Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Judu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Juduak
יהודים (Yehudim)

Biztanleak guztira
15 milioi inguru
Biztanleria nabarmena duten eskualdeak
Hizkuntza
Historikoak: yiddisha, ladinoa
Egungoak: hebreera eta herrialdekoa
Erlijioa
Judaismoa
Zerikusia duten beste giza taldeak
Samariarrak, arabiarrak, asiriarrak, beste batzuk

Juduak (hebreeratik transkripzioz: yehudim; yiddishez: yidn) talde etniko eta erlijiosoa dira, antzinako Israelen bizi zirenen ondorengoek eta judaismoaren jarraitzaileek osatua batez ere. Historian jasandako jazarpenengatik eta egindako migrazioengatik, munduan zehar barreiaturiko herria da. Gaur egun, munduan 14,5 milioi judu inguru bizi dira, batez ere AEBn eta Israelen. Juduen artean, hebreera, haien jatorriko hizkuntza hain zuzen, eta ingelesa dira hizkuntza nagusiak. Juduek bizitokiko hizkuntza hartu eta komunitateak moldaturiko hizkuntzak sortu dituzte historian zehar; horietan nabarmenena egun yiddisha da, alemanean oinarrituta, halaber, ladinoz (gaztelanian oinarrituta) eta judu-arabieraz ere mintzo dira. Diasporak eraginda, errusiera eta frantsesa ere juduen arteko ohiko hizkuntzak dira, beste hizkuntza askorekin batera. Hizkuntzei dagokienean bezalaxe, juduen baitan ezberdintasun kultural nabarmenak daude; erlijio joerez gainera, askenaziak (Europa Erdialdean historian finkaturiko juduak, horietako asko egun Israelen bizi arren) eta sefardiak (historian Iberiar Penintsulan finkaturiko juduak) dira talde nagusiak. 1948 urtean sorturiko Israel estatua estatu judutzat hartzen du bere burua, eta geroztik milioika izan dira hara migratu eta Israel naziotzat eta bizitokitzat hartu duten juduak.

Banaketa geografikoa

Talde etnikoak

Juduak Euskal Herrian

Yehuda Haleviren estatua, Israelen

Euskal Herriari dagokionez, Nafarroako hegoaldean (musulmanen esku zegoen Tuteran eta inguruko herrietan) finkatu ziren IX. mendearen aldera lehen juduak. X. mendean eraiki zen lehen sinagoga Iruñean eta aljama edo judu-auzo bat garatu zen han. Iruñea, Lizarra, Viana eta, batez ere, Tutera (Erriberako beste herriekin batera), izan ziren Nafarroako juduen gune nagusiak.

Araban, Errioxan eta Gasteizen bizi izan ziren nagusiki juduak; Bizkaian, Urduñan eta Balmasedan, eta Gipuzkoan, Seguran eta Arrasaten.

XII. mendetik aurrera, garai oparoak bizi izan zituzten juduek bazter guztietan, foru bereziak lortu zituzten eta, oro har, errespetuzko tratua jasotzen zuten. Egiteko askotan aritzen ziren juduak, baina merkataritzan, finantza-alorrean, administrazioan eta medikuntzan nabarmendu ziren bereziki. Bestalde, hebrearren kultura-hiri garrantzitsua izan zen Tutera; bertakoak ziren Yehuda Halevi, idazle eta filosofo ospetsua, Benjamin Tuterakoa, idazle eta bidaiari handia, eta Abraham ibn Ezra jakintsua.

XIII. mendearen bukaeran hasi zen juduen aurkako joera zabaltzen, eta 1328an hasi zen Nafarroan juduen aurkako esetsaldia (Pedro Ollogoien fraide frantziskotarra izan zen sarraskiaren gidaria); 1333an zuzendu zen egoera, Evreuxko etxeko erregeen etorrerarekin. XV. mendean areagotu zen juduen aurkako sentimendua, eta kanporatzeko agindua eman zuten azkenean Gaztelako eta Aragoiko Errege-erregina Katolikoek 1492an. Judu askok Tutera eta Nafarroako beste leku batzuetara jo zuten orduan. 1498an beste hainbeste egin zuen Katalina I.a Nafarroako erreginak, baina kanporatzea ez zen erabatekoa izan 1512an Gaztelako armadak Nafarroaz jabetu zen arte. Zapalkuntza neurri latzak hartu zituen Inkisizioak XVI. mendetik aurrera juduen aurka. Portugaldik, Espainiatik eta Hego Euskal Herritik egotzitako judu batzuk Baionan eta Ipar Euskal Herriko beste hiri batzuetan (Bidaxune, Bastida) kokatu ziren XVI. mendetik aurrera. Hasierako urteak zailak izan ziren arren, Baionako hiriak bertan gelditzeko aukera eskaini zien, eta arian-arian gaztelania (eta portugesa) hizkuntza zuen judu-talde indartsu bat osatu zen Saint-Esprit hirian, gero Baionako hiriaren auzo izan zenean.

Juduak Al-Andalusen

Juduek, hasieran Al-Andalusen, tratu ona jaso zuten islamiar konkistatzaileengandik, eta laguntzaile izan ziren gerran eta gobernuan. Baina haiek ere harrapatu zituen almohadeen integrismorako joerak: askok jo behar izan zuten, Maimonidesek bezala, erbestera, heriotzaren edo konbertsioaren dilemari ihes egiteko. Diaspora horrekin dago lotuta kristau lurraldeetan lehenengo aljamak agertu izana: Tuterakoa Nafarroan (1170), Zaragozakoa bost urte geroago, eta Zorita de los Canesekoa, Gaztelan. Haiek ez ziren izan juduen lehen taldeak; askoz ere lehenago ere baziren, baina une hartan onarpen juridikoa lortu zuten, antolatutako komunitate gisa. Hainbat datuk adierazten dutenez, bizikidetza elkarren arteko begirunean oinarritzen zen askotan. Baina judu askok erregeak eta jauntxoak zerbitzatzen zituzten, errentak bilduz, eta gainera, legezko lukurreria baliatzen zuten (astean %12koa baimentzen zuen Cuencako foruak). Hori dela eta, juduen aurkako gorrotoa eta irainak sortu ziren, eta haiekiko prebentziozko jarrera, ez soilik erlijio-arrazoiengatik.[2]

Historia

Sakontzeko, irakurri: «Herri judua Erdi Aroan»

Politika

Judu ospetsuak

Erreferentziak

  1. a b c d e (Ingelesez) DellaPergola, Sergio. (2022). «World Jewish Population, 2021» The American Jewish Year Book, 2021 (Springer) 121.
  2. (Gaztelaniaz) Domínguez Ortiz, Antonio. (2000). España: Tres milenios de historia. Marcial Pons ISBN 9788495379184..

Kanpo estekak