Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                

Sozialismo
Sozialismo motak

Sozialismoa ekoizpen-bitartekoen jabetza kolektiboa eta baliabideen eta aberastasunaren banaketa aldezten dituen doktrina politiko eta ekonomikoa da[1], elkartasun eta berdintasunezko gizarte baten alde. Oro har, kapitalismoaren aurkako sistema moduan eratu da, pertsonen bizimodua hobetzeko sistema kapitalista erreformatu (merkatuko sozialismoaren eta sozialdemokraziaren aldetik) edo gainditu edo suntsitu behar dela (sozialismo iraultzailearen aldetik) baieztatuz.[2] Printzipio orokor horietan oinarrituta, sozialismoan ideia eta proposamen politiko eta ekonomikoen multzo zabal eta heterogeneoa biltzen da, sozialismo iraultzailetik sozialdemokraziara, sindikalismoarekin, sozialismo libertarioarekin, beste joera batzuekin batera, ezker politikoaren baitan kokatuak.[3] Komunismoa ere sozialismotik eratorritako teoria eta praktika politiko eta ekonomikoa da. Sozialismoa XIX. mendean sortu zen, Industria Iraultzako langileen bizimodu latzaren haritik, eta bereziki Karl Marxek osaturiko doktrinaren inguruan, marxismotik alegia, gorpuztu zen. Doktrina horretan, adiera hertsiago batean, sozialismoa aro historiko gisa kapitalismoa guztiz deuseztatu baino lehen, gizarte komunistarako aurreko trantsiziozko aldia litzateke. Bertsio erradikal edo gogor horretan, sozialistek ekoizpen bitartekoen erabateko jabetza edo kontrol kolektiboa aldarrikatzen dute, estatuaren edo beste erakunde baten eskutik, liberalismoak defendatzen duen jabego eta ekimen pribatuaren aurka. Ildo horretatik, bloke komunista izeneko erregimen politikoak sortu ziren munduko hainbat herrialdetan XX. mendean zehar. Erregimen politiko horietatik kanpo, herrialde kapitalista demokratikoetan hain zuzen ere, joera sozialista deszentralizatuago eta malguagoak garatu ziren, kapitalismoa erreformatuz programa politiko eta ekonomiko sozialista sendoa eratu daitekeela baieztatzen dutenak, ongizate-estatu bat gauzatuz kasu, bereziki sozialdemokrazia joeraren inguruan.[4]

Historia

aldatu

Aurrekari historikoak

aldatu

Adiera zabalean, sozialismoaren ideiak antzinatik garatu ziren historian. Akenatonek, Antzinako Egipton, eta Konfuziok, Antzinako Txinan, gizakien arteko berdintasunaren beharra aldarrikatu zuten. Antzinako Grezian, Espartako Likurgo legegizonak ere ondasunen banaketa aldeztu zuen. Hala eta guztiz ere, Platonen Errepublika izan da mendeetan zehar gaurdaino jabego pribatuaren ezeztapena eta norberekoikeriaz jokatuko ez lukeen eta gizarte osoaren alde egingo lukeen hiritarren elite politiko baten beharra zabaldu dituena. Tradizio judeokristauak ere mendeetan iraun du eta berdintasunezko gizarte baten idealizazioa eta txiroen laguntza eta babesa sustatu ditu, ideia sozialistekin bat (hain zuzen, sozialismo kristauak ideia sozialistak eta kristauak uztartzen ditu).[a 1]

Aro Modernoan, XVI. mendeko alemaniar nekazarien gerran, nekazariak egitura feudalen deuseztapenaren alde borrokatu ziren. Nekazarien matxinada horren porrot hori sakonki aztertu zuen Friedrich Engelsek, langileen borrokari buruzko ondorioak ateratzeko. 1516. urtean Tomas Morok Utopia lana idatzi zuen, berdintasunezko gizarte bat idealizatuz. Gauza bera egin zuen Tomas Campanellak 1623. urtean bere Eguzkiaren Hiria lanean. XVIII. mendean, jesuitek Paraguaiko guaraniak erredukzio edo misioetan antolatu zituzten, non lurrak eta beste ondasunak kolektibizaturik zeuden.[5]

Sozialismoaren sorreraren testuinguru historikoa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Industria Iraultza», «Argien Garaia» eta «Frantziako Iraultza»

Industria Iraultza eta Frantziako Iraultza, azken hau Argien Garaiko pentsamenduaren idealetan oinarrituta, aipatzen dira bereziki sozialismoaren faktore sortzaile gisa.[6]

Industria Iraultzan sortutako langileen klasearen bizimodu latza izan zen sozialismoaren abiarazlea. Industria Iraultza garatu zuen lehen herrialdea Inglaterra izan zen, XVIII. mendean. Nekazaritzan hobekuntza handiak izan ziren mende horretan, horri esker produktibitatea eta lurjabeen irabaziak nabarmen handitu ziren, nekazaritza produktuen eskaintza handiak ekarritako prezio-beherakada izan arren. Lurjabe handiek lurrak metatu eta nekazari asko geratu ziren soberan. Nekazari langabetuek hirietara jo zuten lantegietan lan egiteko. Aldi berean, trantsizio demografikoaren lehen faseak ere, hikortasun-tasen jaitsierarekin, populazioaren hazkunde handia ekarri zuen XVIII. mendetik. Beste arloetan ere, berrikuntza teknologikoak izan ziren eta horien zabalkuntzak industria indartu zuen. Horretan lagundu zuten garraioen garapenak eta kolonietatik ekarritako lehengaiek. Makineria eta lanaren zatiketa sartzen hasiak ziren eta horien ondorioz ordurarteko artisautza-tailerrak langile askoko fabrika bilakatu ziren. Horrek eragindako ondorio sozial larrien aurka luditen matxinadak izan ziren, han eta hemen, baina arrakastarik gabe. Industria Iraultza abian zen, beraz. Langile industrialen kopurua asko igo arren, presio demografikoak soldatak txikiak izatea ekarri zuen, maiz biziraupenaren mugan. Emakumeek eta haurrek ere lan egiten zuten, goizetik iluntzera gelditu gabe eta kondizio penagarrietan.[7]

Aldi berean, eta Frantzian bereziki, aldaketa politiko handiak izan ziren. Argien Garaian arrazionalismoa aldeztu zen politikan eta ekonomian jarraitu beharreko irizpide nagusi moduan; hortik demokrazia eta giza eskubideak ezarri ziren gizarteko printzipio zuzentzaile moduan Frantziako Iraultzan. Praktikan jende xume eta txiroen alde baino burgesiaren interesetara moldatu ziren printzipio horietan instituzio politiko berriak, batzuetan berdintasun erradikala eskatzen zuten mugimenduak izan baziren ere, sans-culotte direlakoen kasuan esaterako. Printzipio horiek oinarri moduan hartuko zituen gerora sozialismoak bere ideiak aldezteko.[a 2]

