Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                

Kuba[1], ofizialki Kubako Errepublika (gaztelaniaz: República de Cuba, reˈpuβlika ðe ˈkuβa ahoskatua), Amerikako estatua da, izen bereko uharteak (Antilletako uharte handiena) eta Karibe itsasoko beste uharte batzuek osatua. Iparraldera, Ameriketako Estatu Batuak ditu; mendebaldera, Mexiko; hegoaldera, Kaiman Uharteak eta Jamaika; eta ekialdera, Haiti.

Kubako Errepublika
República de Cuba
Ereserkia: El Himno de Bayamo (en) Itzuli
Goiburua: ¡Patria o muerte, venceremos!
("Aberria ala hil, irabaziko dugu")

Kubako bandera

coat of arms of Cuba (en) Itzuli
Geografia
HiriburuaHabana
23°8′12″N 82°21′32″W
Azalera109.884 km²
Punturik altuenaPico Turquino
Punturik sakonenaKaribe itsasoa (0 m)
KontinenteaIpar Amerika
MugakideakAmeriketako Estatu Batuak eta Erresuma Batua
Administrazioa
Gobernu-sistemaEstatu unitario
Kubako presidenteaMiguel Díaz-Canel
LegebiltzarraNational Assembly of People's Power (en) Itzuli
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria10.985.974
Dentsitatea99,98 bizt/km² (106.)
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Ezkontzeko adinagizonezko: 18
emakumezko: 16
Emankortasun-tasa1,615 (2014)
Eskolaratu gabeko umeak150.812 (2015)
Bizi-itxaropena76,437 (1999)
Giza garapen indizea0,764 (2021)
Ekonomia
MonetaCuban peso (en) Itzuli ($MN)
convertible peso (en) Itzuli (CUC$)
BPG nominala87.132.800.000 $ (2015)
BPG per capita8.433 $ (2017)
Erreserbak144.018.160 $ (1960)
Historia
Sorrera data: 1898ko abenduaren 10a
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+53
ISO 3166-1 alpha-2CU
ISO 3166-1 alpha-3CUB
Ordu eremua
Elektrizitatea110 V. 60 Hz.NEMA 1-15 (en) Itzuli eta NEMA 5-15 (en) Itzuli
Internet domeinua.cu
cuba.cu

Biztanle gehien dituen Karibeko estatua da, 2012an 11.167.325 biztanle baitziren. Toki askotatiko kultura eta ohituren nahasketa dira kubatarrak, jatorrizko taino herriaren, Inperio garaiko espainiarren, Afrikatik ekarritako esklaboen eta Estatu Batuen eraginaren artekoa.

Geografia

aldatu
 
Kubako mapa

Kuba Karibe itsasoan dagoen uhartedia da. Uharte nagusia Kuba bera da, beste lau uharte talde nagusiz inguratua: Los Colorados, Sabana-Camagüey, Jardines de la Reina eta Los Canarreos[2]. Kuba uhartea handiena da (105.006 km²) eta, hedaduraz, munduko hamazazpigarrena. Bigarren uharte handiena Isla de la Juventud («Gaztetasun uhartea») da, hego-mendebaldean, 3.056 km² luze-zabal dena. Guztira, 110.860 km²ko eremua du herrialdeak.

Uharte nagusiaren lur gehienak zabaldi gorabeheratsuz osatuta dago. Hego-ekialdeko muturrean, Sierra Maestra mendilerro malkartsua dago: hantxe dago mendi garaiena (Pico Turquino, 1.974 m).

Kubako klima tropikala da, inguruko itsasoek samurtua. Urtaro euritsua uda da. Batez besteko tenperaturak 21 °C urtarrilean eta 27 °C uztailean dira. Hego-ekialdeko probintzietan, Santiago de Cuba eta Guantánamon, klima lehorragoa da[3]. Bestalde, Karibeko urak epelak direnez eta uharteak berak Mexikoko Golkoaren sarrera ia guztiz ixten duenez, Kubak urakan ugari jasaten ditu.


