Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Angela Figuera Aymerich

Wikipedia, Entziklopedia askea
Angela Figuera» orritik birbideratua)
Angela Figuera Aymerich
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakÁngela Figuera Aymerich
JaiotzaBilbo1902ko urriaren 30a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaMadril1984ko apirilaren 2a (81 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakpoeta, idazlea eta haur literaturaren idazlea
Genero artistikoaPoesia deserrotua

Angela Figuera Aymerich (Bilbo, 1902ko urriaren 30a - Madril, 1984ko apirilaren 2a) gaztelaniaz idatzi zuen olerkari bilbotarra zen. Haren poesiaren ezaugarri nagusietarako batzuk gizakiarekiko elkartasuna eta amatasunaren goraipamena izan ziren.

Bilboko urteak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bere omenezko kalearen kartela Bilboko Miribilla auzoan.

Angela Bilboko Abando zabalgune berrian jaio zen 1902ko urriaren 30ean. Kanpotik etorritako nahiko familia dirudun baten alaba, bederatzi anai-arrebetatik nagusia. Azken datu horrek hasiera-hasieratik bere izaera markatu zuen. Lehenengo irakaskuntza bukatu eta gero, Angela institutura joan zen. Ikasketetan jarraipen hori garai hartan ez zen batere arrunta, berea izan baitzen, hain zuzen, Penintsulan batxilergoa egiten zuen nesken lehenengo promozioa. Urte haietan jada nabaria zen Angelaren literaturarekiko zaletasuna, baita oztopoei aurre egiteko indarra ere: 1924an Filosofia eta Letrak ikasteko asmoa azaldu zuen etxean, aitaren gogoaren aurka; ondorioz, bi urtetan, Angelaren ikasketak geldirik egon ziren, azkenik bere asmoarekin atera arte. Zoritxarrez, ikasketak hasi eta gutxira aita hil egin zen, familia oso egoera ekonomiko larrian utzirik. Diru ezak eraginik eta ikasketak burutzeko, Angelak haren lehengusu zen Julio Figueraren familiaren laguntza behar izan zuen. Helburu horrekin Madrilera joan zen urtebeterako. Denbora horretan, bide batez, Juliorekin zuen harremana handitu zen eta karrera bukatu zuenerako ezkongai ziren biak. Bilbon bueltan, orduan ere arazo ekonomikoek berean jarraitzen zuten familian eta horrek bultzatu zituen Madrilera bizitzera joatera; une hartan idazleak 28 urte zituen. Espainiako hiriburura joanda ere, gauzak ez ziren errazak izan, baina poliki-poliki lan desberdinetan aritu ziren Angela eta besteak. 1932an institutuko oposizioak gainditu zituen Angelak eta Huelvara destinatua izan zen. Hara joan baino lehen Juliorekin ezkondu zen. 1935ean, haurdun gelditu eta gero, erditzeko unean umea hilik jaio zen.

Figueratarren bizimodua erabat aldatu zen 1936ko estatu kolpearen ondorioz. Bikotea Madrilen zegoen eta Juliok errepublikaren aldeko ejertzitoan alistatzea erabaki zuen. Garai gogorrak izan ziren haiek. Baina dena ez zen txarra izan, urte horren abenduan Juan Ramon semea jaio baitzen. Julio destino desberdinetan penintsulan zehar ibili zen, bere emaztea Madrilen gelditzen zen bitartean. 1938an, azkenik, hirurak Murtziako Molina de Segura herrian biltzeko aukera izan zuten. Gatazkaren azkeneko hilabeteak bereziki gogorrak izan ziren, zeren eta Julio, komunistatzat jota, espetxeratua izan baitzen. Paradojikoki, frankistarren garaipenak askatasuna berreskuratzea ekarri zion Juliori.

