Ybarra, Mier y Compañía
Ybarra, Mier y Compañía | |
---|---|
Datuak | |
Mota | negozioa |
Jarduera sektorea | meatzaritza |
Agintea | |
Jabea | Jose Antonio Ybarra De los Santos |
Historia | |
Sorrera | 1827 |
Desagerpena | 1854 |
Ybarra, Mier y Compañía Bizkaiko salerosketa konpainia bat izan zen, Jose Antonio Ybarrak, Jose Antonio Mierrek (de la Mier), Nicolas Maria del Llanok eta Jose Txabarrik 1827an eratua, urte bereko Bizkaiko meatzeei buruzko foru legearen epelean. Sozietateak aberastasun handia metatu zuen burdinolen zorrari eta azken gainbeherari lotuta, baita Lehen Karlistaldiko zerealen espekulazioaz zein esklabo trafikoaz ere. Bizkaiko industrializazio handirako oinarriak jarri zituen.
XIX. mende hasieran, burdinolen harrikatz hornikuntza (gehienetan Somorrostrokoa) lehiakide gutxi batzuen eskuetan geratu zenean, azken horiek elkartzea erabaki zuten, Ybarra, Mier y Compañía eratuz eta, era horretan, salmentaren monopolioa eskuratuz. Hartara, harrikatz salmentaren prezioa ere finkatu zuten. Burdinolak, aldiz, lehiakortasuna galtzen joan ziren aldi horretan, eta konpainia zorren hartzekodun izaten hasi zen, hainbeste non zorraren pagu utzitako ondasunak bihurtu ziren konpainiaren aktibo garrantzitsuena konpainia sortzeko unean, gehienetan burdinolak.
Aldiz, Lehen Karlistaldia hasterako (1833), enpresaburuek kapital hori beste ekonomia jarduera batzuetan inbertitu zuten, dibertsifikatu. 1839ko urrian, Jose Antonio bueltan zen Bordele eta Londresko erbestetik Karlistaldia amaituta, eta berriz heldu zioten burdinolekiko harremanari, mea hornituz eta burdina erosiz. Gerrako arriskuak kapital handia metatzeko balio izan zion Ybarra familiari, kontrabando, esklabo tratu eta, batez ere, lehengaien hornikuntzaren bidez. 1839 amaieran, Ybarra familiaren aldetik, Jose Antoniori Juan eta Gabriel semeak bildu zitzaizkion konpainiaren kudeaketan, bete-betean horretarako lan eginez.
1854an, Ybarra familia haren kapitalaren % 70en jabe zen, Mier gainerako % 30arena, baina urte horretan bertan hil zen. Sozietatea orduan desegin zen, eta haren lekua Ybarra Hermanos y Compañíak bete zuen.