Peru
- Artikulu hau herrialdeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Peru (argipena)».
Peru[1] (gaztelaniaz: Perú; kitxuaz: Piruw; aimaraz: Piruw), ofizialki Peruko Errepublika (gaztelaniaz: República del Perú, reˈpuβlika ðel peˈɾu ahoskatua) Hego Amerikako mendebaldeko estatua da, Andeen eta Ozeano Barearen artean kokatua.[2][3] Iparraldean, Ekuadorrekin eta Kolonbiarekin egiten du muga;[4][5] ekialdean, Brasilekin;[6] eta mendebaldean, Ozeano Barearekin.
Hiriburua Lima da. Etniak: amerindiarrak, % 45; mestizoak %, 37; zuriak, % 15; beltzak, japoniarrak, txinatarrak eta beste, % 3.
Geografia
aldatuInguru naturala
aldatuAndeak Peruko iparraldetik hegoaldera zabaltzen dira. Gailur nagusiak: Huascaran (6.768 m), Yerupaja (6.634 m), Coropuna (6.615 m), Ausangate (6.380 m), Solimana (6.320 m), Ampato (6.310 m), Salcantay (6.271 m), Chachani (6.075 m), Hualca Hualca (6.025 m), Sabancaya (5.976 m), Misti (5.821 m) eta Pichu Pichu (5.664 m).
Sartaldetik sortaldera hiru alderdi nagusi bereiz daitezke Perun: kostaldea, mendialdea, eta oihanaldea.
- Kostaldea 2.200 km luze da, meharra eta idorra, oso euri gutxi egiten baitu urtean zehar. Ipar-mendebaldean du zabalera handiena, Sechurako basamortuan. Kostaldean daude Peruko hiri nagusiak.
- Mendialdea Ande mendien Mendebaldeko, Erdialdeko eta Ekialdeko mendilerroez osatua da. Mendebaldeko mendilerroa ura Ozeano Barera eta, Amazonas ibaiaren bidez, Ozeano Atlantikora isurtzen duten ibaien banalerroa da. Han dira Peruko mendi garaienak. Peruko Ande mendiak zabal eta garaiagoak dira hegoaldean iparraldean baino. Lurraldearen egitura geologikoa dela eta, lurrikarak izateko arrisku handia da Perun.
- Andeetatik sortaldera dagoen alderdi hezea, La Montaña deitua, Amazonas ibaiaren arroko oihanak hartzen du ia oso-osorik. Peruko lurralde osoaren hiru bostenak hartzen ditu La Montañak, eta ibai handiek ureztatzen dute.
Ura Ozeano Barean isurtzen duten ibaiak laburrak eta ur-emari txikikoak dira. Hego-ekialdeko ibai txiki batzuek itsasora ez baina Titikaka aintzirara isurtzen dute ura. Titikaka aintzirak 8.288 km2 ditu, eta 3.810 metroko garaieran dago Peruren eta Boliviaren arteko mugan. Peruko ibai nagusiak, ordea, Amazonas ibai-arroari dagozkio: Marañon, Ucayali, Huallaga, Santiago, Pastaza eta Napo. Marañon eta Ucayali ibaiek bat egin ondoren, Iquitos portutik ekialdera, Amazonas deritzo ibaiari.
Klima eta landaredia
aldatuPeruko klimak alde handiak ditu lurraldearen alderdi batetik bestera, eta Ande mendien alde banatara erabat desberdina da. Oro har, urteko batez besteko tenperatura 19-22 °C artekoa da kostaldean, 1-14 °C artekoa mendietan eta 24-35 °C artekoa ekialdeko oihanean. Kostaldeko klima eztia eta, Hego Ameriketako gainerako mendebaldeko kostan bezala, oso idorra da. Peruko itsaslaster hotzak Peruren latitude berean diren beste toki batzuetakoa baino klima samurragoa eragiten du kostaldean. Oso euri gutxi egiten du urtean zehar (50 mm), baina lainoa izaten da hilabeteetan. Noizbehinka, El Niño deritzon urlaster beroaren eraginez, euri-jasa handiak izaten dira. Mendialdean ez da tenperatura-gorabehera handirik hilabete batetik bestera, baina berealdiko aldaketak izaten dira egunean zehar. Cuscon, esate baterako, urtarrilean 11 °C eta uztailean 8 °C izaten dira batez beste, baina 22 °C-rainoko gorabehera izan daiteke egunean zehar. Euria urrituz doa iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera. Euri gehiena abendutik martxora izaten da. 4.500 edo 5.000 m-tik gora elurra da beti. Oihaneko klima bero hezea da. Ia egunero izaten da euria. Iquitos portuan, adibidez, 2.286 mm euri izaten dira urtean.