Pentsamendu aurresozialista

aldatu

Garai horretako pentsalarien artean, baziren batzuk ideia aurresozialistak izateagatik nabarmendu zirenak. Frantzian, Jean-Jacques Rousseauk (1712–1778) jabego pribatua sufrimendu, krimen eta gerren jatorri moduan definitu zuen; bere aldarrikapenak sans-culotte izenekoen liderrek maiz aipatzen zituzten; Gabriel Bonnot de Mablyk (1709–1785) eta Étienne-Gabriel Morellyk (1717–1778) berekoikeria gaitzetsi eta altruismoa eta berdintasuna aldarrikatu zituzten; aurrekoen ekarpenak gutxietsi gabe, Gracchus Babeuf (1760–1797) izango zen, berriz, sozialismoaren historian aitzindari gisa eta Karl Marx eta Friedrich Engelsen erreferentzia nagusi moduan agertzen den pentsalari eta ekintzailea, Frantziako Iraultzaren testuinguruan ondasunen jabetza kolektiboa, banaketa eta berdintasuna aldarrikatuz.[a 3][8] Inglaterran ere izan ziren kritika soziala egin eta berdintasunezko eta birbanaketarako ordena sozial berria aldarrikatu zutenak, hala nola Thomas Paine (1737–1809) eta William Cobbett (1763–1835) demokrata erradikalak; horien jarraitzaileak sozialimoaren ideietatik aldendu bazien ere, haien ekarpenek ideia sozialistak elikatu zituzten.[a 4]

Sozialismo utopikoa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Sozialismo utopiko»

XIX. mendearen hasieran, langileek jasaten zituzten bizitza eta lan baldintzek kezkaturik, gizartea harmonia egoerara ekarriko lukeen aldaketa orokor baterako ideia eta proposamenak egin zituzten pentsalari eta ekintzaile zenbaitek. Engelsek sozialista utopiko kategorian bildu zituen hamarkada batzuk geroago,[9] era gaitzesgarrian, kondizio historikoak ez baitzituzten aintzat hartu haien proposamenak zehazteko, baina izendapen hori izango zen gerora nagusituko zena. Gehienetan inozoak izan arren, haien ekarpenak sozialismo zientifikoa eta marxismoa garatzeko abiapuntua izan ziren ordea.[10] Hain zuzen, guztien arteko harmoniazko gizarte bat eratu zitekeela uste zuten, eta helburu horrekin elkarrekin bizi eta lan egiteko komunitate-ereduak garatu eta batzuetan praktikan jarri ere egin zituzten. Frantziako Iraultzak ekarritako idealen haritik eta maiz kristautasunean oinarrituta garatu zituzten haien ideiak, berdintasunezko ordena sozial baten alde. Charles Fourier, Robert Owen eta Saint-Simon izan ziren horietan nabarmenenak.[11][12]

 
Henri Saint-Simongoa, sozialismo utopikoaren aitatzat hartua.

Henri Saint-Simongoak (1760–1825) gizarte printzipio objektibo eta zientifikoetan antolatu behar zela irizten zuen. Feudalismotik gizartea klase produktibo (langileak) eta ez-produktiboetan (noblezia, kleroa) banatzen zela ikusirik, gizartearen aurrerapena klase produktiboei eta zegokiela aldarrikatu zuen, sortu berria zen klase industrial-zientifikoarekin laguntzarekin. Industriaren aldekoa eta erlijioaren aurkakoa, zientzian oinarritutako Newtonen eliza berria eratu behar zela aldarrikatu zuen, pobreziaren aurka eta hezkuntzaren alde. Haren ideiek zabalkuntza handia izan zuten, Frantzian bereziki, non eliza sain-simoniar izeneko zale talde zabala osatu zen. Auguste Comte filosofoa haren dizipulua izan zen eta bere teorietatik abiatu zuen bere pentsamendua.

Charles Fourierek (1772–1837), berriz, txirotasuna eta gizarteko beste arazoak gizakiaren grinak (giza sexualitatea, esaterako) erreprimitzean zetzaten. Hala ere, desberdintasun ekonomikoak ez ziren beretzat gatazkaren sorburu eta beraz, ez zituen parekatzen berdintasuna eta harmonia. Gizarte berri baten alde falansterio izeneko nekazaritza-komunitate idealak diseinatu zituen, hirietako azpiegitura zenbait barnehartzen zituztenak.

Robert Owenek ere arazo sozialak gizartearen antolakuntzaren ondorioa zirela uste zuen, Fourierek bezala; baina Saint-Simonen kritika soziala gizarte-klaseei lotu eta Fourieren kasuan grinen errepresioari atxikitzen bazitzaion bitartean, Robert Owenen iritziz (1771–1858) gizartearen irrazionalismoa eta ezjakintasuna zen gizarte arazoen sorburua. Gizakiak bi zuzenetik eramateko, gizartearen antolakuntza arrazionala behar zen, eta hortik aldatuko zen gizakiaren jokabidea. Kudeatzen zuen kotoi-enpresa batean arrakasta lortu zuen langileen kondizioak hobetuz eta haien ongizatea bermatuz. Eredu horri jarraiki, baina jabetza kolektiboan eta lan kooperatiboan oinarriturik, komunitate txiki batzuk sortu zituen, Ameriketako Estatu Batuetan bereziki, baina laster porrot egin zuten.[13]

Sozialismo hitzaren sorrera

aldatu

Sozialismo hitza 1832. urtean hasi zen erabiltzen, Le Globe aldizkari saint-simondarrean. Berehala, Pierre Leroux saint-simondar filosofoak, Le Globe-ko editorea ere izan zenak, maiz erabili zuen; baita Marie-Roch-Louis Reybaud ekonomialariak ere, sozialista utopikoei buruzko liburu famatu bat idatzi zuenak. 1827an owendar aldizkari batean ere agertu zen hitza.[14]

Joera sozialistak eta komunistak 1848 arte

aldatu

1830 eta 1840ko hamarkadetan zehar aldaketa soziala iraultzaz burutu behar zelako ideia zabaldu zen zenbait pentsalari eta klase xumeen artean. Sozialismo utopikotik aldenduta, ideia hori Gracchus Babeuf frantses iraultzailearen babouvismo edo pentsamendu komunistatik jaso zuten jatorrian eta horregatik urte horietan iraultzaren alde eta agintea hartu beharraz jardun zutenak, komunista deitu izan ziren. Hala ere, elitistak ziren, sozialista utopikoak bezala, eta klase xumeek boterea hartzeko ezintasuna argudiatuz, talde zuzentzaile txiki baten ekimena aldezten zuten. Horien artean ere joera desberdinak ziren: Frantzian, esaterako, Louis Auguste Blanqui komunista iraultzailea nabarmentzen zen, agintea indarrez hartzearen aldekoa; eta Alemanian, Wilhelm Weitling alemaniar komunista kristau ebangelikoa zegoen, besteak beste. Komunisten ondoan, pentsalari eta ekintzaile moderatuagoen joera bat gorpuztu zen, aldaketa mailakatua, legezkoa eta baketsua izan behar zela aldezten zuena; joera horren inguruan bildu zirenei sozialista deitu zitzaien; horietatik, Louis Blanc aipa daiteke. Hala eta guztiz ere, sozialisten eta komunisten proposamenak komunak eta antzekoak izan ziren hainbat arlotan.[15] Ildo horretatik, Liga Komunista sortu zen 1847 urtean, joera komunista iraultzaileak eta Marx eta Engelsen ideia demokratiko sozial eta ekonomikoak bateratuz.[16][17]

