Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                

Lapurdi

Euskal Herriko lurraldea

Lapurdi Euskal Herriko zazpi herrialdeetako bat da, ipar-erdialdean kokatua. Administrazioari dagokionez, Frantziako Akitania Berri eskualdeko Pirinio Atlantikoak departamenduko (64. departamendua) parte da. 858 km² ditu, eta 2013an 243.466 biztanle zituen.[1] Ez du lurralde ofizialtasunik Frantziako administrazioan. Hiriburua Baiona da, Pirinio Atlantikoetako departamenduko suprefetura eta Ipar Euskal Herriko hiririk jendetsuena dena. Baionaz gain, Angelu, Miarritze, Donibane Lohizune, Hendaia, Hazparne eta Ziburu dira hiri nagusiak.

Lapurdi


Geografia
HiriburuaBaiona
43°24′0″N 1°27′0″W
Azalera859 km²
MugakideakGipuzkoa
Administrazioa
Demografia
Biztanleria266.237
Dentsitatea309,94 bizt/km²
Bestelako informazioa

Pirinioak, Aturri ibaia eta Kantauri itsasoa (Bizkaiko golkoa) dira Lapurdiren muga naturalak. Iparraldean Gaskoniarekin du mugakide, ekialdean Nafarroa Beherea, mendebaldean Kantauri itsasoa eta hegoaldean Gipuzkoa eta Nafarroa Garaia. Egun, Baiona hartzen da Lapurdiko hiriburutzat. Alta, Frantziako Iraultzaren ondorioz foruak kenduak izan zirenetik baizik ez da. Orduan, onarpen instituzionalik gabe geratu ziren hiru euskal lurraldeen hiri nagusi bihurtu zen Baiona, hots Ipar Euskal Herriko hiriburua. Historikoki Lapurdiko hiriburua Uztaritze izan da 600 urtez, han egiten baitzen Lapurtarren Biltzarra, herrialdearen erdialdean. Sinbolikoki bada ere, azken 40 urtez Lapurtarren Biltzarra bertan egin izan da berriro.

Kostaldearen jarduera nagusia turismo masiboarekin lotua da, bereziki Biarritzen, Donibane Lohizunen eta Hendaian. Barnealdean oraindik muino berdeak eta herri txikiak dira nagusi; Sara eta Ainhoa herri politenen zerrendan sar daitezke. Landa turismoa eta naturari lotutakoa garrantzia hartuz doaz. Frantsesen folklorizazioaren ondorioz, herrialdea ezaguna da, bertzeak bertze, Baionako jaiengatik, kostaldeagatik eta Ezpeletako piperrarengatik.

Geografia

aldatu

Orografia

aldatu
 
Sararen ikuspegia.

Oso orografia homogeneoa du Lapurdik. Aturri ibaiaz hegoalderantz eta kostaldetik ekialderantz gora egiten du bertako orografiak. 500 metrorainoko muinoak daude herrialdearen erdialdean. Itsasertza malkartsua da (30-80 metro bitartekoa).

Hidrografia

aldatu

Lapurdiko ibaiek Kantauri itsasoan isurtzen dute ura. Ibai laburrak eta ur emari handikoak dira. Lapurditik igarotzen diren ibai nagusiak Aturri, Errobi, Bidasoa eta Urdazuri dira. Aturrik Lapurdiko erreka gehienen ura jasotzen du, eta Euskal Herriaren eta Gaskoniaren arteko muga da. Bokale herrian (Baionako kantonamenduan) isurtzen du ura Aturrik. Bidasoa Nafarroa Garaiko Baztanen jaiotzen da; hamabi kilometro egiten ditu Lapurdin barrena, eta Txingudiko badian (Gipuzkoan) isurtzen du ura. Lapurdi eta Gipuzkoa bereizten ditu Bidasoak. Errobi ibaia Nafarroa Behereko Errozate mendian jaiotzen da, eta Aturri ibaiarekin bat egiten du Baionan. Urdazuri ibaia Urdazubiko eta Zugarramurdiko arroan, Nafarroa Garaian, jaiotzen da, eta Donibane Lohizunen du ahoa.

Lapurdiko klima ozeanikoa eta epela da. Neguan 8 °C egiten du batez beste eta 20 °C abuztuan. Urteko batez besteko tenperatura 14 °C-koa da. Klima hezea da eta euri ugari izaten da (1.500 mm urtean batez beste).

      Datu klimatikoak (Baiona-Angelu-Biarritz eskualdea)      
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 23.4 28.9 29.7 28.6 34.8 38.7 39.8 37.3 37 32.2 26.1 25.1 39.8
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 12 12.8 15 16.2 19.6 22.1 24.1 24.7 23.2 20 15.1 12.5 17,4
Batez besteko tenperatura (ºC) 8.1 9 10 11.7 14.6 17.3 19.8 19.9 18.6 15.6 11 8.5 13.7
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 4.8 5 7 8.5 11.6 14.6 16.7 17 14.5 11.9 7.7 5.5 9.9
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) −12.7 −11.5 −7.2 −1.3 3.3 5.3 9.2 8.6 5.3 0.8 −5.7 −8.5 −12.7
Euria (mm) 143.2 122.7 121.7 132.9 121 90.9 65.1 102.3 124.6 135.7 174.2 148.7 1483
Iturria: Biarrizko hilabeteroko klima, 69 m (1961-1990 aldia).
Infoclimat eta Météo France, 2014ko uztailaren 27an kontsultatua

Itsasaldea

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Lapurdiko itsasaldea»

Lapurdiko kostaldea laua da Bizkaikoa edota Gipuzkoakoarekin alderatuta. Hondartza luzeak daude, eta hegiak altuera txikikoak dira. Bidaso eta Atturri ibaiek beren urak hor isurtzen dituzte.


Barnealdea

aldatu
 
Lapurdi Baiguratik, urrunean Baiona
Sakontzeko, irakurri: «Lapurdiko barnealdea»

Lurraldeko hegoaldean Mendebaldeko Piriniotako lehendabiziko tontorrak daude, guztiak 1.000 metrotik beherakoak eta Artzamendi eta Larrun mendi nagusiak izanda.

Halaber Sarako lezeak ere aipagarriak dira, bertzaldeko Urdazubi eta Zugarramurdikoekin batera multzo nabarmena osatzen dutenak.

Udalerriei dagokienez, azkenik, Hazparne dugu gaur egun populatuena.