      Datu klimatikoak (Havana)      
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 25.8 26.1 27.6 28.6 29.8 30.5 31.3 31.6 31.0 29.2 27.7 26.5 28.8
Batez besteko tenperatura (ºC) 22.2 22.4 23.7 24.8 26.1 27.0 27.6 27.9 27.4 26.1 24.5 23.0 25.2
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 18.6 18.6 19.7 20.9 22.4 23.4 23.8 24.1 23.8 23.0 21.3 19.5 21.6
Euria (mm) 64.4 68.6 46.2 53.7 98.0 182.3 105.6 99.6 144.4 180.5 88.3 57.6 1189.2
Euri egunak (≥ 1.0 mm) 5 5 3 3 6 10 7 9 10 11 6 5 80
Hezetasuna (%) 75 74 73 72 75 77 78 78 79 80 77 75 76.1
Iturria: World Meteorological Organisation (UN),[4] Climate-Charts.com[5]

Historia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Kubako historia»

Kubako lehen biztanleak ziboney, guanahatabey eta arawak (edo taino) indiarrak —geroago iritsi ziren— izan ziren. Kristobal Kolonek bere lehen bidaian Kubako kostaldea aztertu zuen, baina konkista ez zen 1511. urtea arte hasi.

Konkista eta kolonialismoa

aldatu
 
Castillo del Morro (1589)

1511n hartu zuten egoitza lehen espainiarrek uhartean, Diego Velázquezen gidaritzapean (Hernán Cortés, Bernal Díaz del Castillo, Pedro de Alvarado, Bartolomé de las Casas eta 300 soldadu). Konkistatzaileek berehala menderatu zituzten indiarrak, eta urte gutxiren buruan, lan gogorra egitera beharturik eta europarren gaixotasunek sortutako izurriteen ondorioz ia desagertzeraino urritu ziren (100.000 ingurutik 5.000ra 1540an, eta 1.000ra 1570ean). Indiarrik ezean, Afrikako esklaboak inportatu ziren lanerako.

Uhartea menderaturik, hiriak sortu ziren hurrengo urteetan, eta Kuba Ameriketarako espedizio askoren abialekua izan zen. XVII. mendean koloniak ingeles, holandar eta frantses piraten erasoei aurre egin behar izan zien. XVIII. eta XIX. mendeetan Kubak azukre kanaberaren ekoizpena, esklaboen inportazioa eta azukre industria izan zituen ekonomiaren aurrerabide. XIX. mendearen erdialdean bertako azukre industria munduko aurreratuena zen, eta Estatu Batuak zituen bezero eta finantzatzaile nagusiak. 1865ean esklaboen salerosketa debekatu zen eta Mexikoko indiarrak eta txinatarrak kontratatu ziren lanerako, baina esklabotasunak indarrean segitu zuen, 1868a arte.

 
José Martí

XIX. mendearen bukaeran Espainiarekiko harremanak gaiztotu ziren (erreforma ekonomiko-sozialek huts egin zuten eta zergak jaso ziren) eta matxinada batzuen ondoren, 1868an hasi zen independentziaren lehen gerra (Hamar Urteko Gerra) Carlos Manuel de Céspedesen gidaritzapean. Bake hitzarmen batekin eman zitzaion amaia gerrari, baina kubatar batzuek ez zituzten eskainitako baldintzak onartu eta borrokan segitu zuten. José Martí idazle eta politikariaren gidaritzapean —artean Estatu Batuetan erbesteratuta zegoen—, askapen mugimendua antolatzen hasi zen 1892an, Kubako Alderdi Iraultzailea sortu zen eta 1895ean independentziarako bigarren gerra piztu zen.

1898ko otsailean, leherketa baten ondorioz, Habanako portuan Estatu Batuetako USS Maine gerra-ontzia hondoratu zenez, apirilaren 25ean Estatu Batuek gerra deklaratu zioten Espainiari. Estatu Batuetako gudarosteak erraz menderatu zuen Espainiakoa eta Parisko itunean (abenduaren 10ean) Espainiak Kuba, Puerto Rico, Guam eta Filipinak eman behar izan zizkien Estatu Batuei.

Estatu Batuak Kuban egon ziren denboran (1989ko apirilaren 1etik 1902ko maiatzaren 20ra arte) beren hezkuntza, ekonomia eta kultura ezartzen ahalegindu ziren. 1901ean konstituzio errepublikarra onartu zen, nazioarteko hitzarmenak, ekonomia eta barne arazoak Estatu Batuen mende zeuden arren. Horrezaz gainera, ontzi-base bi ezarri zituzten, bata Bahia Hondan (1913an itzulia), eta bestea Guantanamon.

