Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                

Nafarroako konkista

Gaztela-Aragoiko koroak Nafarroako Erresuma okupatzeko zuzendu zuen kanpaina politiko-militarra, 1512tik 1529 artekoa.

Nafarroako konkistak 1512tik 1529ra arte iraun zuen eta, bertan, Gaztela-Aragoiko Koroek, monarkia beraren pean elkartuta, beren armadez iraunkorki okupatu zuten euskal erresuma hainbat gatazkaren ondoren.[1] Nafarroako konkista Italiar Gerren testuinguruan eta haien eraginpean gertatu zen. Fernando II.a Aragoiko erregeak zuzendutako 1512ko udako inbasioak gauzatu zuen Nafarroako Erresumaren okupazioa, Fadrique Álvarez de Toledo Albako dukearen gidaritzapean. 1515eko ekainean, Gaztelako Gorteek Nafarroa Gaztelako Koroari atxikitzea erabaki zuten.

Nafarroako konkista
1512. urteaz geroko lurralde mapa
Data1512-1529
LekuaNafarroako Erresuma
Koordenatuak42°48′N 1°36′W / 42.8°N 1.6°W / 42.8; -1.6
EmaitzaGaztelaren garaipena
Gudulariak
Gaztelako koroa
Aragoiko koroa
 Nafarroa
Buruzagiak
Fernando II.a Aragoikoa
Albako dukea
Joanes III.a Nafarroakoa
Katalina I.a Nafarroakoa
Henrike II.a Nafarroakoa

Nafar birkonkista ahaleginak Petri Nafarroakoa mariskalak zuzendu zituen 1516ko martxoaren 25 arte. Urte horretan, nafar errege-erreginei Henrike II.a semeak hartu zien errelebua eta, agintari espainiarren aldean, Fernandori eta Cisneros kardinalari Karlos V.a enperadore gazteak. Cisnerosek Nafarroako gazteluak eraisteko agindu zuen 1517an nafar erresistentzia zapuzteko. Nafar subiranistek kontraerasoa jo zuten, André Foixkoa Asparrotseko jaunak zuzenduta, 1521eko nafar-gaskoi espedizio baten buru, erresuma laburki berreskuratu zuena, Noaingo Batailako porrota arte.

Henrike II.a, Frantzisko frantses erregearekin bat eginik, berriz oldartu zen Pirinioetan barrena 1521eko irailean, hiru zutabetan, baina Amaiurko Guduan, nafar subiranistek galdu egin zuten Nafarroa Garaiko azken lur zatia. 1523an, Henrike II.a erregeak Nafarroako Gorteak deitu zituen Donapaleun, eta Nafarroa-Biarnoko Erresumaren oinarriak ezarri. 1524ko apirilean, Karlos V.aren indarrek Hondarribia azpiratu ondoren, fronte guztia Bortuz Harunzko Lurraldeko borroketara mugatu zen. Ezustean, 1527ko urriaren 11rako, enperadorearen tropek lurralde hori abandonatu zuten.

Azken borroka militarren epelean, lehen sorgin-ehiza handia piztu zen Nafarroa Garaian (1525 eta 1527), Inkisizioaren interbentzio gero eta handiagoaz. 1526ko Madrilgo Itunak frantses babesik utzi zuen Henrike II.a, teorian bederen. Nafarroa Garaiak erresuma estatus erdi-autonomo bati eutsi zion Gaztelako Koroan, tentsio handien artean bazen ere. Nafarroa-Biarnoko Erresuma subiranoak 1620 arte iraun zuen Pirinioez iparraldera, erlijio erreformismora lerratuz, Frantziatik gero eta hurbilago, eta Espainiar Koroarekiko gerra giroan.


Aurrekariak

aldatu
Gehiago jakiteko, irakurri: «Nafarroako Gerra Zibila»

1474an Fernando Katolikoa Elisabet I.a Gaztelakoarekin ezkondu zenez, 1476an "Nafarroa, Gaztela, Leon, Portugal eta Siziliako erregea eta Aragoiko lehensemea" titulua eman zion bere buruari beaumondar eta agaramontarren artean arbitrajeak ematen ari zela. Arbitrajeak aprobetxatuz, Nafarroan 900 soldadu gaztelar kokatu zituen, horietatik 150 Iruñean. 1478an Iruñeko gotorlekuaren buruzagi Leringo kondea zen Luis Beaumontekoa izan zen, beaumondarren buruzagia. Hau ez zen Leonorren gustukoa, baina alferrik.

1479ko urtarrilaren 19an Joanes hil eta Leonor erregina bihurtu zen baina hamabost egun baino ez zuen iraun. Fernando nebaordearekin arazoak zituenez, Frantzisko Febus izendatu zuen errege berri. 1483an Frantzisko hil eta Katalina Foixkoa arreba izan zen erregina, 1484an Joanes Labritekoarekin ezkonduko zena.

