Guatemala
Guatemala[1] (nahuatlez: Quauhtlemallan, “zuhaitz askoko lekua”), ofizialki Guatemalako Errepublika (gaztelaniaz: República de Guatemala, reˈpuβlika ðe ɣwateˈmala ahoskatua), Erdialdeko Amerikako estatua da, Ozeano Barearen eta Karibe itsasoaren artean kokaturik dagoena. Mugakide ditu Mexiko iparraldean, Belize ipar-ekialdean eta El Salvador eta Honduras hego-ekialdean. Herrialde menditsua da, hegoaldeko kostaldea eta Petén departamenduko ordoki zabalak izan ezik. Klima tropikala du, epelagoa goi-lurraldeetan eta lehorragoa ekialdeko departamenduetan. 108.889 kilometro koadroko eremua du, eta 2016 amaieran 16.582.469 biztanle zituen.[2] Hiriburua Guatemalako Hiria da.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mugak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Guatemala Erdialdeko Amerikan dago, Ozeano Barea eta Karibe itsasoaren artean. Iparralde eta mendebaldean Mexikorekin du muga, ipar-ekialdean Belize eta Hondurasko golkoarekin (Karibe itsasoa), ekialdean Hondurasekin, hego-ekialdean El Salvadorrekin, eta hegoaldean Ozeano Barearekin[3].
Erliebea eta hidrografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lau zati bereiz daitezke Guatemalako lurraldean:
- Petén izeneko kareharrizko lautada zabala dago iparraldean. Garaiera txikikoa (200 m) eta oso euritsua da (2.000 mm urtean), eta oihanez estalirik dago. Ugariak dira aintzira eta zingirak. Biztanle dentsitatea txikia da.
- Erdialdean lur garaiak daude: Sierra Madre eta Cuchumatanes mendilerroak. Sierra Madre mendikateak eratzen duen goi-ordokian bizi dira Guatemalako biztanlerik gehienak, sumendietako labak emankor egin baititu hango lurrak eta klima epela baita. Sumendi ugari dago, handiena Tajamulco (4.200 m), eta lurrikarak maiz gertatzen dira.
- Ipar-ekialdean Atlantikoko itsasertzeko lur behereak daude. Bertan daude Izabal aintzira, Motagua, Polochic, Dulce eta Sarstun ibaiak, eta herrialdeko portu nagusia, Puerto Barrios, Amatique badian.
- Ozeano Bareko itsasaldeko lautada dago hegoaldean. Luzea (250 km baino gehiago) eta estua da (60 km gunerik zabalenean). Eskualde euritsua da, eta ibai labur ugari ditu.
Klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Guatemalako klima tropikala da, baina alde handiak daude toki batetik bestera, itsas haizeek eta garaierak eraginda. Bi urte-sasoi nagusi bereizten dira: euritsua (maiatza-azaroa) eta lehorra (azaroa-maiatza). Oro har, Atlantiko aldeko klima Ozeano Barekoa baino hezeagoa da. Herrialdearen kokapena dela eta, Karibe eta Ozeano Barearen artean, sarri urakanak jasaten ditu. Azken urteetako latzenak Mitch (1998) eta Stan (2005) izan dira, 1.500 hildakotik gora eragin baitzituzten.
Flora eta fauna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Landaredia ere altitudearen arabera aldatzen da: 1.000 metrotik beherako lurralde beroetan zuhaitzak dira nagusi (ebanoa, kaoba, chicozapotea, hulea, etab.); 1.000-2.000 metro arteko lurralde epeletan, oihan sarriak eta zuhaixkak dira ugarienak, eta kafea, tabakoa eta kotoia lantzen dira; 2.000 metrotik gorako lur hotzetan belardiak hazten dira, batez ere, eta artoa eta garia lantzen dira. Animalien artean aipatzekoak dira oreinak, tximinoak eta pekariak; urriagoak dira jaguarra, tapirra eta puma. Ketzal txoria da, ederra bezain urria, Guatemalako ikurra.