Kubako errepublika

aldatu

1902an, Tomás Estrada Palmak hartu zuen Kuba independentearen presidente kargua, eta 1906ko hauteskundeetan agintaldian jarraitzeko ahaleginak Estatu Batuetako gudarostearen esku-hartzea ekarri zuen, 1909 arte. Urte hartan, José Miguel Gómez liberalak hartu zuen lehendakaritza. Haren agintaldian, ekonomiak aurreramendu handia egin zuen Estatu Batuetako inbertsioekin, azukre industriarekin, turismoarekin eta jokoarekin, baina ustelkeria eta Kubako beltzekiko bidegabekeriak handiak izan ziren.

Beste gobernu ustel batzuen ondoren, 1933an Ramón Grau San Martín irakasleak eta Fulgencio Batista sarjentuak lehendakari eta gudarostearen buruzagi karguak hartu zituzten, hurrenez hurren. Hurrengo urteetako gobernuak Batistaren eskumenean egon ziren. 1952an kolpe militarra jo eta aginpidea eskuratu zuen Batistak.

Kubako iraultza eta sozialismoa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Kubako Iraultza»
 
Manuel Urrutia presidentea 1959an, Camilo Cienfuegos eta Che Guevararen artean

Fulgencio Batistaren kontrako oposizioa zabala zen: unibertsitateko ikasleak, langileak eta erdi mailako klasea. 1956aren bukaeran, Fidel Castro abokatuak Sierra Maestrako mendietan babes harturik, diktadoreari aurre egiteko gerrilla antolatu zuen. 1958an Castrok, bere anaia Raul, Camilo Cienfuegos eta Che Guevararekin batera, Batista ihes egitera behartu zuen, eta 1959ko urtarrilaren 8an Habanan sartu ziren. Castrok Lehen Ministro kargua hartu zuen eta Manuel Urrutia Lleók errepublikaren lehendakariarena. 1959ko uztailean Osvaldo Dorticosek hartu zuen lehendakari kargua.

1961ean, talde iraultzaileek Kubako Iraultza Sozialistaren Alderdi Batua sortu zuten, 1965etik aurrera Kubako Alderdi Komunista bihurtu zena. Kubak Sobietar Batasunaren sozialismoa hartu zuen eredutzat eta lankidetza hitzarmenak izenpetu ziren bi herrialdeen artean. Kubako gobernuak nekazaritza erreforma egin eta lurrak nekazarien artean banatu zituen, banketxeak, azukre industria, atzerritarren ondasunak eta industria nazionalizatu zituen, eta hezkuntza, alfabetatze kanpainak eta hirigintzaren erreforma bultzatu zituen. Aldaketa horien ondorioz, Estatu Batuen eta Kubaren arteko harremanak gaiztotu ziren; 1961ean Estatu Batuak uhartea mendean hartzen ahalegindu ziren Cochinos badian, eta merkataritzaren blokeoa, Kubara esportatzeko debekua eta ordutik aurrera erregimen berria eraisteko konspirazioak bultzatu ditu ia etengabe. 1962an, John F. Kennedy Estatu Batuetako lehendakariak Sobietar Batasunak Kuban ezarriak zituen misilak kentzeko agindu zion Kubari eta, kendu ezean, uhartea hartuko zuela mehatxatu zuen.

 
Fidel Castro Berlinen 1972an, Ekialdeko Alemaniako Politburoko kideekin

1962an, Estatu Batuek hala eskatuta, Amerikar Estatuen Erakundetik (OEA) kanpo bota zuten Kuba, eta Kubak Latinoamerikako iraultza higikundeak sustatu zituenean, OEAko herrialde gehienek Kubarekiko harremanak hautsi zituzten. Halaber, 1960-1970. urteetan Kubak gudarosteak bidali zituen Afrikara, Angolara eta Etiopiara batez ere, Sobietar Batasunaren estatu-bezeroei laguntzera. Halaber, Asiako hego-ekialdeko iraultza mugimenduak sustatu zituen.