1488ko martxoan Nafarroako erregeek, Gaztelako Erresumak inposaturiko merkataritza-blokeoa saihesteko, errege-erregina katolikoekin Valentziako ituna sinatu zuten. Itun honen arabera, Katalina Foixkoaren eskubideak ez ziren onartuak eta Gaztelako tropak mantendu behar ziren. 1495 eta 1500 artean Nafarroako Erresuma gaztelarrek de facto okupatua zegoen. Horrexegatik 1497an, Errege-erregina katolikoek Frantziako erregearekin adostu zuen Nafarroako Erresuma Napoliren truke hartzea.[erreferentzia behar]

1507an nafarrek Leringo kondea eta armada atzerritarra botatzea lortu zuten. Hau denen gustukoa izan zen, tartean beaumondar askorena. 1508an Leringo kondea erbestean hil zenez semea Luis Beaumontekoak aho batez erabaki zuen Gaztelako Erresuma lagundu Erresuma inbaditzea. Louis XII.ak, berriz, Bearno eta Foixko leinuaren lurraldeak bereganatu nahi zituen. Horrexegatik, 1510eko urtarrilean erregeak Nafarroako Gorteetan jarrera honen aurka ohartarazi eta otsailean bake ituna sinatu zuen Bearnorako.[2] Gerran ez ezik izurrite-epidemiatan nafar asko hil ziren, bereziki 1504 eta 1507an izandakoetan. Honek etsaiei konkista erraztu zien.[3]

Fernando II.a Katolikoaren 1512ko inbasioa

aldatu

Mobilizazio militar eta diplomatikoa

aldatu
 
Elizaren Estatuaren armarria.

1512ko apirilean Ravenako guduan Nafarroako errege-nahia zen Gaston Foixkoa oinordekorik gabe hil zen. Arreba Fernando Katolikoaren bigarren emaztea zen Germana Foixkoa zuenez, Fernandok Louis XII.a Frantziakoarekin negoziatu zituen emaztearen eskubideak. Frantzia behartzeko asmotan, Fernandok iparraldetik landsknecht alemaniarrei eraso eragin eta hegoaldetik, bere suhia zen Henrike VIII.a Ingalaterrakoaren laguntzari esker, Guiana eta Baiona erasotzeko mehatxua egin zion[2]

Apirilean gaztelarrek inbasioa prestatu zuten, soldaduak errekrutatuz eta hornidurak prestatuz. Burgosen Fernando Katolikoa Petri Nafarroakoa eta beste nafar buruzagiekin batzartu zen. Bilera hartan, Gaztelako Erresumak Frantzia erasotzeko bidea izatea eskatu arren, nafarrek Italian borrokatzeko 100 lantzari eskaini zituzten. Guda saihesteko asmotan, ekainaren bukaeran Petri Nafarroakoa mariskalak eta Erret-kontseiluaren presidentea zen Joanes Jatsukoak Fernando II.ari Nafarroatik Espainia erasotzera zihoazen armaden bidea gelditzearen Nafarroako Gorteen hitza eskaini zioten. Nafarroako gotorlekuen alkateak aukeratzekotan Gaztelaren baimena ere eskaini zioten.[2]

Aldiz, maiatzaren bukaeran, borrokan izan ziren Sausen eta Zangozan, mugako gotorlekuak[2] Era berean, Nafarroako erregea ekainean Bloisera joan zen Bearnorentzat 1510ean sinatutakoa bezalako ituna lortzera. Horrela Bloisko ituna sinatu zuten. Uztailaren 10ean eta ituna sinatu baino lehen, Gaztelako Erresumako armadak Goizueta inbaditu zuen. Uztailaren 12an Fernando II.ak Bloisko itun faltsua aurkeztu zuen, Gaztelako erasotzeko ituna zena. Uztailaren 17an Petri Nafarroakoak azken saiakera diplomatikoak egin zituen[2].

Fernando Katolikoak uztailean Aragoiko Gorteei eta Zaragoza hiriari inbasioa hasteko baimena eskatu zien. Erantzuteko irail arte itxaron zutenez, jadanik Pastor Ille Caelestis bulda argitaratua eta inbasioa bukatuta zegoen. Hala ere Zaragozako artzapezpikua eta Fernando Katolikoaren semea zen Alonso Aragoikoak 3.000 oinezko eta 400 zaldun bidali zituen Nafarroako Erresumaren aurkako “guda santura”. 1512ko uztailaren 18an benetako Bloisko ituna sinatu zen, elkarrekiko laguntza militarra finkatzen zuena. Historialari batzuen arabera[4], ituna Katalina eta Joanesen akats politiko nabarmena izan zen, Louis XII.-ak - errege zismatiko bihurtuta[5] - de iure ez zituen eskubiderik eta, bide batez, ofizialki uztailaren 19an inbasioa hasteko aitzakia zelako[2].

Inbasioa

aldatu

Gaztelako Erresumako armada Gasteizen bildu zen. Buruzagi nagusia Albako dukea zen, Fadrique Álvarez de Toledo, eta kapitainen artean militar eskarmentudunak ziren Rengifo edo Villalba koronela bezalakoak. Guztira 2.500 zaldun, 12.000 oinezko, 1.500 lantzari eta 20 artilleria-pieza zituen. Gainera Zamorako apezpikua zen Antonio Acuñak 400 lagun zuzendu zituen, tartean iparraldeko Afrikatik etorritako Bejaiako tertzioak.[2] Nahiz eta uztailaren 10 Goizueta hartu zutenean inbasioa jada hasia zen, armadaren gehiengoa uztailaren 19an Burunda eta Lekunberritik irten zen. Berarekin batera Leringo konde eta Nafarroako kondestablea zen Luis Beaumontekoaren tropak eta bere koinata zen Naiarako dukeak zuzendutako 700 errege korazari irten ziren.

Arazo handirik gabe, uztailaren 22an, Uharte Arakilen igaro zuten gaua eta egun bi geroago Iruñetik gertu dagoen Aratzurira heldu ziren. Bidean beaumondar noble batzuek, baita zenbait agaramondarrek ere[4], laguntza eskaini zieten. Kontra egitea ezinezkoa zenez, Katalina eta Joanes erregeek, buruzagi nagusiekin batera, Bearnora ihes egin zuten[2]. Iruñeak, garai hartan geroago izango zen gotorlekua ez zena, eraikinek beraiek osatzen baitzuten harresia, ia ez zuen artilleriarik, eta 6.000 eta 10.000 biztanle bitartean zituen. Armada gaztelarra, ondo hornituriko 15.000 lagunek osatua, uztailaren 24an Takoneran kanpatu eta uztailaren 25ean errendizioa sinatu zuen[2].