-
Tajamulco sumendia
-
El Garitón, Pazifikoaren ertzean
-
Pirámide del Tigre, Petén
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ameriketako konkista baino lehen Guatemala (Quauhtemallan, «zuhaitzekiko lurra»; Uhatezmala, «ura jaurtitzen duen mendia») maien zibilizazioa parte zen. Lehendabizi nahuek hartu zuten, eta espainiarrek 1523. urtean, Pedro de Alvarado buru zela. Indiarrak lurjabeen mendean zeuden, eta bizi-baldintzak oso gogorrak ziren. Antigua Guatemala izan zen Guatemalako lehendabiziko hiriburua, baina 1773. urteko lurrikarak erabat birrindu ondoren, Guatemalako Hirira aldatu zen.
1812. urtean independentzia aldarrikatu bazuen ere, 1847. urtea arte ezin izan zuen gauzatu, bien bitartean Mexikoren babespean lehendabizi, eta Erdialdeko Amerikako gainerako kolonia ohiekin gerokoan, Erdialdeko Amerikako Probintzia Batuen barnean geratu baitzen.
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuen mendean egon da politikari dagokionez; izan ere, barne-egoera hobetzeko egin dituen ahalegin guztiak galarazi dituzte Estatu Batuek bere ekonomia-lehentasunak gordetzearren. Guatemalako barne-politika Estatu Batuen interesak zaintzen dituen gutxiengo zuri baten zuzendaritzapean (militarren gobernuak izan dira sarri) egon izan da urte askoan, 1954. urteko kolpe militarrak aginpidea zuen gobernu ezkertiarra kargutik eraitsi zuenetik hasita. Bestalde, aipatzekoa da 1974. urtean piztu zen sumendi batek eta 1976ko lurrikarak eragin zuten hondamenak areagotu egin zituztela bertako arazoak.
1982. urteko kolpe militarrean eskuineko batzorde militar batek hartu zuen aginpidea. Efraín Ríos Montt jeneralak batzordea desegin, eta berak hartu zuen lehendakari-kargua. Montt jeneralaren aginpidean errepresioa izugarri gogorra izan zen, baina, hala ere, oposizioak herriarentzako eskubide demokratikoak, nekazaritzaren hobekuntza eta independentzia nazionala aldarrikatuz segitu zuen. Oposizioak beti ezkutuan aritu beharra zuen, eta handik sortu zen gerrilla armatua (Unión Revolucionaria Nacional Guatemalteca, URNG). Gobernuak, gerrillaren jarduera aitzakiatzat hartuta, herriak suntsitu zituen, eta indigena asko hilarazi. 1983. urtean, beste kolpe militar baten bidez, armadak lehendakaria aginpidetik kendu eta Óscar Humberto Mejía Víctores jenerala jarri zuen haren ordez; jeneral horrek eskubide zibilak ezarri zituen berriro, eta amnistia eman zuen (700 gerrillari atera ziren libre). 1985. urteko hauteskundeetan Democracia Cristiana Guatemalteca (Guatemalako Alderdi Demokrata Kristaua) alderdia atera zen garaile, eta 1986. urtean konstituzio berria indarrean jarri zen. Vinicio Cerezo izan zen, hogeita hamahiru urtean gobernu militarrek agindu ondoren, lehendabiziko lehendakari zibila.
Vinicio Cerezo Erdialdeko Amerikako bost herrietako lehendakariekin bildu zen Esquipulasen (1986ko maiatza, eta 1987ko ekaina), bakerako bidea bilatzeko eta demokraziaren sendotzea lortzeko. Bilera horien ondorioz gobernuaren ordezkaritza bat eta UNRG ere bildu ziren Guatemalan bizi zen biolentzia egoerari irtenbideren bat emateko; negoziaketak ordea ez ziren burutu, eskuindarrek eragotzi baitzituzten. Bien bitartean, 1989-1990eko urteetan ezkutuko eskuindar taldeek eta militarrek hilketa ugari eragin zituzten, hala nola, Santiago Atitlángo nekazarien sarraskia. Jazarpenak eta hilketak eten ez baziren ere, 1990eko ekainaren batean, Guatemalara bakea ekartzeko oinarrizko hitzarmena izenpetu zuten Madrilen ANBk, alderdi politikoek eta URNGk. 1990eko azkeneko hilabeteetan negoziazioak ez aurrera ez atzera geratu ziren, eta herritarrengan eszeptizismoan nagusitu zen. Horren eraginez edo, hautesleen %70ek ez zuen parte hartu 1990eko lehendakaritzarako hauteskundeetan. Hauteskundeen bigarren itzulian, 1991ko urtarrilaren 6an, Movimiento de Acción Solidaria (MAS) alderdia atera zen garaile, eta Jorge Serrano Elías hautatu zuten lehendakari. Serranoren gobernuak eta URNGk bakearen aldeko elkarrizketei berriro ekitea erabaki zuten baina, artean, indarrean zirauen armadaren eta gerrillarien arteko guduak.
