Alfred Rosenberg
Alfred Ernst Rosenberg (Tallinn, Estonia, 1893ko urtarrilaren 12a - Nurenberg, 1946ko urriaren 16a) alemaniar politikari nazia izan zen. Volkischer Beobachter aldizkariko erredaktore izan zen 1921. urtetik aurrera, eta diputatu 1930. urteaz geroztik. Der Mythus des 20. Jahrhunderts (XX. mendeko mitoa) obra kaleratu zuen 1930ean, nazismoaren arrazakeriaren aldeko lan teorikoa. Alderdi Naziko Kanpo Arazoetarako saileko buruzagi egin zuten 1933an; Bigarren Mundu Gerraren hasieran juduen mende zeuden bilduma partikularrak, liburutegi publikoak eta museoak hustu eta lapurtu zituen. Ekialdeko Lurralde Okupatuetako ministro egin zuten 1941. urtean, eta jende asko eraman zuen beharturik Ukrainara lurralde hura alemaniar bihurtzeko asmoz. 1945. urtean atxilotu zuten, eta heriotza-zigorra ezarri zion Nurenbergeko epaitegiak.
XX. mendeko mitoa, 1930
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hona hemen 1930an Rosenbergek idatzi zuen "XX. mendeko mitoa" liburu ospetsuaren zatia bat. Bertan, argi ageria da bere ideologia.
« | Gizadiaren doktrina berriak (...) sortu zuen ere (1740 inguruan jada) azken 150 urteetako esaldi politiko eraginkorrena: "Askatasuna, Berdintasuna, Elkartasuna"; eta demokrazia kaotikoa sortu zuen, herrien suntsitzailea. (...). Humanitarismoaren eta berdintasunaren doktrina aldarrikatzeari esker, judu, beltz eta mulato oro Europako estatu bateko herritar izatera irits daiteke, eskubide guztiekin; gizabanakoarekiko kezka humanitarioari esker, Europako estatuetan luxuzko erakundeak daude gaixotasun sendaezinak dituztenentzat eta eroentzat. |
» |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alfred Rosenberg |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.