Ego ibarra
Ego ibarra ("Val de Ego") Goi Erdi Aroan Debabarrena eskualdean izandako egitura administratiboa izan zen. XIII. mende inguruan sortu zen Ego ibaiko burdinolen inguruan, eta bere foru errejimen propioa izan zuen, probintziak (Bizkaia eta Gipuzkoa) zein eskualdeko hiribilduak (Ermua, Eibar, Zaldibar, Elgeta, Mallabia...) sortu baino lehendik ere.[1]
Geografia
aldatuEgo ibarra izen bereko ibaira isurtzen duten ibaiadarren arroek osatzen duten unitate naturala da (gaur egunean politikoki zatitua dagoena, probintzia eta udal desberdinetan) Iturburua Arrangizgana mendatean dago, Oiz mendiaren magalean (Mallabia, Bizkaia); gero Ermutik pasatzen da (non hirigunean bideratuta eta estalita dagoen); gero Sallabente auzotik (zati bat Ermua, bestea Zaldibar); eta azkenik Eibarren sartzen da (Gipuzkoa). Hirigunean bideratua eta estalia dago, baita ere, eta gero agerian doa Maltzaga auzoan Deba ibaiarekin bat egiten duen punturaino.
Ibilbide honetan, Ego ibai nagusiak hainbat ibaiadarren urak jasotzen ditu:
Burdinola sarea
aldatuBotere politikoa baino lehen, eliza katolikoa izan zen lurralde banaketaren antolatzailea; autore batzuen arabera, erlijio hau Euskal Herrian VIII. mendean sartu zen, Al-Andalusetik ihesi zetozen kristauen eskutik.[2] IX. menderako, badira inguru honetan erlijio honen presentziaren frogak (Argiñeta). Eliza katolikoak bere apezpikutzen mugak zehazteko karistiar eta barduliarren arteko banaketa erabili zuen, eta XI. menderako Elorrio, Iurreta edo Astigarribian baziren tenpluak, denak Tabirako artzapezpikutzari lotuak.
Hirurehun urte geroago, gaurko Eibarren lurrak “Tierra” edo “Merindad de Marquina” izeneko entitate zabalago baten barruan aurkitzen ziren. “Marquina” horrek ere (“muga” adierazten duen izena) Durango zuen erdigune edo erreferentziatzat, eta Itziar eta Durango arteko haranak hartzen zituen; horren barruan “Marquina de Yuso” edo behekoa (Markina, Etxebarria, Xemein) eta “Marquina de Suso” (Eibar, Elgoibar, Soraluze) bereizten ziren.
XIII. menderako, Ego ibarrean bazen burdinola sare bat martxan; 1335ean Gaztelako Alfontso XI erregeak aipatu zuen, “a los ferreros que labran el fierro en las ferrerías que son en val de Lastur e en val de Mendaro e en val de Ego” forua eman zienean. Foru honetan olagizonei zenbait eskubide ematen zitzaizkien, hala nola goardak izendatzeko, meatzaritzako, zura ateratzeko.... Halere, handik urte gutxira eskubide hauek talka egingo zuten hiribildu sortu berrien interesekin; era berean, geografia eta ekonomiaren arabera antolatutako ibar honen mugak ez ziren bat etorriko gero inposatuko ziren muga politikoekin. Horretara, Ego ibarreko gunea Eitzagatik Maltzagara hedatzen zen, eta ez bakarrik burdinolekin lotutako erreka eta ibaien inguruan: horren erakusgarri dira zonaldeko hainbat toponimo, hala nola Egoetxeaga, Egoarbitza (Egoarribiatza), Egotza, Eitzaga, Egoazpe…[3] denak gaur eguneko herrien eta probintzien mugez gaindi banatuak. XVI. mende hasieran oraindik herriak industrigune mediebalaren oroimena bazuen, pleitu batean aipatzen denez: “en aquel tiempo (…) no avía poblaçión en las villas de Elgoybar, Heybar, Plasençia e Elgueta (…) Que oyó desir a algunas personas de sus antepasados, que por tiempo el señor de Hego tenía en este valle de Eybar Eyçaga que llaman Hego, solía tener e tenía muchas herrerías de labrar hierro e a la sazón que no havía poblaçión ni billa en Eybar...” (Valladolideko Errege Entzutegi eta Kantzelaritzaren artxiboa. P.C.Quevedo(D)C-243-1).[1]
XIII. mendeko industrigune honek (artean sortu gabeko) Udalerrien pareko antolakuntza maila zuen: alkateak, alkateordeak, zerga biltzaileek, basozainek… kabildo zeritzaiona osatzen zuten, non burdinolen jabeek eta merkatariek ere parte hartzen zuten. Ego ibarra, dena den, ez zen Deba arroko industriguneen artean garrantzitsuena: garai hartan pisu handiagoa zuen Elgoibar-Mendaro arteko zonaldeak, ola kopuruarengatik eta hango jauntxoen boterearengatik.
