur l'arrosage | Gamm vert» web.archive.org 2021-08-25 (Noiz kontsultatua: 2023-01-12).
- ↑ (Frantsesez) France. (1793). Convention nationale. Rapport fait à la Convention nationale, dans la séance du 3 du second mois de la seconde année de la République Française, au nom de la Commission chargée de la confection du Calendrier ; Par Ph. Fr. Na. Fabre-D'Eglantine,... Imprimé par ordre de la Convention nationale. De l'imprimerie Nationale (Noiz kontsultatua: 2023-01-12).
- ↑ (Frantsesez) B, Julien. (2016-07-29). «10 THERMIDOR – Jour de l’ ARROSOIR» Agenda républicain (Noiz kontsultatua: 2023-01-12).
- ↑ (Alemanez) «Gießener Anzeiger - Gießener Gießkannenmuseum offiziell eröffnet - Sadullah Gülec zum Direktor ernannt» web.archive.org 2011-08-31 (Noiz kontsultatua: 2023-01-12).
- ↑ (Frantsesez) «Georges Pierre Seurat - L Arrosoir» fr.wahooart.com (Noiz kontsultatua: 2023-01-12).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Nola egin ureztaontzi bat etxean, Consumer aldizkaria