Landaredia

aldatu

Antzina Lapurdi baso trinkoek estaltzen zuten. Gaur egun lurraldearen % 10 baino ez dute hartzen harizti, gaztainadi, urkidi eta pinudiez osaturiko baso txikiek. Lur landuek Lapurdiko % 45 hartzen dute eta larreek % 40.

Demografia

aldatu
 
Baionako Espiritu Sainduaren zubia.

Ipar Euskal Herriko herrialderik jendetsuena da Lapurdi; Nafarroa Behereak eta Zuberoak ez bezala, goranzko bilakaera izan du biztanle kopuruak, Hego Euskal Herriko herrialdeetan adinako igoera izan ez duen arren. Lapurdiko biztanle kopurua etengabe hazi da XX. mendearen hasieratik, 1931-1936 bitartean izan ezik (Bigarren Mundu Gerraren atarian), 1950etik aurrera bizkorrago.

Biztanleriaren igoeran, aipatzekoa da Frantziako estatuko gainerako lurraldeetatik iritsitako etorkinen kopurua. Biztanle gehienak Angelu-Miarritze-Baiona ardatzean bizi dira (Lapurdiko biztanleriaren % 48 inguru). Baionak, Lapurdiko hiriburuak, herrialdeko biztanleen bosten bat hartzen du gutxi gorabehera (44.200 biztanle). Dentsitateari dagokionez halaber, Lapurdi Ipar Euskal Herriko lehen herrialdea da (266,2 biztanle km2-ko). 2000. urtearen inguruan Lapurdiko biztanleen % 2,5 mila biztanle baino gutxiagoko herrietan bizi da; % 25, mila eta bost mila biztanle bitartekoetan; % 11,5, bost mila eta hamar mila biztanleko herrietan; % 11,4, hamar mila eta hogei mila biztanle bitarteko herrietan; eta % 48,8, hogei mila biztanle baino gehiagoko hirietan. Lan banaketari dagokionez, langileen % 2,4 baino ez da ari lehen sektorean, % 20,9 industrian eta % 76,6 zerbitzuetan.

 
Laurdiko biztanleria
  •  
    >20.000
  •  
    10.000-20.000
  •  
    5.000-10.000
  •  
    2.500-5.000
  •  
    1.000-2.500
  •  
    500-1.000
  •  
    <500

Historia

aldatu

Historiaurrea

aldatu

Paleolitokoak dira Lapurdi aldean aurkitu diren zibilizazio aztarna zaharrenak, Kostaldean (Ilbarritze) eta Aturri ibaiaren bokalean (Maignon, Hiriburu) zaharrenak, Olhako harpeetan (Kanbo), Lezian (Sara), Xabiagan (Biarritz) eta Hiriburun beste batzuk. Neolitoko hileta monumentu ugari (harrespilak edo jentil baratzeak, trikuharriak eta jentilarri edo zutarriak) dago Lapurdiko hegoaldeko mendialdeetan: Xoldokogaina (Biriatu), Ibardin-Larrun (Azkaine-Sara), Artzamendi (Itsasu).

Metal Arotik aurrera ugaldu ziren leizetatik kanpoko finkamenduak Lapurdiko kostaldean (Biarritz, Bidarte) eta Lapurdiko barnealdeko herri behereetan (Hiriburu, Ahetze, Milafranga). Historiaren atarian, baskoien leinuko herri euskaldun bat bizi zen Lapurdiko lurretan, erromatarrek tarbeli izenez (Akize, Aquae Tarbellicae, egungo Akize, hiriburua) deituko zutena agian.

Antzinaroa eta Klasizismoa

aldatu
 
Hazparneko erromatar harria.

K. a. 56. urtean nagusitu ziren erromatarrak Akitanian; Augustoren garaian sendotu zen euskal leinuak bi lurralde berezitan, Galiari loturiko Akitania Pirinio mendien iparraldean eta Hispaniari loturiko Tarraconensis hegoaldean, banatzen zituen administrazio egitura. Ezin esan daiteke ziurtasunez Lapurdin bizi zen herria baskoi ala tarbeli zenik; garbi dago, halere, herri euskalduna zela eta erromatarrek ez zutela Pirinio mendietatik Ebro eta Garona ibaietaraino zabaltzen ziren herri euskaldunen batasuna administrazio berria ezartzerakoan errespetatu. Izan ere, ez dirudi euskaldunek, lurralde zabala hartzen zuen etnia zabala izanik ere, politika egitura sendo baturik zutenik garai hartan. Nolanahi ere, erromatarrek ez zuten aztarna asko utzi Lapurdin. Galtzada nagusi batek lotzen zituen Akizeko eta Iruñeko hiriak Nafarroa Beherean barrena (Ibañeta-Donazaharre-Garrüze, Bordele-Astorga galtzada nagusian) eta galtzada xumeago batzuek igarotzen zituzten Pirinio mendiak Bera-Ibardin-Sara-Azkainetik eta Baztan-Itsasu aldetik. Bigarren mailako galtzada batek lotzen zituen Baiona eta Hazparne Imus Pyreneus (Donazaharre) herrigunearekin.

Baionako hiria ez zen IV. mendea arte benetan egituratu; kostaldean, bide batek lotzen zituen Baiona eta Akize, eta beste batek Baiona eta Oiasso. I. mendearen hasieran, Augustoren garaian, guztiz bereizi ziren Akitaniako bederatzi pagus edo lurralde nagusiak, Novenpopulania, Galiatik (bereizketa hori gogoratzen duen K.o. I. mendeko oroitarri erromatar bat aurkitu zen Hazparnen 1665. urtean) eta Lapurdiko lurraldea Akizeko hiriaren gobernupeko lurren barnean geratu zen, Hazparne hiri nagusi zela.

III.-IV. mendeetan gotortu zuten Baiona (Lapurdum latinezko testuetan). Lapurtarrengandik jaso zuten kronikariek izen hori, Baiona lapurtarren hiriburu bihurtu baitzen, eta garai hartan bihurtu zen portu nagusi, Oiasso hiria eta portua behera etorri ondoan. Erromatarren garaiko hondakin garrantzitsuak aurkitu dira, bestalde, egungo Hazparne eta Getarian.