Kostaldean landare gutxi dago: lehorrera egokitutako landare batzuk (kaktusak eta algarroboak) hazten dira, eta ibarretan oasiak dira. Mendialdean ugariago dira: lehorrera egokitutako zuhaixkak, kaktusak, piper-arbolak (Schinus molle) eta belar luzeak, ibarretan lertxunak, mendiarteko goi-lautadetan borrajaren familiako landareak, belardiak eta landare lekadunak, eta zenbait tokitan eukaliptoak. Oso landaretza oparoa da oihanak hartzen dituen Ande mendien ekialdean eta Amazonas arroan: goma-arbola, kaoba, kina-arbola, kakaotzea, banilla, curare-arbola.
Historia
aldatuLaburpena
aldatuAndeetako antzinako kulturen artean (Chavin, Paracas, Mochica, Nazca, etab.) Inka zibilizazioa nagusitu zen lurraldean. XII. mendearen inguruan sortu zen; XV. mendearen erdialdetik aurrera izan zituen urterik oparoenak, eta Hego Ameriketako inperio ahaltsuena eta handiena izatera iritsi zen espainiarrak heldu aurreko urteetan. Gaur egungo Peru, Ekuador, Bolivia eta Argentinako eta Txileko iparraldea hartzen zituen.
Ozeano Barea aurkitu ondoren, espainiar esploratzaileek Hego Ameriketako kostaldea aztertu zuten, eta Peruko inperio handiaren berri izan zuten. 1531n Francisco Pizarro lurraldea konkistatzera abiatu zen 180 soldaduren buru. Espainiarrek Atahualpa inken erregea atxilotu eta, hark bahisaritzat gela bete urre ordaindu bazuen ere, hil egin zuten (1533). Urte horretan bertan, Lima hiria sortu zuten espainiarrek, itsasorako aterabidea izateko. 1543an Espainiako Karlos I.a erregeak Peruko erregeorderria sortu zuen konkistatzaileen arteko guduak amaitzeko eta koroaren aginpidea Hego Ameriketan sendotzeko. Erregeorderriak ia Hego Amerika osoa hartzen zuen. Erregeordeen lehen egitekoa konkistatzaileen matxinadak menderatzea izan zen. Francisco de Toledoren gobernupean (1569-1581), lurraldearen barne-antolamendua egituratu eta ekonomiaren hazkundea bideratu zen, zilarraren ustiapenean oinarritua. Lima erregeorderriaren hiriburu eta, bi mendez, Hego Ameriketako merkataritza-gune nagusi bilakatu zen. Erregeorderriak XVII. mendean zehar izan zituen urterik oparoenak, baina, nolanahi ere, arazo askori aurre egin behar izan zien: itsaslapurren erasoei, espainiarren arteko gerrei, amerindiarren matxinadei, administrazio- eta erlijio-arazoei, kontrabandoari eta izurriteen eta lurrikaren ondorio larriei, besteak beste.
XVIII. mendean garrantzia galdu zuen Peruko erregeorderriak, ekonomiaren hazkundea moteldu egin baitzen erregeorderriaren zatiketagatik, zilar-ekoizpenaren beherakadagatik eta biztanleriaren urritzeagatik neurri handi batean. Mende horretan zehar, Peruko erregeorderria hirutan zatitu zen: Granada Berria (1717), Rio de Plata (1776) eta Txile (1778). Bestalde, kolonia-erregimenarekiko morrontzak Hego Ameriketako korrejidoreen eskuetan zegoen merkataritzaren monopolioa, zerga-igoerak eta Tupac Amaru amerindiarraren matxinada eragin zituen (1780-81). Kreole aristokraten artean ere burujabe izateko asmoa gero eta sendoagoa zen. Hala ere, XIX. mendearen hasierako askapen-mugimenduak sortu zirenean, Espainiako koroak Hego Ameriketan izan zuen azken babesgune bihurtu zen Peru. 1821ean José de San Martín argentinar jeneralak Peruren burujabetasuna aldarrikatu zuen Liman, Simón Bolivar Askatzaileak Junineko eta Ayacuchoko guduetan (1824-25) De La Serna erregeordearen osteak menderatu zituenean gauzatu zena.