Sozialismo marxistaren sorrera

aldatu
 
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Iraultza eta gizarte komunista ulertzeko gakoak

Besteak beste, demokrazia eta eraldaketa soziala helburutzat zituzten Europako 1848ko iraultzen giroan, Manifestu Komunista plazaratu zen Marx eta Engelsen eskutik Liga Komunistaren programa gisa, hastapenean hau baieztatzen duena: «Orain arteko gizartearen historia klase-borroken historia da». Horrela, sozialismo utopikoaren idealismoa ukatu eta gerora sozialismo zientifiko deituko zena zabaldu zuten. Hala eta guztiz ere, manifestuak ez zuen eragin nabarmenik izan urte hartako iraultzan. 1848ko iraultzek porrot egin zuten, bestalde. Marxek eta Engelsek parte hartze aktiboa izan zuten, demokrata gehienak komunistak zirela pentsatu baitzuten, baina sektore burgesak azkenean iraultzaren aurka azaldu eta sektore erreakzionarioak nagusitu ziren. Hori dela eta, 1848–1850 bitartean Marxek bere posizioak erradikalizatu egin zituen eta gerora sozialismoaren diskurtsoan maiz aipatzen ziren proletargoaren diktadura eta iraultza etengabe kontzeptuak bereganatu zituen, komunista iraultzaileekin bat eginez, langile-klasearen independentzia eta langileen alderdi baten beharra aldeztearekin batera.[18][19][20] Iraultzen porrotaren ondorioz izandako errepresioaren ondorioz eta etsirik, Marxek Londresera erbesteratu behar izan zuen 1849. urtean, eta Engelsekin batera lan intelektualari ekin zion. Urte horietan marxismoaren teoria eratuko zuten lanak idatzi zituzten biek, bereziki ekonomia kapitalistaren funtsa eta horren ezegonkortasuna azaltzen dituen Marxen Das Kapital lanaren lehen liburukia, 1867. urtean plazaratu zena.

1848tik Lehenengo Internazionalera

aldatu

1848ko iraultzen porrotak burgesiari eta klase ertainei eman zien Europako hegemonia politikoa hurrengo urteetan. Urte horietan gainera hazkunde ekonomiko handiko urteak izan ziren Europan eta pobreen bizimodua hobetu egin zen, eta horrek indargabetu egin zuen kapitalismoaren aurka sozialistek zuten diskurtsoa.[21] Sozialistak berrantolatzen joan ziren, baina ildo desberdinetatik herrialdearen arabera.[22] 1863 urtean, Ferdinand Lassallek lene alderdi sozialista sortu zuen, Alemanian. Herrialde desberdinetako sozialistak, haien joera desberdinekin, bilduko zituen lehen erakundea Lehen Internazionala edo Langileen Nazioarteko Erakundea izan zen, 1864 urtean, zeinentzat Marxek irekierako hitzaldia idatzi zuen. Hitzaldi horretan, kapitalismoa langileen miseriari esker aurreratzen ari zela salatzearekin batera, langileei aginte politikoa hartzeko dei egin zien, horretarako langileen alderdiak sortuz; kooperatiben sorrera ere aldeztu zuen, kapitalismoa gainditze aldera.[23] Marxek erakundearen ildo nagusiak ezarri zituen urte horietan, eta erakundearen baitan programa utopiko eta muturrekoak aldarrikatzen zituztenen aurka irmo jokatuz sozialismoaren korronte desberdinak bateratu zituen: proudhonzaleak, trade union izeneko elkarteen defendatzaileak, mutualistak, blanquizaleak, mazzinizaleak eta marxistak. Bereziki estatismoaren aurka zeuden proudhonzaleekin eta Mikhail Bakuninek zuzendutako anarkistekin izan ziren gorabeherak. Hala eta guztiz ere, 1872. urtean desegin zen arte, Lehen Internazionala langileen antolaketarako nazioarteko erreferentzia nagusia izan zen. Desegitea bereziki anarkistengandik aldentzeagatik gertatu zen, baina baita programa komun bat eratzeko herrialde batetik bestera zeuden ezberdintasunengatik ere. Hala eta guztiz ere, Lehen Internazionalari esker, bereziki Europako langileek kontzeptu politiko berdinak erabiltzen hasi ziren, eta horrekin batera, hainbat herrialdetan langileen alderdi eta sindikatu nazionalak sortu ziren. Halaber, Lehen Internazionalak, bertan ez jardun arren, kartsuki sustatu zuen, baita ere 1871n Parisen izandako iraultzan, Parisko Komunan alegian. Aurrez Marxek altxamendua burugabekariatzat hartu eta langileen antolaketa eza deitoratu bazuen ere, bere agintaldi laburrean eta ondoren ere goraipatu egin zuen.[24] Engelsek lehen proletargoaren diktadura izan zela adierazi zuen. Baina, berriz ere, anarkistekin izandako desadostasunak agerian geratu ziren. Hain zuzen, Lehen Internazionalaren ondoren, hiru joera nagusituko ziren: Britainia Handian, trade union izeneko langileen elkarteen ingurukoa, eta sozialdemokrazia eta anarkismoa Europa kontinentalean.[25] Anarkismoak industria iraultza egiteke zegoen herrialdeetan hartu zuen indarra, bereziki Espainian; Frantzian, Alemanian, eta oro har, proletargo industrial handia garatu zen herrialdeetan, berriz, ikuspuntu marxistak nagusitu ziren.[26]

Bigarren Internazionaletik Lehen Mundu Gerrara

aldatu

1880ko hamarkadan Engelsek ahalegin handiak egin zituen ideia marxistak sozialismoaren baitan zabaltzeko. 1889 urtean, eta neurri handi batean berak gidatuta, Bigarren Internazionala nazioarteko erakundea sortu zen. Lehen Internazionalean bezalaxe, anarkistekin gorabeherak izan ziren, baina ikuspuntu anarkistak kanporatu egin ziren 1896 urtean izandako kongresuan eta marxismoa bilakatu zen sozialismoaren gidaritza zuen erakunde horretako doktrina nagusia.[27][26] Hala eta guztiz ere, garai hartan marxismo ortodoxoa kritikatzen zuten pentsalari sozialista zenbait nabarmendu ziren. Alemanian, Eduard Bernstein sozialdemokrata zegoen horien artean. Iraultza sozialista eta kapitalismoaren suntsitzea zalantzan jarri zituen eta ideia sozialistak gauzatzeko kapitalismoaren erreformak aldeztu zituen. Bere ekarpenak errebisionismo izendapenean bildu ziren, marxismoaren ideia zenbait bereganatu bazituen ere, horiek garaiko errealitatera errebisatu edo moldatu behar zirela aldezten baitzuen. Aldi berean, XIX. mendearen bukaeran, Britainia Handian fabianismo izeneko joera garatu zen, errebisionismoa bezala aldaketa sozial mailakatu eta demokratikoa aldezten zituena, eta britainiar pentsalari batzuengan oinarrituta marxismoa guztiz baztertzen zuena, bereziki klase borrokari buruzko teoria. [28][29] Alemanian betiere, errebisionismoaren aurkako joera marxista ortodoxoaren ordezkari nagusia Karl Kautsky izan zen, Engels hil ondoren.