Erdi Aroa

aldatu

Baskoniako dukerria

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Baskoniako dukerria»
 
Lapurdiko paisaia

V. mendearen hasieratik aurrera igaro ziren Lapurditik suebo, bandalo eta alano herriak, eta frankoak eta bisigodoak Novenpopulania konkistatzen saiatu ziren mende hartan. VI. mendean buruzagi frankoak finkatu ziren Baskoniako hiri nagusietan: Segiberto I.a Akitaniako merovingiar erregearen hiria zen Baiona 567. urtean. 578an, Gregorio Tourskoa kronikari frankoaren arabera, zabaldu ziren mendi eta oihanetako euskaldunak Akitania aldeko Baskoniako lurralde landuetara, Saltus Vasconum deitu hartatik Ager Vasconum izeneko lurretara beraz, eta hala okupatu zituzten berriro euskaldunek herri germaniarren inbasioen ondorioz utzi behar izan zituzten lurrak eta hiriak.

VII. mendearen hasieran osatu zen Baskoniako lehen dukerria, errege frankoen basailu, Genial izeneko dukea buru (Vasconia edo Wasconia izena eman zioten frankoek erromatarren garaiko Novenpopulaniari, euskaldunen lurra baitzen, eta izen bera erabili zuten bisigodoek). Nolanahi ere, kristau kontzilioetara agertu ziren apezpikuen zerrenden arabera, VII. mendean bertan bereizi zen egungo Ipar Euskal Herria Novenpopulaniako gainerako lurraldeetatik. Garai hartan gaurko Nafarroa Beherera, Gipuzkoako ekialdera eta Nafarroa Garaiko ipar-mendebalera zabaltzen zen Baionako hiriaren manupeko lurraldea. 638. urtean bereizi ziren Akitaniako eta Baskoniako dukerriak eta 670. urtetik aurrera Lupo I.a Otsoak bere koroara bildu zituen biak, baina bereizirik segitu zuten administrazio eta gobernu mailan. Lapurdiko lurrak Baskoniako dukerriaren barnean egon ziren luzaroan eta garrantzi handia hartu zuen Baionako hiriak handik aurrera, apezpikutegi hiri gisa.

Baskoniako printzerria

aldatu

VIII. mendean, Baskoniako dukerria printzerri bihurtu eta bere gain jardun zuten euskaldunek, Eudon Handiaren garaietatik (710-735) aurrera. 751-781. urteetan etengabeko guduak izan ziren euskaldunen eta karolingiar frankoen artean, Orreagako gudua (778) adibidez. Ipar Euskal Herria frankoen mendean geratu ondoren sortu zen Iruñeko erresuma (824). IX. mendean normandiarrak heldu ziren Baionara eta Lapurdiko kostaldera eta eraso batzuek egin zituzten barne lurretan 863-864. urteetan. IX. mende erdialdean, ipar euskaldunek frankoak egotzi eta bere gain jarri ziren berriz ere, Antso Otsoa princeps-a buru. Harreman estuak izan zituen Antso Otsoak Nafarroako Erresumako gortearekin. X. mendean gorena jo zuen Baskoniako printzerriak, Gilen Antsoren eskutik. Nafarroako Erresumako gudalburu izan zen halaber Gilen Antso, eta Baskoniako apezpiku nagusia izan zen haren anaia Gombaldus.

981. urteko dokumentu baten arabera (Arsieuren karta) egungo Lapurdi, Nafarroa Beherea, Nafarroa Garaiko ipar-mendebaleko lurralde asko eta Gipuzkoako ipar-ekialdeko eremuak hartzen zituen Lapurdiko apezpikuaren barrutiak. Antso II.a Gartzeitz Abarka Nafarroako erregeak egotzi zituen betikoz normandiarrak 985. urtean. Euskal itsasertzean ibili ziren bikingo haiek erakutsi zizkieketen euskaldunei itsas eta arrantza arteak.

Lapurdiko bizkonderria, Nafarroatik Akitaniako dukerrira

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Lapurdiko bizkonderria»

XI. mendearen hasieran desagertu zen Baskoniako printzerria, Antso Gilen ondorengorik gabe hil ondoan. 1033. urtean sortu zen Lapurdiko bizkonderria, Lupo Antso, Iruñeko errege Antso III.a Nagusiaren lehengusua, buru[2]. Baiona zen Lapurdiko hiriburua eta bertan bizi zen bizkondea. Nafarroako Erresumarekiko harremanak estuak izan ziren hasieran eta 1122tik aurrera gero eta eragin handiagoa izan zuten Lapurdin Akitaniako dukeek. Lapurdiko bizkondeek erregeordetzak eskuratu zituzten Nafarroa erdialde eta hegoaldeko hainbat gaztelu eta herritan XI. mendean.[3]

Tomas Urzainkik 1152 arte luzatzen du Nafarroaren subiranotasuna Baiona hiribilduaren gainean.[4][oh 1] 1152an lotu zitzaion Akitaniako dukerria Ingalaterrako koroari, Leonor Akitaniakoa Henrike Plantagenetekin ezkondu eta gero. 1167an Akitaniako dukerriaren aurka jo zuen Bertrand Lapurdikoak, 1169an Akitaniako duke egin zuten Rikardo Lehoi Bihotz eta ondoko urteetan eraso latzak bideratu zituen duke ingelesak Lapurdiko lurretan.

1177an bereizi zuen Rikardo Lehoi Bihotzek Baionako hiria Lapurditik eta 1193an geratu ziren Lapurdiko lurrak Akitaniako dukearen mendean[5]. Handik aurrera administrazio molde bereziak izan zituzten Baionak, alde batetik, eta Lapurdiko gainerako lurraldeak, bestetik. XIII. mendean itxuratu ziren egungo Lapurdiko mugak. Nafarroako Erresumak sendotu zituen bere mugak Nafarroa Beherean, baina guztiz nagusitu ziren Ingalaterrako koroa Lapurdin, bertako nobleekiko eta Baionako hiriarekiko harremanak eten ez ziren arren, eta Gaztelako koroa Gipuzkoan (1200, Bidaso ibairaino).

Instituzioak eta gizarte klaseak Erdi Aroan

aldatu

1215ean jaso zuen hiri-gutuna Baionako hiriak Joan Lurgabearen eskutik eta 1273an aldarrikatu zen Lapurdiko gainerako lurraldeetako usadioetatik erabat bereiziko zuen Baionako forua edo kostuma. 1244an izendatu zuten Lapurdiko lehen baile edo erregearen ordezkaria. Guienako seneskalaren aginduetara zegoen, Uztaritzen bizi zen, erregeari zegozkion zergak jasotzen zituen eta justizia epaitegi nagusiko burua zen.