Hiriburua lortuta, Albako dukeak ordezkariak bidali zituen Irunberri, Zangoza, Donibane Garazi, Amaiur, Lizarra, Tafalla, Tutera, Erronkari eta Aezkoara errenditzeko eskatuz. Gehienek amore eman bazuen ere, lizarratarrek, tuterarrek, amaiurtarrek eta garazitarrek ez.Uztailaren 29an errenditzeko aurrehitzarmena lortu zuten: Fernando II.ak bere Nafarroako maniobra guztiak gelditu zituen Henrike Labritekoa bere Gortean hezia izatearen truke. Fernando Katolikoak abuztuaren 4an sinatu arren, nafar erregeek ez zuten sinatu.

Hiriak banan banan errenditu ziren, Fernando II.ak euren foru eta eskubideak errespetatzea zin egiten zuen heinean: Zangoza abuztuaren 11an, Irunberri abuztuaren 16an eta Kaseda abuztuaren 24an. Iruñea okupatu eta gero, Tutera erasotzeari ekin zioten gaztelarrek. Fernando bera abuztuaren 12an Logroñora joan zen Tutera eta Lizarraren aurkako maniobrak zuzentzeko. Gaztelar-aragoitarrek Tutera setiatu eta Zaragozako artzapezpikua eta Fernando Katolikoaren semea zen Alonso Aragoikoaren tropen laguntzarekin irailaren 9an errenditu zen herria. Urriaren 4an Fernandok foruak eta eskubideak zin egin zituen.

 
Xabierko gaztelua.
 
Ortheze, Nafarroako erregeen aterpea.

Abuztuaren azken astean, Albako dukeak Pirinioak zeharkatzeko armada prestatu zuen. Abangoardiak, Cristóbal Villalba koronelak zuzenduta, 300 zaldun, 2.900 oinezko, zenbait artilleria-pieza eta 500 artillari zituen. Gauez eta ustekabez agertu ziren Orreagan kolejiata hartuz eta Auritz errez. Irailaren 2 eta 3an hantxe kanpatu ziren. Irailaren hasieran Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkari hartu zituzten. Aldi berean Carlos Pomarrekoak zuzendutako aragoiarrek Burgiko gaztelua hartu zuten. Pirinioak zeharkatu eta gero zenbait gaztelu ere hartu zituzten, nafarrekin borroka txiki batzuk izan ondoren. Irailaren 10ean Donibane Garazi eta inguruko eskualdea okupatu zuten. Nafarroa Beherea okupatu eta gero, bertoko herriak arpilatu eta erre zituzten, tartean Ainhize, Garrüze edo Uhartehiri.

Nafarroako erregeak Orthezera joan ziren babes bila, Salbaterra Bearnon kuartel aurreratua mantenduz. Fernando II.ak Antonio Acuñak zuzendutako enbaxada bidali zuen uztailaren 29ko errenditzeko aurrehitzarmenaren baldintzak finkatzeko. Nafarrek ordezkaria atxilotu eta espioitzat hartu zuten, gaztelarren haserrerako. Irailaren erdialdera Behe Nafarroan 6.600 oinezko, 1.600 zaldun eta 1.200 soldadu gaztelar zeuden. Tropak eskualdeko beaumondarren buruzagia zen Luxaren gizonek erasotuak izan ziren. Hornidurarik ez zutenez eta soldata ordaindu ez zietelako, irailaren 24an Valdés kapitainak zuzendutako tertzio gaztelarren mila soldaduak altxatu ziren. Menderatuak izan ondoren Burgiko gaztelura bidaliak izan ziren.

Lehendabiziko nafar kontraerasoa (1512)

aldatu
 
Exigit contumacium bulda (Amaiurko Arkeologia Zentroa)
 
1514ko dokumentua, traizioa leporatuz erronkariar batzuei heriotza-zigorra ezartzen diena.

Italian Liga Santako armadek frantziarrak bota eta Frantzia bere muga guztietan mehatxatua zegoen.Horrexegatik Louis XII.ak Espainia erasotzea erabaki zuen, Nafarroako erregeari erresuma berreskuratzen lagunduz.

Urriaren erdialdean hasi zen erasoa. Armada hiru zatitan banatu zen: lehenengoa Gipuzkoa aldera joan zen, bigarrena Nafarroa Beherera eta hirugarrena Erronkariko ibarrerantz:

Barnealdeko hiri asko, tartean Lizarra, San Martin Unx, Cábrega, Murillo el Fruto edo Tafalla, altxatu ziren baina iparraldetik zetorren armadaren laguntza izan baino lehen menderatuak izan ziren. Lizarra, adibidez, urriaren hasieran altxatu, Fernando II.ak Tutera hartzen ari zenean, eta urriaren 29an errenditu zen, Monjardingo gaztelua galdu zenean.

Urriaren 24n Albako dukea Iruñera heldu zen Nafarroa Beheretik. Laster hasi zen hiriaren defentsa prestatuz. Nafarroako armada - 20.000 soldaduek osatua: 10.000 nafar, gaskoi, albaniar eta landsknecht alemaniar - irailaren 3an heldu zen. Borroka txiki batzuk izan ondoren, azaroaren 24an Tiebasko gaztelua hartu zuen. Azaroaren 29an azken saiakera bat egin zuen, baina, negua gertu zegoenez, Baztanerantz atzera-egitea erabaki zuen.