1991ko apirilean alde biak hiru egunez elkarrizketatu ziren Cuernavacan, Mexikon. Besteak beste, demokrazia ezartzeko prozesuaz, giza eskubideez, aginpide zibila indartu beharraz, armadak izan beharko lukeen betekizunaz, indiarren eskubideez, konstituzioari egin beharreko aldaketez, hauteskunde-erregimenaz eta gerrillaren gizarteratzeaz hitz egin zuten. 1991ko maiatzean Runujel Junam komunitate etnikoen kontseiluko buruzagia desagertu egin zen. Uztailean, Estatu Batuetako senatuak eten egin zuen Guatemalari ematen zion laguntza militarra. URNGk giza eskubideak errespeta zitezela eskatu zuen berriro. Izan ere, giza eskubideen aldeko erakundeen arabera, Serranoren gobernuko lehenengo bederatzi hilabeteetan giza eskubideen aurkako 1.760 lege-urratze gertatu ziren Guatemalan: epaiketarik egin gabe hilarazi zituztenak eta kalean hil zituzten haurrak zenbatuta, 650 bat hil ziren. Irailean, bestalde, Guatemalako lehendakariak Belizeren burujabetasuna eta autodeterminazioa ezagutu zituen. Hori zela eta, Álvaro Arzú kantzilerrak, Partido de Avanzada Nacional alderdiko buruzagi nagusiak, bere karguaren dimisioa eman zuen.
1992an, eztabaida hasi zen armadak mantentzen zituen talde armatuez, Autodefentsa Zibilerako Taldeez (AZT), esate baterako. Gobernuak Hunapu izeneko indar armatu bat sortu zuen, armadako kidez, polizia nazionalez eta Ogasun Guardiako kidez osatua, babes zibilerako sistema ordezkatzeko. Apirilean, Hunapuko kide batzuek istiluak sortu zituzten ikasleen manifestazio batean. Bai Munduko Bankuak bai Europako Legebiltzarrak bortxa politikoa amaitzeko neurriak har zitzala eskatu zioten gobernuari. Urrian, espainiarrak Ameriketara iritsi ziren bosgarren mendeurrenaren ospakizunetan, Rigoberta Menchúk, bere herriko indiarren egoera mundu osoan zehar salatu zuen indiar buruzagiak, Bakearen Nobel saria jaso zuen. 1993ko maiatzean, Serrano lehendakariak, militar-talde baten laguntzaz, estatu-kolpea eman zuen, konstituzioaren artikulu batzuk ezeztatu, eta Kongresua eta Auzitegi Gorena indargabetu. Ekainaren 1ean, nazio barruko eta kanpoko presioak bultzatuta, Serranok lehendakaritza utzi zuen. Giza eskubideen prokuradore ohia, Ramiro de León Carpio izendatu zuten lehendakari Serranoren ordez. Lehendakari berriak kargutik kendu zituen Serranori laguntza eman zioten militarrak. Handik gutxira, Jorge Carpio Nicolle, Unión de Centro Nacional alderdiko buruzagia eta lehendakariaren lehengusua, hilda agertu zen. Ezkutuko hilerrien bila ari zirela, 1993ko azaroan 117 emakume eta haurren hezurdurak aurkitu zituzten, militarrek hildakoak 1982an. Autodefentsa-taldeen eta derrigorrezko soldadutzaren aurkako kanpaina gorabehera, lehendakariak, lehenago esandakoaren kontra, gatazka armatua konpontzen ez zen bitartean bi erakundeak mantenduko zituela esan zuen.