Independentziaren ondoren, militarrak elkarren lehian aritu ziren aginpidea lortu nahian, eta lehendakariaren ahalmena murrizten zuten konstituzio liberalak (1828 eta 1834) onartu ziren arren, Peruko gobernua oligarkia baten eskuetan geratu zen urte askotan. 1837an, Andrés Santa Cruz jenerala Peru eta Bolivia konfederazio batean biltzen ahalegindu zen, baina Argentinak eta Txilek ez zuten batasun hura begi onez ikusten, eta Txileko gudarosteak zapuztu zuen ahalegina Yungay-ko guduan (1839). 1869an, Espainiak Peruren burujabetasuna onartu zuen.
1902tik aurrera, Estatu Batuetako Cerro de Pasco Investmen Company konpainiak bere gain hartu zuen meen ustiapena. Augusto Leguía lehendakari izan zen urteetan (1908-12 eta 1919-30) aginpide handia eskuratu zuen, erdi-mailako klaseetara eta sortu berria zen langileriara hurbiltzen ahalegindu zen, eta berrikuntza asko eragin zituen. 1929an militarrek Leguía aginpidetik kendu eta Sánchez Cerro teniente koronela ezarri zuten haren ordez. Sánchez Cerrok gogor zapaldu zuen burgesia txikiaren eta langileen artean gero eta jarraitzaile gehiago zituen APRA alderdiaren matxinada bat 1932an. 1933an hil zuten Sánchez Cerro, eta Benavides jeneralarekin oligarkiak iraun zuen aginpidean (1933-39). 1962an APRA alderdiko Haya de la Torre atera zen garaile, baina militarrek hauteskundeak baliogabetu eta nekazarien matxinadak gogor zapaldu zituzten. 1965ean MIR ezkerreko mugimendu iraultzaileak, Castro eta Guevararen jarraitzaileak, borroka armatua hasi zuen; Peruko gudarosteak erraz menderatu zuen.
1980an Peruko Alderdi Komunistak arteztutako mugimendu maoista sortu zen, eta borroka armatuari ekin zion. Gobernuak salbuespen-goera ezarri zuen Liman eta Callaon, eta militarren zainpean jarri zituen Ayacucho eta mendialdeko beste probintzia batzuk. Oinarrizko giza eskubideak ez ziren errespetatu, eta biztanleek, bizirik iraun nahi bazuten, Alderdi Komunistaren gerrillari-ostearen edo gudarostearen alde egin beharra zuten. 1990eko hauteskundeetan Mario Vargas Llosa idazlea aurkeztu zen eskuineko alderdietako koalizio baten buru, baina Alberto Fujimoriren Cambio-90 alderdia atera zen garaile. 1992an Fujimorik, gudarostearen laguntzarekin, estatu-kolpe bat eragin zuen, munduko herrialde gehienek arbuiatu zutena. Fujimorik Legebiltzarra eta epaien aginpidea deuseztatu, eta esku handia bereganatu zuen. 1997ko maiatzean, kargutik kendu zituzten Auzitegi Konstituzionaleko kideak, Peruko konstituzioak Fujimori berriro hautatzea debekatzen zuela adierazteagatik. Hiru urte geroago predienteak kargu utzi zuen.
2006ko hauteskundeetan Alan García Pérez iritsi zen agintera, eta kanpainan gogor kritikatu bazuen ere Toledoren gobernua, berak jarraitu egin zuen haren politika ekonomikoarekin. 2007an, poliziari egindako hainbat erasok nabarmen utzi zuten Alderdi Komunista berriro ere iskilutzen ari zela.
2011ko uztailaren 28an, Ollanta Humala Tasso hautatu zuten lehendakari, hauteskundeak Alberto Fujimoriren alaba Keiko Fujimori Higuchi-ri irabazita.