Iruñeko setioaren porrota eta gero, Gipuzkoan zegoen zutabea ere erretiratu zen, okupatutako zenbait herri errez.

Iruñetik alde egin zuten soldaduak, Petri Lopez Padilla gaztelarra eta Karlos Gongora beaumondarra, erasotuak izan ziren gaskoi eta biarnotar batzuk harrapatuz. Iruñera eraman zituzten batzuk bere banderekin batera. Albako dukeak Hondarribiko alkaidea zen Diego Lopez Aiarakoari eskatu zion nafar-gaskoien atzealdea erasotzea. Belaten alemaniar landsknechtak harrapatu eta oinaztar gipuzkoarrek gudu honetan 10 edo 12 kanoi lortu zituzten.

Gaztelako Erresumako armadak Baztanerantz ere jo zuen. Borroka batzuk izan ondoren, Frantses Beaumontekoak zuzendutako gaztelarrek Amaiurko gaztelua eta harekin batera ibar osoa hartu zuten[2].

Okupazioaren bermatzea

aldatu

1512ko abenduaren 17an Comaresko markesa zen Diego Fernández de Córdoba lehendabiziko erregeordea eta Nafarroako kapitaina, jeneral bihurtu zen. Era berean, fideltasuna saritzeko izendapen berriak egin zituen erregeak. 1513ko maiatzean Leringo kondea zen Luis Beaumontekoa Nafarroako kantzelari eta Erret-Kontseiluaren presidente bihurtu zuen.

 
Nafarroako erregeen jauregia, erregeordeen egoitza izango zena. Egun "Nafarroako Artxibo Orokorra" da, Rafael Moneo arkitektoak egindako zaharberritzea dela medio.

1513ko martxoan Nafarroako Gorteetan bildu ziren erregeordeek agintari berriak errespetatuz gero barkamen orokorra eta Fernando II.aren izenean foruak zin egitea eskaini zuen. Bilera honetara agramondar noble gehienak eta abade batzuk ez ziren agertu.

Julio II.a aita santuak, hil baino lehen, "Exigit Contumacium" bulda eman eta Nafarroako erregeak eskumikatu zituen, Fernando II.aren inbasioa bidezkotuz. Leon X.ak, Fernando II.aren presioak bultzatuta, bulda berretsi zuen 1514 eta 1515ean nafarrek egindako maniobra diplomatikoek fruitu eman gabe. 1513ko apirilaren 1ean Fernando Katolikoak eta Louis XII.ak Urtubiako bakea sinatu zutenean isolamendua areagotu egin zen. Itun honi esker, Gaztelako Erresumak Foix eta Bearnoko konderriak eskuratzeko auziak utzi,Frantziak Espainiak Napoli eskuratzea onartu eta nafar erregeei laguntza kentzea adostu zuten. 1514an Orleansen beste itun bat sinatu zuten bakea berresteko. Itunaren eraginkortasuna Henrike VIII.a Ingalaterrakoak gaztelarrekin akordioak hautsi eta Nafarroara 10.000 arkulari bidali nahi zuenean azaldu zen. Frantziako erregeak laguntza ukatu eta gaztelarrak Nafarroan finkatu ziren.

Gaztelarrek eskas kontrolatu zuten Nafarroa Beherea. Bertokoekin, tartean Leringo kondearen lehengusua zen Luxako jaun beaumondarrrarekin, negoziazioak abian jarri zituzten. 1514ko abuztuaren 20an bertoko nobleek Fernando II.ari fideltasuna zin egin zioten eskubideei eutsi eta Joanes Labritekoari ez erasotzearen truke.

 
Fernando II.a Aragoikoa eta V.a Gaztelakoaren armarria.

Puntu estrategikoetan defentsa sendotu zuten iparraldetik etorritako erasoak uxatzeko. Iruñean, Santiago izeneko gaztelua, gotorleku berria, eraiki ez ezik beste lekuetan galtzaileen eskuetan zeuden gotorlekuak bota ere egin zituzten altxamenduak saihesteko. Galtzaileen jazarpena sistematikoa zen, aldiz, okupazioaren aldekoak sarituak izan ziren. Orokorrean, Joanes III.a Nafarroakoaren garaietan nafar administrazioaren goi-karguak zirenak eta Fernando Katolikoari fideltasuna zin egin ziotenek postua mantendu zutela esan daiteke.

1512ko irailean Inkisizioa Nafarroan ezarri zen, 1513ko abendutik aurrera Iruñean Zaragozako jurisdikziopean zegoen epaitegia kokatuz. Nafarroako Gorteen kezkak zirela eta, Tuterara mugitu zuten. Hasieran, Fernando II.ak mendeko Nafarroa Aragoiko erresumari esleitu zion. Aldiz, espedizio militarretan Aragoik ekarpen txikia eta Gaztelak, aldiz, handia egin zuenez, gaztelar jauntxoek protesta egin zuten eta, azkenean, Gaztelako Koroari esleitu zion.

Egoera legeztatzeko, Albako dukeak Burgosen bildutako Gaztelako Gorteetara eraman zuen aukera hori 1515eko ekainaren 11n, eta Nafarroa Gaztelako Koroari lotzea onartu zen. Bilkura horretan ez zuen nafarrik parte hartu, ez baitzegoen nafar ordezkaririk ezta nafar testigurik ere. Fernando Katolikoak hilabete bat geroago berronetsi zuen: 1515eko uztailaren 7an, Gaztelako Koroaren mende geratu zen.[6]

1515eko hasieran Luis XII.a hil ondoren, Frantzisko I.a errege berri bihurtu zen. Honek, bere interes estrategikoak zirela eta, Nafarroako erregeen alde egin zuen, isolamendua hautsiz[2].