Gerra zibilaren amaieran Figuera familiaren egoera ez zen batere ona: titulazioak eta lanik gabe, galtzaileen bandoan, familiaren ondare guztia galduta, Julio paludismoaz gaixotuta, espetxeratua izateko beldurrez. Egoera hartan Madrilera itzultzea egokiena zelakoan, hara joan ziren eta bertan zerotik hasi ziren berriro ere. Urte horiek aztarna nabarmena utzi zuten Angelaren poesian. Berrogeita hamar urtetan Figueratarrak errealitate berrian, hau da, gerra ondorengo frankismo latzean, aurrera atera ziren, ekaitzaren ondoren bezala, lasaitasunean. Inguru-testu horretan Angelak idazteari ekin zion. Aktibitate hiri ez zen berria izan, ezen gazte garaietatik poesia egiteko zaletasun handia baitzuen, baina orduan aldaketa handi bat gertau zen: bere poemak argitaratu zituen. Liburuak Mujer de barro (1948) izenburua izan zuen eta ondorengo Soria pura (1949) lanarekin berreskuratutako bizitza horren isla izan zen. Bi liburu horiek Angelak “etapa subjetiva” bezala definitu zituen. Bertan elementu herritarrez betetako poesia aurkitzen dugu. Gaien aldetik, erotismoa, amatasuna, paisaia eta horren inguruko sinbolismoa. Hurrengo liburua 1950ean agertu zen, Vencida por el ángel, eta horretan aurrekoekin haustura erabatekoa izan zen, idazlearen hitzetan errealitatearen atea ireki egin zen eta horrekin batera bere poesiaren etapa berri bati eman zion hasiera, konpromisoarena alegia, “etapa preocupada” idazlearen hitzetan.

Angela Figuera kaleko ume-parkea Bilbon.

Udak Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Prozesu horretan eragin berezia izan zuten Blas de Oterok eta Gabriel Celayak; hiruron artean adiskidetasun handia sortu zen. Urte horietan, opor garaietan ere, Angela Bilbora itzuli zen. Han neba bat gelditzen zitzaion, Rafael Figuera margolaria. Rafaelen eskutik Bilboko idazle eta artista esanguratsuak ezagutu zituen Angelak: Angel Ortiz Alfau, Mario Angel Marrodán, Jorge Oteiza, Gregorio San Juan, Rafael Zarco, Federiko Krutwig eta beste asko. Urte batzuk geroago modu berean Gabriel Aresti ezagutu zuen. Hurrengo liburuetan gero eta gehiago ireki zen errealitatearen kezketara. Hasiera batean arazo metafisiko eta erlijiosoekin nahastuta, ikuspegi existentzialistatik. Horrela El grito inútil (1952), Los dias duros (1953) eta Víspera de la vida (1953) agertuko dira. Poema horietan olerkariak oso garbi azaldu zuen beste mundu baten aldarrikapena eta horren aldeko lan egin beharra.

Poesia eta disidentzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

50. urtetako hamarkadaren bigarren parteak jarri zuen Angela zurrunbiloaren erdian. Urte horietan bere iritzi disidenteak jarrera erradikalagoak hartu zituen. Batetik, 1956an Parisera joan zen ikasketa batzuk egiteko asmoz. Bidaia aprobetxatuz Pablo Nerudarekin elkarrizketatu zen. Bestetik, urte berean bukatutzat eman zuen liburu berri bat, Belleza cruel, baina Angelak garbi zuen zentsurak ez ziola osoa argitaratzen utziko. Azkenik, bere liburu ezagunena eta polemikoena izan zena Mexikon agertu zen, 1958an, erbesteratutako Unión de Intelectuales Españoles zelakoak sarituta eta León Felipe idazlearen hitzaurre garrantzitsu batekin. Beraz, Belleza cruel zentsuraren baimenik gabe atera zen, eta ondorioz, klandestinoki zabaldu behar izan zen frankismopean. Handik gutxira Julio Figuerak lana lortu zuen Asturiasen eta hara joan zen Angela ere. 1962an, Toco la tierra argitaratu zuen, baina nekea nabarmena zen berarengan. Idazlea gero eta ahaztuagoa aurkitzen zen. 1979ra arte itxoin behar izan zen bere beste liburu bat ezagutzeko, haurrei zuzendutakoa eta Julioren eraginez argitaratutakoa: Cuentos tontos para niños listos. Azkenik, gaixondo luze baten ondoren 1984eko apirilaren 2an hil zen, komunikabideetan kasik aipamenik izan gabe. Angela hil ondoren bere azkeneko liburua agertu zen, horixe ere haurrei zuzenduta, Canciones para todo el año.[1]