Alemanian izandako zatiketen antzekoak izan ziren Frantzian ere. Jules Guesde marxismo ortodoxoa ordezkatzen zuen bitartean, instituzioetako lan politikoa gutxietsiz eta kapitalismoa berezko dinamikak sorraraziko zuen iraultza batez suntsituko zela baieztatuz, Jean Jaurès sistema kapitalista barrutik alda zitekeela aldeztu zuen.[30] 1880ko hamarkadan, sozialismo ortodoxoa izan zen joera nagusia, besteak beste marxismoak kapitalismoaren suntsipenari buruz egiten zituen aurresanak 1870-80 hamarkadetako krisialdi ekonomikoaren giroan betetzen ari zirelako, langileen txirotzeak lagunduta. 1890eko hamarkadan, ordea, berpizte ekonomikoa izan zen Europan; langileen bizimodua hobetu egin zen eta alderdi politiko sozialistak herrialde askotako politikan rol nabarmena hartzen joan ziren heinean, sozialismo marxista eta iraultzailearen tesiak kolokan jarri ziren. Horretan ere eragina izan zuen XIX. mendearen bukaerako eta XX. mendearen hasierako globalizazio-prozesuak, gizarte haustura nabarmena eta, erreakzio gisa, herritarren sentimendu komunitarista eta nazionalistaren indartzea ekarri zituena. Sozialismo marxista ortodoxotik, kapitalismoaren bilakaerari buruzko determinismoarekin eta nekazari eta klase ertainei buruz zuen jarrera ezkorrarekin, ezin izan zitzaion eskakizun berriei erantzun. Ildo horretan, aurretik Bigarren Internazionala gerra kontinental batean parte hartzearen aurka azaldu bazen ere,[31] Europako instituzio politikoetan ziharduten alderdi sozialistak norberaren nazioaren defentsaren alde jarri ziren Lehen Mundu Gerraren atarian, ordurako nabarmentzen ari ziren Rosa Luxemburg eta Vladimir Lenin sozialista iraultzaileen erabateko gaitzespenez, zeinentzat inperialismoaren eta gerran langileek aberririk ez zuten.[32][33] Sozialismo iraultzailearen korrontea indarra hartzen ari zen XX. mendearen hasieraz geroztik, bereziki 1905eko Errusiako Iraultzaren ondoren. Azkenik, 1917ko Errusiako Iraultzan gailendu eta komunismorako bidea zabalduko zuen joera izan zen.

Joera anarkistak sozialismoaren baitan

aldatu

Sozialismoaren baitan garatutako anarkismoa, sozialismo libertarioa ere deitu izan dena,[34] XIX. mendearen bukaeran garatu zen, sozialismo marxistari kritika eginez, bereziki estatuak jokatu beharreko rolaren inguruan. Marxistentzat estatua beharrezko erakundea zen, komunismoa ezarri arte; anarkisten iritziz, berriz, langileek botere politikoaren borrokari uko egin eta euren erakundeak eratuz suntsituko zuten kapitalismoa, helburu sozialisten alde. Sozialista marxistekin zituzten desadostasunak Lehen eta Bigarren Internazionalean geratu ziren agerian, bi korronteen arteko eztabaida teoriko, zatiketa eta anarkisten kanporaketekin. Anarkisten estrategia iraultzailea zen eta ekintza zuzena (sabotaiak, manifestazioka, grebak) erabili zuten XIX. mendeko azken hamarkadetan. Anarkista sozialisten baitan ere, joera batzuk izan ziren garai haietan, haien artean bateraezinak ez baziren ere: anarkomunismoa, jabetza pribatuaren eta estatuaren deuseztapena nabarmentzen zituena eta Piotr Kropotkin teoriko nagusitzat izan zuena, eta anarkosindikalismoa, langileen ekimenari, sindikatuetan bildurik, lehenesten zituena helburuak erdiesteko, bereziki Espainian zabalkuntza handia izan zuena Espainiako Gerra Zibilera arte.[26]

Komunismoaren garapena eta gainbehera

aldatu
Artikulu nagusia: «Komunismo»

Sozialismo eta komunismo hitzak sinonimo antzera erabili izan ziren arren, XX. mendearen hasieran esanahi desberdinak hartu zituzten. Vladimir Lenin errusiar pentsalari eta lider sozialistak demokrazia parlamentarioak eta hortik eratorritako politika eta legeak esplotazio kapitalistari itxura hobea emateko erakundeak besterik ez zirela baieztatu [35]eta sozialismo iraultzailearen tesiak aldeztu zituen. Teoria politiko horren baitan, alderdi sozialista politiko zentralizatu baten beharra aldarrikatzen zuen iraultza gauzatzeko. Eztabaida horretan Errusiako sozialismoa bi joera nagusitan bereizi zen: Leninen aldeko boltxebikeak alde batetik; eta mentxebikeak, Errusian iraultza baterako kondiziorik ez zegoela baieztatzen zutenak. Izan ere, marxismo ortodoxoaren arabera Errusia ez zen iraultza sozialistarako ereduzko eremua, industrializaziorik gabe, burgesia eta proletargoa garatzeke baitzeuden. Azkenik, ordea, Errusiako Iraultzan boltxebikeek boterea hartu eta tsarren Errusia desegin zuten, Leninek iraultzarako aurrebaldintzarik gabe ere boterea aukera sortzen zenean hartu behar zela aldezten zuelako, gerora aurrebaldintzak horiek gauzatuko zirelako ustean.[36] Ondorioz, hasiera batean Sobietar Errusia eta 1922tik aurrera Sobietar Batasuna sortu zen, Leninen agintaritzapean. Honek demokrazia burgesa eta parlamentarismoa gaitzetsi eta demokrazioa proletarioa, proletargoaren diktaduraren bitartez, aldarrikatu zuen, Alderdi Komunistaren aginte bakarrarekin. Indarrez ezarri zituen bere irizpideak (desjabetzeak, kolektibizazioak, ...), disidentzia ororen errepresio gogorrarekin eta ekonomia plangintza zentral batekin. Bigarren Internazionaletik bereizi eta Internazional Komunista abiarazi zuen 1919an, sozialismo demokratikotik bereizita.[37] 1924 urtean hil zenean, Leninen pentsamendua ideologia politiko gisa eratu zen, marxismo-leninismo izenarekin. Komunismoaren agintea Sobietar Batasunera mugatu zen 1945era arte, Leninen ondoren boterea hartu zuen Josef Stalinen gidaritzapean. Stalinen agintaldian, disidentzia ororen aurkako errepresioa areagotu egin zen, baita komunismoaren baitan ikuspuntu bereziak zituztenen aurka ere; Stalinen aurkako joera komunisten artean trotskismoa aipatu behar da, iraultza etengabea eta nazioarteko iraultza aldezten zituena. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Sobietar Batasunak erregimen komunistak ezarri zituen Europa Ekialdeko herrialdeetan, Ekialdeko Blokea sortzeko; Txinan ere erregimen sozialista berezia ezarri zen 1949tik, Mao agintaritzapean, maoismo deitu den berariazko ideologiaz. Beste zenbait herrialdetara ere zabaldu zen estatu sozialismoaren eredua 1950–1970eko hamarkada bitartean, hala nola Kuba, Vietnam eta Angolara. Alderdi komunista ofizialek diktaduraz agindu zuten herrialde horietan Ekialdeko Blokea 1991an kolapsatu zen arte. Sozialismo erreala deitu izan den estatu sozialista horietako ereduaren kritikak eta lorpenak baloratu eta amaierako porrota azaltzeko iritzi kontrajarriak daude. Arlo ekonomikoan, hainbat hamarkadetan zehar herrialde horietako herritarrek ez zuten eskuratu aurrez teoria sozialistek agintzen zuten ongizatea, hainbat kasutan horien egoera nabarmen hobetu bazen ere; giza eskubideei buruz ere, herrialde horietako batzuetan disidentzia ororen errepresioa masiboa eta gogorra izan zen, hala nola Stalinen Sobietar Batasuneko errepresioak eragindako milioka hildakoak.