Bigarren nafar kontraerasoa (1516)

aldatu

1516ko urtarrilean Fernando Katolikoa hil eta oinordekotza korapilatsua zenez, Cisneros kardinalak bere botera finkatu zuen espioitza-sarea eta armadaren ugaritzearen bitartez. Nafarroako Erresuma berreskuratzeko erasoaz jakitun zenez, beste 6.000 soldau eraman zituen Nafarroara, bereziki Donibane Garaziko goarnizioa armaz eta elikagaiez hornituz. Garai hartan, espainiarrak nafar askoren fideltasunaz mesfidati ziren. Hain ziren susmaberak non Leringo kondearen atxiloketa ere erabaki baitzuten. Honek ihes egin eta geroago (1516ko maiatzean) itzuliko zen Karlos I.ari fideltasuna zin eginez.

Frantziako erregea Italiako gudetan murgilduta zegoenez, herrialde bien arteko aliantza ez zegoen martxan. Petri Nafarroakoa mariskalak Nafarroako Erresuma armaz berreskuratzeko agindua hartu zuen. Martxoaren hasieran armada hiru zutabetan banatu zuten:

Mariskala hurbildu ahala, zenbait hiribildu altxatu ziren, tartean Zangoza, Erriberri eta Martzilla. Tamalez, laster menderatuak izan ziren.

Gaztelako Erresumako armadak Donibane Garazitik, goarnizio txiki bat utzita, Orreagaraino atzera egin zuen. Era berean Villalbak hegoaldetik Orreagarantz jo zuen. Pasabidea segurtatu eta gero, Villalba koronela Erronkariko ibarrera joan zen Petri Nafarroakoaren bila. Bigarren zutabeak porrot egin eta beharrezkoak zituzten bizigaiak eman ez eta hotzaren hotzez hildako ugari izan zituzten. Horrexegatik, armada biak topatu zirenean, errenditzeko negoziaketak hasi ziren. Petri Nafarroakoa atxilotu zuten eta Simancasko gazteluan hil zen 1522an.

Bigarren bermatzea

aldatu

Geroko arazoak saihesteko asmoz, Gaztelako erregeordea zen Cisnerosek gaztelu guztiak eraistea agindu zuen, tartean aliatu beaumondarrenak ere, beaumondarren batzuk eta estrategikoak izan ezik[7]. Zangozakoa bota zuen lehendabizi, altxamendua zela eta. Bestetik, Pirinioetako gotorlekuak eta Iruñeko ingurukoak berreraiki zituen. Susmagarriak zigortzea eta nafar asko Andaluziara erbesteratzea proposatu zuen. Azkenean ez zuen burutu, baina Erriberako musulman nafar batzuk 1516ko maiatzean egotziak izan ziren.

 
Donibane Garaziko 1510ean eraikitako etxea.

Joanes Labritekoa 1516ko ekainaren 17an eta Katalina Foixkoa 1517ko otsailaren 12an hil zirenez, Henrike II.a Nafarroakoa "Zangozakoa" errege bihurtu zen.

1516ko maiatzean Naiarako dukea eta Leringo kondearen koinatua zen Antonio Manrique de Lara erregeorde berri izendatu eta beaumondarren buruzagia erbestetik itzuli zen.

Bitartean Frantzisko I.a eta Karlos I.a erregeak Noyonen 1516ko abuztuan itun berria sinatu zuten, Napoliko auzia konpontzeko eta Nafarroakoa ahazteko. Ituna ez zen bete baina urrian Parisko Legebiltzarrak nafar erregeen Frantziako koroarekiko independentzia politikoa aldarrikatu zuen.

1519ko maiatzean Nafarroa eta Napoliko auziak konpontzeko beste saiakera bat egin zuten Montpellierren Espainia eta Frantziako inperioek.

Nafarroa Beherean okupazioa ezegonkorra zen oso, Donibane Garaziko Mendiguren gaztelua, adibidez, "Gaztelako etxeak hogei aldiz baino gehiago hartua zen eta gero Frantziakoak hartua".

1520ko maiatzean Gaztelako Komunitateen Gerra hasi zenez, Nafarroako erregeordeak presaka 2.000 soldadu errekrutatu zituen, altxamenduak saihesteko. 1521eko apirilean Nafarroako armada erabili zuten Aguraingo kondearen aurka Agurain eta Gasteiz setiatzeko. Honek zaldun eta artilleriaren murrizketa suposatu zuen Nafarroan.[8][9]

Hirugarren nafar kontraerasoa (1521)

aldatu
 
Karlos I.a Espainiakoaren armarri inperiala.

1521ean, Karlos I.a Espainiakoa eta Frantzisko I.a Frantziakoa aurkari handiak ziren. Espainia hasiberria bere inperioa Europa eta Amerikan zabaltzen ari zenean, Frantzisko I.ak espainiarrek zeukaten Napoliko Erresuma nahi zuen, eta Karlos I.ak, berriz, frantziarren esku zeuden Milanerria eta Borgoina. Frantziako gudaroste irregularrek Luxenburgo eraso zutenean, herrialde bien arteko guda hasi zen. Laster gerra Flandriarantz zabaldu zen, eta Karlos Ingalaterra eta Aita Santuen Lurraldearekin elkartu zen Frantziaren aurka. Frantzisko I.ak, Gaztela erraustu zuen komuneroen gerra eta Valentziako Germanien altxamendua aprobetxatuz. Asparrotseko jauna zen André Foixkoa bidali zuen Henrike II.a Nafarroakoari erresuma berreskuratzen laguntzeko[10].