1994-1995 urteetarako ekonomia-plangintzaren arabera, estatuak utzi egingo zion ekonomian esku hartzeari, finantzen erreforma bideratuko zuen eta enpresa publikoak pribatizatzeari ekingo zion. Lehendakariaren arabera, neurri horien helburu nagusia estatuko agintaritzan ustelkeria desagerraraztea zen. Lehendakariak diputatuen eta Justiziako Auzitegi Gorenaren dimisioa eskatu zuen abuztuan, eta, tirabira askoren ondoren, gobernuak eta Legebiltzarrak konstituzioa berritzea erabaki zuten. Nekazarien Batasunerako Batzordeak eta Guatemalako Alargunen Nazio Batzordeak deituta, 5.000 indiar inguruk manifestazioa egin zuten Autodefentsa Zibilerako Taldeak desagertzea eskatuz. 1994ko urtarrilean, eta su-etenik gabe, gobernuak eta gerrillak hitzarmenak izenpetu zituzten, gerran bizilekuz aldatutako jendea utzitako lekuetara itzul zedin. Garaitsu hartan, konstituzioari buruzko erreferendum batean, abstentzioa %85ekoa izan zen. Boto-emaileen %69k Legebiltzarra eta Auzitegi Gorena berritzearen alde egin zuen. Hauteskundeetan ere antzeko abstentzioa izan zen, eta Guatemalako Fronte Errepublikanoa atera zen garaile, Efraín Ríos Montt diktadore ohiaren gidaritzapean. Alderdi Progresista Nazionala gelditu zen bigarren. Mónica Pintok, NBEren giza eskubideetarako begiraleak, gizartea desmilitarizatzeko neurriak hartzea komeniko litzatekeela gomendatu zuen. Besteak beste, armada murriztea, AZT deuseztatzea eta Egiaren Batzorde bat eratzea proposatu zuen. 1994ko hasieran, eta isiltasun luzearen ondoren, Kanpo Harremanetarako Ministerioak Belizeren burujabetasuna aldarrikatu zuen. Martxoan gobernuak eta gerrillak AZT desagertzeko hitzarmena berretsi zuten. Handik hiru egunera Auzitegi Konstituzionalaren lehendakaria hil zuten. Ekainean, Oslon, gerrillak eta gobernuak biztanle deserrotuei buruzko hitzarmen bat izenpetu zuten, non bizi eta zer landu izan zezaten. 1995ean, zela hauteskundeengatik, zela armadaren eta lurjabeen interes faltarengatik, bake-negoziazioek ez zuten aurrera egin.
NBEren arabera giza eskubideak ez ziren errespetatzen ez zegoelako zigorrik eskubide horiek urratzen zituztenentzat, eta ehunka tortura-kasu, hilketak eta legez kanpoko atxiloketak salatu zituzten. 1995eko abuztuan Legebiltzarreko lehendakaria eta Fronte Errepublikanoko beste bi kide epaitu zituzten telefono-deiak entzutea agintzeagatik, dokumentuak faltsutzeagatik eta aginpidea berenganatzeagatik. Azaroko hauteskunde orokorretan, Alderdi Progresista Nazionaleko hautagaiak, Álvaro Arzúk botoen % 42 eskuratu zuen, eta haren lehiakide gogorrenak, Alfonso Portillok, Fronte Errepublikanokoak, % 50. Bigarren itzulian, Arzú hautatu zuten lehendakari. Abstentzioa inoiz baino handiagoa izan zen, % 63. Abenduan gobernuak eta gerrillak behin betiko bake-hitzarmena izenpetu zuten, Europan lehenbizi, eta Mexikon eta Guatemalan ondoren; ordurako 100.000 pertsona baino gehiago hilak ziren Guatemalako gerran. Alde biek errespetatu zuten su-etena. Krimen politikoak amaitu orduko, ordea, krimen arruntak asko ugaritu ziren, biztanleen %80 behartasun gorrian bizi baitzen.