Sozialdemokraziaren bilakaera

aldatu

XIX. mendean bukaeran eta XX. mendearen hasieran, sozialismo erreformista eta iraultzailearen arteko eztabaidak nagusitu ziren bitartean, Errusiako Iraultzaren ondoren komunismoaren eta sozialismo demokratiko edo sozialdemokraziaren arteko erabateko zatiketa da sozialismoaren ezaugarri nabarmenena. Bi mundu gerra arteko denboran, sozialismo demokratikoa gobernuko alderdi izatera heldu Europako zenbait herrialdeetan, politika ortodoxo eta kontserbadore bati jarraiki kasu gehienetan. Eskandinaviako herrialdeetan ezik, ordea, sozialdemokraziaren gobernuek porrot egin zuten, eta horren ondorioz faxismorako bidea zabaldu zen kasu batzuetan, hala nola Italian eta Alemanian. 1945etik ordea, sozialdemokrazia indarra hartu zuen berriz ere Mendebaldeko Europako gehienetan, Sobietar Batasunaren mendeko Ekialdeko Europako herrialdeetan komunismoa nagusitzen zen bitartean. 1960eko hamarkadara bitartean, sozialdemokraziak marxismoaren postulatuak baztertu zituen bere programatik. Hain zuzen, 1951 urtean alderdi sozialdemokratak biltzen zituen Internazional Sozialista sortu zen eta horren programan sozialismora heltzeko hainbat filosofia daudela baieztatu zen. Kapitalismoak aldezten duen etekin pribatu soilaren nahiz sozialismo errealaren erabateko planifikazioa eta zentralizazioaren aurka, sozialdemokraziak herritar guztien beharrak asetuko lituzkeen deszentralizazio ekonomiko baten alde, finean merkatu-ekonomiaren baitan soilik bideratu daitekeena. Sozialdemokraziaren arrakasta eta zabalkunde handiena Europa iparraldeko eta zentraleko herrialdeetan gertatu zen, 1980ko hamarkara bitartean; ongizate-estatuaren sustatzaile nagusia dela ere esaten da. Geroztik, ordea, Europa astindu duten krisialdi ekonomikoek eta langabezia- eta pobrezia-tasa altu iraunkorrek, ongizate-estatuaren murrizketekin batera, sozialdemokraziaren programa ekonomikoaren porrota eta ezintasuna azaleratu dituzte, sozialismoarekin nahitaez identifikatzen herrialde komunisten desegiteak areagotuta.[38]

Ekonomia sozialista

aldatu

Sozialismo modernoaren aitzindari den Marxek kapitalismoaren suntsitzea eta gizarte sozialistaren etorrera aurreikusi zituen, baina ez zuen zehaztu nolakoa izango zen ekonomia sozialista, kapitalismoaren ezaugarri nagusiak irauli egiten dituen sistema izateaz gainera. Bereziki, ekoizpen-bitartekoak langileen edo klase proletargoaren esku izatea. Gizarte sozialista bat gizarte klaserik gabeko gizartea litzateke eta soldata eta dirurik gabekoa. Irudikapen horiek hainbat alderdi argitu gabe uzten dituzte, ordea, hala nola enpresa edo lantegi barruko harremanak, langileen eta zuzendaritzaren artean, nolakoak izan behar diren, kudeaketaren arazoa alegia; ekoizpen-unitateen arteko harremanak edo merkatuaren eraketa; eta estatuaren rola eta horren kontrola ekonomia zuzentzean.

Sozialismoa eta nazio auzia

aldatu

Sozialismoan nazionalismo eta abertzaletasunarekiko lotura eta hurbilketa ezberdinak izan dira historian zehar. Borroka iraultzaile sozialistak zabaldu zituzten 1848ko iraultzetako internazionalismoa ez zen abertzaletasunaren aurkakoa, eta nazionalismo erromantikoan zuen oinarri. XIX. mendearen bigarren erdian, nazionalismoaren aurkako jarrera nagusitu zen sozialismoan. Marxek eta Engelsek borroka nazionalen existentzia onartzen bazuten ere, nazio bakoitzean langileak boterera heltzeko borrokatzat hartu zituzten; proletargoa boterera heltzean, nazioaren existentziak eluke inongo zentzurik, langileek ez baitute aberririk. Horrela mamitu zen internazionalismoa sozialismoaren printzipio nagusietakotzat, gaurdaino gorabehera zenbaitekin nagusitu dena.[39]

Sozialismoa eta berdinzaletasuna

aldatu

Berdinzaletasuna da sozialismoaren printzipio nagusia eta horretatik eratortzen dira hainbat politika, ekoizpen-bitartekoak langile edo estatuaren esku izatea eta internazionalismoa. Hala ere, XX mendean zehar eta sozialdemokraziaren eskutik bereziki, berdinzaletasuna ekoizpenetik baino baliabideen birbanaketaz garatzea proposatu da; aldi berean, baliabideen birbanaketarako baliabide transferentzia hutsak baztertu eta aukera berdintasuna eta meritokrazia sustatzea aldeztu dute, liberalismoaren printzipioetatik hurbilago.[40]

Sozialismoen tipologia

aldatu

Sozialismoaren baitan izandako XIX. mendetik izandako eztabaida, kritika eta krisiek joera, korronte eta modalitate anitzetan zatitu dituzte. Horiek bi sailetan banatu daitezke: alde batetik, sozialismoa praktika ekonomiko eta politiko gisa taxutu duten korronteak; eta bestetik, sozialismoari buruzko korronte eta proposamen teorikoak. Praktika politiko gisa, estatu sozialismoa, autogestiozko sozialismoa, merkatu-sozialismoa eta sozialdemokrazia bereizten dira. Modalitate horietako oinarri teorikoak hainbat korrontetan daude; horietan marxismoa izan da erreferentzia nagusia XX. mendean, horren baitan beste hainbat joera bereizi badira ere, hala nola marxismo leninismoa (estatu-sozialismoaren erreferentzia, bereziki), trotskismoa eta maoismoa; marxismotik gutxi gorabehera urrunduz, sozialismo libertarioa eta kristau sozialismoa (askapenaren teologia horren baitan, besteak beste) ere garatu dira.[41][36] XX. mendearen amaieratik Hirugarren Bidea, kapitalismoa eta sozialismoa uztartzen dituen joera sozialdemokraziaren baitna, eta XXI. mendeko sozialismoa, Latinamerikako Hugo Chávez, Evo Morales eta Rafael Correa liderrek zabaldua.