Historialari batzuen ustez, Nafarroako Erresuma eraso zuen armadaren zuzendaritza izenez Henrike II.a Nafarroakoak bazuen ere, berez Andre Foixkoak zuzenduta zegoen. Era berean, frantziarrek hornitu eta finantzatu zituzten maniobrak, gero erantzukizuna ukatu bazuten ere[11].

Egoera honetan, 1521eko maiatzean, Nafarroa osoan altxamendu orokorra hasi zen, barnetik prestatutako altxamendua ere. Horrela Iruñea, Lizarra, Tafalla edo Tutera bezalako hiri nagusiak ez ezik beaumondarren eskuetan izandakoak ere altxatu egin ziren. Era berean Asparrots jeneralak zuzendutako armadak, 12.000 nafar-gaskoi oinezkok osatua eta artilleria astuna zuena, maiatzaren 15ean Donibane Garazi hartu zuen eta gero Orreaga eta Auritz.

Naiarako dukea eta Nafarroako erregeordea zen Antonio Manrique de Larak maiatzaren 17an Alfarorantz jo eta bidean lapurtua izan zen. Iruñean gelditzen ziren soldadu gaztelarrak gazteluratu ziren. Gudu honetan Gipuzkoako oinaztarren kapitaina zen Inazio Loiolakoa zauritu zuten sei ordu iraun zuen bonbardaketan. Erasotzaileen artean, berriz, Frantzisko Xabierkoaren anaiak ziren Miel eta Joanes zeuden, gudua eta gero hiria babestuko zutenak[12].

Erresuma berreskuratzeko guda ez zen latza izan: Zengarren mendian 1.000 oinaztarren aurkako gatazkan 17 hildako izan ziren; Esan beste lau ihes egiten ari ziren tropak aurkitu zituztenean eta Iruñean zaurituak baino ez. Gero, ez zen beaumondarren aurkako mendekurik izan.

 
Noaingo gudua gogorarazteko oroigarria.

Hiriburua hartu ondoren, Andre Foixkoak zuzendutako armadak - biarnotar, lapurtar, frantziar eta nafarrek osatua- Erresuma zeharkatu eta Logroño eraso zuen. Bidean Los Arcos setiatu eta arpilatu zuten, Karlos I.ari fideltasuna mantendu zuelako[13]. Ekainaren 5ean Logroñoko harresiak bonbardatzeari ekin bazion ere, 11an setioa utzi eta Iruñerantz atzera egin behar izan zuen, armada inperiala berrantolatu zelako.

1893an Boissonnade historialariak armada inperialak Nafarroa berrinbaditzeko 30.000 soldadu errekrutatu zituela kalkulatu zuen. Errekrutatzea honela banandu daiteke:

Maiz, Gaztelako komuneroen gerraren galtzaileak errekrutatuak izan ziren.[2]

Armada gaztelarrak laster lotu zion nafar-gaskoien armada erasotzeari. Lehendabiziko borrokak Garesen gertatu eta emaitza nafarren aldekoa izan zen, izan ere, armada inperialak 300 laguneko eskuadroi osoa galdu zuen. Azkenean, ekainaren 30ean Iruñetik geru armada biek topo egin zuten. Noaingo gudua izeneko bataila odoltsuan 5.000 soldadu hil eta Nafarroako armadak galdu zuen[14]. Bost egun geroago, Gaztelako gobernadoreek Iruñeko errendizioa adostu eta hirian sartu ziren. Asparrots jeneralaren askatasuna ere adostu zuten. Uztailaren 20an Donibane Garazi ere galdu zen Donibane Garaziko setioan.

Berriro, zutik zirauten gazteluak lurrera bota zituzten, Iruñekoa, Lizarrakoa eta Gareskoa mantenduz. Galtzaileek konfiskazioak, heriotza-zigorrak eta erbesteratzeak pairatu zituzten.

1521eko abuztuan Mirandako kondea zen Francisco Zuñiga Abellaneda erregeorde berri izendatu zuten.

Noainen galdu eta hiru hilabete geroago, Henrike II.a Nafarroakoaren jarraitzaileek, irailean, Amaiurko gaztelua eta, urrian, Hondarribia hartu eta Baztan-Bidasoa ibarrak kontrolpean mantendu zituzten.

1522ko martxoan espainiarrek Orreaga eta Ituren eta Zubietako Ekaitza mendian dagoen Orzorrotzeko gaztelua hartu zituzten.

1522ko maiatzaren 10an enperadoreak barkamen orokorra eman zuen, 400 lagunei izan ezik.

Ekainaren 17an, denek hildakoak zituzten gudu batean, gaztelarrek Doneztebe hartu eta erre zuten. Horrela Baztan-Bidasoako lerro defentsiboa apurtu zuten. Ekainaren 28an armada inperialak hutsik zegoen Behobiako gaztelua hartu zuen. Egun bi geroago inguru hartan Aldabe mendiko guda gertatu zen.

Uztailean 10.000 lagunek Amaiurko gaztelua setiatu eta 1522ko uztailaren 22an bertan zeuden 200 nafarrek amore eman zuten.

1523ko urrian Karlos I.a bera Iruñera joan zen Hondarribian eta Nafarroa Beherean zegoen Nafarroako erresistentziaren aurkako kanpaina prestatzeko. Abenduan beste barkamen partzial bat eman zuen, nafar familien 152 ordezkariak alde batera utziz.