Ego ibarreko burdinolak hauek ziren: Ibarbea edo Ibarra de Yuso, Isasi, Isasi Olaberria (gaurko Eibar), Olaerreaga, Eitzagako bi olak (gaurko Zaldibar). Burdinola hauen erdigunea San Lorente de Otaola izeneko ermita zen (gaurko Sallabente edo San Lorenzo): bertan egiten zituen batzarrak Ego ibarreko burdinolen Kabildoak.[1]
Otaola
aldatuOtaolako Sallabente ermitaren eragina oso handia izan da historikoki: bai XIII. mendeko Ego ibarrean, baita lurralde antolakuntza berriaren garaian ere. 1425 inguruan, adibidez, bi baserri Eibarko lurretan eraiki zirenean ere (“allende de la regata de Ibiur”, Yarzako parajean, Untzuetatarren jabetzako Urkizusoloeta kortan), Sallabentetik nahiko urruti egon arren, Otaola izena ipini zieten: Otaola de Allende (muinoaren gainean, Ermurantzago) eta Otaola de Aquende, edo Otaola Etxebarria (Ego ibaiaren ondoan, Eibarrerantzago). 1480 inguruan hirugarren etxea eraiki zen, eta honi ere Otaola izena eman zitzaion.[1] Gaur egun ere, Eibarko auzune handienak (Bizkaiko mugatik hasita Soraluzeraino) Otaola-Kiñarraga izena du.[4]
Ez da ezagutzen noiz eraikitakoa den Otaolako Sallabente ermita. Halere, adituek Goi Erdi Arokoa dela uste dute, aintzinatasun handia erakusten duten zenbait ezaugarrirengatik. Besteak beste:
- Erdi Aroan bere influentzia guneak jurisdikzio banaketa erlijioso zein zibilak gainditzen zituela.
- Hildakoak bertan ehorzteko eskubidea Elorrioko zenbait baserrietaraino ailegatzen zela.
- XV-XVI. mendeen artean, ermita Ermuko Santiago parrokiako abadeen ardurapean geratu zela (nahiz eta Zaldibarko lurretan egon).
- Ego ibaiaren lerroa ere gainditzen zuela, haranaren beste aldeko etxeak ere bere menpe hartuz (Arezti baserria, adibidez).
- Aro Garaikidera arte iraun duen errituala: Otaolako Sallabenteko Kofradiako buruak, santuaren egunean, 3 metrotako haga bat sartzen zuen ermitako sarrerako harri zulatu batean, aginte-sinbolo bezala. Harria hantxe da gaur ere, eta auzotar batzuek XX. mende hasieran erritual hau bizirik ezagutu dute.[1]
1538an, Otaolako Sallabenteko ermitan zalaparta handiko gertakariak izan ziren. Eibarko Ubilla eta Inarra familia handikiak aspaldiko etsaiak ziren; maiatzaren 10ean, ostirala, 19:30etan, bi inarratar gaztek (abadegaia eta abadea) zenbait ubillatarrei ezpataz eraso zieten Ultsagan. Hauek larriki zauriturik, Ermua aldera ihes atera ziren, eta Otaola baserrien inguruan beste gizon bat zauritu zuten, traidoretzat jota. Besteen lagunek jazarriak, inarratarrak Sallabenteko ermitara ailegatu ziren. Ondoan bizi ziren serorei abisatu gabe, bertan sartu eta gotortu ziren, ateak egurrekin eta eserlekuekin trabatuz. Atzetik zetorren jendeak ateak kolpatu zituen, baina ezin sarturik, ermita inguratu zuten gau osoan. Biharamunean Durangoko Merindadeko Korrejidore-Tenientea eta beste agintari batzuk etorri ziren, barrukoei hitz egitera. Eztabaidaka eta mehatxuka aritu eta gero, agintari batzuek leihotik sartzea lortu zuten; negoziatu eta gero, gotortuek ateratzeko babesa eskatu zuten (kanpoan jendetzak jipoitu nahi baitzituen). Igandean indarrez atera zituzten, eta kateaturik eraman zituzten Gipuzkoako agintariengana. Familia aberatsekoak izaki, ez zuten zigor handirik jaso; baina liskar honek sona handia izan zuen, eta urte luzeetan aginte zibil zein erlijiosoaren kexa, salaketa eta erreklamazio segida izan zuen.[1]
Konbentzioaren Gerran, 1794ko abuztuaren 29an, Ermuko gerragunearen komandantea zen Joaquin de Larrinagak, frantsesak Ondarroa harturik eta Eibarko aldetik Ermurantz zuzentzen zirela jakin izan zuen. Olaerreagako zubian 350 bat gizon garaitu ondoren, frantsesak lekuaz jabetu ziren, Sallabenteko baselizan instalatuz. Eguerdiko ordubiak inguru Ermuaren kontrako erasoa hasi, eta handik bi ordutara sartu ziren, herriari sua emanez.[5]
Gaur egunean, Otaolako Sallabente auzoaren zati bat Zaldibar da, eta bestea Ermua (azken honek, 1886an, 38 biztanle zituen[6]). Honek administrazio paradoxa xelebreak ekartzen ditu, hala nola 2020 urtean Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gertatu zenean.[7]
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d e f Elorza Maiztegi, Javier.. (2000). Eibar : orígenes y evolución : siglos XIV al XVI. Eibarko Udala ISBN 84-89696-22-5. PMC 48158282. (Noiz kontsultatua: 2019-12-29).
- ↑ Euskal herriaren historiaz. Servicio Editorial, Universidad del País Vasco 1985- ISBN 84-7585-022-7. PMC 434469635. (Noiz kontsultatua: 2020-03-05).
- ↑ «Ego - Lugares - EODA» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-05).
- ↑ «Otaola-Kiñarraga auzoa — Eibarko Kultura Ondarea - Egoibarra.eus» egoibarra.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-27).
- ↑ Aranberri Odriozola, Fernando, 1971-. (2001). Ermua - Eitzaga ; Leku-Izenak ; Geure Izanaren Barrena. Euskaltzaindia ISBN 84-95438-04-6. PMC 60689218. (Noiz kontsultatua: 2020-03-10).
- ↑ Azcona, Jose Manuel. Historia General de la Villa de Ermua. .
- ↑ «Vecinos de Abadiño reclaman explicaciones sobre la calidad del aire» https://dotb.eus/ (Noiz kontsultatua: 2020ko martxoaren 6a).