1975ean Kubako Alderdi Komunistaren lehenengo biltzarra egin zen, eta 1976an konstituzio sozialista onartu zen. Urte hartan bertan egin zen lehenengo nazio biltzarra, eta bertan Fidel Castro, komunisten buruzagia, hautatu zuten estatu- eta gobernu-buru (horren arabera, baita gudarostearen buru ere). Horrenbestez, iraultzaz geroztik Fidel Castro izan zen Kubako burua, 2006ra arte. Castroren gobernuak sostengu handia izan zuen, hasieran batez ere, hezkuntza eta osasun zerbitzuak hobetu eta kubatarren gizarte maila guztietara hedatu zituelako; baina Kubak komunismoaren aldeko apustua egin zuenez, bakarturik geratu zen, inguruko herriek arbuiatua. Blokeo ekonomikoa eta komertziala ezarri zitzaion, eta bertako ekonomia Sobietar Batasunaren laguntzaren mende geratu zen.

1975-1989 bitartean, marxisten alde borrokatu zen Kubako gudarostea Afrikako zenbait herrialdetanː adibidez, Angolan eta Etiopian; eta laguntza eman zien Latinoamerikako eta Karibe inguruko zenbait herrialderiː Nikaraguari, Guyanari edo Grenadari, besteak beste; dena dela, zenbait gudutan parte hartu zuen arren, Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimenduaren bilera Kuban egin zen 1979an, eta Castro aukeratu zuten buruzagi, hurrengo hiru urterako. 1980ko Marielgo exodoan, sei hilabetetan 125.000 kubatarrek emigratu zuten Estatu Batuetara[6].

1989an, Sobietar Batasunean aldaketa politikoak abian jarri zirenean, Kubak ez zion bide berari jarraitu, eta are bakartuago gelditu zen. Azkenik, Sobietar Batasuna gainbehera etorri zenean haren laguntza galdu zuelarik, arazo ekonomiko larriek itota gelditu zen. Bestalde, 1961ean Estatu Batuek ezarri zioten blokeoa are gehiago indartu zen ondorengo urteetan, eta arazo larriak sortu ziren hari aurre egiteko. 1992an NBEk bahimendua bertan behera geldi zedin eskatu zien Estatu Batuei, baina egoerak bere horretan jarraitu zuen eta emigrazio mugimendu handiak gertatu ziren, Kubatik Estatu Batuetara bereziki. 1994an Kubatik ihes egiten ahalegindu ziren oldeak ikusirik, Kubako gobernuak eragozpenik ez zuela jarriko iragarri zuen, baina Estatu Batuek ezin zuten onartu halako emigrante multzo handia eta mugak itxi zituzten. Azkenean bi herrialdeen artean hitzarmen bat sinatu behar izan zuten emigranteen arazoari irtenbidea emateko. 1996an Estatu Batuek Helms–Burton legea eman zuten, Kubako erregimenaren kaltetan, nahiz eta Europar Batasuna lege haren kontra agertu zen.

1998an, nazio biltzarreko buru hautatu zuten berriro ere Fidel Castro, hurrengo bost urterako. Urte hartan bertan, Joan Paulo II.a aita santuak bisitaldia egin zuen Kubara, eta gobernuak zenbait preso politiko askatu zituen; Estatu Batuek Kubaren kontrako neurriak malgutu zituztelarik, bi herrialdeen arteko harremanak hobera egin zuen, nahiz eta tarteka istiluak sortzen diren. Bestalde, XXI. mende ahasieran Kubak harreman estuak zituen hainbat herrialderekin, Txina, Errusia, Mexiko, Venezuela, Argentina, Bolivia eta Espainiarekin, besteak beste.

2006an, Fidel Castrok ordu arte lehendakariorde izandako Raul Castroren anaiaren esku utzi zuen agintaritza, behin-behinean, osasun arazoak zirela medio. 2008an legebiltzarrak lehendakari hautatu zuen Raul, Fidelek behin betiko kargua utzi ondoren.

2014ko abuztuaren 28an, Kubako Gobernuak eta Europar Batasunak «aurrerapen handiak» lortu zituzten elkarlanari buruzko bigarren bilera sortan, eta prozesuarekin jarraitzeko asmoa adierazi zuten. Merkataritzari eta finantzaketari buruz hitz egin zuten batez ere[7].