1311. urtean Ingalaterrako erregeak eginarazi zuen inkesta batek dioen arabera, nobleen lurrak (nobiles) eta baserritar xumeen lurrak (terra rustica) bereizten ziren Lapurdin. Gorte bat zuen Lapurdiko baileak (sui homines) eta bazen herri lurren kudeatzeaz arduratzen zen elkargo bat, ondoko mendeetako Biltzarraren aitzindaritzat har litekeena. Inkesta hartan zehaztu zen zein ziren Lapurdiko jaun feudal nagusiak, Lapurdiko lurralde asko eskuko zituztenak: Makeako Paganduria, Ezpeletako jauna, Sarako Lehete familia, Hazparneko Salduiatarrak (Sault frantses grafian). 1396. urte aldera osatu zen Lapurdiko Ermandadea deituriko arma taldea, Henrike IV.a Frantziakoak bultzatuta, Lapurdiko herritarren babeserako.

Baionaren eta Lapurdiko gainerako lurren arteko gatazkak

aldatu

XII. mendearen bukaeran Lapurdi Akitaniako dukerriaren eta Ingalaterrako koroaren menpean geratu zenetik, kontrakarrean ezarri zituzten agintariek Baionako hiriaren eta Lapurdiko gainerako lur eta herrien interesak. Erregeak emaniko eskubideei esker, monopolioan hartu zuten Baionako burgesek portuko eta Aturri ibaiko garraioa eta merkataritza, eta gainerako lapurtarrei galarazi zieten salerosketa tratu librean jardutea, ordua arte, Baiona Lapurdiko hiria izaki, egiten zuten bezala. Gatazka eta liskar ugari izan zen baionesen eta gainerako lapurtarren artean eta 1343an gertatu zen istilu larriena: lapurtarrek uretara bota zituzten Baionako sarreran jarri ziren kontrolatzaileak eta, ordain gisa, Baionako miliziak Milafrangako gazteluan sartu eta preso hartu zituzten Lapurdiko bost aitonen seme. Hiriko kartzelan hil ziren bostak. Ordea, Baionako hiriak ez zuen onik atera guzti hartatik; Nafarroarekiko merkataritza harremanak guztiz eten ziren eta baionesak hiri barnean geratu behar izan zuten luzaroan, kanpora irteteko beldurrez. 1357an izenpetu zuten baionesek eta lapurtarrek bakea.

Lapurdiko ekonomia Erdi Aroan

aldatu

Baionako hiri burgesaren ondoan, Lapurdiko gainerako herriak nekazaritzari eta, kostaldean, arrantzari lotuak zeuden nagusiki. Baionako hiriarekin eta haren bitartez bideratzen ziren merkataritza jardun gehienak. Oro har, oihan lurralde oparoa zen Lapurdi, eta bertako foruak edo kostumak arautzen zituen zuhaitzen moztea eta landatzea, eta zuraren eta egurraren erabilera. Zurgintza bereziki garatu zen Lapurdin (ontzigintza, etxegintza, dupagintza) eta, bestalde, ezkurrak eta pagatxak erabiltzen ziren nagusiki azienda bazka gisa. Laborantzak ez zuen garrantzi handirik Lapurdin; garia egiten zen, baina ez bertako jendearen beharrak asetzeko adina. Oloa eta lihoa ere egiten ziren, eta baita sagardoa eta txakolina ere. Eiheraz edo errotaz beterik zegoen Lapurdi garai hartan; marea-errotak Aturri eta Urdazuri ibaietan, Baiona aldean bereziki, eta ur-errota arruntak gainerakoan (gutxiago ziren haize-errotak). Zerri eta ardi aziendak ziren nagusi Lapurdiko kabalean. Behi azienda ez zen munta handikoa eta lanerako erabiltzen zen bereziki.

Arrantzak berebiziko garrantzia zuen Lapurdin. Ibai arrantzak garrantzi handia zeukan Aturri ibaian (tilhole izeneko ontzietan ziharduten Baiona aldeko arrantzaleek), eta apalagoa gainerako ibai, erreka eta bokaleetan. Itsas arrantzak garrantzi handia zeukan Biarritzen, Getarian eta Donibane Lohizune-Ziburu aldean (balea eta, XV. mendetik aurrera, bakailaoa). Hendaiako portuak ez zuen ordu hartan aparteko garrantzirik. Benetako industria bat sortu zen arrantza eta portuen inguruan (ontziolak), eta guztiz azkartu zen merkataritza Lapurdiko itsasaldean Erdi Aroan, maila gorena XVI.-XVII. mendeetan joa bazuen ere. Euskal Herriko beste probintzietan bezala, burdinola ugari izan zen Lapurdin Erdi Aroan zehar.

Lapurdi Frantziako koroaren menpean

aldatu
 
Baionako setioa (1451).

1438an erasopean ezarri zituen Karlos VII.a Frantziako erregeak Bordele eta Baionako portuak, baina atzera jo behar izan zuten. 1443an Gaston Foixkoa izendatu zuen Frantziako erregeak Gaskoinako buruzagi militar nagusi eta haren ekinaren pean geratu zen Zuberoako eta Lapurdiko konkista. 1449an sartu ziren Frantziako erregearen manupeko osteak Zuberoan eta 1450ean jabetu ziren Lapurdiko lurraldeaz, Gixune herrian Ogerot Senperekoa Lapurdiko bailearen arma-taldeak menderatu ondoren.

Baiona hiriak, ordea, eutsi egin zion eta 1451ko abuztuan sartu ziren oste frantsesak hirian. Bitartean, 1450eko maiatzean, itun bat hitzartu zuten lapurtarrek eta erregearen ordezkariek Makea herrian: Frantziako errege berria ezagutu behar zuten lapurtarrek eta, ordainean, errespetatu egingo zuen monarkia frantsesak Lapurdiko forua. 1513an ikuskatu ziren berriro Lapurdiko forua (1341ean idatzia) eta Baionako lege zaharrak, eta 1514an onartu zen Lapurdiko foru berria.