Estatu sozialismoa

aldatu

XX. mendearen hainbat hamarkadetan, estatu sozialismoa nagusi izan zen Ekialdeko Blokea deitu zen herrialdeetan. Herrialde horietan indarrean zegoen sistema politik ekonomikoari sozialismo erreala edo komunismoa ere deitu izan zaio. Herrialde komunistetan agintea alderdi komunista baten esku dago eta beste alderdi politikoen parte hartze aktiborako bidea itxi egiten da. Arlo ekonomikoan, ekoizpen-bitarteko guztiak kolektibizitatu egiten dira, jabetza eta ekimen ekonomiko pribatua deuseztatuz, estatuaren kontrol zorrotzaren pean. Inbertsio eta produkzio erabakiak modu zentralizatu eta planifikatu batean hartzen dira. Egun, Ipar Korea, Kuba, Laos, Txina eta Vietnam dira herrialde komunistak, azken biek azken hamarkadetan merkatu-sozialismoa bereganatu badute ere.

Autogestiozko sozialismoa

aldatu

Autogestiozko sozialismoan ekoizpen-bitartekoa jabetza soziala, hain zuzen lantegiko langileen eskuetan, sustatzen da, eta langileek beraiek helburu ekonomiko eta sozialak ezarri eta horretarako kudeaketa egiten dute. Halatan, estatu sozialismoaren zentralismo eta burokraziaren aurkakoa da. Autogestiozko sozialismoaren esperientzia historiko zabalena Yugoslaviako Errepublika Sozialistan izan zen, 1948-1990 bitartean, urte batzuetan zehar arrakastatsua izan zena baina azkenean porrot egin zuena. Egun, Euskal Herrian eta beste herrialde askotan zabaldurik dauden kooperatibak dira autogestiozko sozialismoaren adibide garbiena.

Merkatu-sozialismoa

aldatu

Merkatu-sozialismoa ekonomia planifikatu zentralak sortzen dituen akatsak zuzentzeko garatu izan da herrialde sozialista zenbaitetan. Sistema ekonomiko horretan, jabetza eta ekimen pribaturako jarduera ekonomiko batzuk ireki egiten dira, maiz enpresa txiki eta ertainen bitartez garatu daitezkeenak, baina ekoizpen bitarteko estrategikoak estatuaren esku izanik betiere. Kontrol politikoa alderdi komunista bakarraren esku izaten da betiere, ordea. Merkatu-sozialismoaren esperientziak Sobietar Batasunean, 1920ko hamarkadako Politika Ekonomiko Berriarekin, aldi labur batez, eta bereziki egungo Txina sozialistan garatu dira.

Sozialdemokrazia

aldatu

Mendebaldean, eta beraz, ingurune kapitalistan, sozialdemokrazia izan da sozialismoaren joera nagusia. Arlo ekonomikoan, sozialistak pribatizazioaren aurka eta nazionalizazioen alde agertu dira zerbitzu publikoa ematen duten sektore ekonomikoetan; ezberdintasun ekonomikoak gutxitzeko, zerga-sistema progresiboa proposatu ohi dute, gehiago irabazi edo ondasun gehiago dituztenek gehiago ordain dezaten; ekonomia sekotre guztietan estatuaren esku hartzearen aldekoak dira, konpetentzia murriztu eta prezioak kontrolatuz bereziki.[35] Arlo sozialean, sozialistak ongizate-estatuaren defendatzaileak dira, bereziki osasun unibertsala, hezkuntza publikoa eta pentsio-sistema emankorrak sustatuz. Horrekin guztiarekin batera, kooperatiba eta langileek beraiek kudeatutako enpresen aldekoak dira, langileen parte hartzea sustatzearekin batera.

Sozialismoa Euskal Herrian

aldatu
Artikulu nagusia: «Sozialismoa Euskal Herrian»
 
Zugaztietako UGT eta PSOEren lehen Herriko Etxea, 1888an sortua.

Euskal Herrian antzinakoak dira auzolan eta beste esperientzia protosozialistak. Sozialismo modernoaren lehen adierazpenak, ordea, Euskal Herriko industrializazioarekin batera hasi ziren, bereziki Enkartazioko Meatzaldean bildutako langile-oldearekin eta bereziki UGT sindikatuaren eta PSOE alderdiaren eskutik. Euskal sozialismoaren aitzindari eta buru nabarmena Facundo Perezagua izan zen, PSOEtik 1914an kanporatu zutenera arte, PSOE moderatuak egindako aliantzekin ados ez egoteagatik. 1886 urtean lehen elkarte sozialista sortu zuen Bilbon eta 1890 urtean Euskal Herrian izandako lehen greba handiaren liderra izan zen.

1936ra arte, Bizkaia izan zen euskal sozialismoaren gune nagusia. Gipuzkoan, berriz, askoz ere murritzagoa izan zen sozialismoaren zabalkundea, industriaren garapena eskasagoa, lantegi txikiekin eta lurraldean zehar sakabanatuagoa, izan zelako; dena den, Eibar PSOEk indar handia izan zuen gune garrantzitsu bilakatu zen garai horretan. Araban, berriz, sozialismoa presentzia eskasa izan zuen Bigarren Errepublikara arte.

1914 urtean PSOE eta UGT erakundeen inguruan mamitutako sozialismoaren buruzagitza Indalecio Prietok hartu zuen, Gerra Zibila piztu zen 1936 urtera arte, proiektu erreformista eta ez-iraultzaile batekin. Horrekin batera, borroka sindikalak indarra galdu eta sozialisten politika instituzionala indartu zen, hauteskundeetan parte hartzearekin.[42] Primo de Riveraren diktaduran zehar PSOEren inguruko sozialistetan desadostasun nabarmenak izan ziren jokatu beharreko rol instituzionalari buruz; bere alderdiko buru batzuk ez bezala Prietok monarkiaren aurkako jarrera irmoa hartu zuen urte horietan eta Bigarren Errepublika ekarriko zuen Donostiako Itunean parte hartu zuen. Bigarren Errepublikaren biurtekoan sozialismo moderatua nagusi izan bazen ere, 1933 urtean Espainia mailan eskuin politikoak izandako arrakastak Errepublikan aldaketa sozialerako jarrita zeuden itxaropenak galtzen joan ziren eta jarrera marxista erradikalagoak lekua hartzen joan ziren Largo Caballeroren inguruan, Euskadin eta Nafarroan jarrera moderatuek nagusi izaten jarraitu bazuten ere. Hala ere, Euskadi izan zen, Asturias eta Kataluniaren atzetik, 1934ko Iraultzaren gune nagusietako bat: sozialista, komunista, anarkista eta talde abertzale batzuek matxinadari ekin zioten eskuina agintetik egozteko; ondorioz, 42 hildako izan ziren, matxinatuak gehienak.