1998ko irailean Mitch urakanak 24.000 pertsona hil eta izugarrizko triskantzak eragin zituen Erdialdeko Amerika osoan. 100.000 pertsona baino gehiago etxerik gabe gelditu ziren, eta osasun-egoerak okerrera egin zuen. 1999an lehendakaritzarako hauteskundeak egin ziren, eta Alfonso Portillok lortu zuen garaipena. Portillok agindu zuen harremanak izango zituela Estatu Batuekin eta ekonomia liberalizatuko zuela eta inbertsioak handituko zituela, besteak beste. Hala ere, Portillok eta Francisco Reyes López lehendakariordeak kritika handiak izan zituzten ustelkeriagatik, despotismoagatik, lapurretagatik eta Ostegun Beltzean parte hartzeagatik.
2004an Óscar Berger lehendakaritzara iritsi zenean, Portillok Mexikora ihes egin zuen, eta atzemateko agindua izenpetu zuten Guatemalak eta Interpolek, dirua zuritzeagatik eta funtsak desbideratzeagatik. Baina 2008an, Álvaro Colomen gobernuaren babesean, Guatemalara itzuli zen; bermea ordaindu, eta aske gelditu zen. Óscar Bergerren gobernuak ere kritika gogorrak izan zituen, ez zelako gauza izan krimen antolatuari aurre egiteko, droga-trafikoa indartu egin zelako eta ezin izan ziolako herritarren migrazioari eutsi. 2007ko hauteskundeetan, Colomek lortu zuen lehendakaritza.
2013an, epaitegi batek 80 urteko espetxe zigorra ezarri zion Efraín Ríos Montt diktadore ohiari, 1982 eta 1983an ixil etniako 2.000 indigenen heriotza eragin zuen genozidioagatik eta gizateriaren aukako krimenengatik; baina Gorte konstituziogileak baliogabetu egin zuen epai hori.[4] 2015eko lehendakaritzarako hauteskundeetan Jimmy Morales Cabrera nagusitu zen. 2016an, segurtasun indarrek 18 militar ohi atxilotu zituzten, 1980ko hamarkadan indarreko desagertze eta gizadiaren aurkako krimenak egitea egotzita.[5]
Gobernua eta administrazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1871. urteko erreforma liberalak Guatemalako egitura politikoa aldarazi eta berritu zuenez gero, lau konstituzio eman dira argitara Guatemalan. 1986. urteko konstituzioaren arabera, errepublika demokratikoa da Guatemala. Konstituzioaren arabera, Guatemalako armadak ez du politika-auzietan sartzerik, baina, hala ere, urte askotan eta maiz, haren esku hartzea erabakigarria izan da Guatemalako bizimoduan. Nekazarien eta langileen lan-baldintzak oso gogorrak dira. Enpresaburuen, lurjabeen, banketxetako nagusien, goi-mailako militarren eta gobernuko funtzionarioen esku dago bertako politika.
Banaketa admistratiboa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Guatemala 22 departamendu eta 334 udalerritan banaturik dago[6].
Bandera | Armarria | Departamendua | Mapako zenbakia | ISO 3166-2:GT | Hiriburua | Eremua (km²) | Biztanleria (2012[7]) |
Udalerriak | Kokapena |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Alta Verapaz | 1 | GT-AV | Cobán | 8.686 | 1.147.593 | 17 | |||
Baja Verapaz | 2 | GT-BV | Salamá | 3.124 | 277.380 | 8 | |||
Chimaltenango | 3 | GT-CM | Chimaltenango | 1.979 | 630.609 | 16 | |||
Chiquimula | 4 | GT-CQ | Chiquimula | 2.376 | 379.359 | 11 | |||
NA | El Progreso | 6 | GT-PR | Guastatoya | 1.922 | 160.754 | 8 | ||
Escuintla | 8 | GT-ES | Escuintla | 4.384 | 716.204 | 13 | |||
Guatemala | 9 | GT-GU | Guatemala Hiria | 2.126 | 3.207.587 | 17 | |||
Huehuetenango | 10 | GT-HU | Huehuetenango | 7.403 | 1.173.977 | 31 | |||