Nafarroa eta Gipuzkoan 27.000 laguneko armada prestatu zuen. Armada hiru zutabetan banatuta zegoen: hurrenez hurren Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Bearno erasotzeko. Kanpainak 24 egun zirauen. Ezin zuten Baiona hartu ezta Tolosara ailegatu ere. Gainera, desertzioak eta gaitzak zirela eta, lauren bat galdu zuten. Kanpaina honetan Oloroe, Nabarrengose, Garrüze, Sordes, Hastinga, Maule, Salbaterra eta Bidaxune erasotuak izan ziren.

 
Nafarroako armarria, konkista eta gero erabilia.

Espedizioa eta gero otsailean berrantolatuak, berriro Hondarribiko setioari lotu zioten. Otsailaren 2an bonbardaketa hasi zen. Negoziazioak martxan ari zirela, otsailaren 27an, frantziarrek gaztelua utzi eta nafarrak gelditu ziren. Otsailaren 29an nafarrei barkamena eskaini zieten errenditu eta berariaz Karlos V.a enperadorea haien jauntzat onartzearen truke. Azkenean 1524ko apirilean gaztelua errenditu zuten, hartu eta urte bi eta erdi geroago.

Barkamena eta gero Nafarroako Erresumako administrazioa espainiaratu egin zen.

Bitartean, frantziarrek Milanon galdu eta eskualdea utzi egin behar zuten. Frantzia alde guztietatik jazarria bazen ere, Paristik gertu ingelesak, Borgoinan alemaniarrak eta Baionan espainiarrak geldiaraztea lortu zuen. Karlos I.a Espainiakoaren armadak Proventzan sartu eta Marseille setiatu zuen. Frantzisko I.a Frantziakoa kontraerasotzeko gai ere izan zen, baina Paviako guduan galdu eta, Henrike II.a Nafarroakoarekin batera, espainiarrek atxilotua izan zen[10].

1525eko otsailaren 24an izandako bataila honen ostean, Frantzisko I.ak 1526ko urtarrilean Madrilgo ituna sinatu zuen. Itun honen zazpigarren artikuluan berriro ez ziola Nafarroako erregeari Nafarroako Erresuma berreskuratzen lagunduko adostu zuten. Henrike II.a Nafarroakoak 1527an ihes egin zuen presondegitik.

Geroko bilakaera

aldatu

Nafarroa Beherea

aldatu

1521eko irailetik aurrera, Donibane Garaziko Mendiguren gaztelua Henrike II.anen jarraitzaileen eskuetan zegoen. 1525ean gaztelarrek berriro okupatu bazuten ere, laster galdu zuten eskualdearen kontrola. 1527ko irailean Hernando Sandovalek zuzendutako espedizio batek kontrola berreskuratu eta inguruko herriei Karlos I.a enperadoreari fideltasuna eta obedientzia eskatu zien.

1528ko uztailean Karlos I.ak herrialdea galdutzat eman eta Henrike II.ak berreskuratu zuen. Lurralde hauetan Nafarroako Erresumak bere independentzia mantendu zuen,

1589an Henrike III.a Nafarroakoa Henrike IV.a Frantziakoa bihurtu zen "Paris vaut bien une messe" (euskaraz: "Parisek ongi merezia du meza bat") esanez.

1620ko urriaren 20n, Luis XIII.a Frantziakoa (Luis II.a Nafarroakoa) Pauera bertaratu zen armada baten buru zela, hamarkada batzuk lehenago Erromako Elizari bahitutako ondareak itzultzeko agindua betearaztera, Parlamentuak errefusatu baitzuen. Pauera sartu eta, bide batez, "Frantziari Nafarroa eta Bearnoren batze agiria" plazaratu eta erresuma biak lotu zituen. Geroztik, Frantziako erregeak Frantzia eta Nafarroako erregeak izango ziren. Inoiz bere aitaren jaioterrian izandako errege honen erabakia ez zen nafarren gustukoa, behin betiko bere eskubideak eta ohiturak galdu eta Frantziako eskualde bat bihurtu zelako.[15]

1789an Frantziako iraultza hasi eta gero, erresuma desegiten ari zelarik, 1790ean Nafarroa Behereko Estatuen Pariseko ordezkariek uko egin zioten departamentu-sistemaren inguruan bozkatzeari, haiek frantsesak ez zirela argudiatuta. Hala ere, departamentua ezarri egin zen, eta erresuma desagertu (1792).[erreferentzia behar].

Nafarroa Garaia

aldatu
 
Joseph Bonapartek Karlos I.aren armarrian izandako Nafarroako kateak berreskuratu zituen, beste erregeek erabiliak ez izanak.

Hondarribia mendean hartu ondoren, amnistia luzea dekretatu zuen Espainiako erregeak eta ihes egindako galtzaile asko itzuli eta bere ondareak berreskuratu zituzten. Ipar Euskal Herriarekin merkataritza debekatu eta mugetan kontrolgune zorrotzak ezarri zituzten pertsona zein salgaietarako.

Antzinako Nafarroako sistema administratibo, judizial eta legegilearen ordez sistema feudala ezarri zuten. Hala eta guztiz ere, Karlos V.a Habsburgokoak bere testamentuan zalantzak azaldu zituen Nafarroan egindakoa ondo zegoenetz.[16] Konkista militarrak ekarritako egoera bideratzeko, Henrike II.a berezko Nafarroako erregearekin tratu batera heltzen saiatu zen, eta ez zituen bere armarrira manu militari bere inperioari atxikitako Nafarroa eta Napoli gehitu, elkarrizketa ez eragozteko.