Biztanleak

aldatu

Kubako biztanleriaren gehiengoa askotariko jatorriko taldeen ondorengoa da. 2012an, % 64,1 zuriak ziren; % 26,6, mestizoak; eta %9 ,3, beltzak[8]. Edonola ere, XX. mendean zehar demografian eragin handia izan dute emigrazio nahiz immigrazio mugimenduek. 1900-1930, bitartean milioi bat espainiar inguru iritsi ziren uhartera, baina mendearen bigarren erditik kubatar askok ihes egin zuten, Estatu Batuetara nagusiki (1994an esaterako, 20.000 kubatar saiatu ziren Estatu Batuetara ihes egiten). Gaur egun, milioi bat kubatar baino gehiago bizi da Kubatik kanpo, batez ere Floridan eta Estatu Batuetako ekialdeko kostaldean. Barne emigrazioari dagokionez, eskualde batzuen eta besteen artean gorabehera nabarmenik egon ez zedin neurri zorrotzak hartu zituen gobernuak, landatik hirietarako joera zabaltzen hasi zenean.

Kubako biztanleriaren hazkundea negatiboa da 2006az geroztik. 2014an, esaterako, -% 0,14 izan zen[8]. Munduko haurren heriotza tasa txikienetakoa du, baina emankortasun tasa ere txikia da. Kubako bizi itxaropena Ameriketako altuenetakoa da, 78,2 urtekoa 2014an[8], batez beste. Irakaskuntza derrigorrezkoa eta doakoa da, eta biztanle orok du osasun arreta (sendagileak, erietxeak, botikak) eskuratzeko eskubidea.

Ekonomia

aldatu

1959. urteko iraultzarekin batera, Kubaren egitura sozioekonomikoa kapitalismotik sozialismora igaro zenetik Sobietar Batasunaren laguntza jaso zuen Kubak, 1990ean Sobietar Batasuna gainbehera etorri zen arte. 1990eko hamarkadara arte, beraz, Kubako ekonomiaren bilakaeran berebiziko garrantzia izan zuen Sobietar Batasunetik jasotako laguntzak, baina harrezkero zailtasun handiak bizi izan ditu Kubak, 1960az gero Estatu Batuek bertako ekonomia hondatzeko eta horrela gobernu komunista eraisteko asmoz ezarri zioten bahimenduari aurre egiteko besteak beste (azukrea inportatzeari utzi eta Kubari ezer saltzeari uko egin zioten). Krisiari aurre egin ahal izateko, energia kontsumoa murrizteko oso neurri zorrotzak hartu ziren, elikagaien kontsumoa kontrolatzen hasi zen gobernua, eta kontsumorako ondasunak asko urritu ziren. Gobernuak 1995ean azaldu zuenez, barne produktu gordina % 35 jaitsi zen 1989-1993 bitartean.

 
Santiago de Cubako zigarrogilea

1993an ekonomia liberalizatzeko lehenengo neurri bereziak hartu behar izan zituen estatuak, kontsumorako ondasunak eta zerbitzuak ugaritzeko, elikagaien murrizketak alde batera utzi ahal izateko etab.; ordu arte oinarri marxista izan zuen ekonomia apur bat malgutu eta enpresa pribatuei ehun bat ekonomia jardueretan parte hartzeko baimena eman zitzaien. 1994an nekazaritza eraberritzen eta liberalizatzen hasi zen, kubatarrei kanpoko dibisak edukitzea onartu zitzaien (ordu arte legez kanpo zegoen), eta pesoaren eta dolarraren arteko trukea arautu zen. Horrekin batera, atzerriko inbertsioak onartu ziren, 1995etik aurrera, jarduera guztietan, osasunean, defentsan eta hezkuntzan izan ezik. 1996an Estatu Batuek Helms–Burton legea eman zuten, ordea, zeinaren arabera hirugarren herrialdeen bitartekaritzaz Kubarekin harremanak dituzten enpresak zigortzen baitzituen. Era berean, Munduko Bankuaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren laguntza galarazi zion lege horrek Kubari. Dena dela, zenbait enpresa atzerritarrek Estatu Batuen presioari aurre egiteko hainbat trikimailu erabiliz inbertsioak egiten jarraitu zuten. Horrela, barne produktuaren gainbehera eten egin zen eta 1997. eta 1998. urteetan hazkundea mantsotu egin zen arren, hazten hasi zen Kubako ekonomia, turismoaren hazkunde etengabeari esker nagusiki. 2007an % 7,5 hazi zen, aurreikuspena baino gutxiago, baina Latinoamerikako gainerako herrialdeena baino askoz ere gehiago. 2012an % 3,1 hazi zen[8].