PSOE eta UGTko sozialismoa euskal nazionalismoaren aurka azaldu zen hasieratik, bereziki Sabino Aranak zuzenduriko mugimenduak etorkin langileen aurka zuen jarreragatik. Bigarren Errepublikara arte, Euskadiko sozialistek, PSOEren inguruan bilduta eta Prietok zuzenduta, jarrera horrekin jarraitu zuten, Euskal Herriari nazio-izaera ukatuz eta espainolismoarekin lerratuz. PCE alderdian bildutako euskal komunistek, ordea, autodeterminazio eskubidea aitortu zioten Euskal Herriari, Leninen programa politikoarekin bat eginez.[43] Bigarren Errepublikan zehar, PSOE EAJren aurka agertu zen, baina bereziki prestatzen ari zen estatutuaren laizismoari buruz. Hala ere, 1934an sozialistek bat egin zuten jeltzaleekin ardoaren matxinada deitu izan den mugimenduan, kontzertu ekonomikoaren defentsaren alde eta Espainian agintean zegoen eskuin politikoaren zentralizazio ahaleginen aurka. Sozialistak buru izan zituen 1934ko iraultzan ere parte hartu zuten abertzaleek, guztiz Jagi-Jagi eta EAE-ANVren aldetik eta zalantzaz eta arbuiaturik EAJ eta ELA sindikatuaren kasuan. Aurrerago, Fronte Popularraren garaian, Espainiako Gerra Zibilaren atarian, Prietok eta Jose Maria Agirre jeltzaleak adostuta, PSOE 1936ko Euskadiren Autonomia Estatutuaren alde agertu zen argi eta garbi. Sindikatuen artean ere, ELA sindikatu abertzalea UGT, CGTU eta CNT sindikatuekin elkarlanean hasi zen garai gatazkatsu hartan, faxismoaren aurka borrokatzeko.[44][45]

Euskal abertzaletasuneko lehenengo alderdi sozialista EAE-ANV izan zen.[46] 1930ean sortu zen, EAJn urte hartan bildutako bi joera politiko kontserbatzaile eta aranistekin desadostasunez. Bere printzipioetan gizonen arteko mendekotasuna gaitzetsi eta gizabanakoaren bizitza duinaren aldeko aldarrikapena egin zuen, interes orokorreko baliabideen nazionalizazioarekin batera, printzipio liberalen baitan.[47] 1936 urtean ezkerrera lerratu zen, baina sozialismo marxistatik kanpo atxikita. Bigarren Errepublikan zehar ez zuen hauteskunde-indar handirik izan, baina parte hartze aktiboa izan zuen orduko politikan, Eusko Jaurlaritzan eta Gerra Zibilean. Gerra bukatuta, ordea, eremu politikotik desagertu zen. Erbesteko Eusko Jaurlaritzan, PSOEko sozialistek tirabira handiak izan zituen EAJrekin, jeltzaleek espainiar organismo zentraletatik autonomoak izatea eskatzen zietelako eta nazio-arazoa guztiz baztertu egiten zutelako.[48]

PSOE eta PCEren sozialismoa Euskal Herrian espainiarra eta espainiar nazionalista izan da historian, eta abertzaletasuna aurkakotzat hartu izan du.[49] ETAtik sortuko zen Euskal Herriko sozialismoaren beste adar nagusi bat, ezker abertzalea deitu izan dena. Hasiera batean ETAk bere burua sozialistatzat jotzen ez bazuen ere,[50], jabetzaren dimentsio soziala aitortu zuen.[51] Berehala, ordea, 1963ko II. Asanbladatik hain zuzen, urte haietan Euskal Herrian berpizten ari zen langile borrokarekin eta nazioartean garatzen ari ziren borroka antikolonial sozialistekin bat, sozialismo marxista bereganatzen joan zen, V. Biltzarrean batez ere. Hala ere, hurrengo urteetan langileen borrokaren eta borroka nazionalaren uztartzeari eta lehentasunari buruzko eztabaida biziak egon ziren erakundearen baitan eta horren ondorioz zatiketak gertatu ziren. Zatiketa nabarmenena ETAren VI. Biltzarrean izan zen eta horren ondorioz EMK talde maoista eta LKI trotskista sortuko ziren, gerora Zutik eta Batzarre alderdietan bilduko zirenak. Urte horietako langile borrokatik Euskadiko Langile Komisioak ere sortuko ziren, Euskadiko Partidu Komunistarekin bereziki lotu zena hasiera batean. 1970eko hamarkadan zehar, ETAren altzotik eta bere baitan izandako ikuspuntu ezberdin, eztabaida eta zatiketekin loturik, sozialdemokraziatik marxismo-leninismorako esparruan zehar kokatutako hainbat alderdi sozialista sortuko ziren, hala nola EIA, LAIA, ESB, EHAS eta HASI. Espainiako Trantsizioan, ezker abertzaleko alderdi nagusiak Euskadiko Ezkerra sozialdemokrata eta Herri Batasuna alderdi koalizioa (marxismo-leninismotik hurbil) izango ziren. Euskadiko Ezkerrak Espainiako PSOE alderdian integraturiko PSErekin bat egingo zuen 1993 urtean eta Herri Batasuna geratuko zen geroztik ezker abertzalearen alderdi nagusi moduan. ETAren jardunarekin desadostasunengatik, Aralar alderdia sortuko zen 2001 urtean, bere burua ezker abertzalearen baitan ere jotzen zuena. Testuinguru politiko berriak eta ETAren jardunaren etenak ezker abertzaleko indar politiko guztien bateratzea ekarri du 2010eko hamarkadan, sozialdemokraziarako norabide argi batez.

Frankismoaren garaian, PSOEren jarduna Hego Euskal Herrian nabarmena izan ez bazen ere, Trantsizioan zehar, PSOEren adarrek Hego Euskal Herrian, Euskadiko Alderdi Sozialista – Euskadiko Ezkerrak (PSE-EE siglez ezagunagoa) eta Nafarroako Alderdi Sozialistak indar handia hartu zuten Hegoaldeko euskal herrialdeetan, joera sozialdemokrata eta espainiar zentralista batekin. Ezker abertzalearen aldean, Hego Euskal Herriko bigarren polo sozialista nagusia osatu dute. Horren zentralismoak EAJtik, batzuetan, eta bereziki ezker abertzaleko indarretatik aldendu du nabarmenki. Hain zuzen, ETAk PSE-EEko politikari zenbait erail ditu. 2009-2013 bitartean, PSE-EE alderdiak gobernatu zuen Euskadiko Autonomia Erkidegoak, Patxi Lópezen lehendakaritzapean, bigarren indar politikoa izan arren EAJren atzetik.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, alderdi sozialistak ez dira gehiengoa izan normalean, nahiz eta Frantziako Alderdi Sozialistak indar handia duen. Abertzaletasunaren eremuan, EMAk nabarmendu zuen mugimenduaren izaera sozialista.

