Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Biolentzia politiko

Wikipedia, Entziklopedia askea
Argentinako diktadura militarrak (1976-1983) gauzaturiko "gerra zikinaren" biktimen argazkiak.

Biolentzia politikoa helburu politiko bat lortzeko gauzatzen den biolentzia oro da[1]. Biolentzia mota hau estatuek, estatuz kanpoek aktoreek, zein aktore paramilitarrek gauzatu dezakete eta forma askotan gorpuztu daiteke[2]. Terrorismoa, genozidioa, indarkeria poliziala, tortura eta borroka armatua biolentzia politikoaren adibideak dira, besteak beste. Estatu batek talde etniko, sozial edo politiko baten aurka genozidio bat egiten duen kasuetan adibidez, bakarra da biolentzia politikoa gauzatzen duen aktorea. Baina, emakumeen aurkako biolentzia politikoaren kasuan berriz, aktore anitzek gauzatzen dute biolentzia hura eta aktore horien arteko hartu-emanak oso konplexuak izan daitezke[2].

Biolentzia politikoa prozesu sozial eta politiko orotan gertatu daiteke, eta biolentzia hau gauzatzen duten aktoreak askotarikoak izan daitezkeenez eta horien arteko botere-harremanak simetriko zein asimetrikoagoak izan daitezkeen heinean, biolentzia hau forma oso desberdinetan azaleratu daiteke[3].

Tankerako kontzeptu zabalekin gertatu ohi den bezala, ez dago biolentzia politikoaren definizio bakarra. Autore askok teorizatu dute kontzeptuaren inguruan, baina hura definitzeko jarraitu dituzten ikuspuntu desberdinak direla eta, hurbilpen teoriko askotarikoak egin dira.

Dahl, Kalyvas eta Tilly

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendeko politologo adierazgarrienetako izan zen Robert Alan Dahl-ek "Polyarchy; participation and opposition" (1971) liburuan biolentzia politikoa eragile politikoek helburu politikoak lortzeko egindako edozein kalte fisiko, hertsadura, zein mehatxu gisa definitu zuen[4]. Dahl-en ustetan biolentzia politikoa lehia politikoaren muturreko forma bat da eta sistema politikoaren zilegitasuna eta egonkortasuna arriskuan jarri dezake.

Dahl-ek emandako definizioaren ildotik jarraituz, Stathis N. Kalyvas politologoak "The Logic of Violence in Civil War" (2006) liburuan biolentzia politikoa gatazka politikoko muturreko modu bat bezala definitzen du, non inplikatutako eragileek indar fisikoa erabiltzen duten besteen gain beren borondatea inposatzeko[5].

Charles Tilly politologo eta soziologo estatubatuarrak aurretik aipaturiko bi autoreen logika jarraitzen du biolentzia politikoa definitzeko. "Democracy and Violence: Reflections on the Twentieth Century" (2007) liburuan adierazten duen bezala autore ipar-amerikarrarentzat biolentzi politikoa eragile politiko batek, helburu politiko espezifikoak lortzeko indar fisikoaren mehatxua, antolaketa edo erabilpena gauzatzeari dagokio.

Hiru definizio hauek biolentzia politikoaren arlo fisikoan jartzen dute jomuga. Hau da, biolentzia politikoa eragile politiko batek helburu politiko bat lortzeko gauzatzen duen hertsapen edo kalte fisiko gisa ulertzen da. Hala eta guztiz ere, nahiz eta hiru autoreek biolentzia politikoaren izaera fisikoan bat egin, beste bi autoreekin alderatuz, N. Kalyvas-ek hurbilpen teoriko desberdin bat proposatzen du biolentzia politikoaren sorrera bultzatzen duten faktoreen inguruan. Kalyvasek biolentzia politikoa tokikotasun handiko fenomeno bat dela argudiatzen du; pobrezia, desberdintasuna edo bazterketa politikoa bezalako faktore estrukturaletan oinarritutako azalpen orokorrak nahikoak ez direla adieraziz. Aldiz, Kalyvasek dio indarkeria politikoa egiturazko baldintzen, dinamika politikoen eta eragileek tokian bertan dituzten estrategien arteko elkarreraginaren emaitza dela[5].