Nekazaritza garrantzi handiko ekonomia jarduera da Kuban, azukre kanaberaren lanketa batez ere. Munduko azukre kanabera esportatzaile handiena da eta hirugarren ekoizlea, Brasilen eta Indiaren ondotik. Nekazaritzako bigarren gai nagusiak tabakoa eta zitrikoak dira; garrantzi handiko esportazio gaia da tabakoa. Kafea, arroza eta barazkiak ere lantzen dira, baina hiru gai horiek baitira nagusiak, Kubako ekonomia oso mugatuta dago, gai horien uztaren eta prezioaren mende.

 
Varaderoko hondartza

Industria nagusiak, nekazaritza gaiena (azukrea, alkohol industriala, rona) eta tabakoarena dira. Castroren erregimenaren ahalegin nagusietako bat industria ugaritzea eta jarduera berriak sortzea izan da, baina erregai merkerik ez dagoenez eta oso lehengai gutxi dutenez, zailtasun handiak daude industria astuna garatzeko. 2000ko hamarkadatik aurrera, Venezuelak lehentasunezko baldintzetan saltzen dio petrolioa, 100.000 upel eguneko. Zati bat Venezuelan lan egiten duten kubatarren (30.000 osasun-langile barne) zerbitzuen bitartez ordaintzen du[8].

Mea ugari dago Kuban, baina behar bezala ustiatu gabeak. Nikelaren ekoizpena da nagusia. Bestalde, garai batean zura baliabide natural oparoa izan zen eta 1960 inguru arteko baso soiltze izugarriaren eraginez aberastasun asko galdu zuen arren, gobernuak berriro zuhaitzak landatzeko antolaturiko programari esker, 1990eko hamarkadaren hasierarako berriro landatuta zeuden basoak.

Kanpoko dibisak turismoaren bidez eskuratzen ditu Kubak. Turismoa da, hain zuzen ere, ekonomiaren ardatz nagusia. 2011n, esaterako, 2.716.317 bisitari atzerritarretik gora hartu zituen herrilaldeak[9].

Hiri nagusiak

aldatu

Politika

aldatu
 
Kubako Alderdi Komunistaren egoitza

Kuba estatu sozialista da. Kubako Alderdi Komunista da legezko alderdi politiko bakarra; alderdia Kubako gizartearen organismo politiko gorena da eta haren mende dauden masa erakundeen bidez zabaltzen du bere aginpidea. 1976an onartu zen konstituzioaren arabera, Nazio Biltzarrak du legegintzako ahalmena. Biltzarra probintzietako eta udalerri bereziko ordezkariek osatua da, eta bost urtez behin aukeratzen da. Nazio biltzarraren batzorde iraunkorrak edo estatu batzordeak estatu eta gobernu burua, gudarostearen burua ere badena, eta ministro batzordea aukeratzen ditu (Raúl Castro agintaria da). Aginpide betearazlea eta administrazioa ministro kontseiluaren eskumenean dago, eta Castro lehendakaria da.

Banaketa administratiboa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Kubaren banaketa administratiboa»

Kubako lurraldea 15 probintziak eta udalerri berezi batek osatua da: Artemisa, Camagüey, Ciego de Ávila, Cienfuegos, Granma, Guantánamo, Holguín, Isla de la Juventud, Habana, Las Tunas, Matanzas, Mayabeque, Pinar del Río, Sancti Spíritus, Santiago de Cuba, Villa Clara. Isla de la Juventud udalerri berezia da, eta estatuaren zuzeneko eskumenean dago.

 
  1. Pinar del Río
  2. Artemisa
  3. Habana
  4. Mayabeque
  5. Matanzas
  6. Cienfuegos
  7. Villa Clara
  8. Sancti Spíritus
  1. Ciego de Ávila
  2. Camagüey
  3. Las Tunas
  4. Granma
  5. Holguín
  6. Santiago de Cuba
  7. Guantánamo
  8. Isla de la Juventud

Kultura

aldatu

Literatura

aldatu

Musika

aldatu

Gastronomia

aldatu
Artikulu nagusia: «Kubako gastronomia»
 
Arroza eta babarrunak, Kubako plater tipikoa.

