Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Zurgihar

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hagin adarraren ebaketa: zur iluna zurgiharra da; argia, zurgizena eta erdiko puntu beltza, bihotza

Zurgiharra[1] enborraren bihotza da, zur ilunena, gogorrena eta iraunkorrena duena. Zurtoinaren edo adarren barnealdeko partea da zurgiharra, zurtoinaren parte hilak osatua eta, beraz, gaiak (izerdia) garraiatzeko ahalmena galdua duena. Kanpoaldeko zatia zurgizena da[2], eta hau baino gogorragoa da, eta kolore ilunagoa izaten du osagai dituen olioen, erretxinen eta gomen eraginez. Zuhaitz-espeziearen arabera[3], errazagoa da zurgiharra eta zurgizena bereiztea; adibidez, nahiko erraza da zedro eta haritzetan, ez hainbeste pinuetan, eta ia ezinezkoa makaletan.

Zuhaitz gehienetan, zuraren barneko atalak bere jarduera eroalea eteten du, eta bere zelula biziak (parenkimak), funtsean, aldaketa batzuen ondorioz hil egiten dira[4]:

  • Protoplasmaren desintegrazioa.
  • Zelula-hormak lignina gehiagorekin sendotzea.
  • Gai organiko eta inorganikoak zelula-horman eta lumenean pilatzea: inpregnazioa. Gai horien artean daude taninoak, olioak, gomak, erretxinak, koloratzaileak, konposatu aromatikoak, silizio eta kaltzio karbonatoa.
  • Izerdi-hodiak tileekin blokeatzea.

Aldaketa hori jasan duen zura da zurgiharra. Zenbat eta handiagoa izan inpregnazioa, hainbat eta handiagoa da usteltzea eragiten duten mikroorganismoekiko erresistentzia (onddo xilofagoak besteak beste).

Nahiz eta izerdirik ez garraiatu, zurgiharra ez da zur ez-funtzionala. Funtzio asko betetzen ditu: erresistentzia mekanikoa (zurgizenarekin batera egindako euste-funtzioa), patogenoen aurkako babesa, gastu energetikoaren eta transpirazioaren erregulazioa (zurgizenaren bolumena optimizatzea zuhaitzaren beharren arabera), mantenugaiak zurgizenerantz birziklatzea[5].

Arotz, zurgin eta nekazariek zurgiharra nahiago izaten dute maiz, kolore aukera gehiago izaten delako (ilunak, aberatsak eta askotarikoak). Gainera, intsektu xilofagoek zurgizena baino ez dutenez erasotzen[4], oro har, kendu egiten da.

Zurgizenak eta zurgiharrak kolore desberdinik ez badute, ezin izaten dira biak erraz banandu eta, hortaz, berezi gabe erabiltzen dira. Horien artean daude izeikia, lizarkia, pagokia, astigarkia, urkikia, sahaskia eta ezkikia.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «zurgihar». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2022-9-14.)
  2. «zurgizen». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2022-9-14.)
  3. M. Jose Barriola. (2010). (pdf) Zuraren identifikazioa eta fitxa teknikoak. Elhuyar fundazioa (Noiz kontsultatua: 2021-09-05).
  4. a b (Frantsesez) Peter Wohlleben. (2017 martxoa). La vie secrète des arbres. Éditions des Arènes, 263 or. ISBN 978-2-35204-593-9..
  5. (Frantsesez) Christophe Drénou. (2006). Les racines, face cachée des arbres. Forêt privée française.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]