Feminismotik, Butler eta Federici

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hurbilpen teoriko tradizionalez gain, teoria kritiko feministatik ere hurbilpen teoriko ugari egin dira biolentzia politikoaren inguruan. Judith Butler filosofo estatubatuarrak, adibidez, "Precarious Life: The Powers of Mourning and Violence" (2004) liburuan adierazten du biolentzia politikoa ez dela indarkeria-ekintza fisikoetara mugatzen. Hau da, biolentzia politiko gisa ulertzen dira genero-arauekin eta beste arau sozial nagusiekin bat ez datozen pertsonen aurka gauzatzen den indarkeria sinbolikoa eta bazterketa politikoa. Horrez gain, Butlerrek biolentzia politikoa ikuspuntu feminista intersekzionalista batetik heltzearen garrantzia nabarmentzen du, biolentzia politikoa hura jasaten duen pertsonaren generoakarrazak, sexu-joerakgenero-identitateak edo desgaitasunak biolentzia gorpuzteko modua edo forma baldintzatu dezakeela azpimarratuz. [6]

Silvia Federici historiagile eta aktibista feministak berriz, indarkeria politikoa kapitalismo globalaren inguruko ikuspuntu kritiko batetik heldu izan du, kapitalismoak emakumeen eta baztertutako beste kolektiboen gainean eragindako inpaktua aztertuz. "Caliban and the Witch: Women, the Body and Primitive Accumulation" (2004) liburuan Federicik emakumeen eta baztertutako beste pertsonen aurkako indarkeria politikoa kapitalismoaren funtsezko ezaugarria izan dela argudiatzen du. Butlerrek dionarekin bat eginez, Federiciren ustez indarkeria politikoa modu askotan gorpuztu daiteke, indarkeria fisikoaz gain, indarkeria sexuala, jazarpena eta egiturazko diskriminazioa ere indarkeria politikoa izanik. Hain zuzen ere, pentsalari italiarraren ustetan, kapitalismoaren testuinguruan indarkeria politikoa pertsonak, bereziki emakumeak, kontrolatzeko eta esplotatzeko erabiltzen da, pertsona horiek menpekotasun politiko eta ekonomiko baten pean mantentzeko helburuarekin. [7]

Biolentzia politiko motak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biolentzia politikoa forma, larritasun eta praktika askotarikoa izan daiteke. Zientzia politikoan, biolentzia politikoak sailkatu edo antolatzeko modu bat bertan parte hartzen duten aktoreen araberakoa da. Zentzu honetan, hainbat motatako biolentzia politikoak zerrenda ditzakegu: estatuz kanpoko aktoreen arteko biolentzia, estatuz kanpoko aktore batek gauzatua, estatu batek egiten duena, estatu baten eta estatuz kanpoko aktore baten artekoa eta, azkenik, estatuen arteko gerra.

Biolentzia politikoa sailkatzeko beste modu bat biolentzia horrek hartzen duen formaren araberakoa da: borroka armatua, matxinada, genozidioa, gerra zibila, tortura, emakumeen aurkako indarkeria edo hauteskunde-indarkeria, adibidez.

Biolentzia gauzatzen duten aktoreen arabera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatuz kanpoko aktoreen arteko biolentzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biolentzia hau estatuz kanpoko aktoreen arteko gatazka da, non Estatuek ez dute modu zuzenean parte hartzen. Estatuz kanpoko aktoreek indarra erabiltzen dute berdintasuna, aitorpena edo autonomia lortzeko. [8] Honen baitan sartzen dira gatazka etnikoak.