Kubako gastronomia kriolloa da, Espainiako, Afrikako eta Karibeko sukaldeen fusioaren emaitza. Kubatarren errezetek espezien konbinazioen ezagutza eta Espainiako eta Afrikako sukaldaritzako tekniken jakinduria partekatzen dute.

Afrikako esklaboek eragin handia izan zuten, batez ere azukre-kanabera landaketetan, eta hirietan gutxiengoa izan ziren. Tabako-sailetan, batez ere, nekazari espainiar pobreak bizi izan ziren, batez ere Kanarietakoak.

Irlaren ekialdean, halaber, Frantziako, Haitiko eta Karibeko etorkin kopuru handiak jaso ziren, batez ere Haitiko iraultzan, eta baita 50eko hamarkadan azukre-kanaberaren uzta biltzeko sasoiko langileak ere, batez ere espainiarrak. Horren ondorioz, Kubako sukaldaritza tradizional bilakatu zen. Gehien jaten diren plateren artean, arroza, biandak (platanoa, esaterako), lekaleak eta txerrikia daude. Ohiko jakien artean, babarrun eta arroz saldarekin egindako itsas aingira dago.

Tamalak artoarekin egiten dira (artoa Mesoamerikako aborigenen garaietatik erabiltzen da), baita "casabe" izeneko platera ere (juka-almidoitik abiatuta egiten da), eta banana frijituekin egindako ogi txigortuak eta mariquitak. Festetan, txerri arrunta preziatuena eta erabiliena da, su motelean errea. Jaki tipikoa caldosa da, artoz, haragiz eta biandaz egindako platertxoa, jaiegunetan eta jaiegunetan egina.[11]

Hedabideak

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
  2. Grupos Insulares del archipiélago cubano Ecured.cu. 2014ko abenduan kontsultatua
  3. El Clima de Cuba. Características generales Instituto de meteorología de la República de Cuba. Met.inf.cu. 2014ko abenduan kontsultatua
  4. World Weather Information Service – Havana. Cuban Institute of Meteorology (Noiz kontsultatua: 2010-06-26).
  5. Casa Blanca, Habana, Cuba: Climate, Global Warming, and Daylight Charts and Data. (Noiz kontsultatua: 2010-06-26).
  6. Mariel Boatlift Globalsecurity.org
  7. ««Konstruktiboa» izan da Kubaren eta EBren arteko bilera», Berria, 2014-08-29
  8. a b c d e Cuba CIA: The World Factbook. Cia.gov. 2014ko abenduan kontsultatua
  9. 2.7 Million Tourists Visited Cuba in 2011 Hispanicallyspeakingnews.com
  10. www.geonames.org
  11. (Gaztelaniaz) Avanzados (CITMATEL), Empresa de Tecnologías de la Información y Servicios Telemáticos. (1999-12-14). «Cocina cubana» cocina.cuba.cu (Noiz kontsultatua: 2020-12-06).
  12. Granma egunkariaren webgunea

Kanpo estekak

aldatu



Amerikako herrialde eta lurraldeak
Ipar Amerika eta Karibea
 
Estatu burujabeak: Ameriketako Estatu BatuakAntigua eta BarbudaBahamakBarbadosBelizeCosta RicaKubaDominikaDominikar ErrepublikaEl SalvadorGrenadaGuatemalaHaitiHondurasJamaikaKanadaMexikoNikaraguaPanamaSaint Kitts eta NevisSanta LuziaSaint Vincent eta GrenadinakTrinidad eta Tobago


Dependentziak: Groenlandia (Danimarka) • GuadalupeMartinikaSaint BarthelemySaint MartinSaint Pierre eta Mikelune (Frantzia) • Aruba · Holandarren Antillak (Herbehereak) • Aingira · Bermuda · Birjina uharte britainiarrak · Kaiman uharteak · Montserrat · Turkak eta Caicoak (Erresuma Batua) • Puerto Rico · Birjina Uharte Estatubatuarrak (Ameriketako Estatu Batuak)

Hego Amerika
 
Estatu burujabeak: ArgentinaBoliviaBrasilTxileKolonbiaEkuadorGuyanaParaguaiPeruSurinamUruguaiVenezuela


Dependentziak: Guyana Frantsesa (Frantzia) • Falklandak (Erresuma Batua)