Baobab
Baobab | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Malvales |
Familia | Malvaceae |
Subfamilia | Bombacoideae |
Generoa | Adansonia Linnaeus, 1753 |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | baobab wood (en) |
Baobab Adansonia generoko zuhaitz espezieen izen arrunta da. Adansonia Malvaceae familiako zuhaitz generoa da eta genero honen barnean zortzi espezie daude: sei Madagaskarrekoak, bat Afrika kontinentalekoa eta beste bat Australiakoa[1]. Generoaren izenak Michel Adanson, A. digitata espeziea deskribatu zuen frantziar naturalista, omentzen du.
Landare baskularren artean bizialdi luzeenetakoa dute. Lore handiak ditu eta emankorrak dira 15 ordutan gehenez, ilunabarrean ireki eta hurrengo egunsentian desegiten dira. Fruituak ere handiak dira, obalatuak edo borobilak, eta giltzurrun itxurako haziak dituzte barnean.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bizialdi luzeko zuhaitz hostoerorkorra da. Espeziearen arabera tamaina desberdina du, badira 5 metroko altuera dutenak eta baita 30 metrotara iristen direnak ere[2]. Espezie txikiena Adansonia gregorii da eta handienak Adansonia grandidieri eta Adansonia digitata dira, azken honen zurtoinak 10 metrotako diametroa har dezake.
Zurtoina eta adarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zuhaitz gazteek zurtoin liraina izaten dute, helduek ordea botila itxurako enbor sendoak dituzte, zlindrikoak eta gainaldean zorroztu egiten dieran. Enborrak eguz zuntzez egindako eraztun kontzentrikoez osaturik daude, eraztun horiek ez dira urtero eratzen eta beraz ezin da eraztun kopurua erabili zuhaitzaren adina jakiteko[3]. Diametroa prezipitazioen arabera handiagoa edo txikiagoa izaten da, izan ere ura pilatzen baitute zurtoinean[2].
Esezie batzuetan adarrak horizontaleak zabaltzen dira eta beste batzuetan gorantz jotzen dute. Adansonia rubrostipa espezieak arantzak izan ditzake.
Hostoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zuhaitz gazteek hosto sinpleak dituzte eta kimu berrietatik sortzen direnak ere horrelakoak dira. Zuhaitz helduek hosto konposatu palmatuak dituzte. Batetik besterako aldaketa graduala izaten da. Hosto konposatu hauek 5-11 hosto dituzte, luzeena erdikoa da. Epeziearen arabera ertz leunak edo horzkatuak dituzte eta ile geruza mehea izan dezakete edo biluziak izan[2].
Baobabak hostoerorkorrak dira eta sasoi lehorrean galtzen dituzte.
Loreak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kimuetatik gertu ateratzen dira loreak. Peziolo txikia izaten dute orokorrean eta lore sinpleak bakarka ateratzen dir, batzutan bi ere atera ahal dira toki berean. Lore handiak eta deigarriak dira eta oso usaintsuak dira, izan ere gauez ateratzen baitira eta saguzarrek polinizatzen baitituzte[4]. Ilunabarrean azkar irekitzen dira eta hurrengo goizean desegiten dira.
Bost petalo dituzte eta barnealdera fusionatu egiten dira hori bat eratuz. Sepaloak ere bost dira. Lorearen erdigunean estaminak fusionaturik hodi fin bat ateratzen da eta hari lotuta pistilo iletsu bat dago. Lore sortu berriak zuriak edo krema kolorekoak izaten dira eta kolore gorrietara aldatuz doaz gauak aurrera egin ahala eta lorea lehortu ahala[2].
Fruituak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fruitua handia izaten da, obalatua edo borobila den baia bat izatez, eta 10 cm hartzen dute gehienez. Oskol lehorra dute, espezie gehienetan iridizentea da. Lurrera erortzean oskola hautsi egiten da.
Fruituaren barnean giltzurrun itxurako haziak daude pulpa lehor batean txertaturik. Hazi hauek 10-15 cm luze izaten dira[2].
Espezieak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Adansonia generoko zortzi espezie ezagutzen dira. Sei Madagaskarreko endemikoak dira, zazpigarrena Afrika kontinentean eta Arabiako penintsulan aurkitzen da eta zortzigarrena Australian.
Espeziea | Hedadura geografikoa |
---|---|
Adansonia digitata L. | Afrikako mendebalde, ipar-ekialde, erdialde eta hegoaldea, Oman eta Yemen. |
Adansonia grandidieri Baill. | Madagaskar |
Adansonia gregorii F.Muell. (sin. A. gibbosa) | Australiako ipar-mendebaldea. |
Adansonia madagascariensis Baill. | Madagaskar |
Adansonia perrieri Capuron | Madagaskarreko iparraldea |
Adansonia rubrostipa Jum. & H.Perrier (sin. A. fony) | Madagaskar |
Adansonia suarezensis H.Perrier | Antsiranana (Madagaskarreko iparraldea) |
Adansonia za Baill. | Madagaskar |
Ekologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehorteari aurre egiteko baobabek ura pilatzen dute zurtoinean, kasu batzuetan 120.000 litrotik gora ere bai[5]. Sasoi lehorrean hostoak galtzen dituzte transpirazioa urik ez galtzeko. XXI. mendearen hasieran Afrikako baobabik zaharrenak hiltzen hasi ziren lehortea luzatu eta tenperaturak igotzearen ondorioz. Zuhaitzak deshidratatu egin ziren eta ez ziren gai izan haien enborraren pisuari eusteko[6].