Bere poesiaren inguruko balorazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Angela Figuerari buruzko balorazio orokor bat egiterakoan garbi dago hark utzitako obra ez dela oso handia, apenas hamar liburu eta zenbait itzulpen lan. Dudarik gabe, poesiaren baliorik handiena ez datza kantitatean, sakontasunean baizik. Angelaren poesia guztiz egiatia da eta, segur aski, horixe da bere ezaugarri nagusia. Bestalde, Angelak oso une gogorretan idatzi zuela esan beharra dago, frankismoko urte gordinetan, alegia. Une historiko hartan benetako erro bihurtzen da bilbotarraren figura: emakumea gizonen artean idazten, ama eta amona emakumearen paper aktiboagoa errebindikatzen, Euskal Herriko alaba Madrilen… Haren inguruan frankismoaren disidenteen figura eta taldeak konektatzen dira, kanpo eta barruko erbesteratuak. Hori guztia idazle handi baten aurrean gaudela ahaztu gabe.

Angelaren lehenengo poesian, gehiena argitaratu gabekoa, modernismoaren eragina nabaria da. Gerra ondoren, bere hasierako liburuetan Juan Ramón Jiménez idazlearen sinbolismoaren eragina zuzena da. Antonio Machadoren presentzia ere ikusten da, baina eragingile baino gehiago erreferente bezala. Vencida por el ángel liburuarekin existentzialismoa agertu zen Angelaren poesian. Dena dela, laster kezka sozialek eragindako elementuak ikusten dira; horiek izan ziren bere poema ospetsuenak eta, ondorioz, poeta sozial bezala sailkatu izan da askotan. Urte horietan “euskal poesiaren triunviratoa” aipatzen zen: Blas de Otero, Celaya eta Angela. Dena dela, sailkapen hori ez da batere egokia ezen Angelak bazekien poesiak ezin zuela gizartea aldatu. Etapa desberdin guztietan Angelaren poesiak itxura erraza du, nahiz eta gero horrela ez izan. Hiztegiaren aldetik, kaleko hizkera jaso zuen sarritan, jendearengana errazago ailegatzeko.

  • Mujer de barro, (1948).
  • Soria pura (1949).
  • Vencida por el ángel (1951).
  • El grito inútil (1952).
  • Los días duros (1953).
  • Víspera de la vida (1953).
  • Belleza cruel (1958).
  • Toco la tierra. Letanías (1962).
  • Obras completas (1986).

Haurrentzako poesia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Cuentos tontos para niños listos (1979).
  • Canciones para todo el año (1984).

Testu euskeratuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Bere izena daraman kalea du Bilbon, Miribilla inguruan[2] eta Gasteizen beste bat, Lakua-Arriaga auzoan.[3]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Gipuzkoako Foru Aldundiaren edukiak.
  2. (Gaztelaniaz) «Ángela Figuera Kalea - Callejero de Bilbo - Callejero.net» bilbo.callejero.net (Noiz kontsultatua: 2023-08-27).
  3. (Gaztelaniaz) «Angela Figuera Aymerich Kalea - Callejero de Vitoria-Gasteiz - Callejero.net» vitoria-gasteiz.callejero.net (Noiz kontsultatua: 2023-08-27).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]