Gatazka etnikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gatazka etnikoetan, talde etniko desberdinetako kideen arteko norgehiagoka bat dago edo talde horretako kideen eta baztertuen arteko gatazka bat dago. Gatazka etnikoak XVIII. eta XIX. mendetik existitzen dira, Europan nazio-estatu kontzeptua eratu zenetik. Gatazka etnikoetan estatuek batzuetan parte hartu dezakete aktore bezala, beste batzuetan bitartekari moduan eta beste batzuetan ez dute parte hartzerik[8].

Biolentzia politiko honen adibide bat Libano litzateke. Libanon Itun Nazional bat eratu zuten 1943an, non elite musulman sunitak eta elite kristau maronitak boterea partekatuko zutela adierazten zuten. Baina itun honek ez zuen asko iraun eta 1975etik 1991era gerra zibil bortitz batean murgildu zen herrialde hau, bi etniak gudaren bandoak eratuz.[8]

Estatuz gaindiko aktore bakarra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biolentzia politikoa estatuz kanpoko aktore bakar batek ere gauza dezake. Hauek helburu politiko batzuk gauzatzeko biolentziaren erabilerari ekiten diote beste pertsonen edo gizataldeen aurka.[9]

Indarkeria honen adibide bat topa daiteke Mendozan, Argentinan; 1976an CAMek (Mendozako Komando Antikomunistak) eta Pio XII.a Komando Moralizatzaileak indarkeria parapoliziala gauzatu zuten. CAM “subertsioari aurre egiteko” eratu zen eta Pio XII Komando Moralizatzailea “morala defendiazeko”. [9]

CAM eta Pio XII.a Komando Moralizatzailea talde parapolizialak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

CAM 1974ko irailean agertu zen lehen aldiz, sei atentatu eginez. Atentatu horietako batzuk pertsona zehatzei bideratuta zeuden, aldiz beste batzuk egoitzei eta kultur etxeei bideratuta egon ziren. Talde parapolizial honen biktimak ezkerrari lotutako pertsonak izan ziren, hala nola: marxistak, peronistak, gremioak eta aldekoak. Talde honen beste biktimak Txileko herritarrak eta erbesteratuei laguntzeko erakundeak, bai eta katolikoak ez ziren erakunde erlijiosoetakoak ere izan ziren.[9]

Indarkeria politikoaren adierazpen horretan hainbat metodo erabili zituzten, hala nola tortura, desagertzeak, hilketak, estortsioak…

CAM sortu eta hilabete batzuetara agertu zen Pio XII Komando Moralizatzailea, konkretuki 1975ean. Komandoak egindako operazioetan, gaueko klubei bonbekin egindako atentatuez gain, prostituzioan zeuden emakumeak eta proxenetak erailtzen ziren.[9]

Estatu batek egindako biolentzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biolentzia era honetan estatuak edo estatuaren aparatuek zibilei gauzatutako biolentziak sartzen dira, hauek indar fisiko edo psikologikoa erabiltzen dituzte objektuen, instituzioen edo pertsonen kontra helburu politiko batzuk lortzeko. [10]

Honen adibide dira Latinoamerikan eman ziren genozidioak edo Espainiar estatuan GAL-ek egindako estatu terrorismoa.

Latinamerikako genozidioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Latinoamerikan populazioen suntsipen sistematikoak eman ziren lurralde osoan zehar; oso goiz hasi ziren, Guatemalako estatu-kolpearekin 1954ean. Suntsipen hauek ia kontinente osoa zeharkatu zuten data horren eta XXI. mendearen hasieraren artean.[11]