Lapurdiko Biltzarra

aldatu

Lapurdiko Biltzarra izan zen Lapurdiko politika erakunde nagusia, Lapurdi Frantziako koroaren mendean geratu zenetik. Biltzarrera biltzen ziren herri bakoitzeko ordezkariak, bina; ez zuen eskurik justizia alorrean, baina bazuen zergak biltzeko ahalmena eta haren kargu zeuden Lapurdiko administrazioa eta egitura militarra. Herri bakoitzeko etxeko jaunak biltzen ziren xapitel edo batzarretara (kapitale ere deituak) eta bertan aukeratzen zituzten auzapez edo alkateak eta Biltzarrerako ordezkariak. Biltzarra Kapito Harriko haritz deigarri baten pean bildu ohi zen.[6]

Biltzarraren esku zegoen oste edo miliziaren antolamendua; baileak ziren buruzagi nagusi, Senpereko eta Urtubiako jaunak eskuarki; ofizialak zuzenean aukeratzen zituen Biltzarrak eta soldaduak, mila lagun, hautatzen zuen herri bakoitzak xapitelean. Lapurdiko gizarte banaketa ohiko egitura feudaletatik urrun zegoen; ez zen estaturik eta politika eta gizarte egiturari dagokionez askoz ere hurbilago zegoen Lapurdi Gipuzkoatik Nafarroatik baino. Lapurdiko aitonen semeak errege gizonak ziren nagusiki. Etxeak gotortzeko baimena zuten, erregeak emanda, eta seneskalaren aginduetara zeuden. Administrazio mailan, ez zuten inolako kargurik Biltzarrean. Elizak ez zuen berezko aginterik politika alorrean eta eliz ondasunak xumeak ziren Lapurdin, beste lurralde askoren aldean. Kapare edo noble txikiek aitonen semeen eta herritar arrunten arteko maila osatzen zuten. Herritar soilak ziren lapurtar gehienak eta etxeko jaunek erabiltzen zituzten bereziki politika mailako eskubideak. Baziren, halaber, fibater edo petxeroak. Justizia mailako agintea zuten aitonen semeek fibater horienganako. Lapurdiko lurralde administrazio molde horretatik kanpo zegoen Baionako hiri burgesa.

Aro Modernoa

aldatu

XVI. mendearen hasieran guztiz areagotu ziren Frantziako eta Espainiako koroen arteko gatazkak, Europako nagusigoaren alde, eta egoera guztiz larritu zen Gaztelako koroak Nafarroako Erresuma konkistatu ondoren (1512). Baiona hiri militar bihurtu zuten eta bereziki gotortu zen Lapurdiren eta Gipuzkoaren arteko muga, Bidaso ibaiaren ertzean. 1523an setiatu zuten espainiarrek Baiona eta 1542an Donibane Lohizune. Egoera hori ez zen 1659an Pirinioetako Bakea hitzartu arte zuzendu.

XVI. mendean guztiz bizkortu zen Lapurdiko arrantza (balea eta bakailaoa, Ternua eta Labrador aldeko arrantzaldiak) eta portu-hiri oparo bihurtu ziren Biarritz, Getaria, Ziburu eta, bereziki, Donibane Lohizune. 1566an piztu zen erlijio gerra Ipar Euskal Herrian, baina Zuberoan eta Nafarroa Beherean ez bezala, eragin gutxi izan zuen higanoten eta katolikoen arteko gatazkak Lapurdin. Nolanahi ere, ondorio guztiz garrantzitsua ekarri zuten Lapurdira: Filipe II.a Espainiako erregearen eraginez, Baionako apezpikutegitik kanpo geratu ziren 1566an ordura arte hari loturik egon ziren Gipuzkoako (Bidaso eta Oiartzun arroetako herriak) eta Nafarroa Garaiko (Baztan-Bidaso ibai arroko herri guztiak, Urdazubi, Zugarramurdi eta Luzaide) herriak.

XVI. mendearen bukaeran areagotu ziren Lapurdin sorginkerien salaketak eta 1609an bidali zuen Bordeleko Parlamentuak Pierre de Lancre kontseilaria egoera haren aurrean beharreko neurriak har zitzan. Sorginkeriaren aurkako borrokaren aitzakian, bi helburu nagusi izan zituen Pierre de Lancrek Lapurdin bideratu zuen zapalkuntza bortitzak: Frantziako koroaren eta hari loturiko erakundeen nagusitasuna bermatzea eta Lapurdiko herri ohiturak, hizkuntza eta bizimodua zaputzean uztea. 30.000 biztanle inguru zituen Lapurdik 1610. urtean; 60 bat lagun hilarazi zituen Lancrek suan, ehunka atzeman zituen preso eta milaka batzuek utzi behar izan zuten etxea eta herria, haren zapalkuntzaren beldur.

Espainiako eta Frantziako koroen arteko gatazkak ez ziren amaitu, eta 1636an gehienbat euskaldunez osaturiko armada talde espainiar bat Lapurdin finkatu eta bertan egon zen bi urtez. Luis XIII.a eta Luis XIV.a erregeen garaian murrizte garrantzitsuak ezarri zizkion Frantziako koroak Lapurdiko Biltzarrari eta Baionako hiriari. Soldadu eta aduana funtzionario gehiago bidali zuten Lapurdira. 1656an piztu zen sabel xuri erregetiarren eta Biltzarraren autonomiaren alde zeuden sabel-gorrien arteko gerra latza, eta 1659an amaitu zen gatazka hura, Chourio sabel-gorrien buruzagia hil ondoren. 1659an sinatu zen Bidaso ibaian Pirinioetako Bakea, eta 1660an Lapurdiko Biltzarraren ahalak murriztu zituen aurreko urtean Donibane Lohizunen ezkondu zen Luis XIV.a erregeak.

1669an Lapurdiko marinel jendea itsas armadan nahitaez sartzea agindu zuen erregeak eta matxinada batzuk sortarazi zituen neurri honek, Donibane Lohizunen bereziki. XVII. mende erdialdetik aurrera hasi zen Lapurdiko arrantza oparoaren gainbehera eta Utrechteko Itunaren ondoren (1714) guztiz urritu zen Lapurdiko portuen eragina. XVII. mende horretako kostaldeko eta, bereziki, Donibane Lohizune aldeko oparotasunak badu zerikusi zuzena mende horretan euskal liburugintzak Lapurdin izan zuen zabalkunde azkarrarekin. Nabarmentzekoa da Sarako Eskola, apaiz talde batek osatutakoa eta euskal literaturan eragin nabarmena utzi zuena.