Izabal | 11 | GT-IZ | Puerto Barrios | 9.038 | 423.788 | 5 | |||
Jalapa | 12 | GT-JA | Jalapa | 2.063 | 327.297 | 7 | |||
Jutiapa | 13 | GT-JU | Jutiapa | 3.219 | 444.434 | 17 | |||
Petén | 5 | GT-PE | Flores | 35.854 | 662.779 | 12 | |||
Quetzaltenango | 14 | GT-QZ | Quetzaltenango | 1.951 | 807.571 | 24 | |||
Quiché | 7 | GT-QC | Santa Cruz del Quiché | 8.378 | 985.690 | 21 | |||
NA | Retalhuleu | 15 | GT-RE | Retalhuleu | 1.856 | 311.167 | 9 | ||
Sacatepéquez | 16 | GT-SA | Antigua Guatemala | 465 | 323.283 | 16 | |||
San Marcos | 17 | GT-SM | San Marcos | 2.397 | 1.044.667 | 29 | |||
Santa Rosa | 18 | GT-SR | Cuilapa | 2.295 | 353.261 | 14 | |||
Sololá | 19 | GT-SO | Sololá | 1.061 | 450.471 | 20 | |||
Suchitepéquez | 20 | GT-SU | Mazatenango | 2.510 | 529.096 | 20 | |||
Totonicapán | 21 | GT-TO | Totonicapán | 1.061 | 491.298 | 8 | |||
Zacapa | 22 | GT-ZA | Zacapa | 2.690 | 225.108 | 10 |
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biztanleria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2016an, Guatemalak 16,5 milioi biztanle zituen,[2] 129 biztanle kilometro koadroko dentsitatearekin. Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %34,5 dira, 15-24 urte bitartekoak %21,6, 25-54 urte bitartekoak %34,1, 55-64 urte bitartekoak %5,2 eta 65 urtetik gorakoak %4,5. Bizi itxaropena 72,6 urtekoa da, 70,6 urtekoa gizonezkoena eta 74,7 urtekoa emakumezkoena (2017ko zenbatespenak).
Biztanleen %81,5 dago alfabetatua.[8] Heziketa, lehen mailako ikasketari dagokionez, doan eta nahitaezkoa da. Unibertsitate ofizialetan aipatzekoa da San Carloskoa (USAC), 1676. urtean sortu zena. Osasun Ministerioko erietxeak doanekoak dira, baina osasun-zerbitzua, oro har, ez da behar bezain ona. Izan ere, herrialdeko arazo sozial larrienetako bat osasun-baldintza kaskarrak izatea da, langabeziarekin eta gehiengoaren behartasun gorriarekin batera. Behar baino askoz erietxe, mediku eta erizain gutxiago dago.
Banaketa etnikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Guatemalako biztanleen %39,2 maia-jatorriko indiarrak dira; indiarren eta espainiarren nahasketaren ondorengo ladino edo mestizoek osatzen dute beste talde nagusia (%40); gainerakoak, beltzak (%0,6), asiarrak (%0,2) eta europarrak (%20) dira[9].
Maia, garifuna eta xinka herriek biztanleriaren erdia baino gehiago osatzen badute ere, haien egoera negargarria da duela mende batzuetatik hona. Agintariek indigenen hizkuntzetan hitz egitea debekatu eta lurrak kendu zizkieten, eta indigenek bereizkeria mota asko pairatu zituzten. Horren ondorioz, indigenen %80a pobrea da, %40 pobrezia larrian bizi da, eta haurren %67k desnutrizio kronikoa du.
Biztanleria indigenaren bazterkeria agerian geratu zen, berriro ere, herrialde horretan XX. mendearen amaieran izandako gerra zibil luzean. Gerra horretan 200.000 pertsona inguru hil ziren, eta hildakoen %80 indigena maia zen; sarraskitu egin zituzten, bortizki. Beste asko torturatu egin zituzten, eta haien eskubideak behin eta berriz urratu zituzten, baina bizirik ateratzea lortu zuten. Genozidio horren arduradunek oraindik ez dute zigorrik jaso.
Hizkuntzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaztelania da Guatemalako hizkuntza ofiziala, baina, maia-jatorriko hogeiren bat indiar hizkuntza erabiltzen dira: kitxeera, kaktxikela, mama, pokomanma, kektxia eta abar.
Erlijioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erlijio nagusia katolizismoa da, baina sekta ebanjelikoek gorakada handia izan dute azkeneko urteotan. Maien erlijioak bizirik dirau. 2010ean, katolikoak %47,2 ziren, ebanjelikoak %39,5, eta erlijiorik gabeak %12,3.[10]
Hiri nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Guatemala: biztanle gehien duten udalerriak 2017ko zenbatespena[11] | |||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Post. | Izena | Departamendua | Biztanleak | ||||||
Guatemalako Hiria |
1 | Guatemalako Hiria | Guatemala | 994.604 | Mixco | ||||
2 | Villa Nueva | Guatemala | 587.563 | ||||||
3 | Mixco | Guatemala | 501.017 | ||||||
4 | Cobán | Alta Verapaz | 279.372 | ||||||
5 | San Pedro Carchá | Alta Verapaz | 257.136 | ||||||
6 | San Juan Sacatepéquez | Guatemala | 247.173 | ||||||
7 | Petapa | Guatemala | 201.384 | ||||||
8 | Santa Cruz Barillas | Huehuetenango | 177.354 | ||||||
9 | Jalapa | Jalapa | 171.068 | ||||||
10 | Chichicastenango | Quiché | 169.162 |
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Guatemalak baliabide ekonomiko ugari ditu, baina erabat ustiatu gabeak. Ekonomia nekazaritzan oinarritzen da bereziki (Barne produktu gordinaren %13,2 eta biztanle aktiboen %30,5 2016an)[8]. Alde handia dago, ordea, nekazaritza molde zaharrak erabiliz lurrak ematen duenetik bizi diren indiarrek lantzen dutenaren eta atzerriko kapitalarekin eta baliabide modernoekin esportaziorako lantzen denaren artean; Guatemalarako bertarako lantzen dira arroza, garia, sorgoa, patata, artoa, tomatea, babarrunak eta basartoa; kafea (Erdialdeko Amerikako ekoizle nagusia da Guatemala), banana, kotoia eta azukre-kanabera, berriz, esportazio-gaiak dira. Abeltzaintzari dagokionez, behiak, zerriak, ardiak eta hegaztiak hazten dira, barruko merkataritzari begira. Nahiz eta urterik urte baso-eremua azkar urritzen ari den, basoaren ustiapena garrantzi handiko jarduera da. Basotik ateratzen diren gaien artean aipagarriak dira baltsamua bezalako zur bikainak eta Manilkara zapota, gomagoxoa egiteko erabiltzen dena. Arrantza gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da.
Industriak gora egin zuen 1970 ondoko urteetan, baina izugarrizko beherakada izan zuen hurrengo hamarkadan, egoera politikoaren egonkortasun faltagatik (2016an BPGren 23,6 eta biztanle aktiboen %13,7)[8] Hauek dira industria-produktu nagusiak: azukrea, tabakoa, kautxua, produktu kimikoak eta sendagaiak, papera, larrua, ehunak, petrolio findua, zurezko gauzakiak eta altzariak. Meatzaritza ez dago behar bezain aurreratua. Izabal aintziran nikela ustiatzen da, eta Rubelsanto eta Chinaja ondoko hobietan petrolio pixka bat ateratzen da. Horietaz gainera, burdina, igeltsua, antimonioa, beruna, zinka, zilarra eta urrea ustiatzen dira. Guatemalako ibaiek ahalmen hidroelektriko handia dute, baina, hala ere, argindarraren %56,5 inguru zentral termikoetan lortzen da. 2016an Guatemalak inportatzen zuen balioaren %63 esportatzen zuen: kafea, azukrea, petrolioa, ehunak, bananak, fruituak, barazkiak eta kardamomoa (sendabelarra)[8].
Bigarren Mundu Gerraz gero, Guatemalak ahalegina egin zuen industria eta meategiak bultzatzeko, eta bide batez kafearen eta bananaren produkzioaren morrontzatik ateratzeko. 1970 ondoko urteetan bost urteko plangintza bat abiatu zen esportazioak handituz ekonomiaren hazkundea lortzeko, zergen kobrantza eraginkortasunez gauzatuz, eta atzerriko kredituak baliatuz. Dena dela, garaitsu hartan piztu zen gerra zibilak ez du ekonomiaren aurrerabidea eragotzi besterik egin.