2016ko uztailaren 28an, Pedro Pablo Kuczynski hautatu zuten lehendakari, hauteskundeak Keiko Fujimorik berriro galduta.
Mugarri nabarmen batzuk
aldatu- Inka Inperioak XV. mendean izan zuen gorenaldia, Cusco hiriburua zela.
- 1535eko urtarrilaren 18an Francisco Pizarrok Limako hiria sortu zuen.
- 1821eko uztailaren 28an independentzia aldarrikatu zuten.
- 1823ko irailaren 10ean Simon Bolivar izendatu zuten presidente.
- 1980an Peruko Alderdi Komunistaren gerrilla maoista borrokan hasi zen.
- 2000an Alberto Fujimorik presidentetza utzi zuen.
Banaketa administratiboa
aldatuDepartamenduak
aldatuHerrialdea 24 departamenduk eta probintzia batek osatzen dute gaur egun:
Iparraldean, Amazonas, Cajamarca, La Libertad, Lambayeque, Loreto, Piura, San Martín eta Tumbes.
Erdialdean, Ancash, Callao, Junín, Lima, Pasco eta Ucayali.
Hegoaldean, Apurímac, Arequipa, Ayacucho, Cusco, Huancavelica, Huánuco, Ica, Madre de Dios, Moquegua, Puno eta Tacna.
Hiri nagusiak
aldatuBiztanleak
aldatuPeruko biztanleen ia erdiak amerindiarrak dira. Ketxuak eta aimarak dira amerindiar talde nagusiak, eta mendialdean bizi dira. Kostaldean mestizoak dira gehienak, amerindiarren eta espainiarren nahastearen ondorengoak. Biztanleen % 15 inguru europarren ondorengoak dira. Gizatalde txikiagoen artean, aipagarriak dira beltzak eta mulatoak (afrikar esklaboen ondorengoak), asiar jatorrikoak (japoniarrak eta txinatarrak), eta Amazonas aldeko amerindiar taldeak.
Biztanleen hiru laurdenak hirietan bizi dira. Hiriburuaz gainera, Arequipa (industria- eta nekazaritza-eremua, 726.000 biztanle), El Callao (herrialdeko arrantza-portu nagusia, 684.000 biztanle), Trujillo (merkataritza-gunea, 627.000 biztanle), Chiclallo (411.500 biztanle) eta Cusco (inken inperioko hiriburua, herrialdeko historia- eta arkeologia-hiri nagusia, 257.800 biztanle) dira Peruko hiri nagusiak.
XXI. mendearen hasieran, Perun alfabetismoa % 90ekoa zen (% 95ekoa gizonezkoen artean eta % 83koa emakumezkoen artean). Bizi-itxaropena, berriz, 68 urtekoa (65 urtekoa gizonezkoentzat eta 70 urtekoa emakumezkoentzat).
Ekonomia
aldatuAurrerabidean dagoen herri baten ezaugarriak ditu Peruko ekonomiak, eta nekazaritzan, arrantzan, mea-baliabideen ustiapenean eta industrian oinarritzen da.
Peruko lurraldearen egitura eta eraketa direla eta, lurren % 3 baino ez da nekazaritzan erabilgarria. Oro har, Perun lantzen diren gaien artean, arroza, azukre-kanabera, kafea eta kotoiarenak dira emaitza oparoenak. Peruko lurrik emankorrenak kostaldeko oasiak dira. Baliabide aurreratuekin lantzen dira, eta ureztatuak daude gero eta alderdi gehiagotan. Lursail horietan, besteak beste, kotoia, azukre-kanabera, arroza, patatak, mahatsondoak eta olibondoak lantzen dira. Emaitzaren parte bat kanpora saltzen da.
Mendialdeko lursailak, berriz, txikiak dira, mailaka antolatuak, amerindiarrek oso baliabide urriz lantzen eta bizibidea ateratzeko erabiltzen dituztenak. Mendian egiten diren gai nagusiak artoa eta patatak, eta ondoren, mandioka, garagarra, garia, basartoa eta kina-arbola dira.