Matxinada ugari gertatu zen Lapurdin XVIII. mendean, hondora etorritako ekonomia eta gizarte egoerak bultzatuta. Emakumeen papera garrantzitsua izan zen gatzaren eta tabakoaren gainean ezarri nahi izan ziren gehiegizko zergek eragindako matxinada horietan. Guztietan garrantzitsuena 1784koa izan zen, Hazparne aldeko emakumeek aitzindari izan zirenekoa. Bi mila emakumetik gora matxinatu ziren Hazparnen bertako industriari ezarri zizkioten zerga berezien aurka eta armadaren esku-hartzea izan zuten erantzuna. Bestalde, 1774an izurrite batek eraman zuen Lapurdiko behi azienda gehiena eta egoera guztiz txarrean geratu ziren Lapurdiko nekazariak.

Politika alorrean, gero eta eragin handiagoa izan zuten Lapurdiko lurraldean errege erakundeek, Biltzarraren kaltetan, eta Erregimen Zaharraren azken urteetan (1772-1789) aurkeztu ziren Ipar Euskal Herriko lurraldeak Biarnorekin batzeko (1785), eta Baionako hiria eta Lapurdiko gainerako lurraldea Biltzar berri batera biltzeko asmoak. 1789an deitu zuen Frantziako erregeak Estatu Orokorretara eta martxoan aukeratu zituzten lapurtarrek beren ordezkariak Uztaritzen. Aitonen semeen, eliza eta hirugarren estatuko ordezkariek Lapurdiko Biltzarra errespetatzea eskatu zuten; egiteko horretan Dominique eta Joseph Garat anaiak gailendu ziren bereziki, hirugarren estatuko ordezkariak. Halaz ere, biderik gabe utzi zituzten 1789ko abuztuaren 4an gisa horretako erakunde guztiak, eta Ipar Euskal Herriko lurralde eta hiri guztiek galdu zituzten lehengo erregimen zaharrari loturiko instituzio guztiak, berdintasun berriaren ildoan. Neurri hura onartu zuten Garat anaiei ahotsa kendu eta bere ezadostasuna adierazi zuen Lapurdiko Biltzarrak 1789ko irailaren 1ean. Beste hainbeste egin zuten urte bereko azaroaren 18an, baina alferrik: 1790ean Frantziako Batzar Nazionalak erabaki zuen Ipar Euskal Herria eta Biarno departamendu bakar batera biltzea, Garat anaien euskaldunen aldeko eginahal guztiengatik ere.

Frantziako Iraultzak aldekoak izan zituen hirietako burgesen artean, Baionan eta Donibane Lohizunen batez ere, baina errezelo handiz jaso zen nekazarien artean. 1789-1790. urteetan plazaratu zen elizaren ondasunak nazionalizatzeko agindua eta aldarrikatu zen kleroaren konstituzio zibila. Oposizio handia izan zuten neurri horiek elizaren eraginpean zeuden herritarren aldetik. 1792an aldarrikatu zen Frantziako Errepublika, eta 1794ko martxoan Itsasu, Sara eta Azkaineko biztanle guztiak, eta Ezpeleta, Ainhoa eta Zuraideko zati handi bat preso hartu eta deportazioan eraman zituzten Donibane Lohizunera, lehenik, eta Landetara, ondoren, mugan eraso egin nahiz zebilen armada espainiarrari laguntza eman ziotelakoan. Deportazioan eramaniko jende asko —haur, gazte, heldu nahiz zahar— hil zen esetsaldi hartan, eta Lapurdiko muga-herrietako jende askok babestu behar izan zuen mugaz bestaldeko herri euskaldunetan.

Aro Garaikidea

aldatu

1798an, Frantziako Errepublika jaio berriak eta haren ideia zentralistako jakobinoek euskal herrialdeak ezabatu zituzten, eurekin Lapurdi, eta Pirinio Apalak (Basses-Pyrénées; egun, Pirinio Atlantikoak) sortu zituzten, Bearnorekin batera.

1807tik aurrera, bereziki bizi izan zuen Lapurdiko herriak Napoleonen kanpainen eragina, estatuko muga lurraldea baitzen, eta espainiar eta ingeles armadaren erasoei aurre egin behar izan zieten lapurtarrek 1813-1815. urteetan. Baionako hiria hego-euskaldun eta espainiar iheslari politikoen biltoki bihurtu zen garai hartan, eta paper hori bete du, Ipar Euskal Herria osoarekin batera, aurrerantzean. Napoleonen ondoren, arian-arian nagusitu ziren Frantziako estatuko politika eta gizarte moduak Lapurdin, berezko erakundeak guztiz galduak baitzituen. Departamendu berezi baterako eskabidea aurkeztu zuen Baionako Merkataritza Ganberak, 1816. eta 1836. urteetan, Aturri Behereko departamendu baten alde, baina ukatu egin zuten bietan halako aukerarik.

1830etik aurrera hasi ziren Lapurdiko noble, lurjabe eta burgesak politika munduan murgiltzen, jabetza-errolda kontuan hartzen zuen hauteskunde sistema murritza aldeko zutela eta 1848ko iraultzaren ondoren egin ziren gizaseme heldu guztiek botorako eskubidea zuten lehenengo hauteskundeak. Xuri eskuindarrak nagusitu zitzaizkien gorri ezkertiarrei. Haien artean Baionan Ariel izeneko kazeta elebiduna sortu zuen Agosti Xaho zuberotar ospetsua gailendu zen, baina ez zuen diputatu kargurik lortu. Lapurdiko gizarte sare tradizionalean haustura garrantzitsuak izan ziren 1830. urtetik aurrera; Baionako hiria neurri batean sendotu zen bitartean, laborari jendeak emigraziora jo behar izan zuen nekazari xeheek, guztiz pobreak, bizibidea aterako bazuten. Laurogei mila lapurtarrek utzi zuten sorterria 1830-1890. urteetan, eta Ameriketarako bidea hartu zuten horietako askok.

 
Donibane Lohizune 1895 aldean.

1848-1849. urteetako iraultzaldiaren ondoren, Frantziako Bigarren Inperioko aldia zabaldu zen. Ez zuten inperioa begi onez hartu Baionako hiriko burges txikiek eta Xaho bezalako errepublikarrek, baina ongi etorria egin zioten Lapurdiko eta Ipar Euskal Herriko jauntxoek, Jean-Baptiste Etxeberrik eta Harizpe mariskalak, behe-nafarrak biak, buru. 1854tik aurrera egin zen ospetsu Biarritzeko bainutegia, eta goi mailako turismoaren eraginez hasi zen ordu arte arrantzari guztiz loturik egon zen Lapurdiko kostaldea Lapurdiko barnealdetik bereizten.