Alderdi politiko sozialistak Euskal Herrian

aldatu

Egun, ondoko alderdiek euren burua sozialista edo sozialdemokratatzat jotzen dute:

Ilegalak

aldatu

Alderdi politiko sozialistak munduan

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. 2-4 orr.
  2. 8-12 orr.
  3. 18-25 orr.
  4. 25-34 orr.

Beste erreferentziak

aldatu
  1. (Ingelesez) «Socialism» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2015-02-03).
  2. (Ingelesez) Magstadt, Thomas. (2014). Understanding Politics: Ideas, Institutions, and Issues. , 29 or..
  3. (Ingelesez) Heywood, Andrew. (2011). Essentials of UK Politics. , 111 or..
  4. (Ingelesez) «Political philosophy» Internet Encyclopedia of Philosophy (Noiz kontsultatua: 2015-01-29).
  5. (Gaztelaniaz) Paniagua, Javier. (2010). Breve historia del Socialismo y del Comunismo. , 17-18 or..
  6. (Gaztelaniaz) Giner, Salvador (eta beste batzuk). (2013). Diccionario de sociología (socialismo). .
  7. (Gaztelaniaz) Paniagua, Javier. (2010)., 18-21 or..
  8. (Ingelesez) Birchall, Ian. (1996). Neither Jacobin nor Utopian: Marx, Engels and Babeuf. .
  9. (Gaztelaniaz) Engels, Friedrich. (1880). Socialism: Utopian and Scientific. .
  10. (Gaztelaniaz) Stedman Jones, Gareth. (2005). El manifiesto comunista de Marx y Engels. , 125-126 or..
  11. (Gaztelaniaz) Stedman Jones, Gareth. (2005). El manifiesto comunista de Marx y Engels. , 229 or..
  12. (Ingelesez) Goodwin, Barbara; Taylor, Keith. (2009). The Politics of Utopia: A Study in Theory and Practice. , 129 or..
  13. (Ingelesez) Newman, Michael. (2005). Socialism: A Very Short Introduction. , 1. kapitulua or..
  14. (Ingelesez) Hayek, F. A.. (2013). Studies on the Abuse and Decline of Reason: Text and Documents. , 229 or..
  15. (Ingelesez) Lindemann, Albert S.. (1984). A History of European Socialism. , 71-85 or..
  16. (Ingelesez) Johnstone, Monty. (1983). Marx, Blanqui and Majority Rule. .
  17. (Ingelesez) Encyclopedia of 1848 Revolutions. Communist League. .
  18. (Ingelesez) Johnstone, Monty. (1967). Marx and Engels and the Concept of the Party. .
  19. Marx eta Engels. (1850). Address of the Central Committee to the Communist League. .
  20. (Ingelesez) Moss, Bernard H.. (1998). «Marx and the permanent revolution: background to the Communist Manifesto» Socialist Register.
  21. (Ingelesez) Lindemann, Albert S.. (1984). A History of European Socialism. , 99-100 or..
  22. (Gaztelaniaz) Droz, Jacques. (1984). Historia general del socialismo: de los orígenes a 1875. Destino, 621 or..
  23. (Gaztelaniaz) Fetscher, Iring (zuzendaria). (1971). El socialismo: de la lucha de clases al estado providencia. Luis de Caralt, 111-113 or..
  24. (Gaztelaniaz) MacKenzie, Norman. (1969). Breve historia del socialismo. Labor, 71-83 or..
  25. (Gaztelaniaz) Droz, Jacques. (1984). Historia general del socialismo: de los orígenes a 1875. Destino, 852 or..
  26. a b c (Ingelesez) «Socialism» New Dictionary of the History of Ideas.
  27. (Ingelesez) Bee, Max. Fifty Years of International Socialism. , XV. kapitulua or..
  28. (Gaztelaniaz) Borja, Rodrigo. Enciclopedia de la política. .
  29. (Ingelesez) Gray, Alexander. The Socialist Tradition, Moses to Lenin. , 401-407 or..
  30. (Ingelesez) Thackeray, Frank W.; Findling, John E.. (1996). Events that Changed the World in the Nineteenth Century. , 160 or..
  31. (Gaztelaniaz) Service, Robert. (2009). Camaradas. , 88 or..
  32. (Ingelesez) Ball, Terence; Bellamy, Richard. (2003). The Cambridge History of Twentieth-Century Political Thought. , 238 or..
  33. (Ingelesez) Berman, Sheri. (2006). The Primacy of Politics: Social Democracy and the Making of Europe's Twentieth Century. , 28-32 or..
  34. (Frantsesez) Leval, Gaston. (1972). Conceptions constructives du socialisme libertaire. .
  35. a b (Ingelesez) Magstadt, Thomas. (2014). Understanding Politics: Ideas, Institutions, and Issues. , 30 or..
  36. a b (Ingelesez) Nove, Alec. «Socialism» The New Plagrave Dictionary of Economics.
  37. (Gaztelaniaz) Sotelo, Ignacio. (2006). Ideologías y movimientos políticos contemporáneos: Socialismo. , 92 or..
  38. (Gaztelaniaz) Sotelo, Ignacio. (2006). Ideologías y movimientos políticos contemporáneos: Socialismo. , 93-99 or..
  39. (Gaztelaniaz) Anderson, Perry. Internacionalismo: un breviario. .
  40. (Ingelesez) McLaverty, Peter. «Egalitarianism» Routledge Encyclopedia of International Political Economy.
  41. (Ingelesez) Anderson, Gary L.; Herr, Kathryn G.. (2007). Encyclopedia of Activism and Social Justice. , 1301 or..
  42. (Gaztelaniaz) «Sobre los Orígenes del Movimiento Obrero Vasco» borrokagaraia.wordpress.com.
  43. (Gaztelaniaz) Martinez Larrea, Jon. Socialismo, comunismo y cuestión nacional en Euskal Herria (1886-1937). .
  44. Miralles, Ricardo. (2009). «Euskal sozialismoa» Laurak bat. Euskadi eta Nafarroa XX. mendean.: 227-242..
  45. (Gaztelaniaz) De la Granja Sainz, José Luis. (2004). «1934: Un año decisivo en el País Vasco.: Nacionalismo, socialismo y revolución» Sancho el sabio: Revista de cultura e investigación vasca (21).
  46. (Gaztelaniaz) De la Granga Sainz, José Luis. (2008-02-12). «La verdadera historia de ANV» El País.
  47. (Gaztelaniaz) Renobales, Eduardo. (2005). ANV, el otro nacionalismo: historia de Acción Nacionalista Vasca - Eusko Abertzale Ekintza. , 185 or..
  48. Miralles, Ricardo. (2009). op. cit.. , 227-242 or..
  49. Olariaga Azkarate, Andoni. (2011-08-14). «Espainiar sozial-inperialismoa eta abertzaletasuna» Gara.
  50. (Gaztelaniaz) Bruni, Luigi. (1993). ETA: historia política de una lucha armada, Volumen 1. , 43 or..
  51. (Gaztelaniaz) Casanova, Iker. (2007). ETA, 1958-2008: medio siglo de historia. , 33 or..

Kanpo estekak

aldatu
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: sozialismo .