Oihanaldeko alderdi batzuetan, XX. mendearen erdialdeaz gero kafea, platanoa, arroza, artoa eta fruitu tropikalak lantzen dira. Bestalde, Perun oso zabalduak daude kina-arbola eta koka. Koka-hostoa, amerindiarrek beretzat erabiltzen dutena kenduta, Kolonbiara eta handik, kokaina bihurtua, Europara eta Ipar Ameriketara saltzen da. Peruko oihanek lurraldearen erdia baino gehiago hartzen dute, baina ustiapena ez dago guztiz aurreratua: kautxu-arbola, kaoba, ebanoa, zedroa, palisandroa. Zura ibaietan barrena garraiatzen da Atlantikoraino.
Abere-hazkuntzak nolabaiteko garrantzia du, Andeetako indiarren artean batez ere: ardiak, behiak, ahuntzak, llamak, alpakak, bikuinak, zaldiak, astoak eta hegaztiak. Alpakaren eta bikuinaren ilea oso aintzat hartua da. Llama zamari gisa erabiltzen da.
1991-1992 urteetako datuen arabera, lehen sektoreak nazio-produktu gordinaren (NPG) % 12 eta langileen heren bat hartzen ditu.
Peruk mea-baliabide handiak ditu, eta meagintzak NPGaren % 15 eta langileen % 8 hartzen ditu. Ustiatzen diren mea askoren artean kobrea, zilarra, beruna, zinka eta burdina dira nagusiak. Peru munduko kobre-ekoizle handienetako bat da. Petrolio- eta gas-hobiak ere badira. Halaber, oso baliabide handiak ditu uraren indarraren bidez argindarra sortzeko, baina ibai nagusiak hirietatik urrun izateak garestitzen du azpiegitura elektrikoak eraikitzea eta hedatzea.
Peruko industria aurrerabidean dago, baina arazoak ugari dira. Aipagarriak dira, besteak beste, petrolio-findegiak, altzairugintza, industria kimikoa, janari-industria, tabakogintza eta zementugintza. Perun lantzen den kotoiaren, eta artilearen zein alpaka-ilearen kalitate onari esker, ehungintzak ere garrantzi handia du. Lantegi gehienak kostaldean daude. Bestalde, Peruko eskulangintza kalitate handikoa da (urre eta zilargintza, zeramika, ehungintza etab). Industriak NPGaren % 16 eta langileen % 14 hartzen ditu.
XX. mendearen bukaeran, turismoak gero eta garrantzi handiagoa zuen. Lima, Arequipa eta inken zibilizazioaren aztarnategiak ziren turisten jomuga nagusiak. Zerbitzuek NPGaren % 57 eta langileen % 48 hartzen zituzten. Peruk merkataritza-harreman gehienak Estatu Batuekin, Japoniarekin eta Alemaniarekin ditu, eta ondoren, Hego Ameriketako auzo-herriekin. Kobrea, arrain-irina, ehunak, beruna, petrolioa, petroliotik eratorritako gaiak eta kafea saltzen ditu eta lehengaiak, laboreak batez ere, eta kapital-ondasunak erosten.
Mendiak direla eta, Peruko garraiobideak urriak eta atzeratuak dira. Horrek ekonomiaren hazkundea oso galarazten du. Burdinbideak mendialdeko mea garraiatzeko egin ziren (2.700 km baino ez ditu hartzen), eta oso mendate garaietatik (Ticlioko mendatea: 4.829 m) igarotzen dira. Ontzi bidezko garraioak garrantzi handia du. Portu nagusiak, itsasoan, Callao eta, ibaian, Iquitos dira. Liman nazioarteko aireportu bat dago.
XX. mendearen bukaeran, Peruko ekonomiaren oinarri nagusia nekazaritza zen oraindik, baina meatzaritzak eta arrantzak aurrerabide handia egina zuten. 80ko hamarraldiaren bukaeran, bortxakeriak, inflazioak, aurrekontuaren defizitak eta lehorteak kinka larrian jarri zuten herrialdearen ekonomia. 1990ean, gobernuak politika ekonomiko gogorra abiatu zuen: prezioen kontrola kendu zuen, oinarrizko kontsumo-artikulu askori ere laguntza kendu zien, eta intia (lehengo diru nazionala) aske utzi zuen dolarrarekin diru-parekotasun berria bilatzeko.