1870ean Frantziako III. Errepublika ezarri zenean, elkarri erasoka hasi ziren berriro xuriak eta gorriak, eta berebiziko papera jokatu zuen urte haietatik aurrera Ipar Euskal Herriko apezgo euskaldunak xuri erregezaleen alde. 1887an Louis Etxeberri eskuindar diputatuak Eskualduna astekaria sortu zuen Baionan, euskaraz idatzia, eta Jean Hiriart-Urruty Hazparneko apezaren eskutik, euskaldunek historia osoan izan duten lehen euskarazko kazeta bihurtu zen (Ipar Euskal Herri osoan zabaltzen zen Eskualduna, 15.000 aleko tiralditan).

XX. mendea

aldatu

XIX. mendearen bukaeran eratu zen Lapurdiko lehen industrialde modernoa Baiona, Bokale eta Hazparne aldean, eta bide horretatik egituratu ziren Lapurdiko lehen talde sozialista eta komunistak. Eragin gutxi izan zuten, hala ere, ideologia horiek, xurien eta gorrien arteko gatazkak baitzirauten Lapurdin. Emigraziorako joera handia zen, bestalde, nekazarien artean.

XIX. mendearen bigarren erdialdean Anton Abadia euskaltzalearen ekinari jarraiki Euskal Lore Jokoak sortu ziren, eta XX. mendearen hasieran gorpuztu ziren Lapurdin lehen talde euskaltzaleak, kulturaren alorrean eragin handia izango zutenak, baita Hego Euskal Herrian ere (Euskalzaleen Biltzarra, 1901). Lehen Mundu Gerraren garaian, ordea, guztiz indartu zen Ipar Euskal Herri osoan Frantziaren aldeko sentimendua, gerrara joan nahi izan ez zuten euskaldunak asko izanagatik (Ipar Euskal Herriko 7.000 soldadu inguru hil ziren Lehen Mundu Gerran).

Gerraren ondoren, guztiz nabarmendu zen Jean Ibarnegarai eskuindarra Ipar Euskal Herrian. 1931n sortu zen Lapurdin Aintzina mugimendu abertzalea, Hego Euskal Herriko abertzaletasunaren ildotik, Ipar Euskal Herria hartuko lukeen departamendu baten aldeko ideia plazaratu zuena. Clément Mathieu apezpikua Gure Herria aldizkariaren sustatzailea nabarmendu zen euskararen aldeko egitekoan. Alabaina, Ibarnegaray eskuindarraren aldeko botoa gomendatu zuten abertzaleek 1936ko hauteskundeetan, ezkertiarren aurka. Espainiako Gerra Zibilean, Eusko Alderdi Jeltzaleak errepublikaren alde jokatzeak gatazka handiak piztu zituen Lapurdiko eta Ipar Euskal Herriko katolikoen artean: abertzale eskuindar batzuk Hego Euskal Herriko abertzaleen alde jarri baziren ere, Ipar Euskal Herriko buruzagi katoliko gehienek Francoren alde jo zuten, Ibarnegarairen ildotik.

Bigarren Mundu Gerraren garaian, naziek Lapurdi okupatu zuten. Haien alde jo zuen Ibarnegaraik eta haren menean zegoen Eskualduna aldizkariak. 1942an osatu zen, berriz, isilpean, Aintzina talde abertzalea eta 1944an sortu zen Herria astekaria, Piarres Lafitte buru; haren inguruan egituratu ziren nazien aurkako taldeak, katoliko abertzaleei lotuak.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren guztiz nagusitu zen Lapurdin Frantziako eskuin ikuspegi berria eta 1958tik aurrera alderdi gaullista. 1963. urtean sortu zen Enbata Itsasu herrian (Itsasuko Agiria), Ipar Euskal Herriko lehen erakunde abertzale handia, hauteskundeetan emaitza xumeak lortuagatik, eta 1962an aukeratu zuten Michel Labéguerie abertzalea (nahiz frantses kristau demokratekin batean aurkeztu zen) diputatu Lapurdiko barnealdean. ETAren eta Hego Euskal Herriko iheslarien eraginez neurri batean, 1974tik aurrera gorpuztu ziren Lapurdin Ipar Euskal Herriko lehen talde ezker abertzaleak eta handik aurrera egituratu da Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzale berria. Lapurdin sortu ziren, bestalde, Ipar Euskal Herriko lehen ikastolak, Baiona-Arrangoitzen eta Donibane Lohizunen.

Azken hamarkadetan eskaerak gero eta ugariagoak dira instituzio propioa (autonomia) sortzeko, Zuberoa eta Nafarroa Beherearekin batera.

Ekonomia

aldatu
 
Baionako portua, Aturri ibaiaren ahoan.

Merkataritza eta turismoa dira Lapurdiko ekonomiaren oinarri nagusiak. Nekazaritzara emandako lursailak lurraldearen % 45 dira gutxi gorabehera (38.655 hektarea inguru); baina laborantzari baino gehiago abeltzaintzari (behi eta ardi azienda bereziki) emanak daude. Arrantza ere tradizio handiko jarduera izan da Lapurdin; Ziburu eta Donibane Lohizunen, nagusiki (atuna, sardina eta antxoa). Lapurdiko barnealdeko eta ekialdeko ekonomia jarduera nagusia nekazaritzan oinarritua bada ere, industria eta zerbitzuak dira kostaldeko jarduera garrantzizkoenak.

Industria Aturriko bokalean, Donibane Lohizunen eta Ziburun dago bilduta eta 21.000 lagun ingururi ematen dio lan (eraikuntza, altzairugintza, janari industria, elektronika). Industriak txiki samarrak dira, 50 langile ingurukoak (enpresa bakar batek ditu 1.000 langile baino gehiago). Lapurdiko ekonomia jarduera nagusia (langileen % 61) zerbitzuen alorrean oinarritzen da.