Espainiar Estatuak erabilitako biolentzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiar estatuan 1983. eta 1987. urteen artean Askapenerako Terrorismoaren Aurkako Taldeak (GALak) aktibo egon ziren. Geroago jakingo zenez Felipe Gonzalezen gobernuak lagundu edo parte hartu zuen talde honek eragin zuen biolentzian, nahiz eta Felipez Gonzalez berak inoiz ez duen hau onartu. GALen helburuetako bat zen ETA ezegonkortzea, erakundearen barruan eta euskal gizartean ETA lagundu edo onartzen zuten guztien baitan beldurra zabaltzea eta talde terrorista negoziatzera behartzea. Horretarako bahiketak, torturak eta hilketak egin zituzten. Gerra zikina esaten zaio biolentzia politikoko aldi honi; 1987an bukatu zen eta gaur egunera arte ez da guztiz argitu.[12]

Estatu eta estatuz gaindiko aktore artean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biolentzia politikoko era honetan estatu batek behintzat parte hartze du eta beste aldetik estatuz gaindiko aktore bat edo gehiago daude. Honen adibide da borroka armatua, hainbat herrialdetan eman dena urteetan zehar: Venezuelan 1962an, Kuban 1953an...

Estatuen arteko gerra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatuen artean edo estatu baten eta menderatze kolonialaren, atzerriko okupazioaren edo erregimen arrazistaren mende dagoen herri baten artean garatutako gatazka, non gerrako zuzenbidearen arau tradizionalak eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren xedapenak aplikagarriak diren.[13]

Honen adibide da Errusia eta Ukrainaren arteko gerra.

Errusia eta Ukraina estatuen arteko gerra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2022ko otsailaren 24an hasi zen Errusia bere ondoko herrialdea, Ukraina, inbaditzen. Vladimir Putin Errusiako presidenteak Ukraina bonbardatzeko eta inbaditzeko agindu zien bere tropei, 1945ean Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik eta Alemanian nazien diktadura amaitu zenetik Europan izan den mota honetako lehen eraso handia den honetan.

Gaur egun, Errusia munduko estaturik handiena da kilometroei dagokienez, baina XX. mendean Errusia estatu are handiago baten barruan existitu zen, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna (SESB) deitua. Garai hartan, Errusiak galdu zituen lurraldeetako asko inbaditu eta berreskuratu zituen, eta SESBen sartu zituen. Horietako bat Ukraina izan zen, lurralde oso zabala, gainera herrialde honen zati bat Poloniaren esku geratu zen. Denborarekin, Ukraina, SESBen barruan, suspertu egin zen eta Batasuneko lurralde garrantzitsuenetako bat izatera iritsi zen, baina 1991n, tentsio askoren ondoren, SESB desegin zenean, osatzen zuten herrialdeak independente bihurtu ziren. Ondorioz, Ukrainak bozkatu zuen, erreferendum masibo batean, estatu propio gisa finkatzearen alde.[14]

Baina lurraldeen arteko tentsioak ez ziren inoiz amaitu eta 2014an Ukrainako krisi politiko bat aprobetxatuz, manifestazioekin eta kale-indarkeriarekin, Vladimir Putinek Krimeako penintsula inbaditzeko agindu zien bere tropei, modu anonimoan, hau da uniformerik gabe. Honez gain Errusiarekin muga egiten duten bi probintziatan ere (Donetsk eta Luhansk) altxamenduak bultzatu zituen, herrialdearen zati hori urte askotan gerra eremu bihurtu zituenak.

Hurrengo urteetan zehar bi herrialdeen arteko tentsioak hazten joan ziren, 2022ko otsailaren 24ra arte, urte horretan hasi zelako bi herrialdeen arteko gerra, gaur egunera arte luzatzen dena.[14]

Biolentzia politiko formaren arabera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Borroka armatua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gatazka armatua dagoela ulertuko da estatuen arteko indarrera jotzen denean edo indarkeria armatuko egoera luzea dagoenean. Hau gobernuko agintarien eta talde armatu antolatuen artean edota estatu barruko talde horien artean ematen denean.[13]

Borroka armatua era askotako operazio militarretan modu antolatuan biolentzia erabiltzea da. Kasu hauetan bi lehiakideek antzeko armak erabiltzen dituzte helburu politikoak lortzeko.[11]