Zuhaitzak urriak diren eremuetan hegaztiek baobaben adarrak baliatzen dituzte haien habiak ezartzeko.
Baobab aipagarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]"Panke" baobaba (Zimbabwe) A. digitata espeziekoa da. 2011n hil zenean radiokarbono bidezko datazioak 2.450 urte zituela esan zuen. Dokumentaturiko angiospermo zaharrena da. Namibiako "Dorslandboom" eta Hegoafrikako "Glencoe" zuhaitzek ere 2.000 urtetik gora dutela uste da[7].
Madagaskar aldean "Grandmother" babobabak fusionaturiko hiru enbor ditu, zaharrenak 1.600 urte ditu. "Polygamous baobab" zuhaitzak sei enbor fusionatu ditu, baina gazteagoa da, 1.000 urte ingurukoa[7]. Biak ala biak A. rubrostipa espeziekoak dira.
Azkenik Madagaskarreko toki ezagunenetako bat "Baobaben etorbidea" da. Menabe eskualdean kokaturik dago, Madagaskar mendebaldean, eta A. grandidieri zuhaitz erraldoiek marrazten duten bidea da[8].
Erabilera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]A. digitata baobabaren fruitua birrindu egiten da eta lortzen den irin gisa erabiltzen da. Fruituaren pulpa ere jangarria da, Angolan egosi eta horrekin gelado de múcua izeneko izozkiak egiten dira. Europar Batasunak 2008an onartu zuen pulpa lehorraren inportazioa[9]. Zimbabwen fruita freskoaren pulpa porridge eta edariak egiteko erabiltzen da[10] eta Tanzanian azukre kanaberari gehitu eta garagardo berezia egiten dute.
Baobabaren hazietatik olio begetala ateratzen da hainbat espezietan.
Australiako jatorrizko biztanleek A. gregorii espeziearen sustraietako zuntzekin sokak egiten dituzte eta fruituekin apaingarriak.
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
A. digitata
(Afrika kontinentala eta Arabiar penintsula). -
A. grandidieri
(Madagaskar). -
A. gregorii
(Australia). -
A. rubrostipa
(Madagaskar). -
A. za
(Madagaskar).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Tropicos - Home» web.archive.org 2011-04-23 (Noiz kontsultatua: 2022-12-31).
- ↑ a b c d e Baum, D.A.. (1995). A Systematic Revision of Adansonia (Bombacaceae). Annals of the Missouri Botanical Garden, 1995, Vol. 82, No. 3 (1995), 440-471 or..
- ↑ (Ingelesez) «Scientists determine the age of one of Africa’s most famous trees» www.science.org (Noiz kontsultatua: 2022-12-31).
- ↑ Baum, David A.. (1995). «The Comparative Pollination and Floral Biology of Baobabs (Adansonia- Bombacaceae)» Annals of the Missouri Botanical Garden 82 (2): 322–348. doi: . ISSN 0026-6493. (Noiz kontsultatua: 2022-12-31).
- ↑ «The Baobab tree in Senegal» web.archive.org 2008-10-04 (Noiz kontsultatua: 2022-12-31).
- ↑ (Ingelesez) Nuwer, Rachel. (2018-06-12). «Last March of the ‘Wooden Elephants’: Africa’s Ancient Baobabs Are Dying» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2022-12-31).
- ↑ a b (Ingelesez) Patrut, Adrian; Reden, Karl F. von; Danthu, Pascal; Pock-Tsy, Jean-Michel Leong; Patrut, Roxana T.; Lowy, Daniel A.. (2015 mar. 25). «Searching for the Oldest Baobab of Madagascar: Radiocarbon Investigation of Large Adansonia rubrostipa Trees» PLOS ONE 10 (3): e0121170. doi: . ISSN 1932-6203. PMID 25806967. PMC PMC4373780. (Noiz kontsultatua: 2022-12-31).
- ↑ (Frantsesez) «Un site classé aire protégée» Madagascar-Tribune.com 2022-12-31 (Noiz kontsultatua: 2022-12-31).
- ↑ «ACNFP: Baobab dried fruit pulp» web.archive.org 2012-07-26 (Noiz kontsultatua: 2022-12-31).
- ↑ «AFP.com» web.archive.org 2021-02-09 (Noiz kontsultatua: 2022-12-31).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- The Baobab's official website, Baobab (en)