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Guatemalako kultura alor guztietan nabaria da, maien zibilizazioaren eta indiarren kulturaren eragina, espainiarren ekarpenarekin nahastuta, ezaugarri bereziak eman baitizkie gaur egungo artelanei. Arkitekturan, adibidez, estilo berri horren erakusgarri dira Antigua Guatemalako zenbait eraikuntza: katedrala, udaletxeko jauregiak, unibertsitatea, etab. XVI. mendean sona handiko eskultura-mugimendu bat sortu zen. Guatemalako margolaritza, XX. mendean, Kolon aurreko indiarren kulturaren lekuko bihurtu zen; Carlos Mérida (1891-1946) da ezagunena. Literaturan, beste askoren artean, aipatzekoa da Miguel Angel Asturias Nobel sariaren irabazlearen obra, maien zibilizazioa aztertu ondoren bere herriaren sustraiak indiarren mito zaharren aipamenen bidez ezagutzera eman zuena. Aipatzekoak dira indiarren artelanak (eskulanak) ere.
Guatemalar ezagunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Miguel Angel Asturias (1899-1974), idazlea. 1967an eskuratu zuen Literaturako Nobel Saria.
- Rigoberta Menchú (1959), giza eskubideen aldeko ekintzailea. 1992an eskuratu zuen Bakearen Nobel Saria.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- ↑ a b Guatemala registra un incremento de su población. datosmacro.com (Noiz kontsultatua: 2017-11-28).
- ↑ Guatemala, global.britannica.com
- ↑ Torner Zabala, Jon. Ríos Montt Guatemalako diktadore ohia genozidioagatik zigortu duen epaia baliogabetu dute. argia.eus, Creative Commons CC BY-SA 3.0 (Noiz kontsultatua: 2017-11-29).
- ↑ Arrate Iruskieta, Asier. Guatemalako 18 militar ohi atxilotu dituzte 80ko hamarkadan 558 indigena hiltzeagatik. argia.eus, Creative Commons CC BY-SA 3.0 (Noiz kontsultatua: 2017-11-29).
- ↑ Departments of Guatemala Guatemalaontheweb.com
- ↑ Guatemala: caracterización estadística Ine.gob.gt. 2014ko otsailaren 5ean kontsultatua
- ↑ a b c d CIA World Factbook, Guatemala, cia.gov. 2017ko azaroaren 30ean kontsultatua
- ↑ Guatemala nacionmulticultural.unam.mx
- ↑ The Latin American Socio-Religious Studies Program /Programa Latinoamericano de Estudios Sociorreligiosos (PROLADES), prolades.com
- ↑ Guatemala: Estimaciones de la Población total por municipio. Período 2008-2020. (al 30 de junio), Instituto Nacional de Estadística, oj.gob.gt
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Guatemala, argia.eus
- (Gaztelaniaz) Gobernuaren webgunea, guatemala.gob.gt
- (Gaztelaniaz) Guatemalako literatura, literaturaguatemalteca.org
- (Gaztelaniaz) Popol Vuh monumentua, literaturaguatemalteca.org
- (Gaztelaniaz) Guatemalako bankuaren webgunea, banguat.gob.gt
Amerikako herrialde eta lurraldeak | |||
Ipar Amerika eta Karibea |
Estatu burujabeak: Ameriketako Estatu Batuak • Antigua eta Barbuda • Bahamak • Barbados • Belize • Costa Rica • Kuba • Dominika • Dominikar Errepublika • El Salvador • Grenada • Guatemala • Haiti • Honduras • Jamaika • Kanada • Mexiko • Nikaragua • Panama • Saint Kitts eta Nevis • Santa Luzia • Saint Vincent eta Grenadinak • Trinidad eta Tobago
|
Hego Amerika |
Estatu burujabeak: Argentina • Bolivia • Brasil • Txile • Kolonbia • Ekuador • Guyana • Paraguai • Peru • Surinam • Uruguai • Venezuela
|