XIX. mendeaz geroztik izugarri garatu den turismoak zerbitzuen alorrera bultzatu ditu Lapurdiko behargin asko eta asko (hotelak, kanpinak, dendak, banketxeak eta, oro har, turismorako azpiegiturak). XIX. mendearen bigarren erdian zabaldutako komunikabide berriek (Baiona-Paris burdinbidea, 1857; Madril-Irun burdinbidea, 1864) erraztu egin zuten udatiarren etorrera eta, XX. mendearen hasierako, Miarritze oso turismogune garrantzitsu bihurtu zen. 1940 ondoko urteetan eta Bigarren Mundu Gerraren ondorioz turismoak behera egin bazuen ere, mende erditik aurrera indar handia hartu zuen berriro ere Lapurdiko kostaldean. Egun badira 293 hotel Lapurdin, horietatik 80 Miarritzen, 28 Baionan, 34 Donibane Lohizunen, 31 Hendaian eta 13 Senperen.

Banaketa administratiboa

aldatu

Lapurdiko eskualdeak

aldatu
Ikus zerrenda: «Lapurdiko eskualdeak»
 
Lapurdiko udalerriak eta eskualdeak:
     Euskal Kosta-Aturri (Angelu-Baiona-Biarritz-Bokale)      Lapurdi Beherea      Lapurdi Ekialdea      Lapurdi Erdialdea      Lapurdi Garaia      Lapurdi Itsasegia

Lapurdi honako eskualdetan banatua dago:

Administratiboki 12 kantonamendutan banatzen da, nahiz eta horietako batzuek Nafarroa Behereko herriak hartzen dituzten barnean.

  1. Angelu Hegoaldea
  2. Angelu Iparraldea
  3. Baiona
  4. Bastida
  5. Bidaxune
  6. Donibane Lohizune
  7. Ezpeleta
  8. Hazparne
  9. Hendaia
  10. Miarritze
  11. Uztaritze

Termino orokorretan BAB Kantonamendua hartzen da makro-kantonamendu moduan. Horrek Baiona, Angelu eta Miarritzeko kantonamenduak hartzen ditu baitan, eta horregatik Baiona-Anglet-Biarritz siglak hartzen dira izendatzeko.

Lapurdiko udalerriak

aldatu
Ikus zerrenda: «Lapurdiko udalerriak»

Lapurdik 41 udalerri ditu. Handienak kostaldean daude: Baiona (40.078 biztanle 1999an), Angelu (36.800), Miarritze (30.055), Donibane Lohizune (13.247), Hendaia (12.596), Urruña (7.043), Bokale (7.007) eta Ziburu (6.283).

Barnealdean, Hazparne (5.477), Uztaritze (4.984) eta Kanbo (4.416) handienak dira.

Azpiegiturak

aldatu
 
Gipuzkoatik Lapurdira sartzeko dagoen seinalea.

Komunikabide sare zabal batek lotzen du Lapurdi Euskal Herriko eta kanpoko eskualde nagusiekin. Lapurdiko bi errepide nagusiak Euskal Itsasertzeko autobidea (A-63, Bilbo-Pausua autobidearen jarraipena) eta RN 10 (Madril-Irun errepide nagusiaren jarraipena) dira. Garrantzi handikoak dira Baiona Pauekin eta Donibane Garazirekin lotzen dituztenak ere. Burdinbidea (Hendaia-Paris) eta nazioarteko aireportua (Miarritze). Garrantzi handiko merkataritza portua (Baiona).

Kultura

aldatu

Euskara

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Nafar-lapurtera»

Lapurdin hitz egiten den euskalkia nafar-lapurtera da. Ipar Euskal Herriko herrialderik erdaldunena da; XX. mendearen hasieran, lapurtarren % 50 mintzatzen zen euskaraz; 1970. urtean, berriz, % 24. Industrializazioa eta etorkinak euskararen beherakadaren eragile nagusiak izan dira, itsasaldean batez ere. Hala ere, ikastolen eta euskarazko irrati-telebisten eraginez, egoera euskararen alde zertxobait aldatu dela dirudi.

Literatura

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Lapurdiko idazleak»

Izen handiko euskal idazle klasikoen artean, bertakoak ziren Joannes Leizarraga eta Axular. Garaikideen artean, Itxaro Borda, Ur Apalategi eta Eneko Bidegain ere lapurtarrak ditugu.

Frantsesezko egileen artean, aipatzekoak dira Pierre Loti eta Marie Darrieussecq.

Musika

aldatu

1970eko hamarkadan Errobi musika taldea sortu zuten Anje Duhalde eta Mixel Ducauk, rock erregistroekin aitzindariak izan zirenak Euskal Herrian. Dozena bat urtez jardun zuten. Apur bat lehenago, Pantxoa eta Peio abeslari bikoteak ekin zion ibilbideari, garai politiko gatazkatsuetan. Ez Dok Amairu kultura mugimenduko kideekin harremanetan izan zituzten, Ipar eta Hego Euskal Herriko musikarien artean elkarlanean. Bikotea 1990eko hamarkadaren amaieran berpiztu zen, eta hurrengo hamarraldian ere diskoak argitaratu zituzten.

1990eko urteetan, King Mafrundi, Doktor Deslai eta Skunk bandak nabarmendu ziren, bertzeak bertze. 2000ko hamarkadatik aurrera, Willis Drummond, Gojira eta The Sparteens aipatzekoak dira.

Hedabideak

aldatu

Oharrak

aldatu
  1. XII. mendean lema baionesa sortu zen, lema nafarra ere deitua, bien arteko desberdintasunik gabe; ikus Urzainqui, Tomas.

Erreferentziak

aldatu
  1. «3.127.326 biztanle dagoeneko Euskal Herrian», Basqueinfo.net.
  2. www.puntubi.com. Antso III.a Gartzeitz Nagusia. .
  3. Goyhenetche, Manex (2004). Ipar Euskal Herria Antso Nagusiaren garaian. Euskal Herria XI. mendean: Antso III.a Nagusiaren erregealdia (1004-1035). Iruña: Pamiela/Nabarralde. 93-99. or. ISBN: 84-7681-413-5
  4. (Gaztelaniaz) Urzainqui, Tomas. (1998). La Navarra marítima. Pamiela, 208-212 or. ISBN 84-7681-284-1..
  5. Eusko Jaurlaritza. Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherearen eraketa. .
  6. Madariaga, Ainize. ««Gainbehera ekarri zuen iraultzak; izugarria izan da euskaldunendako»» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-10-11).

Kanpo estekak

aldatu