Agintari, gobernu edo Estatu baten aurka publikoki altxatzea, batez ere agintaritzatik kendu eta beste batekin ordezkatzeko edota zentzu jakin batean jardutera behartzeko egiten denean matxinada bat ematen ari dela ulertzen da.[15]

Talde nazional, etniko, arrazako edo erlijioso bat, osorik edo zati batean, suntsitzeko asmoz egindako delitua da genozidioa.[16]

Oxfordeko hiztegiak adierazten duenez: "Gerra zibila nazio bereko bi bandoren edo gehiagoren artean ematen den borroka armatu luzea da, non hainbat gerra gertatzen dira aldi berean edo gerran zehar ematen direnak".[15]

Torturaren definizioa pertsona bati ezarritako zigor fisikoa edo psikikoa da. Helbururik ohikoena biktimaren edo hirugarren lagun baten aitorpena edo informazioa lortzea izaten da. Beste helburu batzuk biktima pertsona gisa ezeztatzea edo torturatzaile sadikoaren entretenimendu gisa erabiltzea izaten dira.

Emakumeen aurkako biolentzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Emakumearen aurkako indarkeria diskriminazio-modu bat da, eta gizonen eskubide eta askatasun berdinak izatea eragozten du". Espainiako Berdintasun Ministerioak ematen duen definizio horrek barnean hartzen ditu kalte edo sufrimendu fisiko, mental edo sexualak eragiten dituzten ekintzak, ekintza horiek egiteko mehatxuak, behartzea eta askatasuna kentzeko beste modu batzuk.[17]

Espainiar Estatuaren kasuan, INE-k (Estatistikako institutu nazionalak) adierazi zuen: "2021. urtean genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen kopurua % 3,2 igo zela, 30.141 kasuetara helduz"[18]. Gainera, adierazi zuen: "genero-indarkeriaren biktimen tasa 1,4koa izan zela 14 urte eta gehiagoko 1.000 emakumeekiko".[18]