Arrantzaren industriak izugarrizko garrantzia du, eta pisu handia herrialdearen ekonomian. Arrantza Bigarren Mundu Gerraren ondoren hasi zen indarra hartzen, eta XX. mendearen bukaerarako 5 eta 6 milioi tona arrain inguru harrapatzen ziren urtero. Batez ere antxoa harrapatzen dute, irina egiteko. Peru munduko arrain-irinaren ekoizle handiena da. Meatzaritzak ere garrantzi handia du bertako ekonomian. Munduko kobre-, zilar-, berun- eta zink-ekoizle handienetakoa da Peru. Mea horietaz gainera, petrolioa, gas naturala, burdina, molibdenoa, tungstenoa eta urrea ere ateratzen dira. Peruko manufaktura gehienak enpresa txikiak dira, baina XX. mendearen erdialdetik aurrera industria modernoak eraikitzen hasi ziren kostaldean. Peruko industria tradizionalak arropa eta ehungintza, elikagai-industria eta eskulangintza izan dira. Industria handien artean, berriz, aipagarriak dira altzairugintza, petrolio-findegiak, produktu kimikoak, mea tratatzeko lantegiak, ibilgailuentzako motorrak eta arrain-irina egiteko industria.
Gobernua eta gizartea
aldatu1979ko konstituzioaren arabera, Peru errepublika da. Lehendakariak du aginpide eragilea, eta ministro-kontseiluaren laguntzaz gobernatzen du. Esku handia du: lege-dekretu bidez goberna dezake. Lehendakaria bost urtez behin hautatzen da bozketa bidez. Legegintzako aginpidea, berriz, bi ganberatan banatua dago: 180 diputatu dira batean, eta 60 senadore bestean. Administrazioari dagokionez, Peru 24 departamentutan eta probintzia konstituzional batean (El Callao) banatua dago.
Peruko egoera eta bizimodua aurrerabidean ari bada ere, herrialdeko alderdi batzuk, mendialdeko herrixkak adibidez, aurrerabide horretatik at geratu dira, eta jende asko behartasun larrian bizi da. Hirietan ere, immigrazioa eta biztanleriaren ugalketa lasterra direla eta, langabe eta behartsu asko dago. Nolanahi ere, hirietako erdi-mailako klaseen eta langileriaren bilakaera dela eta, gizarte-mailen arteko aldea urrituz joan da XX. mendean zehar. Hirietako biztanleriaren parte batek gizarte-laguntzaren babesa du. XX. mendean zehar osasun-egoerak hobera egin badu ere, eritasun kutsakorrak (kolera, tifoidea, tuberkulosia, kukutxeztula, malaria, gripea) eta, haurren artean, elikadura-urritasunaren ondoriozkoak dira osasun-arazo nagusiak. Perun ez da behar beste mediku ez erietxerik. Etxebizitza gehienetan ez da ez urik, ez argindarrik, ez oinarrizko azpiegiturarik. 1990. urtean Peruko biztanleen bizi-itxaropena 61,5 urtekoa zen gizonezkoentzat eta 65,3 urtekoa emakumezkoentzat. Hezkuntza doakoa eta nahitaezkoa da 6-15 urte bitartekoentzat. 1989an 15 urtetik gorako biztanleen % 87 alfabetatua zen. Goi-mailako ikasketak merkataritza, industria eta nekazaritza-gaietara bideratuta daude gehienbat. Ikastetxe asko Elizarenak dira. Limako San Marcos Unibertsitate Nazionala Hego Ameriketako zaharrena da (1551).
Kultura
aldatuPeruko kultura antzinako herrien eta espainiarren ekarriez osatua da. Antzinako herriak eraikitzaile bikainak izan ziren. Aipagarriak dira inken eta inken aurreko aztarnategiak: Chanchango hondakinak, Machu Picchuko gotorlekua eta Cuscoko harlanduzko harresia eta gotorlekua. Geroago, espainiar kolonizatzaileek eliza eta tenplu bikainak eraiki zituzten Peruko hiri nagusietan. Aipagarriak dira, besteak beste, Limako katedrala, San Frantzisko eliza eta komentua, Cuscoko katedrala, Jesus eta Mariaren eliza eta Jesusen Lagundiaren eliza, eta Arequipako San Inazio eliza. Margolaritzan garrantzi handia izan zuen Cuscoko eskolak XVII. eta XVIII. mendeetan. Espainiako Sevillako eskolaren eragina nabari da Peruko orduko margolaritzan eta eskulturan. Literaturan zenbait idazlek ospe handia izan du: César Vallejo, XX. mendeko poeta nagusietako bat, Ciro Alegría eta José María Arguedas eleberrigileak, indiarren bizimodua islatu dutenak, eta, XX. mendearen erdialdetik aurrera, Alfredo Bryce Echenique eta, batez ere, Mario Vargas Llosa.
