Andhra Pradesh
Andhra Pradesh (teluguz ఆంధ్ర ప్రదేశ్ , euskaraz: Andhrasko probintzia) India ekialdeko estatua da. Teluguz mintzo den Indiako bi estatuetako bat da, bestea Telangana delarik. 1956 eta 2014 urteen artean, bi eskualde teluguak batuta zeuden Andhra Pradesh estatuan, baina Hyderabad hiriburuaren inguruko beste eskualde horrek, Telanganak, estatu propioa sortu zuen 2014an.
Hiriburua, paradoxikoki, Hyderabad da 2014an hasitako 10 urte epe probisional batean. Hyderabad zen 1956tik hiriburua, baina zatiketarekin Telanganako hiriburu bilakatu da, geografikoki ere estatu horren erdian dagoenez. Amaravati hirian kokatuko da hiriburu berria, eta eraikuntza eta azpiegitura proiektu handi batean dago estatua hiri hori prestatzen.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iparraldean Telangana eta Orissa, ekialdean Bengalako golkoa, hegoaldean Tamil Nadu eta mendebaldean Karnataka ditu mugakideak.
Bere 972 kilometroko kostaldea Indiako bigarren luzeena da[1].
Portu eta hiri nagusia Visakhapatnam da, non Indiako Armadaren Ekialdeko Itsas Agintea dagoen. Beste hiri nagusiak Vijayawada, Guntur, Tirupati, Kakinada, Rajahmundry, Nellore, Kurnool, eta Eluru dira.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Historikoki estatuaren eskualdea Andhraapatha, Andhradesa, Andhraavani, Andhra vishaya eta beste izenak izan ditu.[2] Britainiarren kolonizazio garaian, eskualde gehiena Madras Probintziaren barruan geratu zen.
Indiaren independentziarekin, britainiarren agintetik heredatutako lurralde egitura anitz eta ugariak berregituratuz joan ziren. Madras Estatu (Probintzia kolonialaren ondorengoa) nagusiki tamilak, iparraldean teluguz mintzo ziren barrutiak zituen, eta horiek eratu ziren Andhra Estatuan 1953. urtean.
1950eko hamarkadan lurralde berrantolaketaren eztabaida biziak jarraitu zuen, eta nagusiki estatuak hizkuntzen arabera eratu behar zirela ondorioztatu zuten indar politiko indiar gehienek. Hamarkadaren erdialdean, teluguz bi estatu mintzo ziren Hyderabad Estatua eta Andhra Estatua, baina batez ere lehenean beste hizkuntza batzuetako barrutiak zeuden. Hala ere, Hyderabad gehienarekin eta Andhra Estatuarekin, telugu estatu handi bat, Andhra Pradesh izenekoa, 1956ko azaroaren 1ean sortu zuten.
2014an berriro aldatu zen mapa, Telangana sortu zenean. Bigarren estatu telugu honen sorkuntza barnealdeko eta Hyderabad inguruko eskualdeen erreibindikazioa izan zen hainbat urtez. 1969, 1972 eta 2009 urteetan izan ziren sezesioaren aldeko mugimendu inportanteenak, eta 21. mendeko horrek protestak ere egin zituen kostaldean. 2013tik aurrera, prozesua politikoki bideratu zen, estatu zentralak gidatuta, eta Telanganaren sezesioa indarkeriarik gabe gauzatu zen 2014an.
Hizkuntzak eta erlijioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Telugu hizkuntza da hizkuntza ofiziala, alfabeto propioa eta historia luzea duen hizkuntza drabidikoa. Literatura, hedabide eta zine industria osatu bat duen hizkuntza bat da. 80 milioitik gora biztanle dituen herrialde bat da Andhra Pradesh, hizkuntza horretan bizi dena.
Zineari dagokionez, teluguzko zine industria propio bat dago, Tollywood izenarekin ezaguna, zeinaren zentro nagusia estatutik kanpo dagpoen orain (Hyderabaden, Telanganan), baina Visakhapatnam hirian ere ekoizpen egiturak ere badituena.
Telugu | Beste hizkuntzak | Guztira | |
---|---|---|---|
Hindu | %81a | %8a1 | %89a |
Musulman | %1a | %4a2 | %5a |
Kristau | %1a | %5a3 | %6a |
Beste erlijioak | %0.5a | %0.5a | %1a |
Guztira | %83a | %17a | %100a |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Estatuko webgune ofiziala
- ↑ A Study of Telugu Place-names By S. S. Ramachandra Murthy, P. 10
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Indiaren banaketa administratiboa | ||
---|---|---|
Andhra Pradesh · Arunachal Pradesh · Assam · Bihar · Chhattisgarh · Goa · Gujarat · Haryana · Himachal Pradesh · Jammu eta Kaxmir · Jharkhand · Karnataka · Kerala · Madhya Pradesh · Maharashtra · Manipur · Meghalaya · Mendebaldeko Bengala · Mizoram · Nagaland · Odisha · Punjab · Rajastan · Sikkim · Tamil Nadu · Telangana . Tripura · Uttar Pradesh · Uttarakhand Andaman eta Nicobar uharteak · Chandigarh · Dadra eta Nagar Haveli · Delhi · Daman eta Diu · Lakadiveak · Puducherry |