Hauteskunde-indarkeria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gatazkek eragindako herrialdeetako hauteskundeek, gobernuek eta gizarte zibilak duten gatazka-arriskua da. Gaur egun badauzkagu honen adibide batzuk, hala nola: Etiopiako 2021eko hauteskundeak non, zailtasun tekniko ugari izan ostean, Etiopiako Hauteskunde Batzorde Nazionalak (NEBE) legebiltzarrerako hauteskundeak atzeratu zituen ekainaren 5etik 21era, bozketa bigarren aldiz atzeratuz. Oposizioko alderdi nagusietako batzuk boikota egiten ari ziren, eta ez zen bozketa egin Tigrayk kolpatutako gerra zibilean edo segurtasun ezari aurre egin behar dioten beste lurralde batzuetan.[19]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Bardall, Gabrielle; Bjarnegård, Elin; Piscopo, Jennifer M. (2019-12-03). «How is Political Violence Gendered? Disentangling Motives, Forms, and Impacts» Political Studies 68 (4): 916–935.  doi:10.1177/0032321719881812. ISSN 0032-3217. (Noiz kontsultatua: 2023-03-04).
  2. a b Tismaneanu, Vladimir. (2009-11-20). «Paul Hollander, ed. Political Violence: Belief, Behavior, and Legitimation» Society 47 (1): 77–79.  doi:10.1007/s12115-009-9270-1. ISSN 0147-2011. (Noiz kontsultatua: 2023-03-04).
  3. Stepanova, Ekaterina. (2008). «Terrorism in Asymmetrical Conflict: Ideological and Structural Aspects» PsycEXTRA Dataset (Noiz kontsultatua: 2023-03-04).
  4. Waschkuhn, Arno. «Robert A. Dahl, Polyarchy: Participation and Opposition, New Haven 1971» Schlüsselwerke der Politikwissenschaft (VS Verlag für Sozialwissenschaften): 86–88. ISBN 978-3-531-14005-6. (Noiz kontsultatua: 2023-03-05).
  5. a b «The Logic of Violence in Civil War» The Logic of Violence in Civil War (Cambridge University Press): xix–xx. 2006-05-01 (Noiz kontsultatua: 2023-03-05).
  6. author., Butler, Judith, 1956-. Precarious life : the powers of mourning and violence. ISBN 978-1-78960-242-5. PMC 1202451514. (Noiz kontsultatua: 2023-03-06).
  7. VerfasserIn., Federici, Silvia. Caliban and the witch women, the body and primitive accumulation. ISBN 978-0-241-53253-9. PMC 1341395830. (Noiz kontsultatua: 2023-03-07).
  8. a b c (Gaztelaniaz) Stavenhagen, Rodolfo. (2000-01-01). Conflictos étnicos y estado nacional. Siglo XXI ISBN 978-968-23-2270-9. (Noiz kontsultatua: 2023-03-06).
  9. a b c d Rodriguez Aguero, Laura. (2014-04). «Centralización de la represión, violencia paraestatal y redes internacionales represivas en la Mendoza predictatorial» Sociohistórica (33): 0–0. ISSN 1852-1606. (Noiz kontsultatua: 2023-03-06).
  10. (Gaztelaniaz) Calleja, Eduardo González. (2000-09-30). «La definición y la caracterización de la violencia desde el punto de vista de las ciencias sociales» Arbor 167 (657): 153–185.  doi:10.3989/arbor.2000.i657.1154. ISSN 1988-303X. (Noiz kontsultatua: 2023-03-06).
  11. a b Ranalletti, Mario, ed. (2009). Terrorismo de estado y genocidio en América Latina. (1a ed. argitaraldia) Prometeo Libros ISBN 978-987-574-337-3. (Noiz kontsultatua: 2023-06-23).
  12. Tardivo, Giuliano; Díaz Cano, Eduardo. (2020). «Felipe González y el caso de los GAL: una relectura de la política antiterrorista de los gobiernos del PSOE en España entre 1982 y 1996» Espacio abierto: cuaderno venezolano de sociología 29 (3): 115–139. ISSN 1315-0006. (Noiz kontsultatua: 2023-06-23).
  13. a b [https://www.oas.org/es/sla/ddi/docs/publicaciones_digital_XXXVIII_curso_derecho_internacional_2011_Romaric_Ferraro.pdf LA PROTECCIÓN DE LAS VÍCTIMAS DE LOS CONFLICTOS ARMADOS NO INTERNACIONALES. ].
  14. a b (Gaztelaniaz) «Guerra entre Rusia y Ucrania: el conflicto explicado de manera sencilla» www.nationalgeographic.com.es 2022-02-25 (Noiz kontsultatua: 2023-03-06).
  15. a b (Gaztelaniaz) «Oxford Languages and Google - Spanish | Oxford Languages» languages.oup.com (Noiz kontsultatua: 2023-03-06).
  16. [https://www.un.org/en/genocideprevention/documents/Appeal-Ratification-Genocide-FactSheet-SP.PDF LA CONVENCIÓN PARA LA PREVENCIÓN Y Ł LA SANCIÓN DEL DELITO DE GENOCIDIO, 1948-2018. ].
  17. «La violencia contra la mujer: definición - Delegación del Gobierno contra la Violencia de Género» violenciagenero.igualdad.gob.es (Noiz kontsultatua: 2023-03-07).
  18. a b (Gaztelaniaz) «INEbase / Sociedad /Seguridad y justicia /Estadística de violencia doméstica y violencia de género / Últimos datos» INE (Noiz kontsultatua: 2023-03-07).
  19. (Ingelesez) «Electoral Violence» United States Institute of Peace (Noiz kontsultatua: 2023-03-07).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]