Iruñea gotorleku bihurtu zen, harresiak berreraiki eta bi aldeak kontrolatuta nahikoa zen hiri osoa kontrolatzeko eraikitako zitadela egin zuten. Espainiak 1889ra arte ez zituen zitadelako bastoi bi bota Iruñeko Lehen Zabalgunea eraikitzeko. Era berean 1920 arte ez zuten harresia bota Bigarren Zabalgunea egiteko. Ordurako Lehenengo Mundu Gerran erabilitako teknologia zaharkitua zuen Aro modernoko harresiak.

Nafarroako Erresuma izena 1841era arte mantendu zuen, hau da, Lege Hitzartua promulgatua izan zen arte. Erresuma izenarekin batera Nafarroako erregeordeak ere desagertu ziren. Historian erregeorde nafar bat baino ez zen izan: Francisco Espoz Mina 1834an.

Mendeurrena

aldatu

2007ko martxoan Nafarroako Gobernuak Navas de Tolosako guduaren zortzigarren mendeurrena eta Albako dukearen tropen konkistaren bosgarren mendeurrena oroitzapena egiteko batzordea sortu zuen[17]. Batzorde Antolatzaile hau Miguel Sanz presidenteak, César Antonio Molina Espainiako kultura ministro ohiak, Iruñea eta Donapaleuko alkateek, Iruñeko artzapezpikuak eta beste kideek osatuta dago.

2008ko apirilaren 5ean Nestor Basterretxea artistak, Pablo Antoñana idazleak, Tasio Agerre Nabarralde erakundeko presidenteak eta beste hainbat nafar intelektual eta pertsona ospetsuek "1512-2012 Nafarren konkista" agiria sinatu zuten nafar gehienek orain bost mende gertatua ezagut zezaten[18]. Nafarroa Bizirik! ekimenak hainbat ekitaldi ere antolatu ditu historiografia ofizialak gertatutakoa urtu ez dezan. 2010ean Nabarralde erakundeak "Euskal Herriko Historialarien I. Biltzarra" antolatu zuen Vianan non "Historiografia ofizialak «ezkutatu duen errealitateaz» eztabaida piztea" zuen helburua[19]

2012ko apirilaren 8an Aberri Eguna ospatu zen Iruñean, Nafarroako Konkistaren 500 urteurrena zela eta. Independentistak sareak antolatutako ekitaldian Nafarroako Konkistaren eta Gernikako bonbardaketaren hainbat datu historiko gogoratu ziren, eta independentzia aldarrikatu zen. 2012ko martxoan, gaiak hizpidea jarri zuen Espainiako Senatuan ere, Mendizabal Azurmendi senatariak mozio batean 1512koaren kanpaina eta geroko aldaketen konkista izaera nabarmendu zuenean, horretarako frogak ere aipatuz.[20]

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Larrion, Patxi. (2012). «Oihenart, Moret eta hirugarren gizona. Nafarroako Konkista literaturan» Kondaira. UEU.
  2. a b c d e f g h i j k l Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman Esarte izeneko erreferentziarako
  3. Monteano, Peio Joseba. (2000). La población navarra a comienzos del siglo: el Recuento de casas de 1514. 61 Vianako Printze erakundea ISSN 0032-8472..
  4. a b (Bazán 2006:232)
  5. Julio II.ak V. Laterango Kontzilioan
  6. Landa El Busto, Luis. (2001). Nafarroako historia. Mendeetan zehar landutako identitatea. Nafarroako Gobernua. Hezkuntza eta Kultura Departamentua, 118 or. ISBN 84-235-2116-8..
  7. Iñaki Sagredoren blog:"Sin castillos en Nafarroa «no ai ombre que alçe la cabeza»"
  8. (Gaztelaniaz) Roldán, José María. (1984). «El levantamiento del Conde de Salvatierra (1520-1521). Balance historiográfico (s.XIX-XX)» Vasconia: Cuadernos de historia-geografía (4): 35-74. ISBN 84-86240-11-5..
  9. (Gaztelaniaz) González de Echávarri, Vicente; Ramírez Olano, Eliodoro. (1904). La Guerra de los Comuneros en el País Vasco. Gasteiz: Imprenta provincial de Álava.
  10. a b Juan Ortega y Rubio: "Compendio de Historia de España" Valladolid, 1893
  11. Blockmans, "Emperor Charles V", 51–52. orr; Hackett, "Francis the First", 226. orr
  12. Arturo Kanpion: "La familia de S. Francisco de Xabier"
  13. Los Arcoseko udalaren webgunea
  14. Jon Urruxulegi: "La batalla de Noain" Gara egunkarian
  15. Alfredo Floristán
  16. Karlos I.aren testamentuak honela zioen: "en lo que toca al reyno de Navarra, haya de mirar y con diligencia examinar y averiguar sinceramente, si de justicia y razón seré obligado a restituir el dicho reyno o en otra manera satisfacer o compensar a persona alguna. Y lo que fuese hallado, determinado y declarado por justicia, se cumpla por efecto, por manera que mi ánima y conciencia sea descargada."
  17. Nafarroako Gobernua. Sanz presidentea eta Molina ministroa 2012 Batzorde Antolatzailea eratzeko bileraren buru izan dira. .
  18. Basterretxea, Nestor; Antoñana, Pablo; Agerre, Tasio. (2008-05-28). «1512-2012 Nafarroaren konkista» Berria.[Betiko hautsitako esteka]
  19. Astiz, Iñigo. (2010-09-08). «Konkistaren egien bila» Berria.
  20. Diario de Sesiones del Senado (10) 2012-03-27 (Noiz kontsultatua: 2018-05-08).

Bibliografia

aldatu

Kanpo estekak

aldatu