Hizkuntza ofizialak
aldatuGaztelania hizkuntza ofizial eta nagusia da herrialde osoan: hizkuntza ofizial bakarra izan zen 1975 arte. Halaber, ketxua erdialdean (Ancash, Huánuco, Pasco, Junín eta Lima) eta aimara hegoaldean (Puno, Tacna eta Moquegua) koofizialak dira nagusi diren eskualdeetan. Horiez gain, Amazonaseko amerindiar taldeek beren hizkuntzak dituzte.
Kirolak
aldatuPeruko Itzulia txirrindulari lasterketa garrantzitsuena da.
Perutar ospetsuak
aldatu- Garcilaso de la Vega "El Inca" (1539-1616), idazlea.
- Tupac Amaru I.a (1545-1572), azken lider inka.
- Martin Porres (1579-1639), santu izendatutako erlijioso katolikoa.
- Antonio Ruiz de Montoya (1585-1652), guaraniera aztertu zuen jesuita.
- Augusto Leguía (1863-1932), herrialdeko presidentea izandako politikaria.
- César Vallejo (1892-1938), poeta.
- Javier Pérez de Cuéllar (1920-2020), Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusia.
- Blanca Varela (1926-2009), poeta.
- Mario Vargas Llosa (1936-), idazlea.
- Alberto Fujimori (1938-), herrialdeko presidentea izandako politikaria.
- Alfredo Bryce Echenique (1939-), idazlea.
- Ollanta Humala (1962- ), presidentea.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- ↑ Txantiloi:Es-PE Ago 21, recursosfya |; 2020 |. El Perú en América del Sur | Recursos Pedagógicos. (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
- ↑ https://web.archive.org/web/20220819020534/https://www.embaperu.ch/site/sobre-el-peru/informacion/peru-ubicacion-geografia-y-clima/
- ↑ (Gaztelaniaz) GESTIÓN, NOTICIAS. (2022-02-17). «Ecuador y Perú acuerdan reabrir su frontera terrestre desde este 18 de febrero | ECONOMIA» Gestión (Noiz kontsultatua: 2022-06-04).
- ↑ «Frontera Terrestre Colombia - Perú | Cancillería» www.cancilleria.gov.co (Noiz kontsultatua: 2022-06-04).
- ↑ Txantiloi:Es-pe «Reabren la frontera vía terrestre entre Perú y Brasil luego de dos años debido a la pandemia del Covid-19» www.gob.pe (Noiz kontsultatua: 2022-06-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) PERÚ: ESTIMACIONES Y PROYECCIONES DE POBLACIÓN TOTAL POR SEXO DE LAS PRINCIPALES CIUDADES. .
Kanpo estekak
aldatu- (Gaztelaniaz) Peruko webgune ofiziala
- (Gaztelaniaz) Peruko Euskal Etxea
Amerikako herrialde eta lurraldeak | |||
Ipar Amerika eta Karibea |
Estatu burujabeak: Ameriketako Estatu Batuak • Antigua eta Barbuda • Bahamak • Barbados • Belize • Costa Rica • Kuba • Dominika • Dominikar Errepublika • El Salvador • Grenada • Guatemala • Haiti • Honduras • Jamaika • Kanada • Mexiko • Nikaragua • Panama • Saint Kitts eta Nevis • Santa Luzia • Saint Vincent eta Grenadinak • Trinidad eta Tobago
|
Hego Amerika |
Estatu burujabeak: Argentina • Bolivia • Brasil • Txile • Kolonbia • Ekuador • Guyana • Paraguai • Peru • Surinam • Uruguai • Venezuela
|